Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Zozoen elean

Miel Anjel Elustondo

elkarrizketa

Utrisquae Vasconiae, 2012

 

CARMEN KILNER

«37ko haurrei eman zitzaien laguntza eredugarria da»

 

        «Bretainia Handira etorri ziren haurren kopurua ez da zehatza. Baina iturri ofizialen arabera, 3.840 haur heldu ziren, 80 irakasle, 120 laguntzaile eta 15 apaiz katolikorekin batera. SS Habana itsasontzia Santurtziko portutik irten zen 1937ko maiatzaren 22ko gauean Southampton aldera. Errege armadako bi gerraontzik lagundu zioten. Bizkaiko Golkoan bertan ekaitza lehertu zen eta itsas zorabio galanta eragin zien haurrei ...». Laurogei irakasle haietan zen Ana Maria Gonzalez Garate, Carmen Kilnerren ama.

 

        Izeko zuenaren etxeko egongelan hartu gaitu, Elgoibarren. Era askotako paperak ageri dira mahaian).

        Hitzaldi bat prestatzen ari naiz. Espainiako Bigarren Errepublikaren eskolari buruzko erakusketa ibiltaria antolatua dute eta Ingalaterran dago oraintxe. Lehenago, Hego Amerikan, AEBetan eta besteetan ibili da... Erakusketaren inguruan, berriz, mintzaldiak eratu dituzte. Unibertsitateko irakasleak dira hizlarietako batzuk, eta lekukoak, berriz, beste batzuk. Nik, amaren biografiaren bidez gaiari buruz zer edo zer badakidanez, hitz egitekoa naiz Londreseko Adin Nagusikoen Zentroan.

 

        Amari buruz jardungo duzu zuk. Ana Maria Gonzalez Garate. Zer kontatu behar duzu?

        Bada... oso gauza interesgarriak! Egia esan, gure amak behin ere ez zuen askorik kontatu, Espainian 1936ko gerra aurretik zer geratu zen. Ez zigun ezer kontatzen. Ez zigun kontatzen nola moldatu ziren Ingalaterrara heldu zirenean ere, bertan geratzea erabaki zutenean... Espainian jaioak nituen aita-amak. Ama, euskalduna; aita, Murtziakoa...

 

        Ez zizueten ezer kontatzen...

        Ez ziguten ezer kontatzen, edo gutxi kontatzen ziguten. Edo ez zitzaigun interesatzen. Hori ere bazen eta: gurasoak norbera jaio aurreko kontuak kontatzen hasten direnean, ezin izan interesgarria! Horrela ei da norberari ilea urdindu arte. Orduan bai, orduan interesa pizten zaigu. Norbera munduratu baino lehen ere gurasoek bizia egin dutela? Ezin buruan sartu! Nolanahi ere, gurasoen berri handirik ez genuen etxean... Ama 2006an hil zen, 91 arte zituela. Zoritxarrez, hamasei bat urte lehenago buruko atakea izan zuen eta harrezkero ez zuen «bai» eta «ez» besterik esaten, eta imintzio mordoa egiten... Ez zen hitz egiteko gauza, eta horrek frustrazio handia ekarri zion... Hil ostean, berriz, dokumentu eta paper mordoa aurkitu nuen. Berdin aita hil zenean ere. Orduz gero, paper eta agiri haien esanahia zertan den ulertzen saiatu naiz. Amari dagokionez, agirietako asko hemendik Ingalaterrara joan zenean eraman zituenak dira, edo hemendik hara bidali zizkiotenak.

 

        2006 arte, beraz, ezer ez?

        Tira, zer edo zer bagenekien. Baziren argazkiak... Bagenekien gure ama haur euskaldunei laguntzen joana zela Ingalaterrara Habana itsasontzian, bagenekien hamar urte zituela hil zitzaiola aita... Has gaitezen: gure amama Elgoibarkoa zen: Kontxa Garate. Aitaita, Kandido Gonzalez, ez naiz oroitzen nongoa zen. Donostian bizi ziren biak, Urbieta kalean. Aitaita Kandido ileapaintzaile eta bizargina zen, eta antzerki kritikak ere idazten zituen egunkariren batean. Hiru alaba izan zituzten. Gure ama Ana Maria, alaba zaharrena, 1914an jaioa. Bittori eta Pilar etorri ziren ondotik. Gure amak hamar urte zituela, beraren aita —tranbiara igotzen ari zela, nonbait—, hankan min hartu, zauritu, zauria gaiztotu eta gangrenatu egin zitzaion. Eta hil. Amamak ez zuen atzera Elgoibarrera etorri nahi izan. Donostian geratu zen, lanean, 1926an oso gauza arrunta ez bazen ere. Saltzaile hasi zen, bidaiari, beraren bi anaia bezala. Amama kanpoan lanean, eta gure amari etxeko arduraren zati bat egokitu zitzaion. Hamasei urte zituela, Gipuzkoako Irakasle Eskolara hasi zen gure ama, maistra ikasten. Horkoak ditut eskura dauzkadan agiriak. Horixe dut abiapuntua. 1929an hasi zen ikasten, Primo de Riveraren diktadura garaian, eta Errepublikarekin bukatu zituen ikasketak, 1933ko azarokoa da eta irakasle titulua.

