Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Amuko zubia

Imanol Elias

nobela

Egilea editore, 1988

 

        Udazkeneko haizea da ilunabarrean nagusi, baina ezin daiteke etxean gelditu Julene. Egunak ditu gauza bera pentsatzen eta burua lehertu behar zaio bestela. Eta hor irten da etxetik, lehenbailehen erretore jaunaren etxera joan eta berarekin hitz egiteko asmoan, baldin behintzat aurkitzen badu bertan.

        Aurreko egunetan egindako euriak, nahiko lokatza sortua du Arreme baserritik kalerako bidean eta halako pristi-prasta ateratzen dute Juleneren oinak lurrean kokatzean. Argiontzi txiki bat eskuetan zintzilikaturik duela ordea, lokatza gutxien den tokiak aukeratzen saiatzen da, noizbehinka irristada txikiak ekidin ezinezkoak baditu ere.

        Amuko zubi zaharrera iritsi denean konturatu da garbi, nortarainoko indarra duen haizeak. Inguruan diren zuhaitzak bezala, haizearen putzaldiak hartzean, beraiek dituzten hosto txiki eta bakanak bezala dantzatzen dituenez emakumeak soinean dituen jazkiak. Baina, aspalditxotik burutik bidali ezin duen pentsamenduak indar gehiago du haizeak baino eta ez du atzera egiteko asmorik. Errotara ura daraman errekatxoaren ondoan den bideari jarraituko dio ahalik eta azkarren...

        Herriko lehen kalea gurutzatzean, badirudi bertako biztanleek beldurturik etxeratu direla. Han eta hemen, leihotxoetatik iristen diren argitasun ahulak eta inortxo ere ez kalean. Benitoren sagardotegi ondoan pasatzean ordea, iritsi da Juleneren belarrietara jendearen zurrumurrua eta esan behar, nolabait bere barnean alaitasuna sortzeko balio izan duela. Ez du ordea denbora galdu nahi atearen zirrikitutik begirada bat eginez eta bigarren kalea ere gurutzatu du herriko eliza nagusiaren aurrera iristeko. Gurasoek erakutsita bezala, aitaren egin ondoren elizaurrean, bere oinkadak zuzendu ditu erretorearen etxera. Ate ondoan, arrasa hartzeko unetxo bat egiten du ate haundia jo aurrez. Badirudi, ahaztu egin zaiola ere zerk bultzatuta iritsi den hartara eta orainartean indartsu zituen hankak ere dardarka hasiak dira. Jazkiak txukuntzen dituen bitartean argiontzia lurrean utzirik, buruan ditu mila pentsamendu, guztiak bat eginik Erretoreari zer eta nolatan esan aukeratu ezinean une bat egin ondoren, emakumearen esku gordinak, ate zahar handia jotzen du.

        Iruditzen zaio une labur batetan, astakeri haundi bat ez duen egingo erretorearekin hitz egitean, baina dirudienez ez da atzera egitekoa gaurkoan.

        Erantzunik ez izatean beraren deiak, berriro jo du ate zahar haundia, oraingoan zerbait gogorrago. Berehala, atearen azpikaldetik nabaitzen du argitasun izpi bat eta entzuten ditu atea irekitzera datorrenaren oinen zaratak etxe barrean.

        —Nor da? —galdetu dio atera hurreratu denak etxe barnetik.

        —Barka zaidazu, berandu etorri banaiz On Inazio. Arretxeko Julene naiz eta zurekin hitzegin nahi nuke.

        Berehala, sarrailearen kriski-kraskaren ondoren, atea ireki zaio Juleneri eta aurrez aurre agertu herriko erretorea argimutil txiki batetan duen kandelaz argitzen duela etxeko sarrera.

        —Zer gertatzen zaizu emakumea? Gaur esan behar didazuna ez al da berdin bihar...?

        —Ez erretore jauna. Ezin,dezaket beste egun bat egin oraingo egoeran.

        —Sartu bada barrura...

        —Eskerrik asko, erretore jauna —eskertu eta sartu da Julene etxera. Berriro etxera bihurtzeko argiaren beharra izango duenez, itzali du berak ekarri duen argiontzia eta sarrerako ate haundiaren ondoan lurrean utzi.

        —Zatoz nirekin —esanaz abiatu da erretorea etxe barnera, kanporako atea itxi ondoren.

        Berari jarraitzen dion bitartean, beste behin Juleneri pilatu zaizkio buruan gauza guztiak. Beste behin, neurketa bereziak egiten ditu, zer nolako ondorenak ekarri ditzakeen orain ematera doan oinkadak.

        —Tira, eseri lasai eta esan zer gertatzen zaizun.

        Bat batean moztu zitzaizkion pentsamenduak Juleneri, erretorearen esertzeko gonbitea jasotzean. Hankak dardarka dituela esertzea hobe eta horrela egin du, On Inazio erretoreak berdin egin duen unean, bien tartean, liburu eta paperez estalitako mahaia dutela.

        Dirudi, mingaina ere korapilatu zaiola emakumeari eta isilune baten ondoren, berriro ere erretorearen hitza entzun da gela txikian:

        —Zuri entzuteko naiz...

        —Ez dakit nondik hasi, erretore jauna —erantzun dio Julenek, ezpainetan ere nabaritzen zaiola barrean duen kezka izugarria.

        —Orain ere, nagusia izango da behintzat tartean...

        —Bai. Horrela da, erretore jauna. Baina orain eskatu didana, gehiegizkoa da. Ezin dezaket bete inola ere.

