Imanol Elias
antzerkia
Ortzadar, 1990
Ostatu batetako jantokia, bertan bi edo hiru mahai direla eta aulkiak. Armairu bat ere bai eta garaiko beste zenbait osagarri.
Bi ate izango ditu jantokiak etxe barnerako. Beste ate bat kanporako.
Ilunabarra da.
I
Markel, Joxepa eta Lukax
Afaldu ondoren, mahai baten inguruan Markel eta Joxepa dira eseririk. Beste mahai batetan On Lukax berriz egunkaria irakurtzen afaldu ondoren.
MARKEL (Joxepari)
Hau duk afaria egin duguna gaurkoan ere! Baina, ez al da ostatu honetan porrua eta patata besterik?
JOXEPA
Zaude isilik!
MARKEL
Porru-patatak iluntzero alajaina! Zeharo aspertua naiz oraintxe eta lehertu behar dut une batetik bestera.
JOXEPA
Goseak ez zara gelditu izango behintzat! Zenbait txerrik jateko gutxiago izango zuen beraren askan, zuk gaur iluntzean izan duzun baino.
MARKEL
Jan beharko edo aurki naiz bestela hankak luzatuta... Egia diozu, bai, txerriek baino ere patata gehiago jaten dugula. Baina, beste ezer ekartzen al digute mahaira? Gaur eguerdian ere, patata...
JOXEPA
Haragi zati ederrak ere bai tartean.
MARKEL
Haragia? Guztia zuk hartu izango duzu orduan! Nire platerean ez dut behintzat aurkitu haragi zati bakar bat ere. Patata, patata eta patata... Batzuetan egosirik eta bestetan errea. Patata zutik, patata etzanda, patata belaunikaturik...
JOXEPA
Zuk izan ere azkar jaten duzu eta konturatu ere ez haragia ahoratzean.
MARKEL
Konturatu ez, haragia ahoan izanda? Bai agudo! Baina, ostatu honetan garen bi aste hauetan, ez dugu horrelakorik izan.
JOXEPA
Ezetz?
MARKEL
Behin bakarrik eta bertan xerra zatitxo bat besterik ez.Ez oso samurra gainera!
JOXEPA
Oraintxe bezala, istilu ederrak ibili zinduzen orduan ere.
MARKEL
Beharko! Lehenik, tomate tartean haragia aurkitu ezinean eta ondoren berriz haragia zatitu ezinik. Esan behar, bizirik zela.. Alkandora ederra gelditu zitzaidan bada tomate zipristinez beterik...
JOXEPA
Eskerrak bakarrik aurkitzen ginen jantokian...
MARKEL
Beste mahaian den hori ere, ez zen ederki ibiliko, baldin behintzat niri eman zidaten bezalako haragi gogorra eman bazioten. Pozik ikusiko nuen bera...
JOXEPA
Plateran errendituko zuen behintzat haragia eta ez zuk bezala mahai gainean.
MARKEL
Plateran errenditu? Ez berehalakoan! Nik bezala mahai gainean haragia ebakitzen ere nahiko lan izango zuen.
JOXEPA
Alkandorea ez ezik, mahai gaineko zapia ere ederra utzi zenuen...
MARKEL
Beste horrek ere, antzekoa izango zuen. Bai horixe!
II
Lehengoak, Lukax eta Benita
BENITA (Agertzen da etxe barnetik lehen atetik eta On Lukax den mahaira hurbiltzen da).
Ezer gehiago behar al duzu?
LUKAX
Ez, ez. Ederki gelditu naiz. Atzokoan baino ere porrupatata hobeak ziren gaurkoan. Zorionak eman zaizkiozu etxekoandreari.
BENITA
Emango dizkiot. (Mahai gaineko ontziak jasotzen hasten da).
MARKEL
Zorionak eman etxekoandreari? Bi titien tartean sartuko nizkiokek porruak eta patatak bero-beroak direnean!
JOXEPA
Zaude isilik gizona!
BENITA (Lukaxi)
Ez al duzu gaurkoan jiratxo bat egin behar?
LUKAX
Bai, bai. Giro ederra dugu benetan eta oraindik goiz denez, irten behar dut egunero bezala.
MARKEL
Nolatan ez duk ba izango goiz? Zazpietako afaldu behar izaten diagu izan ere etxe santu honetan.
JOXEPA
Hori da isildu ezina duzuna gaurkoan!
LUKAX
Pozik geldituko nintzake beste hilabete batetan hemen, baina, joan beharra dut aste honen bukaeran.
MARKEL
Neuk ere pozik alde egingo nikek! (Markel eta Joxepak hitz egiten duten bitartean, Lukax eta Benitak ere berdin egiten dute, batak eta besteak zer ikusirik izan gabe).
BENITA
Bai neuk ere!
JOXEPA
Hemen dugun bezalako lasaitasuna, ez dugu aurkituko berehalakoan beste edozein tokitan.
