Imanol Elias
historia
Uztarria, 2003
EKAINAK 29
1565
Alondegia egiteko Sebastian Makibarren etxea erosi zen.
Aleak alondegian saltzea agindu zen, 300 maraiko isunaren azpian. Herritarrek ere hala egin beharko zuten. Bestalde, alondegian pisatzeagatik anega bakoitzeko bi marai kobratzea erabaki zen.
1594
Enparantza Nagusiaren parean konponketa egin beharreko egurrezko zubi bat zela adierazi zen.
1638
Enparan etxearen atarian, eskribaua eta agintariak bertan zirela, soldaduen zerrenda irakurri zen. Ondoren, Pedro Egurzaren esanetara, 81 soldadu eta kaboarekin osatutako konpainiak herritik irten zuen.
1685
Inazio Etxabe harginari, aurrez agindu zuen bezala, Landetako zubia hilabete barruan amaitu behar zuela gogoraztea erabaki zen.
1696
Herritar bereziengandik zentsuan 400 zilarrezko dukat hartzea erabaki zen Austriako Marianaren hiletarako, eta probintziak ordaintzean itzuliko zitzaiela jakinarazi zitzaien.
1703
Herritarrek zituzten armen zerrenda egina zela adierazi zen. Abilezia zuten eta ongi prestatuak ziren 120 mosketari eta 150 alkabuzari ziren herrian, eta Diputazioari horrela jakinaraztea erabaki zen.
1719
Diputazioak agindu zuen gerrarako euren armekin prest egon behar zutela herritar eta biztanleek, eta horrela adieraztea erabaki zen.
1754
Udalbatzar Nagusian errukietxeaz hitz egin zen, eta ospitala egitea erabaki zen, beharrezko obrak egin ondoren. Herrian saltzen zen ardo, pattar eta mistela pitxar bakoitzari lau maraiko zerga ezartzeko baimena eskatzea erabaki zen, eta jasotzen zen dirua bertan ziren behartsuen janaria inguratzeko izango zen, beste memoria batzuetako urteko dirua bezala.
Enparan eta Harzubiko zubian Gallaiko harrobiko lauzarekin pasadizo bat egitea erabaki zen, jende asko ibiltzen baitzen.
1765
Hil honen 20ko uholdeak hautsitako bideak konpontzea erabaki zen.
Herritar bereziek sagastiak sortzeko gogoa zeukaten, herriak lurra emanez gero, eta, beraz, batzorde bat izendatzea erabaki zen gaia aztertu ahal izateko.
Ordenantzek agintzen zuten agintaritzara iristeko beharrezkoa zela ondasun batzuk izatea. Baina azken aldian ez zitzaion kasu handirik egiten ordenantzari, eta gezurra ere esan zen behin baino gehiagotan. Hortaz, liburu berezi batean zerrenda osatzea erabaki zen. Liburuan agintaritza eskura zezaketenak eta ezin zutenak banatzen ziren, baita guztien ondasunen berri eman ere.
Udalbatzar Nagusira deitutako herritarrak bertan zer gai aztertuko zen jakin gabe joaten zirenez, eskribauari eskatu zitzaion bakoitzari gaien berri aurrez bidaltzea. Ondorioz iritzi bat agertzeko egokiago izango ziren batzarrean edo, gutxienez, informazioa jasota izango zuten.
1869
Mesolalde eta Larralde txistulariek karlista martxak jo zituzten San Pedro egunean, udal liberalaren aurkako seinale bezala.
1978
Aho batez erabaki zen aktan idaztea udalaren nahigabea bi gazte, indar publikoek jarritako kontrolean, hiltzean. Ondoren, beraien dimisioa adierazi zuten Manuel Mari Altuna, Lorentzo Soraluze, Rafael Larraņaga, Inazio Uranga, Imanoi Elias, Jabier Arakistain eta Estanislao Iriarte zinegotziek.