        Azken hitzekin batera, negarrari eraso dio Julenek. Azken egunetan bakardadean, behin baino gehiagotan irtetzen dioten bezala, orain erretorearen aurrean jaulki zaizkio malkoak, barnean duen kezka, haserrea eta beldurraren ezaugarri bezala.

        Bat batean zutitu da, oraindik sasoikoa den erretorea:

        —Nazkagarria! Nazkagarri galanta hori ere besteak bezala! Dirua, ondasuna... Besterik ez dute eskuratu nahi nagusi arlote hoiek guztiak! Bi mila eduki eta bost nahi... Hamar izan eskuetan eta oraindik hogei lortu nahi... Geroago eta aberastasun gehiago, besteen izerdiarekin.

        —Baina, orain eskatu didana erretore jauna? Orain eskatu didana?

        —Edozer gauza horrek, asko lotsatu gabe! Baina, noiz bukatu behar dute nagusi hoien astakeriak?

        —Lana egiteak, ez nau beldurtzen. Orain artean, eskatu didan guztia eman diot, nahiz eta nire senarra galdu ondoren, egunaren ordu guztiak lanari eskaini behar izan. Begiratu besterik ez du nire nagusiak, gure soroei...

        —Baina alferrik... Ase ezin!

        —Ezkonduarazi egin nahi oraindik...

        —Zer? Zer esan duzu? —harriturik galdetu dio erretoreak Juleneri, bat batean zutituaz.

        —Aukeratua dit gainera senargaia.

        —Zerri urdea! —oihukatuz urrutiratu da On Inazio emakumearen ondotik, begiak ere beren tokitik irtetzeko zorian dituela. Gela txikian zehar eta noizbehinka sabaira begiratuz ibili ondoren, hurbildu da berriro Juleneren ingurura:

        —Baina, zure ezetza, berehala emango ziozun?

        —Oraindik ez diot ezer erantzun, baina bihar edo etzi zerbait esan behar diot.

        —Jainkoa!

        —Ongi dakizu zer gertatuko zaidan nire nagusiaren agindua betetzen ez badut. Ezetza ematen badiot, kalean naiz hurrengo egunean, beste askok irten behar izan duten bezala.

        Isilune baten ondoren, eseri da berriro On Inazio bere tokian. Esan behar otoitzean egon dela une labur batetan, ukabilkada bat eman mahaiari eta zutitu den bitartean.

        —Ez eta ez! Gertatzen dena moztu behar dut, zuhaitz batetik zintzilikatu behar banaute ere!

        Egon ezinean zutitu eta gela txikia alde batetik bestera berribili zuen, marmarrean zerbait esaten jarraitzen zuen bitartean. Gero, hurreratu da Juleneren ingurura, maitekor esandz:

        —Zoaz lasai. Gaur bertan, oheratu baino lehen pentsatuko dut zer egin. Orain artean isilik eduki baditut ere gure herrian gertatzen ari direnak, heldu zait garaia hitz egiteko eta ,gauzak garbitzeko. Nolabait, nagusi nazkagarri hoien astakeriak moztu behar ditugu eta zuri gertatzen zaizuna izango dut oinarririk egokiena hortarako. Zoaz lasai... Nagusiak zure erabakiaren berri jakin nahi badu, luzarazi zaiozu gezur bat esanda bada ere eman dizun epea. Luzatu ahal duzun guztia, lanerako denbora izan dezadan... Bihar igandea denez, ez dut egun txarra zerbaitetan hasteko.

        —Baina...

        —Zoaz lasai. Zure nagusia, ez da ezertxo ere egiten ausartuko. Igarriko dio bestela. Baina, hori bai, luzatu ahal duzun guztia berak jarritako epea.

        Azken hitzak esaten dela, iritsi da la konturatu ere egin gabe On Inazio etxeko sarrerako ate ondora, Julenek jarraitzen diola.

        —Tira, piztu zazu argia eta zoaz lasai. Bihartik aurrera hasiko dira gauzak aldatzen gure herrian.

        Julenek argiontzia lurretik hartu duen unean, erretoreak, berak duen kandela luzatu eta piztu du emakumearen argia.

        —Gabon Jainkoak! —esanaz lagundu dio On Inaziok emakumeari etxetik irtetzen.

        —Gabon, erretore jauna!

        Ate zahar haundia itxi da Juleneren ondoren eta entzun da sarrailearen kriski-kraska. Erretore etxera iristean, dardaraz zela esan al dugu? Ez da une honetan egokiagoa? Beldur da beraren hankak etxera bidean erantzungo dioten ere... Behin herritik irtetzen duenean gainera, lehen beraren alde izan duen haizea, oraingoan aurka izango baitu aurrez aurre jotzen diola.

        Hala ere ordea haizeak, ezin izango dizkio kendu beraren burutazioak eta guziak ordena batetan jartzen saiatuko da, gaur ilunabarrean eman duen oinkada haundiari arrazoi benetako bat aurkitu nahirik.

        Haize indartsuak behin eta berriz mozten duen errekatxoko uraren zarata iristen zaio Juleneri, berak dituen pentsamenduei doinu gozo bat ezarri nahirik bezala. Gero, Amuko zubira iristean, berriro ere haizearen aurka gogor egin beharko du eta badirudi indar guztiak hortarako behar dituela, beste gauza guztiak ahazturik. Zubiaren bestaldeko muturrera iristean ordea, nabaritu du haizeak indar gehiago duela sastraka artean eta berriro aurrez zituen gauzak zaizkio bururatzen...