Aitor Arruti
historia
Azpeitiko Udala, 2009
EMAKUMEA, PROTAGONISTA ISILDUA
Historia idazleak gizonezkoak izanik, emakume izen bakan batzuk besterik ez dira agertzen historia liburu gehien-gehienetan. Hala ere, emakumea izan da mendeen joanean Euskal Herriko historiaren oinarria eta arima. Eta Urrestillako historiaz ere beste hainbeste baiezta dezakegu ziurtasun osoz. Biziari eusten diona izaten da sakratuena edonon, eta emakumea ezinbesteko protagonista izan da gure artean bizia ematerakoan, zaintzerakoan eta agurtzerakoan.
Inguruko kulturetako emakumeekin alderatuz, hainbat berezitasun izan ditu euskal emakumeak. Berezitasun horiek zein diren eta nondik datozen jakiteak badu interesa, bai behintzat euskaldunok oro har eta urrestildarrok bereziki nolakoak izan garen ezagutzen hasiz gero.
GARAI BATEKO EMAKUMEA
Nonbaitetik abiatu behar izaten du kultura bakoitzak bere mundua eraikitzeko, eta mundua ulertzeko ere bai. Horrexegatik agertzen dira jainkoak jendarte desberdinetan, munduan dagoena nolabait adieraziz.
Europa zaharreko jainko gehienak gizonezkoak dira, zeruan bizi diren hilezkorrak, indarkeria zaleak askotan. Euskal Herrian, berriz, Mari ageri zaigu antzinako jainko nagusi bezala, eta ez da indarkeria maite duen goi-andrea.
Dama lurtarra da erabat Mari, mendietan bizi den arren, lurreko haitzuloetan eta ur-putzuetan ere ageri delako. Ama Lurra da Mari, izadiko elementu guztiei eragiten diena.
MURUMENDIKO DAMIE
Urrestillatik gertu omen zuen Marik bere bizilekuetako bat, Murumendin,eta hegan mendi batetik bestera joanez ibiltzen zen nonbait.Txokorik maiteena Anboton zeukanez,Anbotoko dama da Mariren izen ezagunetako bat. Dena dela, Urrestilla inguruetan Murumendiko damie izenez ezagutu izan da, eta herri ipuin batzuetan ere bai.
«Damie Murumenditik Aizkorrira pasatzen ikusi debe» esaten zuten baserritarrek. Mendi batetik bestera pasatze horrek eguraldi aldaketa ekartzen zuen. Beste behin, Murumendira igotako norbaitek Dama ikusi omen zuen bere bizilekuaren aurrean, zoragarrizko ilea orrazten.
Tankera desberdinak hartzen zituen Murumendiko damak airean hegan ibiltzerakoan: batzuetan suzko igitaia zirudien, beste batzuetan emakume hegalaria, eta putrea beste zenbaitetan. Dena dela, emakume irudia erakusten du Marik kontakizun gehienetan.
Hortaz, Jainko nagusiak emakume tankera bazuen, emakumezkoak balio sakratua izan zezakeen euskaldunen artean. Eta,Joxe Migel Barandiaran etnologoari jarraituz hainbat ikerlarik jasotakoaren arabera,halaxe gertatzen zen Euskal Herriko etxe askotan. Dena den, ikerlari guztiek ez dute halakorik baieztatzen.
ETXEKOANDREA
Garai bateko Urrestillako etxeko andrearen eginkizunik nagusiena mundura umeak ekartzea zen, ama izatea. Etxean eta soroan lan egiteaz gain, haurrak izan, zaindu eta hezi behar zituen andreak.
Umerik gabeko familia gaitz batek jotakoa zela uste izaten zen,edo madarikazioren bat zeukala. Orain gutxira arte, emakumeari gerta zekiokeen zoritxarrik handiena antzua izatea zen, gizartearen aurrean ez zuelako bizitzan ustez zegokion eginkizun nagusia betetzerik.
Ama izateaz aparte, etxeko andrea emazte eta maitale zen. Mendeetan zehar kristau pentsaera zabaldu zen neurrian, galdu egin zituen emakumeak antzina izandako izate sakratua eta garrantzia. Etxeko andreak garai bateko boterea galdu ahala, etxeko jaunak gero eta indar handiagoa hartu zuen.
Horiek horrela, etxeko andreak ama eta emazte eskuzabala izan behar zuen, eta oso langilea gainera. Emakumea izan ohi zen ohetik lehenengo jaikitzen zena eta azkena oheratzen zena. Gizonezkoak ez zuen hainbesteko betebeharrik etxean.