 

        Irakasle izan zen, beraz.

        Horixe da interesgarriena. Zioenez, Gernikan izan zuen lehenengo lana. Buruko atakea izan eta gero kontatu zidan hori. Galdetzen nion: «Gernika, bonbardaketa?», eta berak baietz. «Non?» nik, eta «Goian» berak. Duela bi urte Gernikan izan nintzen, Bakearen Museoan, eta galdetu egin nuen: «Gure amak zioen maistra izan zela Gernikan. Hemen inguruan, mendi kaskoan edo non edo non, bada eskolarik? Gure amak `Goian' esaten zigun». Eta erantzun zidaten, «Ez da mendiko eskolarik, eskola publikoa baizik, Gernika gainean dagoena». Nonbait, bonbek zartatu ez zuten eraikin bakanetakoa... Hotzikara erakin zidan jakiteak... Ez dut uste gure ama Gernikan zenik bonbardaketa sasoian, baina Gernikan egon zela, bai. Praktikak egiten, beharbada. Gustura jakingo nuke. Hartuko nuke norbaitek esango balit, jakiteko bidea egingo balit...

 

ITZULERA I

        Asko itzuli ziren, baina itzuli ez balira hobe... Francok presio handia egin zuen haurrak Espainiara itzul zitezen. Ingalaterran, gobernuak esan zuenean haurrak bueltan etorri behar zirela, Euskal Batzordeak esan zuen ezetz, Ingalaterrako gobernuak ez zuela batere dirurik eman haurrak zaintzeko, eta ez zegokiola hari itzulera erabakitzea: «Haurrak atzera bidaliko ditugu, bai, baina gurasoek ondo hartuko dituztela ziur dakigunean». Hala ere, zenbait haur, itzuli eta umezurztegira eraman zituzten.

 

        Beste nonbait ere irakatsi zuen...

        Donostian zegoela, agiri penala eskatu zuen, oposizioak egin ahal izateko. Dakidanez, korrika eta presaka irten zen Donostiatik, ez zuen eta agiririk eraman aldean. Izan ere, hurrena Portugaleten ageri da gure ama, errefuxiatu estatusaren jabe, eta maistra ikasketak eginak dituen ziurtagiri bat duela, halako eta halako ikastaroak ere eginak dituela dioen beste agiriren batekin batera. 1936ko kontuak dira, gerra hasita. 1933tik 36ra zer egin zuen, maistra jardun ote zuen, ez dakit, ez daukat agiririk. Gerra heldutakoan, lehen hezkuntzako irakasle izateko hartu zuten, Galdakaon. 1937ko martxoaren 31koa da nik dudan agiria. Biharamunean hartu omen zuen postua. Aldiz, nik uste nuenez, apirilean eskolak itxita egon ziren Bizkaian. Ez dakit... Badut eskutitz bat ere, 1937ko urtarrilaren 26an gure amak idatzia: frontean analfabetismoaren kontra borrokatzeko kultur miliziak sortzeko premia zegoela-eta, gure amak bere burua aurkeztu zuen lan hartarako.

 

 

ITZULERA II

        Gertatu zen gurasoak haurrak jasotzera joan eta beraien seme-alabak ez izatea han. Gure amak, besteak beste, haurrei bidaltzen zizkieten eskutitzak irakurtzen zituen, lerro artean irakurri ere: «Zer moduz zaude, ume? Gu gero eta hobeto. Gerrarik ez da, bukatu zen, janaria ere badugu, zatoz lehenbailehen, zu ikusteko amorratzen gaude, aitaita ere zu ikusteko gogoak dago...», baina aitaita hila, igual! Alegia, «ez etorri!», esan nahi zuen horrek. Hemen, berriz apaizak eta guardia zibilak gurasoei joaten zitzaizkien, eskutitzak idatz zitzaten behartzera, haurrei etortzeko esanez.

 

        Gernika, Galdakao, Portugalete... eta Ingalaterra gero. Ez da erraza zuen amaren aztarna segitzea...

        1936ko irailaren 13an erori zen Donostia eta Elgoibarrera etorri ziren lau emakumeak, hau da, gure amama, beraren hiru alabak hartuta. Bada, Elgoibarren, gure amamak hartu bere ama, Mariana, eta Portugaletera abiatu ziren: bost emakume ziren, bidean. Familiaren lagun batzuen etxean babestu ziren. Lagun horiek, ama-alabak ziren. Zazpi emakume etxe txiki batean! 1936ko azaroan Portugaleten ziren.

