Imanol Elias
historia
Azpeitiko Udala, 2000
ARTISAUAK KALEAN
Beste askorentzat bezala, une gozagarri eta atsegingarriak izaten ziren niretzat Mariano Mitxelenak lanean egiten zituen saioak, Elizkalean eta kale erdian batzuetan, bere upelgile ofizioan, gaur egun baino trafiko gutxiagoa zenean bertatik noski.
Trebetasunez erabili eta bat egiten zituen egurrezko ohol makurrak, ondoren galtzairuzko pletinak jarririk indartzeko. Geroago, bere lana osatzen zuen berriz estalkiak jarririk.
Ohikoa zuen ordu askotako langintzan zela berari begira egotea, ikuskizun paregabea bihurtzen zen, umeok izaten genuela aukera beregana hurbiltzeko, seguraski zekizkien sekretuak jakin nahirik, baina ezinezkoa egiten zitzaiguna, mugimendu guztiak azkar eta neurtuak zirenez eta trebetasun osokoak gainera.
Nork daki zenbat bider edan izango dugun Mariano berak eginiko upel haietan egondako sagardoa edo ardoa!
Ofizio ezberdineko beste artisau batzuk, Muin eta Etxeberri uztargileak ziren dudarik gabe, guztien aurrean bere langintza egiten zutela, Harzubian izan zuten lokaleko atearen inguruan.
Esan behar da, unean Iratzar Liburutegia aurkitzen den etxearen ondoan, Urola ibaira iristeko bide aldapatsu eta lauxaduratua zegoela, Muinek eta Etxeberrik behin eta berriz erabiltzen zutena ibaira enborrak eraman eta uretan edukitzeko, gero bertatik ateratzean, ganaduentzat uztarriak egiteko erabiltzen zituztela, askotan benetan artistikoak.
Ez zen egiten bada harrigarria, ibaian enborrak ikustea garai batean, batez ere jeitsieraren inguruan, seguraski antzinan egina herritarrei ibaira iristeko erosotasuna jarri nahirik, eta oraindik urte asko ez direla desagertua, Zelaitxo Zinemaren aurrean den Astotegia deiturikoari luzera gehiago eman nahirik.
Eta han, bere lokaleko atearen inguruan ahalegintzen ziren Muin eta Etxeberri enborra lantzen, kendurik berari soberan ikusten zioten egurra eta lorturik uztarri ikusgarriak, hurbiltzen zitzaizkien guztiei hitz egiten ziotela gainera, eman beharreko kolpe eta neurrikoak ematen jarraituz sekula nahastu gabe.
Ofizio berdineko beste artisau bat, Boni, Harzubiko hiribidearen bestaldeko muturrean, hau da, Lapatx deituriko inguruan egiten zuen lana, bertatik igarotzen ziren guztientzat aurrekoak bezala ikuskizuna jarririk.
Bata eta bestearen eskutik irtengo zuten dudarik gabe, garaiko zenbait idi bikote txapeldunek erabiliko zituzten uztarriak, ididema apustuetan erabiliko zirenak, beste asko berriz herriko baserrietan ez ezik inguruko herrietakoetan ere banatzen zirela, nekazaritza lanetan erabiltzeko.
Uztarri haietakoak, aurrerapenak sortzean bazterturik geldituko ziren eta gaur egun museoetan aurki dezazkegu bakarren batzuk, baina baita zenbait etxetan ere apaingarri bezala erabiltzen direla, gure herriaren historiako zati bateko ezaugarriak direnez. Bitartean, beraiek landu zituzten artistak berriz anonimatuan gelditu dira, ahazturik betirako.
Gure nahia izan da, gutxienez, ezagutu genituenak nolabait gogoratzea.
MAKINAREKIN BORROKAN
Asko... Benetan ordu asko egin nituen, tapizariek beraien lanean erabili ohi duten belarra askatzeko makinarekin borroka gogorrean. Kiribilaturik eta luzera bateko zatiak elkarturik zituela etortzen zen belarra, eskuz eragiten zitzaion polea eta txirringa batek mugitzen zuen gako baten bidez lehenik askatzen zela. Zailtasun gutxien ematen zuen langintza zen hori dudarik gabe, ondorenean belarra pasatu behar izaten zenez zapaltzen zuten bi erroiloren artean, harturik gero galtzairuzko punta zorrotzak zituen danbor handi batek erabat askatuz, eginik hori guztia, txirringa handi batek zuen eragingailua indarrez erabiliz, engranai batzuen bidez aipaturiko mekanismoa mugitzen zutenez. Ez zuen, bestalde, inolako segurtasun defentsarik, belarra irentsi eta zapaltzen zuten erroiloen inguruan, eta ezta ere makinaren atzekaldean galtzairuzko punta zorrotzak zituen danborrean. Inguruan sortzen zen hautsa berriz, izugarria zen.