EMAKUMEA, ESPIRITUAREN ZAINDARI
Emakumezkoa izan da aspaldidanik Euskal Herri gehienean gure alderdi espirituala gorde duena. Etxean bertan, etxeko andreak gidatzen zituen erlijio ospakizunak.
Auzoko etxeren batean norbait hiltzen zenean, etxekoandre bakoitza joaten zen hildakoaren etxera, egin beharrekoak egiten laguntzera, eta hildakoaren alde otoitz egitera. Beraien artean errezatzen zuten errosarioa, apaizaren beharrik gabe.
Azkenik, eliza barruan ere andreak izaten zuen etxe bakoitzeko hilobiaren ardura, otoitz egiteko eta etxean hildakoari urtebetez argizaiolako sua piztuta mantenduz, bizitzako argiaren lotura eskaintzeko.
Argizaridun txortena sutan mantenduz lortzen zen argia, eta zaindu egin behar izaten zen suak argizaiola ez erretzeko. Etxekoandreak umeekin joaten ziren elizara sarritan, eta haiek ere jolasean ibili ohi ziren argizaioletako argizariak zuzentzen.
1704an gotzaindegiko bisitatzaileak idatzitako aginduak ere argi asko azaltzen du Urrestillan etxekoandreek zuten hilobien ardura hori: Emakumeak ez daitezela meza garaian hilobiz hilobi ibili, herria nahasten dutelako eta ez dutelako uzten igandeko eginkizuna behar bezala betetzen.
EUSKAL EMAKUMEAK ETA LEGEA
Noizbait euskaraz bizi izandako eskualde guztietan bildu izan dira ezaugarri berdintsu batzuk, bai Euskal Herrian eta bai Pirinioetako eskualdeetan ere. Ezaugarri berezi bat Pirinioetako zuzenbidea izenekoa da, euskaraz hitz egiten zutenek auziak konpontzeko erabilitakoa. Zuzenbide haren bereizgarrietako bat zen emakumea modu berezian kontuan hartzea.
Gure artean beti uste izan dugu etxea bereganatzen zuen senide zaharrena, maiorazkoa, gizonezkoa izaten zela ezinbestean. Hala ere, hemendik gertu, Zarautzen eta Zumaian jasotako testigantza batzuek etxea neskarik zaharrenak ere jaso zezakeela agertzen dute. Urrestillan ez dugu halakorik jakin, beharbada izango ziren neska maiorazkoak noizbait, legeak ez baitzuen horretarako trabarik jartzen.
Ezkontzei zegokienez, ezkondutakoen arteko harremana ondo ez zebilenean, bikotea banatzea onartu zuen Bizkaiko Foruak 1576an. Gipuzkoako foruaren arabera, berriz, pentsioa jasotzeko emazteak ez zuen arrazoirik eman beharrik, eta senarrak bai. Itxura denez, halako egoeretan emakumea zentzun handiagoko pertsonatzat jotzen zuten gure legeek.
SERORA, APAIZAREN ORDEZKO
Garai bateko herrietan, itxuraz gizonezkoen menpe zegoen jendartean, oso pertsonaia bitxia izaten zen serora, garrantzi handiko lanak egiten zituelako. Manuel Larramendik bere Gipuzkoako Corografia liburuan aspaldi adierazi zuenez, elizako langile modukoak ziren, eta diakonisa izeneko erlijio gidarien ondorengotzat hartzen zituzten Euskal Herrian.
Kristautasuna iritsi aurrekoak ziren, noski, diakonisa haiek, aspaldiko emakume apaizak. Beharbada horrexegatik, Elizak ez zuen gogo onez hartzen serorek herrian zuten estimu handia. Egunez egun, seroren eragina murrizten zuen Elizak, eta haiek apaizaren laguntzaile apal bezala aurkezten.
Kristau jendearen artean, serorak gidatzen zituen erritu jakin batzuk apaizaren ordez. Halako errituek herritar guztientzako zuten garrantzi handia kontuan hartuta, seroraren lana benetan aintzat hartzen zuen jendeak.
Seroren jendaurreko eginkizun gehienak emakumeekin bakarrik izaten ziren, guztientzako ospakizun batzuk ere zuzentzen zituzten arren. Hala, zenbait herritan, besteak beste Azkoitian, hileta elizkizunetara zeramaten gorputzari serora irteten zitzaion bidera, askotan hildakoaren etxekoei harrera eginez eta elizara bidean otoitzaldia gidatuz.
