Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Sendagai traketsa

Imanol Elias

antzerkia

Azpeitiko Udala, 1982

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

        Sendagile baten etxeko gela haundia. Bertan, eserlekuak jendearentzat, mahaia aldizkariekin eta abar apainduta. Eskubira kanporako atea eta ezkerrera etxe barrurako atea.

 

Lehenengo Agerraldia

TXOMIN eta NATI

 

TXOMIN (Kanpokoatetik azalduaz)

        Egun on! (Xaka erantzi eta zintzilika jartzean pertxa baten, lurrera erortzen zaio). Eguna ederki hasi! Izan ere oraintxe ez diat ezer ikusten! (Xaka hartuaz eta patrikan begira). Ekarri ote ditut gainera betaurrekoak? Horixe behar diat! (Bilatuko ditu). Hemen dituk, bai. (Jazten ditu eta gero xaka jarriko du pertxan, gero bata zuria jazteko. Betaurrekoak lokarria izango dute beti lepotik zintzilik izateko). Lukax azaldu bitartean, egunkaria ikusiko dut. (Eseritzen da mahai inguruan eta egunkaria irakurriko du). «Bihar omenduko da...». «Hiru hegazkin harrapatuak izan dira...» (Orriak pasatuaz joango da). «Hamahiru urteko ikaslea zigortu dute bi irakaslek...». «Hirurehun kilometro egin ditu nagusiaren bila txakur batek...» (Orriak azkar pasatuz). Burruka, haserrea, kirolak... Nere mailako sendagilearentzat ez dakar sekula albiste bat! Ikusten denez, gutxi dira Lukax eta ni bezala lanean saiatzen direnak! Gutxiena uste den garaian, aurrenengo orrialdea beterik azalduko gara... Bai horixe! (Egunkaria utziaz mahai gainean). Baina non ote dabil gaur nagusia? (Etxe barrurako ate ondora joanaz deitzen du). Egun on! Ez al da inor etxean?

 

NATI (Azalduaz etxe barrutik neskame jantzian).

        Egun on! Goiztar gaur, e?

 

TXOMIN

        Betiko orduan gutxi gorabehera. Zuek oraindik esnatu ezinean.

 

NATI

        Bai. Gaur oso ederki egin dut ba lo. Aspalditxoan egin dudan ondoena dudarik gabe.

 

TXOMIN

        Edozeinek esango luke nagusiak ez duela etxean lo egin! Pakean utzi badizu...

 

NATI

        Lo? Bai al dakit, non dabilen? Atzo iluntzean afaldu orduko sartu zen laboratorioan eta ez du erantzuten. Ez dakit bertan den oraindik edo gauean kalera irtena den...

 

TXOMIN

        Horrek alperrik galdu behar ditu bai gure asmakizun guztiak!

 

NATI (Parrez)

        Zuen asmakizunak?

 

TXOMIN

        Bai. Oraintxe ez dugu denbora asko behar.

 

NATI

        Hamabi urte badituzue langintza horretan eta baduzue zerbait egiteko garaia.. Baina zuek zerbait asmatu?

 

TXOMIN

        Zergatik ez?

 

NATI (Parrez).

        Ederra izango da! (Haserre itxuran) Begira zazu... jatekoarentzat lain saria larri-larrian ateratzen duzue. Batzutan gainera, ez da horretarako ere!

 

TXOMIN

        Jakintsu guztiei gertatzen zaie hori bera. Baina oraingoan egun batetik bestera aldatu behar du gure bizitzak.

 

NATI (Parrez).

        Bai, bai, okerragora!

 

TXOMIN

        Sinismen gabeko neskamea! Makina bat bider etorri behar duzu oraindik asmakizunaren truk zerbait eskeiniaz. Bai horixe!

 

NATI (Parrez).

        Ni? Zu ametsetan ari zara!

 

TXOMIN

        Egia esan behar badut, askotan egiten dut amets. Baina azkenaldi honetan nere amets hoiek guztiak eskuartean ditut. Sasoi baten urruti nuen bete nahia, orain berehala egiteko era izateak pozten nau benetan. (Jakintsu itxuran). Ez dakizu asko zer zoriona duzun nerekin hitz egitea! Ez daki munduak nolako gizona duen nigan! Nere langintza izango da testigu...

 

NATI

        Baita ni ere. Oraindik azkenengo sei hilabete zor dizkidazue...

 

TXOMIN (Haserre).

        Dirua... dirua... Zorioneko dirua!

 

NATI

        Zer uste duzu bada? Diru gabe ez dizkidate neri ematen azokan zuk jaten dituzun babarrunak. Ez horixe!

 

TXOMIN

        Geroago izango da dirua. Lana egin behar da lehenbiziko. Lana eginaz azaldu barnean duguna. Munduari azaldu behar diot nik dudan jakinduria lehenengo...

 

NATI

        Baduzu garaia, Lukaxek bezala, zerbait egiteko... Jakinduri asko izan bazenute, bai zuk eta bai berak, honuzkeroz dirua iristen hasi behar zenuten...

 

TXOMIN

        Alperrik da zurekin hizketan jardutea. Esan dizut lehenago ere oraindik belaunikaturik etorri behar duzula laguntza eske.

 

NATI

        Lehenago ere behin baino gehiago izaten naiz zuei eskean. Gainera zorretan zeratena ordaintzeko eskean... Zer ematen didazute? Bai ote duzute zerbait emateko7

 

TXOMIN

        Baina zertarako ari naiz zurekin hizketan? Non da Lukax?

 

NATI

        Esan dizut lehenago ere, uste dudala laboratorioan sarturik igaro duela gau guztia.

 

TXOMIN (Haserre, etxe barrura joango da).

        Hori gainera! Egin behar du ezegitekoren bat.

 

NATI (Bakarrik gelditzean).

        Hau da bikotea duguna etxean! Hau honelakoa eta bestea berriz hobeagoa! Honek, betaurrekorik gabe ez du ikusten elefantea bi metrora... Besteak, nagusiak berriz, hizketarako duen egokitasuna ez da txantxetakoa! Zerbait esaten hasten danean, azokatik joan-etorria egin nezake lasai, eta etortzen bukaera artean ere esan gabe izango da. Hortik atera behar kontuak nolako asmakizunak egingo dituzten. Hala ta guztiz ere urte batzuetan berarekin txoratua izan naizela aitortu behar! Hauek biak ondoan ditudala, neroni ere txoratu alajaina! (Tirokadak entzuten dira etxe barruan).* Etsaiak! Suziriak botatzen hasi izango dira asmatu dutelako zerbait! Etxea erretzen ez badute hala ere...