Imanol Elias
antzerkia
Durangoko Udala, 1986
LEHENENGO EKITALDIA
Garaiko baserri batetako sukaldeaurreko gela, ikuslearen eskuinetara kanporako atea dela eta ezkerretara berriz etxe barnerakoa. Atzekaldean leiho bat. Mahai luzea, aulki luze bat alderdi batetik duela eta eserlekuak bestaldean. Mahai gainean kandelgailuak kandelak pizturik direla. Armairu bat eta garaiko beste apaingarriak. Ilunabarra da.
I
ANA, KATALIN eta MALEN
ANA (Artoa aletzen ari da mahai ondoan aulkian eseria).
Harrigarria da gure aitona oraindik etxeratu gabe izatea!
KATALIN (Anaren aurrean eseria da).
Gureari ere bapo kostatzen zaio etxeratzea herrira joaten den bakoitzean.
ANA
Hilabeteetan joan gabe egoten da askotan, baina behin bertara jeisten denean...
KATALIN
Nire aitona bezala orduan! Joaten denean bai horregatik zeharo patxadan hartu ere!
ANA
Nire aitona ez da hoinbesterainokoa! Neguan behintzat eguzkia ezkutatzen hasten den ordurako etxeratzen da. Gaurkoa da benetan harrigarria!
MALEN (Leihotik begira da).
Harritzekoa da, bai. Gainera ikusita izugarrizko ekaitza datorrela une batetik bestera.
KATALIN (Zutitzen da eta leihora hurreratu).
Hori da itxura hartu duena eguraldiak! Hala ere, euria bakarrik egin da gelditzen bada...
MALEN
Garai honetan euria ez ezik txingorraldi ederrak egiten ditu askotan. Elurra ere berriz guk nahi baino gehiagotan.
ANA
Eta aitonaren arrastorik ere ez.
KATALIN (Esertzen da berriro lehengo aulkian).
Ez da galduko behintzat!
MALEN (Eseriaz Katalinen inguruan).
Ez. Ez da galduko baina bidean harrapatzean erasoak tximu egin da gelditu behar du. Sekula ez eta gaurkoan ez dakit nolatan den horren berandu. Nolanahi ere konturatu behar zuen nortarainoko eguraldi aldaketa izan den arratsaldean.
ANA
Bai behintzat zeharo gozo ez bada lagunen batekin.
KATALIN
Ez du gaizki egin nire aitonak gaurkoan etxean gelditzea. Bestela, ederki harrapatuko zuen hodei itsusi horiek bota behar dutenak. Izan ere, ilundu aurrez herritik irtetzen ez daki sekula.
MALEN
Zuk ere lehenbailehen etxeratzea hobe izango duzu.
KATALIN
Oraindik? Bi brinkotan etxean naiz...
MALEN (Zutitu eta leihora joango da).
Ikaragarrizko gaua izan behar dugu gaurkoa! Ezin diteke sinistu eguraldiak egin duen aldaketa denbora gutxiren barnean.
ANA
Kanpoan direnak etxeratzeko ez da gaizki etorriko.
KATALIN
Gaur entzuten direnak entzunda, uste dut bada jendea goiz etxeratzen dela.
ANA
Bat baino gehiago izango dira hala ere gauaren iluntasuna nahiago dutenak.
MALEN (Leihotik begira jarraitzen duela hitz egiten du).
Eguna egunezkoentzat eta gaua berriz gauezkoentzat. Eta zuk ere Katalin, etxeratzea hobe izango duzu... Zure gurasoak bestela kezkaz beterik izango dira. Jarri duen eguraldi beltzaren aurpegia ikusi eta beldurtzekoa da izan ere!
ANA (Zutitu eta leihora hurreratzen da).
Ikusi behar dut bada nik ere...
KATALIN (Leihotik begiratzen du zutitu ondoren)
Unetik unera itsusiagoa egiten ari da ba.
MALEN
Benetan gau luzea izango dugu gaurkoa.
KATALIN
Etxeratzea hobe izango dut erasoa hasi baina lehen.
MALEN (Kanporako ate aldera lagunduaz Katalini)
Zoaz, bai. Bihar ere, nahiko denbora izango duzute elkarrekin hitz egiteko, baldin behintzat gaur gauean ekaitz izugarriak mendian behera eman ezik.
ANA (Leihotik begira dela)
Zu etxeratu baino lehen hasi behar du zaparrada ederra!
KATALIN
Ez nau berehalakoan harrapatuko! Ez horixe! Bihar ikusiko gara! (Alde egiten du kanporako atetik).
ANA
Bai, bai. Gaua ongi igaro!
MALEN
Agur, bai. (Anak aletzen jardun duen artoari begira). Baina, oraindik ez al duzu aletu guztia? Zure zai egon behar baluteke gure oiloak...
ANA (Aulkian eseriaz, artoa aletzen hasiko da berriro)
Berehala bukatuko dut, ama. Izan ere gure aitonaren egoerak zeharo nahastu nau...
MALEN (Leihora joango da berriro)
Ezin dut ulertu nolatan den bera oraindik etxeratu gabe. Zerbait gertatu ez bazaio... Azken egunetan nolabait txepeldua aurkitu dudalako esan diot bazkalondoan, zertara joan behar duan gaurkoan herrira, baina alferrik! Behin buruan sartzen zaionean gauza bat, alferrikakoa berari jardutea.
ANA
Etorriko da eta lasaitu zaitez, denbora guzian leihotik begira egon gabe.
MALEN (Haserre itxura duela aulki batetan eseriko da)
Etorriko da... Etorriko da... Nun da bada? Honez gero etxean behar zuen bestetan bezala, garaiz ibili bazen! Ikusirik eguraldiaren aldaketa, ezin zait buruan sartu nolatan den oraindik etxeratu gabe!
ANA
Norbaitekin geldituko zen berriketan, eta... Etxeratzea ere ahaztu!
MALEN
Gogoratuko da erasoak bidean harrapatzean. Bai horixe! Mesede ederra egingo dio... Zerbait indartu bitartean ez zuen joan behar inora. Lehengo astean bi egun osoak ohean egin eta ezin egon gaurkoan kalera joan gabe! Entzungo dizkit ederrak etxeratzean.
ANA
Beti horrela zara, ama. Eta gero, zerbait esateko unean, ezer ez!
MALEN (Leihora hurreratzen da berriro).
Gaurkoan entzungo dizkit! Eguraldi honekin nun egon diteke gizona?
ANA (Zutitzen da eta aletutako artoa erakusten dio Maleni).
Hemen, gure oiloentzat egun batzuetako janaria. Ea arraultzak gehitzen dituzten.
MALEN
Bazen garaia! (Artoa den ontzia harturik etxe barnera alde egiten du). Zuk egin duzun denboran, Urkiola inguruan diren baserri guztietako oiloentzat artoa aletuko nuen!
ANA
Baita zera ere! (Bakarrik gelditzean leiho ondora joango da eta bertatik begira unetxo bat egin ondoren, aulkian esertzen da).
Aitonarekin kezkatua naiz, ama bezala. Sekula ez da etxeratu gaur bezain berandu. Eguraldiaren aldaketarekin konturatuta hemen izan behar zuen honez gero.