MARKEL
Lasaitasuna? Gerrikoa ere bapo lasaitua dut goseak madarikatzen naizela! Jan... Jan egin behar dugu lehenik behintzat.
JOXEPA
Oraindik gehiago?
MARKEL
Alargun gelditzea nahi ez baduzu behintzat, beharko!
BENITA
Zure ondasunak izango banitu On Lukax, oraintxe bertan alde egingo nuke hemendik.
LUKAX
Ondasun handiak ditut, bai. Baina besterik ez. Gurasoak hilak eta seme edo alabarik ere ez... Bakarrik aurkitzen naiz munduan eta hori ez da oso egokia.
BENITA
Sendiko norbait izango duzu... Lagunak ere bai ziur asko.
LUKAX
Sendikorik ez zait inor gelditzen bizirik. Lagunak ere berriz... Lagunak deitzekoak behintzat, inor ez. Nire diruaren ondoren direnak hurreratzen zaizkit ugari... Horregatik naiz, alde batetik bestera ia gelditu gabe urteetan zehar eta denboraldi luzerik egin gabe toki bakoitzean.
MARKEL
Ni ere ibiliko ninduzkek eta gainera hau baino ostatu hobeetan!
JOXEPA
Horrek ere ez du dirutza gehiegirik izango, hemen denean.
LUKAX
Ez du inork nahigaberik izango, ni hiltzen naizenean.
BENITA
Algaraz ziur asko zure ondasunak eskuratzean!
LUKAX
Esan dizut lehen ere, inor ez dela nire zain. Egin dezagun kontu, hemen bertan eta gaur hiltzen naizela...
BENITA
Tira, On Lukax... Ez dezazula horrelakorik esan.
LUKAX
Ez litzateke inor nire bila azalduko. Zure etxekoandreak antolatuko luke nire hileta eta ordaindu ere bai aurreratua diodan diruarekin... Eta kitto!
BENITA
Gainontzeko ondasunak?
MARKEL
Niretzako azkar asko, jakingo banu non gorderik dituken!
JOXEPA
Zaude isilik gizona! Txorakeriak esaten ari zara etengabe!
MARKEL
Agure zahar hori isilduko nuke nik pozik, baldin jakingo banu nolatan eskuratu beraren ondasunak. Bai azkar asko! Muturreko bat eman eta kitto!
JOXEPA
Zeharo erotua zarela ere pentsatzen hasia naiz...
MARKEL
Zer gauza errezago agura zahar hori hankaz gora botatzea baino? Jakingo banu hori egin eta aberastuko nintzakela, ez nuke gehiago pentsatuko. Ez horixe!
JOXEPA (Zutituz)
Tira, goazen hemendik jiratxo bat egitera edo konturatuko dira bestela zer nolako zorakeriak esaten ari zaren.
MARKEL (Zutituz)
Hobe izango dugu, bai.
JOXEPA (Hurbilduz Benitaren ondora, On Lukaxi)
On egin deizula...
LUKAX
Mila esker.
JOXEPA (Benitari)
Esan zaiozu etxekoandreari, jiratxo bat egitera irten dugula. Betiko orduan etxeratuko gara...
LUKAX
Kaleratzeko asmoan zuek ere?
JOXEPA
Eguneroko ibilalditxoa egiteko asmoan, bai. Zuk ez al duzu irtetzeko asmorik?
LUKAX
Bai, bai. Zutitzeko alferrez nengoen, baina, oraintxe bertan irten behar dut. (Zutitzen da Benitak lagundurik eta soineratzen du aulkitik zintzilikaturik zuen txaketa). Ez du merezi oheratzea, giro honekin.
MARKEL
Beste ezer egin beharrik ez baduzu behintzat, etorri zintezke gurekin...
LUKAX
Bai, bai... Pozik joango naiz zuekin, kontu batzuk esanaz!
MARKEL
Goazen bada nahi duzunean.
LUKAX (Abiatzen da kanporako atera)
Mila esker, eskaintzen didazuen lagunarteagatik.
JOXEPA (Markeli)
Agure honekin joan behar al dugu orain?
MARKEL
Nortarainoko ondasunak dituen jakin behar dugu gaurkoan. (Alde egiten dute Joxepa eta Markelek, On Lukaxen ondoren kanporako atetik).
BENITA (Bakarrik gelditzean)
Ez du arrazoi faltarik agure zaharrak! Diru usaina hartzean, guztiak lagun! Astakeriren bat egiteko gogoa dut neuk ere, beraren ondasunak eskuratu nahirik. (Unetxo baten ondoren). Zergatik ez egin gainera, une batetik bestera nire bizitza zeharo aldatu badezaket? Zer behar du bada agure zahar horrekin bukatzeko? Gainera jakinda, inor ez dela beraren bila agertuko. Aurrez ordea, nolatan beraren ondasunak eskuratu jakin behar. Nortarainokoak izan dezazke gainera? Kosmek zerbait laguntzen badit, saiatuko naiz eskuratzen... (Markel eta Joxepa egon diren mahaiko ontziak jasotzen hasten da).