Garai haiek bizitako herritarrek gogoratzen dutenez, Urrestillako seroraren eginkizunik garrantzitsuenak honakoak ziren hogeigarren mendean:
Bataiora eramatea
Umea jaio orduko bataiatu behar zenez, serora etxeraino joaten zen umea eta senitartekoen bita, haiekin batera elizarainoko bidea egiteko. Elizaren ordezkari bezala, ur bedeinkatu txarroa eta bedeinkatutako kandela eskuetan hartuta joaten zen serora.
Eliz sartzea
Haurra izan berri zuen emakumea osatutakoan, bila joaten zitzaion serora etxeraino. Eliza elkargoaren izenean egiten zion harrera ama izan berriari, eta elizaraino laguntzen. Eliza barruan, ama izan berriak elizako irudi baten babesean uzten zuen jaioberria, ama birjinaren esku gehien-gehienetan.
Gari lakaria biltzea
Urtean behin, Garizuma garaian, Elizak gari lakari bana eskatzen zion etxe bakoitzari. Lakaria la bost litroko ale-neurri zaharra zen. Etxe bakoitzeko ordezkariak lakari bana botatzen zuen serorak elizan pasatako zakura. Gari pilo handia biltzen zenez, elizmutilen beharra izaten zuen serorak zaku betea garraiatzeko.
Hildakoen etxerako ogia biltzea
Iganderoko meza nagusian, urtean zehar etxean norbait hil zitzaienentzako ogia biltzen zen. Etxe bakoitzeko ordezkariak eskaintzen zuen ogia, eta serorak biltzen zituen guztiak. Dena dela, Urrestillan meza nagusia hamarretan izaten zenez, jenderik gehiena zazpietakora edo zortzi t'erdietakora joaten zen, gero lana izaten zuelako.
Aspaldiko garaietan, erabat beltzez janzten omen ziren serorak, txapel eta guzti. Horrela jantzita, guztiek zekiten emakume hura zertan aritzen zen herrian, apaiz, lekaime, polizia eta erizainek bezalaxe, janzkera berezia zuelako.
Urrestillako seroren lekukotza moduan, pare bat testigantza aipa litezke. Antxietako Magdalenak 1547ko azaroaren 13an agindutako testamentuan ageri denez,Antxietako San Martin baselizan bazen bertako lanak egiten zituen serora bat. Bestalde, Aita Lasari irakurri genionez, 1575ean bi serora zeuden Urrestillan. Hala idatzi zuen urte hartan Alkizako Lope bisitatzaileak, adieraziz seroretako bata gazteegia zela bere eginkizunerako eta bestea, berriz, zaharregia. Azken hori ez omen zen zegokion lana egoki egiteko gauza. Horiek horrela, Alkizako Lopek gogora ezarri zuen serorek berrogei urte inguru izan behar zituztela.
Bi serora horien kontuak urrestildarrak eta Loiolako etxea Urrestillako elizagatik borrokan zebiltzan garaikoak dira. Norgehiagokan, alde bakoitzak bere serora ezarri nahi izan zuen. Horrekin nabarmen agertzen zaigu seroraren lanak garai hartako herriko bizitzan zuen garrantzi berezia.
Garai haietatik aurrera, lausotzen joango zen Urrestillan ere antzinako seroren itzala. Hogeigarren mendean ezagutu izan ditugunek laurehun urte lehenagokoek baino garrantzi apalagoko eginkizunak izango zituzten, inolaz ere.
Hala ere, lehen zerrendatu ditugun eginkizun guztiak betetzen zituen Gabriela Aristik, Urrestillan izan den azkeneko serorak. Gabrielak bere eginkizuna utzi beharra izan zuenetik ez da izan serorarik Urrestillan. Apaizari laguntzeko lanean aritzen ziren emakumeak baziren, baina gainontzeko ardura berezirik gabe.
NESKA BEHARTSUENTZAKO EZKONSARIA
Parmako Luisa printzesak lehenengo semea izan zuenean, zerbait bururatu zitzaion Espainiako Carlos III.a aitona erregeari. 1771ko azaroaren 12an adierazi zuenez, nahiago zuen bilobaren jaiotza ospatzen dirutza gastatu ordez diru hura neska zintzo eta behartsuen ezkonsaria osatzeko gordetzea.
