Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Guia historica y taurina de Azpeitia

Imanol Elias

historia

Azpeitiko Udala, 1986

 

ZAPLASTOAK

 

        Etumetara joan dira bi azpeitiar jiratxo bat eginez. Garaia ere bai eta hartu dute katilu bana salda.

        —Zenbat ordaindu behar diagu?

        —Lau duro.

        —Tori...

        Baina mahai gainean den dirua jasotzera etorri danean etxeko nagusia, honela dio salda hartu duen hoietako batek:

        —Hurrengoan bizarra kendu ondoren, katiluak hobetoago garbitu e?

 

 

        Ez zuen makala izan behar Eperra-haundiak gezurrak asmatzen, baina hori bai, gezur pargarriak. Hoietako bat dugu ondorengoa....

        —Behin batez Barnola baserrira deitu diote belarretara eta lanean gogor jardun ondoren, nork bete bere sabela? Mahairatu zizkioten guztiak jan ondoren, lau azpilka arto-zopa ere bai.

        Berak jan zituenak ikusirik, baserriko nagusiak honela zion:

        —Simaur gehiegirik ez diagu unean etxean eta eskertuko nikek bihar goizean bihurtuko baitzakek barrena bertan hustutzera..... Gosaria emango nikek.

        Hurrengo goizean Eperra-haundiak hartu du Barnolara joateko bidea, baina laster da kakalarri bizian. Ezin gehiago jarraitu galtzak zikindu gabe eta Lapatx inguruan, bide erdian hustu ederra hartu du... Bere ondoren zetorren automobila ere aurrera jarraitu ezinean gelditu behar bide erdian aurkitu duen mendiarekin!

        Kamineroak etorri behar izan zuten bidea lehengo eran uzteko.

 

 

        Takolo frantsesak bost duro apustu eginak ditu pelotan jokatzeko larunbat arratsaldez, baina bere aitak beste asmo batzuk ditu.

        —Garotara joan behar diagu.

        —Baina, apustua egina det ordea!

        —Bada garotara joango gaituk. Ez dek pelotan jokatzerik!

        —Baina, irabazi egingo diot errez....

        —Garotara joan behar degula esan diat!

        —Bost duro errez irabaziko dizkiot.... Bost duro!

        Esanak esan, aitak berean jarraituko zuen eta semeak benetan haserre honela zion:

        —Oiloekin, barazkiekin, txerriekin, garoarekin.... Guztiekin galdu egiten degu!

        —Hirekin ere berdin egiten diagu! —erantzun zion aitak aguro.

 

 

        Takolo morroi zegoela Frantzian, arratsaldeko seietarako apaldu beharrean izaten zen. Gaua luzea ordea eta gosea nagusi askotan. Behin batez, goizeko laurak aldera jeiki eta etxeko nagusiak egoki gorderik zuen gazta aurkitu zuen. Zati bat berari kentzen zen unean, agertu zaio nagusia....

        —Azkar gosetu zera Manuel...

        —Ez afari ederra egin bagendu!

        Horrelako erantzuna jaso ondoren, alde egingo zuen nagusiak ohera. Denbora gutxian, Takolok gaztaren usairik ere ez zuen utziko....

 

 

        Deuston portero egon da Anai Garate santu egin behar dutela eta, Diabruk honako komeriak ditu:

        —Real Madrilen egon bazen, zer egingo zuten orduan?

 

 

        Ikustean norbait edariz gainezka zela eta mingaina potolantzean zuela, honoko galdera hau egin ohi zion Takolo frantzesak:

        —Zer? Patata prejitu beroak al dituk ahoan?

 

 

        Gosete urteetan, Arratxe joan da egun batez Loiolara, bertan zerbait jateko emango diotelakoan. Jo du porteriko atea......

        —Bazkaria emango bazenidakezute....

        —Etxe honetan asko gera....

        —Kanpoan gehiago gaituk! —erantzun zion Arratxek haserre.

 

 

        Urrestillan jai haundia izango zen noski. Azpeitiar bat oinez joan da bertara goiz eta jaialdiari hasera emateko mezetara lehenik....

        Laster agertu da serorea poltsa batekin diru eskean eta azpeitiarrak galdera bat egiten dio:

        —Hogei durokoaren kanbiorik bai al dezu?

        —Ez, baina erretoreari galdetuko diot.

        Eliza osoan bira egin ondoren eta berriro azpeitiarraren ondoan pasatzean, isil antzean esaten dio seroreak:

        —Oraintxe galdetuko diot erretoreari....

        Erretorearekin egon ondoren eta azpeitiarrak gutxienez pezeta pare bat botako dituela pentsatuz, bihurtu da serorea beregana.

        —Erretoreak badituela esan dit hogei duron kanbioak.

        —Esan zaiozu bada, ni baino askoz hobetoago dela!

        Ez degu esango nolatan jarri zen serorea une batetik bestera...