Imanol Elias
antzerkia
Susa, 1987
LEHEN AGERRALDIA
Matilde
(Antzeztokia ilunantzean dela, garaiko musikatxo bat entzuten da. Doinua gutxitzen joango da eta antzeztokia argitzen, etxe barnetik MATILDE agertzean eta batez ere berari argia egiten zaiola. Ikusleari hitz egingo dio).
Ez da errez sinistea orain kontatuko dizuedana. Ez horixe! Baina, neuk bizi izan dudanez, ondo dakit zer gertatu zen eta norbaiti esaten ez badiot, ito egin behar dut... Esan behar dizuet lehenik, ez naizela gogoratzen zein urtetan izan zen gertaera honen hasiera, baina hementxe, etxe honetan bertan izan zen guztia. Gaztelu honen horma zaharrak hitz egiteko era balute, baieztatuko lukete nik orain kontatuko dizuedan guztia. Bai horixe! Guztia hasi zen, Ukelondo gaztelu honetako nagusi Santxo azken gerrara joateko prestatu zenean... Azken gerrarako esan dut eta horrela da. Aurrez behin eta berriz alde egiten bazuen ere etxetik herria defendatu nahirik, Egileak bakarrik zekien lurretara beraren indarra azaltzeko, orain kontatuko dizuedan gertakizunaren ondoren, ez zuen gehiago armarik eskuetan hartuko eta etxezai geldituko zen atariko txakurra bezala...
(Argiak gutxitzen joango dira eta musika berriz gehitzen, MATILDEk alde egiten duen bitartean etxe barnera).
BIGARREN AGERRALDIA
Santxo (Musika isildu eta argiak piztean bat batean, eseririk agertuko da mahai inguruan).
Beste behin nire beharrean da herria eta beste behin nire indarrak eskaini behar dizkiot.
Malen (Zutik SANTXOren ondoan).
Eta etxeko lanak gelditu daitezela beste batentzat!
Santxo
Lehenik herria da.
Malen
Ez dakit horrela den edo ez, baina, ez gari eta ez arto gelditzen bagara, esango dizut zer jango duzun hemendik aurrera. Herria izango da lehenik, baina sabela betetzen ez baduzu zerbaitekin, berehala ahaztuko zara herriarekin.
Santxo
Sekula ez! Ondo dakizu nire sendia izan dela betidanik herria defendatzen saiatu dena eta bide hori jarraituko dut nik, baita jangabean ere!
Malen
Ez zenuen berdin pentsatzen azken gerratik etxeratzean...
Santxo
Zuk ere, ez zenuke berdin pentsatuko nik bezalako une gogorrak igaro ondoren. Lau hilabete ederrak igaro nituen bada sinisgabeko beltz eta narraz horiekin... Goseak ez ezik lurpean sartuta alajaina! Eta egarriak... Ito behar egarriak! Baina, ez etsi ordez! Ez horixe! Ezpata bat eskuratzeko era izan nuen unean, berehala nintzen ihesi...
Malen
Ihesi? Ez ziren azkarrak beltz horiek, itxura denez.
Santxo
Ez zirela bizkorrak? Zergatik diozu hori?
Malen
Zu behintzat zeharo motela iritsi zinelako.
Santxo
Bide luzea egin ondoren. Beltz haien hatzaparretatik ihes egitean, ez ninduen inork harrapatuko. Ezta zaldian izanda ere! Ez arranoa! (Zutituaz eta ezpata bat eskuan izango balu bezala). Zazt lepoa, ni zaintzen zegoenari... Zazt, besteari... Hirugarrenari berriz, burua erdi bi.
Malen
Eta zuri, inork ezer ez...
Santxo
Ez arranoa! Hori gainera, hiru egunean ezer jan eta edateko eman ez zidatela. Aurrez, bapo jan eta edan banu, ez nuen bakar bat ere zutik utziko. Etsaiak!... Perretxikoak bezala ebakiko nituen nire ezpatarekin beltz guztien buruak!
Malen
Arbizabarko Martinek ez du horrelakorik esaten...
Santxo
Martinek? Zer entzun diozu bada txotxolo horri?