Tapizaria izanik nire aita, eta langintza hori gainera bere ogibidea, belar asko behar izaten zuen, eta urte batzuetan behintzat makina madarikatu hura nire kontura izan nuen toki bakartian.
Elizkaleko etxean zegoen, jaio nintzen etxebizitzako sukaldean bertan, nire aitak erabiltzen zuen tokia lantegiko ordutegiz kanpo bere kontura lanean jarraitzeko, lortuz horrela beharreko irabaziak bere sendia aurrera ateratzeko. Bera lanean hasterako, belarra prestaturik eduki behar zen eta umetan ezagutu ninduten pareta haiek izan ziren, nire bakardadea eta lanaren lekuko, artean eraketa eta indar gehiegirik gabe nintzen garaian, ahalegintzen nintzela txirringa handiari eragiten eta erroiloak irentsi ezinezko oztoporen bat aurkitzean bera gelditzen.
Bakardadezko ordu luze haietan, aurrez bizi izandako zenbait gauza korapilatzen zitzaizkidan buruan.
Makinaren zaratarik gabe, ikusten nuen une batzuetan, sukaldearen kontrako nire gurasoen logela erabat moblaturik, bertan bizi izatean bezala. Santiago kalera zen sukaldetik Elizkalera zen jantoki zabalera bitarteko pasabide estua, argazki bakarren batzuk zintzilikaturik. Sukaldeko zoluko ohol bakarren batzuk, negarrez zirela ziruditen oinpean hartzean... Beste norbait izan banuen bezala nire inguruan. Nire ama ikusten nuen arraskaren ondoan, iturritik irtetzen zuen urari bere eskuak eskaintzen zizkiola. Beraren ahotsa ere, nire belarrietara iristen zela zirudien... Baina berriro makinari eragitean, bapatean desagertzen zen guztia eta beraren zarata nagusitzen zen.
Arratsaldeak ez zirela inoiz amaitzen zirudien, etxebizitza osoaren nagusi zarata eta hautsa egiten zirela, amorraturik behin eta berriz madarikatu nuen eragingailuari heldurik ziren nire eskuetara izerdi tantoak erortzen ziren bitartean. Nekeak bultzaturik hartu behar izaten nituen atsedenaldiak eta egarria ase, haize garbia aurkitu nahirik Santiago kalera begira zen balkoira irtetzen nuela tarteka. Konturatu gabe, Frontoi Txikian pilotan ziren gazte haietan gelditzen zen nire begirada, edo zenbait urrutiago eta zuhaitz artean jolasean ziren beste haietan. Inbidiak urtzen ninduen... Ni bezala, beraiek ere izerditan ziren, baina gozatzen zutela. Ez zen berdintasunik...
Begirada altxatu eta urrutira begiratzen nuen, ikusirik parrokiko dorreko ordularia, gogoratuz, unetik unera, nire lana uzteko unea hurbiltzen zela. Nire aita iritsi baino lehen agindutako belar guztia prestaturik eduki behar nuen. Bihurtzen nintzen berriro lanera, makina madarikatuari azkarrago eraginez, baldin behintzat indarrik gelditzen bazitzaidan eta uko eginik gehiago ezin nuela ikustean. Eginiko lanaren araberan jaso beharko nituen ondoren nire aitaren eskerrak edo beraren hitz gogorrak...
Aitortu behar dut, nire atsedenaldi motzetan, suarekin jolasteko zorioneko ideia izan nuela. Suarekin jolasteko alajaina! Ezagutzen dut izugarrizko katastrofea sortzeko zorian izan nintzela nire jolasarekin, baina ume bezala, ez nuen ikusten arriskua.
Etxebizitzaren pasabide luzean, zoluan ziren ohol batzuk bere tokietatik kendu eta berriz bere tokian jartzea, errez egiten zen. Uzten zituzten zuloetatik begiratuta, beheko solairuan bizi zen Marttue sendiaren etxebizitza ikus zitekeen, beheragokoan bizartegia zuela, baina batez ere iluna zen nagusi. Umearen kuriositateak bultzatu ninduen irtenbide bat aurkitzera, ikusi nahirik zer aurkitzera zen iluna jabetzen zen tokian. Bururatu zitzaidan egokia izan zitekeela paper batzuei su eman eta ohol zaharrak uzten zuen zuloan behera botatzea. Horrela, sutan zen papera beheratzen zen bitartean, ikusi zitekeen zer zegoen eta etxebizitzako solairura iristen zen bitartean ikus nezakeen gainera. Lehen aldian ez dut uste ezer gertatu zenik, baina beste behin nire asmakizuna martxan jarri nuenean, nire aitari adierazi zioten nire jolas arriskutsua, eta gogoratzen dut bapatean moztu zidala.
Gogoratzen dut orain jolas hura eta beldurra sortzen zait...