Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Bi ahoko ezpata

Imanol Elias

antzerkia

Antzerki, 1985

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

        Belzunzetarren gaztelua 1.392 gn. urtean. Gela handia garaiko eran apaindua. Mahai luze baten inguruan eseriak izango dira aurrenengo agerraldian agertzen direnak. Mahai gainean edariak, fruituak eta abar.

        Gaua da. Kanpoan trumoiak entzungo dira eta leiho zulotik tximistaren argia sartuko da tarteka ia aurrenengo bi agerraldi osoetan.

 

 

AURRENGO AGERRALDIA

 

M. PIERRES, KOSME, USTARROZ, GARRALDA, MARTA eta KATTALIN

 

KOSME

        Nolatan igarotzen diren urteak! Edozeinek esan dezake atzo bertan etxeko nagusiaren jaiotza ospatzen ginela eta gaur bera, aitona egina dugu berriro ere. Okerrena ordea guretzat, Belzunzeren adar berria eta gaztea zer eratan haziko den ikusi ezina izango da.

 

M. FIERRES

        Izan ere hainbeste bider egin du elurra gure bizkarrera... Oraintxe herioren hotza sentitzen hasia naiz... Nik hala ere, ezin dezaket ezertxo esan, hilobiratuko naizelako nere arraza gehitzen ikusi ondoren: Belzunzetar bat gehiago izateak pozten nau benetan.

 

GARRALDA

        Eta gainera, orain arte bitartean arraza hori benetan garbia jarraitzen du. Sortzean bezalako odolak jarraitzen bai du Belzunzetarren zainetan.

 

USTARROZ

        Oraingo bideari jarraitzen badiogu, berehala alferrik galduko da ordea. On Karlos III.a tronura iritsi den ezkeroz, Nafarroan zehar zarata beldurgarriak entzuten dira.

 

GARRALDA

        Mendiak... Gure amaren sabelak,diren ezkeroz eta bertan otsoak eta hartzak diren bitartean, nafartarrak ausartiak jarraituko dugu. Nafarroak bizirik jarraituko du.

 

USTARROZ

        Ikusten da bai, ez duzula gogozko gudarako tronpeta soinua entzutea. Zuk duzun trebetasuna, bai aizkora eta bai dardoak erabiltzeko eta... Basapiztien aurka beldurtzen ez denak, begira gudarako zer gogo duen...

 

GARRALDA (Zutituaz bapatean)

        Ustarroz! Aezkoako semeak ez dik beldurrik ezagutzen, baina kristau bezala gogozkoagoa duk nere belarrientzat otsoaren orroa, hilzorian den gizon, emakume edo umetxoena baino.

 

USTARROZ

        Emakumezkoen belarriak ditukelako izango duk noski,

 

KOSME (Zutituko da)

        Norbaitek atea jo du... Nolako giroa den jakinda egokia litzake atea irikitzea,

 

USTARROZ

        Haizea izango da noski.

 

M. PIERRES

        Ez dio axolarik. Benetan negargarria litzake, norbaitek atea jo eta gaurko gaua ikusita, atea ez irekitzea. Joan bada eta ireki. Gainera, nahikoa da horrela nahi izatea nere biloba Mariak. (Alde egiten du Kattalinek atea irikitera).

 

GARRALDA

        Gaurko eguraldia ikusita kanpoan denak, zerbait beharrezkoa egin behar duelako izango da.

 

USTARROZ

        Galdua ez bada behintzat.

 

GARRALDA

        Nolanahi ere, ez da eguraldi ederra... (Eseriko da).

 

USTARROZ

        Ez ote da behintzat lapurretara etorria izango, bestela josiko dut paretan!

 

GARRALDA

        Indarreko haiz behintzat gaurkoan.

 

USTARROZ

        Egunero bezala!