Imanol Elias
historia
Azkoitiko Udala, 1999
POSTALARIAK, PREGONARIAK, TELEFONOA...
Albisteak jasotzea garrantzitsua izan da betidanik herri batentzat eta beraiek ez ezik herriaren aginduak jakinaraztea biztanleei beharrezkoa benetan. Gaur egun ditugun aurrerapenik gabe saiatu beharko zuten langintza horretan, sinestezinak bihurtzen zaizkigun albisteak aurkitzen ditugula gure artxibategietan, bai gutunak herriratzen eta bertakoak kanporatzen, deiak eta aginduak zabaltzen... Garaian herriak edo bertako biztanleek zuten giroa agertzen digute eta beraiei buruz ere aurkitu ditugun datu batzuk agertu nahi genituzke atal honetan.
Postariak
Hauetakoak agertzen zaizkigu benetan antzinatik, albisteak eramaten alde batetik bestera, herri batetik bestera, batez ere herrietako agintarien nahiak betetzen zituztela eta beraien lana ordaintzen zitzaiela. Lan hori egiten zuten batzuetan herriko udaltzainek, baina XVII. mendean behintzat postaritzan ibiltzeko apartekoak aukeratzen ziren, eskritura eginik gainera Udalarekin.
Beraietako bat aurkitu dugu 1569an, ordainketa egiten zitzaiola herriaren aldetik urte osoan zehar postaritza lana egin zuenez. Urteak geroago berriz, 1585ean, Joanes Igeralde agertzen zaigu.
Esan behar dugu, langintza hau urte askoan zehar behintzat, Azkoitiko herriak Azpeitikoarekin bat eginik egiten zuela, bien artean postaria izendatuz eta ordainduz erdizka, eta 1625ean ere horrela zuen, Martin Zabala jaunaren aldetik egiten zela, jakinarazten zaigula martxoaren 16an, zer nolako langintza egin behar zuen berak eta izendatzen zen ondorengo postariak:
El síndico Pedro de Aguirre propuso y dijo, que como a sus mercedes era notorio, Martin de Zabala, ordinario y correo que solía ir a la ciudad de Vitoria con despachos de esta dicha villa y de la de Azpeitia, se había fallecido y pasado de la vida presente, y que siendo sus mercedes servidos atento por su fin y muerte, estaba vaca la plaza y podían nombrar por tal correo a Juan de Errazquin, vecino de la dicha villa, que era persona de satisfacción y cuidado...
Horrela erabakiko zuten agintariek Juan Errazkin aukeratzea lan hortarako, idazten zitzaiola Gasteizko Postari Nagusiari nor izango zen une hortatik aurrera gutunak jasoko zituena bi herrietarako.
Astean behin joan beharko zuen Gasteizera herriko gutunak eramanaz eta bertatik herrirakoak ekartzen zituela, ordaintzen zitzaizkiola urtean 50 erreal azkoitiarren aldetik eta beste hoinbeste azpeitiarren aldetik. Pentsatzekoa da zer nolako bideetan ibili beharko zuen bere lana betetzeko, zer nolako oztopoak aurkituko zituen behin baino gehiagotan, ohizko bidean aurrera egitea abentura bat bihurtuz askotan.
Baina ausartak ziren dudarik gabe, eta batez ere 1636an aurkitzen dugun Domenja Urkiola andrea, urte hortan berak beteko zuenez postaritza zerbitzua eta ongi gainera dirudienez, 50 erreal ordaintzen zitzaiola. Jarraituko zuen langintza, gutxienez 1643ra bitartean behintzat.
Soldata berdinarekin, Juan Arrieta agertzen zaigu 1645ean, izendatuz Udalaren aldetik 1652ko azaroaren 14ean, Domingo Zubizarreta. Berari jarraituko zion 1655ean Juan Bikendi jaunak, altxaketarik gabe zela artean ohizko soldata.
Baina Bikendi jaunak ez zuen beteko nonbait egoki bere eginkizuna, eta Azpeitiko herriak bere protesta egingo zuen 1658an, irakurtzen zela gaiari buruz eginiko gutuna urriaren 2an:
Obligada de la poca puntualidad que el Correo tiene en traer las cartas desde Vitoria, por cuya causa mis vecinos reciben muchos daños y agravios en la atención y poca seguridad de sus correspondencias y desea de que se introduzca un correo puntual que con seguridad traiga las cartas, suplica a VM se sirva de ver el medio y forma que puede haber en esto, pues es en tanta conveniencia de ambas repúblicas y me diga lo que se le ofrece acerca de la materia.