Malen
Zera... Oraindik ere beltzen menpean izango zinela, berak apurtu ez bazituen zure kateak.
Santxo
Nire kateak horrek apurtu? Baita zera ere! Nik askatu nuen bera, nik... Ez beste inork! Hobe nuen bertan utzi banu horrelako txorakeriak esaten ari bada. Ikusi egin behar zenuen, delako Martin hori, kateak askatuta gero ere pauso bat eman ezinean... Kaka egina zela zirudien!
Malen
Berak beste hainbeste dio zutaz.
Santxo
Ez dadila joan nirekin oraingo gerrara edo bestela lepoa moztuko diot. Nazkagarri txotxolo zabarra! Euliak baino ere indar gutxiago eta gezurretan hasiko ote da bada? Hitz erdi bat entzuten dudan unean, zazt! agudo.
Malen (Haserre).
Zazt! Zazt! Zazt! Besterik ez duzu buruan. Haserrea, burruka... Bitartean gure soroetan sasia nagusi. Ezer gabe etxean!
Santxo
Egon zaitez lasai emakumea! Guztia antolatua dut eta neurriak hartuak, ni kanpoan naizen bitartean ezer palta ez dadin etxean. Begira... (Esertzen da lehengo tokian). Berehala agertuko dira hiru gizonezko honuntza, morrontzan etxeko lanak egin ditzaten.
Malen
Hiru gizonezko?
Santxo
Hiru, bai. Berek landuko dituzte gure soroak.
Malen
Eta ordaindu?
Santxo
Ekarriko dut nik nahiko dirua.
Malen
Azkenengo aldian bezala...
Santxo (Zutituaz haserre).
Azkenengo aldian bezala ez! Ez dizkit inork bidean harrapatuko oraingoan. Ez hala zankoa! Irabazten dudan guztia hemen izango duzu oraingoan edo bestela hilik etxeratu beharko naute.
Malen
Beti gertatzen zaizu zerbait azken orduan eta xentimorik gabe azkenean etxera. Batzutan harrapatu... Bestetan jokoan galdu...
Santxo
Ez zait oraingoan horrelakorik gertatuko!
Malen
Ez hobe! Esango didazu bestela nolatan ordaindu beharko diegun hiru morroi horiei.
Santxo (Eseriaz lehengo tokian).
Egon zaitez lasai.
Malen
Bakarra ere, nahikoa izango genuen, baldin langilea izanez gero behintzat.
Santxo
Gure gaztelu hau beti izan da guztien ispilu bezala eta berdin jarraituko du ni bizi naizen artean. Hiru morroi behar badira, hiru ekarriko ditut. Bost behar izanez gero berriz...
Malen
Bost ziur asko. Ukelondo sendiaren handitasuna guztien aurrean azaltzeko, ganbarako kutxak hutsak badira ere. Itxura galanki eta ezer ez!
Santxo
Ezer ez? Gutxi iruditzen al zaizu ni bezelako senarra izatea? Euskal Herri osoan zehar aurkitu dezakezun gudaririk ausartiena, indartsuena...
Malen
Zerbait gehiago erantsitzekotan, arlotea erantsiko nioke.
Santxo
Sekula ez duzulako ulertu herriarentzat dudan maitasuna.
Malen
Maitasuna baino gehiago esango nuke nik, duzula handi nahia. Guztien aurrean heroe bat bezala agertzeko gogoa. Eta zer irabazten dugu horrekin? Ezer ez! Itxura besterik ez!
Santxo (Zutituaz haserre).
Alferrik da zurekin jardutea! Sekula ez didazu ezer ulertuko. Tira... Prestatzen naizen bitartean inor etortzen bada, deitu zaidazu. (Alde egiten du barnera).
Malen (Bakarrik gelditzean).
Deitu ez dakit baina, makilka ederra pozik emango nioke, baldin aurrez jakingo banu, bakarra eman eta hankaz gora botako nukeela. Guztia utzi eta alde egingo du gainera berriro... Jainkoak dakien lurretara! Ez dakit gaizki opatzea ez den, baina poz hartuko nuke halako batetan norbaitek estualdi handi bat emango balio.