Gipuzkoari zegokion sariarekin, bi neskari hiruna mila erreal eta lurra lantzeko tresna batzuk eskaintzea erabaki zuten agintariek. Ezkonsari horiek ondo arautzeko, baldintza batzuk ezarri zituen Foru Aldundiak. Onuradunek Gipuzkoan jaioak edo gutxienez bi urtez bertan bizitakoak izan beharko zuten.
Adinez 15 urtetik 30 urtera bitarteko neskak beharko zuten izan, dirua eta ondasunak behar zituztenak edo umezurtzak, laguntzarik gabe ezkontzerik ez zutenak, osasun onekoak eta elbarritasun nabarmenik gabekoak.
Baldintza horiek jakinarazita, Gipuzkoa osoko interesdunen artean egin zuten zotz, eta Altunako Maria Inazia eta Urrestillako Gurrutxagako Bizenta egokitu ziren saridun.
Arangureneko Pedro Antonio eta Zabalako Pedro Domingo senarrekin joan ziren saria jasotzera Bizenta eta Maria Inazia, eta Gipuzkoako agintari guztien aurrean jaso zuten 1772ko ekainaren 24an.
ORAINGO EGOERARA BITARTEKOAK
Hogeigarren mendearen hondarrera arte, dena zen bekatu, edozer izan zitekeen infernuko sutan erretzeko arrazoi, bereziki emakumeentzat. Lehengo kristau moralaren arabera,gizonaren nahietara makurtu beharreko gizakia zen emakumea. Uste oker horiek jendeak barneratu ahala, moteltzen joan zen antzinatik euskal gizartean emakumeek izandako garrantzia.
Garai bateko eskubideak apurka galduz, gero eta otzanago agertzen zaigu emakumea historian. Horren adierazgarri dugu Koldo Zubizarreta euskara irakasleak zoo7an 96 urterekin hildako Margarita Lasagabazterri Aretxabaletan egin zion elkarrizketa. Margaritak esandakoak egoki deskribatzen du bere aldiko euskal emakume baserritar gehienen bizimodua.
Lehengo eta oraingo emakumeen arteko aldeaz galdetuta, hala erantzun zion Margaritak Koldori:
Lehengo emakumeak, gizon onena izanda ere, esklaba izaten ziren. Goizean jaikiaz bat, gizonaren atzetik joan behar solora. Eguerdian, hamabietarako bazkaria prest-prest eduki behar mahaion. Ondoren, gizona bixauan lotan zen bitartean, emakumeak umeak gobernatzen zituen. Etxeko jabea lotatik jaikitzen zenean, berriz, hari jarraitu behar solora. Eta gauean, beti pendejuren bat aldamenean, eta orduan ere bakerik ez!
Jantziei zegokienean ere, emakumeek ezin zuten beraiek gogoko zutena jantzi. Hogeigarren mendeko Azkoitian, esate baterako, negu gorrian hotzaren hotzez prakak jantzi zituen andre bati isuna ordainarazi zituen, behar bezala ez janzteagatik.
Bizimodu makurtu hori, ordea, hasi zen, hogeigarren gizaldi erditik aurrera bereziki, onera aldatzen. Emakumeek beraiek egindako borrokari esker ia beti. Urrestillan bertan ere izan ditugu borroka horren kokaleku finkoak.
1970eko hamarkadan festak antolatzeko batzorde berrian eztabaida gogorrak izan zituzten, jaietan neskei dantza kobratzea zela eta. Berdintasunaren aldekoak uste zuten ez zitzaiela mutilei bakarrik kobratu behar, neskek ere berdin ordaindu behar zutela dantzaldia. Azkenean sexu berdintasunaren aldekoak nagusitu ziren, eta dantzaldian denei berdin kobratzen hasi ziren.
Beste batean, herriko festetan orduan ere, orkestratxo bat bi neskarekin etorri zen dantzaldi bat girotzera. Bi neska gazte haiek pinpirin jantzita zeuden, gizonezkoen begiradak berenganatzeko eraman balituzte bezala. Batzordeko neskek eszenatokitik jaitsarazi zituzten biak, emakumearen irudi negargarria ematen zutelako.
Aipatzekoa da, bestalde, orain gutxira arte emakumeek ezin izan dutela Urrestillako koruan parte hartu, inon ez zutelako halakorik onartzen. Hasi berria dugun mendean, ordea, desagertu egin da idatzi gabeko debekua, eta gaur egun emakumeek ugariago dira koruan gizonezkoak baino,funtsezko parte hartzearekin gainera.