Azkoitiar agintariek ere ongi zekiten gertatzen zenaren berri, unean zen postariaren puntualtasun eta ardugabetasunari zegokionez eta horrela adieraztea erabakiko zuten agintariek, baina berehala beste norbait izendatuko zutela jakinaraziz. Egun batzuk geroago, Joseph Bikendi aukeratuko zuten, baina bikoizten zitzaiola soldata, hau da, Azkoitiko Udalaren aldetik 100 erreal ordainduko zitzaizkion urtean eta beste hoinbeste Azpeitikoaren aldetik. Baina baldintza batzuk jarriko zitzaizkion. Beraietako bat, inoizko baten gaixorik aurkitzen bazen, berak ordainduz jarri beharko zuela ordezkaria lan bera egin zezan. Bestalde, hutsegite bakoitzeko erreal bat kenduko zitzaiola. Eta hirugarrena, urte osoan zehar, larunbat iluntzerako herriratu beharko zituen gutunak Gasteiztik.
Urte bat bakarra egingo zuen Joseph Bikendi jaunak, beraren langintza hartu eta hasera ematen ziola Jazinto Etxezarra jaunak 1659ko azaroaren 5ean, soldata eta baldintza berdinekin. Gutxienez, 1664ra bitartean beteko zuen bere egin beharra, ondoren Juan Bikendi jaunak jarraituz, gainera urtean ehun erreal gehiago ematen zitzaizkiola bi herrien artean 1669tik aurrera.
Azpeitiko herriak izendatuko zuen 1675ean Simon Astui jauna postaritzarako eta berarekin egingo zuen tratua baita Azkoitiko herriak ere abuztuaren 10ean:
Sus mercedes asentaron con Simón de Astuy, correo de Azpeitia, para que sirva a esta villa en dos años que han de correr desde hoy, por 150 rls. en cada un año, pagando la mitad de ellos por San Juan de junio y la otra mitad por Navidad, y que haya de tomar las cartas en la estafeta los días miércoles y entregar los sábados de cada semana en la casa que señalare para ello, que ha de ser en el cuerpo de la villa, y en caso que faltare pueda enviar la villa la persona que le pareciere en su lugar a su costa.
Altxatu egingo zioten soldata 1682an Azpeitiko herriak izendatutako postariari, 200 errealera herri bakoitzak, eta bi urte geroago agertzen zaigu Domingo Itxaso langintza horretan, eta 1688tik 1700ra berriz Domingo Isasi jauna, tartean Migel Arangoiti jaunak eginik 1697an.
Azken urte horretan erabakiko zuten bi herriek, unean Gasteizen Postari Nagusia zenari eskaera egitea, Azkoitia eta Azpeitiako gutunak Tolosako estafetara bidaltzeko, beraiek jasotzea askoz errezagoa izango zenez.
Frantzisko Agirre jaunak ere egingo zuen postaritza lana 1706an, herriaren aldetik 250 erreal ordaintzen zitzaizkiola eta urte hortan bertan, apirilaren 18an erabakiko zuen Udalak, Tolosako postaritzatik lana egitea:
En ayuntamiento general, acordaron que por la grande conveniencia que resulta de ello se entable la correspondencia de los correos por Tolosa, pagando uno esta villa con el salario de 250 rls. y otro la de Azpeitia, para que haya dos correos cada semana, y que se de un doblón cada año a don Domingo de Maiz, Correo Mayor de Tolosa por su particular trabajo.
Y acordaron que el escribano haga un rol de todos los que contribuyen por vía de aguinaldo a los correos, para que con su vista los señores alcalde y don Antonio de Idiáquez, a quienes se da particular mano para ello por lo que han trabajado en esta planta, ajusten lo que resta para su seguridad.
Postari baten tokian bi erabiltzeko erosotasuna zuen horrela eta gainera astean bi bider Tolosara eraman eta bertatik ekartzeko gutunak, aurrez bidaia bat egiten zen tokian. Postariari ordaintzeko berriz, beraren beharrik gehien zutenen artean zerbait jaso zitekeen.
Ondorengo urteetan agertzen zaizkigu langintza horretan, Migel Antonio Arangoitia, Esteban Burunda eta abar.
[...]