 

        1937ko maiatzean Habana itsasontzian zen zuen ama...

        Bai. Familian gainerako laurak Frantziara abiatu ziren, itsasontziz. Handik, Bartzelonara, ondoren Frantziara berriz... Hantxe igaro zuten gerra garaia, atzera Euskal Herrira itzuli arte. Izeko Pili, esaterako, Elgoibarren hil zen, etxe honetan bertan. Beste izeko, Bittori, Frantzian zendu zen... Hara, Bartzelonatik Frantziarako ebakuatu zituzten garaian, arma fabrika batean ari zen lanean Bittori. Ebakuazio momentua iritsi eta amama, gure ama, eta Pili, kamioian sartuta —ebakuazioa!—, eta Bittori falta! Hantxe banatu ziren, batzuk alde batetik, Bittori bestetik, bakarrik. Nola edo hala, Bittori Parisa heldu zen, hantxe egin zuen bizia, senideekin erresuminduta, abandonatu egin zutelakoan. Gerran gertatzen diren gauzak, baina betiko mina eragiten dutenak. Tristea izan zen. Pili han ezkondu zen, hantxe hil. 50eko hamarkadan gure amak Londrestik hona ekartzen gintuenean —Londres, Paris, Irun zen gure bidea, trenez—, Parisen geratu eta izeko Pili bisitatzen genuen. Biltzen ziren bi ahizpak, eta negar egiten zuten, negar eta negar eta negar... Hala joanean nola etorrian ikusten genuen izeko Parisen. Eta gure ama eta izeko beti negar, elkarri besarkaturik. Oso gaizki pasatu zuten denek.

 

        Gerra zen...

        Ondoena gure ama libratu zela uste dut... Tira, Mundu Gerra etorri zen gero! Baina zer jan izan zuen, behintzat.

 

        Habana itsasontzian joan zen zuen ama, haurrei laguntzen. Ingalaterrara heldu eta kanpamenduan jarri zituzten.

        Kanpamendu batzuk hobeto antolatuta zeuden beste batzuk baino. Haurretako batzuk zenbait komentutan hartu zituzten. Eta, esan beharra daukat, gaizki tratatu zituzten. Oro har, komentuetara zihoazen haurrek abertzaleak zituzten guraso, haur katolikoak ziren, baina, hala ere, gaizki tratatu zituzten! Eta hemendik joan ziren apaizek ere ez zuten zori hoberik izan...

 

        Zergatik?

        Gorri zirelakoan. Falangekoa izan ezik, gorri zinen!

 

        Alabaina, inork ez zuen inor behartu haurrak hartzera. Ingalaterrako gobernuak ez zuen kanpainarik ere egin...

        Kanpainarik? Xemeikorik ere ez zuen eman. Ingalaterrako gobernuaren baldintza zen haurrak etortzekotan, haien aldeko Euskal Batzordeak haur bakoitzeko hamar txelin ziurtatu behar zituela, asteko. Eta, hori, depresio garaian! Hala eta guztiz ere, haurrek laguntza izan zuten, sindikatuek, eskautek, elizek —katoliko eta ez katolikoak—, kuakeroek eta bestek eman zutelako. Adibidez, Clock oinetakoak, kuakero dira horien jabe. Bada, kuakeroek etxea, oinetakoak eta babesa eman zioten haur kolonia bati. Ingalaterra iparraldean, oihal lantegi batek ere laguntza eskaini zuen, etxea eta arropak emanez; urtean barruko arropa sorta bi eman zieten haurrei... Beste kuakero batzuk, Catberry txokolateetakoak. Kuakeroak kontzientzia eragozle dira, ez dute borroka egiten. Haiek jendeari laguntzen diote, esker onari, aitortza publikoari edo merezimenduari uko eginda. Oso jende berezia da.

 

 

ITZULERA III

        Ez dakit Ingalaterratik itzulitako umeekin gertatu zen, baina bai Frantziatik etorritakoekin. Batzuei izena aldatu zieten. Etorri dira haurrak eta gela batean sartu dituzte. Gurasoak, zain, beste batean. Haurrei izen-deiturak aldatu, gurasoek beren seme-alaben izenak eman, eta funtzionarioek ezetz izen hura zutenik ez zela etorri. Eta haurrak umezurztegira bidean jartzen zituzten, edo haurrak adoptatu nahi zituztenei ematen zizkieten. Ondoren, izena aldatzen zieten berriz eta kito, betiko galtzen ziren: haiek bai, haur galduak! Haietako batzuk horrela haziko ziren, horrela bizi, eta horrela hil, egia jakin gabe...