Amaia Mendizabal
historia
Uztarria, 2006
LURDES ALBERDI
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian errefuxiatutako familiako kidea
«Gernikako bonbardaketaren irudiak ikusita, ez dakit nola irten nuen handik bizirik»
Duela 70 urte, ia neska kozkorra zela, anai-arreba gazteak hartu eta herritik, Azkoititik ihes egin zuen Lurdes Alberdik (1917), gurasoen bila. Eta duela 70 urte hori egitera bultzatu zuen sendotasun berberarekin kontatzen du bere historia, ia galderak egiteko aukerarik eman gabe. Izan ere, berak badaki ondo zer den kontatu nahi duena. Ez daramatza alferrik 70 urte bere bizipenak harilkatzen, kontatu duen historia ehuntzen; hari finez, xehetasun bat bera ere ahaztu gabe.
Familiaren banaketa, bonbardaketen mamu beltza, erbesteko urte luzeak, ezer gabe gelditzea... Hori da Espainiako Gerrak Lurdesi utzitako ondare gordina. «Eta gerra bezain gogorra izan zen gerraostea guretzat!».
1936ko irailaren 20an egin zuen alde Azkoititik, tropa karlistak herrian sartu ziren egunean bertan. Anai-arreba gazteagoak hartu eta gurasoen bila abiatu zen. Gurasoek aurretik egin zuten ihes, nazionalista izateak ekar zitzakeen ondorioen beldur. Izu bera sentitu zuen Lurdesek, bazekien gelditu izan bazen «egurra» emango ziotela, berak dioen bezala. Hor hasi zen urteetako erbestealdi gogorra: Bizkaia eta hango bonbardaketa etengabeak, lehenengo; Kantabria (Espainia), gero; eta, azkenik, Frantzia. Azkoitiarra izanda paradoxikoa den arren, han ikasi zuen Lurdesek abarketak egiten; eta hura izango zuen ogibide.
Eta berriro izua. Herria lagatzera behartu zuen arrazoi berberak ekarri zuen bueltan herrira: Hitlerren agindupeko soldadu naziak Parisen sartu zirenean, Azkoitira itzultzea erabaki zuten. Behin Azkoitira itzuli orduko, galtzaile izatearen errealitate gordina zain: ez etxerik eta ez begirunerik.
1946tik Azpeitian bizi da, bere senarra zenaren herrian. Senarra ere gorriak ikusitakoa: 5 urte pasatu zituen kartzelan, heriotza zigorraren mamua ziegalagun; azkenean, berekin batera ikasitako ministro ospetsu batek salbatu zuen arte. Ordutik lau seme-alaba izan zituen Lurdesekin, Azpeitian.
1936ko gerra mugarria izan zen zure bizimoduan. Baina gerra aurretik ba al zeneukan inongo kezka edo kontzientzia politikorik?
Gure aita, Domingo Alberdi Etxaniz, oso abertzalea zen; idealista bat. Hara, nik ez dakit hark zer emango zukeen bere ideala lortzeagatik.
Parte hartzen al zuen herriko politika kontuetan?
Kargu politikorik ez zuen izan. Batzokiaren sortzaileetakoa zen, ordea, eta herriko abertzale ezagun-ezaguna. Bera oso jendarteko gizona zen, halakoxea zen. Baina, jakina, beste aldeko askok ikusi ezindako gizona zen. Ez dakizu zenbat jende egoten zen gure etxean nire aitarengana etorrita! «Aizu, Domingo, koltxoiak kendu dizkigute!», edo hau edo hura egin ziotela esanez. Beste aldeko jendea zen, eta gure aita haiei denei lagundu ezinda ibiltzen zen. Eta gero geuri egin...
Zu zeu ez al zinen inoiz politika kontuetan ibili?
Nik bizitza guztian, jaio nintzenetik, etxean jaso izan nuen nazionalismoa. «Nazionalista», hori entzun izan nuen beti, eta halaxe izan nintzen. Baina orduan nazionalista baldin banintzen, orain askoz ere nazionalistagoa naiz. Jakina, guk pasatu genituen haiek denak pasatuta, nola ez naiz izango...
Batzokien inaugurazio denetara joaten nintzen, aitarekin. Baina denetara! Gerra hasi aurretik joan ginen azkeneko inaugurazioa, Iruņekoa izan zen, 1936ko uztailean bertan. Artean sanferminetako feria zegoela gogoratzen naiz. Nik Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta horiek denak ezagutu egiten nituen. Monzon bai gizon fina, ikusi egiten zitzaion klasea.
Gerra hasi aurretik nolakoa zen zure bizimodua?
Oso ederra; niretzako bai, behintzat. Ondoegi bizi nintzen. Gerra hasi zenean 19 urte neuzkan, onenean nengoen. Ez nuen ezer egiten, bizi besterik ez. Kolegioan egon nintzen, Jesus eta Marietako komentuan, Azpeitian, eta horren ondoren, bizi! Gure etxean bazegoen lana zeinek egina, eta ni bizitzera dedikatzen nintzen. Gero pasatu behar izan nituen ederrak! Hala ere, denera ohitzen zara: ez dagoenean ez dago eta ezin denean ezin da.
Baina, bai, gerra aurreko garaia oso ederra zen. Askotan pentsatzen dut: «Ene, zer ondo bizi nintzen orduan».
Baina hori dena bukatu zen:1936ko irailaren 20an erreketeak, Francoren altxamenduaren aldeko tropa karlistak sartu ziren Azkoitian; Azpeitian ere bai. Ikusten zen bazetozela. Gainera, ezagun batek hala esan zigun: «Zumarragan omen daude dagoeneko!». Eta hura estuasuna gurea! Gainera, gure aita hain zen nabarmendutako nazionalista herrian... Zurrumurru horiek beldurtuta, gurasoek etxetik alde egitea erabaki zuten.
Guk taberna bat geneukan Azkoitian, jendez gainezka ibiltzen zena: Goiko taberna, deitzen zioten. Elgoibarrerako bidearen hasieran bizi ginen eta bi etxe genituen elkarren ondoan: lau pisuko kaleko etxea eta alboan baserria, Sasibil izenekoa. Hor bertan zegoen taberna ere. Gure aitak, ordea, ez zuen tabernan lan egiten, Epelde y Larraņaga enpresako bulegoan baizik. Ordurako ia 25 urte edo zeramatzan leku horretan lanean. Kontua da, behintzat, gurasoek alde egitea erabaki zutela, erreketeak hurbiltzen ari zirela jakitean. Lantoki horretan kamioneta bat zeukaten eta aitak kamioneta hura etxekoa balitz bezala erabiltzen zuen. Hala, kamioneta hartu zuten ihes egiteko. Gainera, baserrian oiloak eta oilaskoak genituen, asko, eta horietako pila hil zituzten eurekin eramateko. Kamionetan ahal zen guztia sartu eta alde, beraz.
Oraindik gogoratzen naiz zer esan zigun aitak joatean: «Zuei ez dizuete ezer egingo; gelditu lasai».
Nora joan ziren gurasoak?
Aitak Elorrion anaia bat zuen abade eta haren etxera joatea erabaki zuten. Amak, aitak eta anaia zaharrenek egin zuten alde. Hiru neskame geneuzkan sasoi hartan eta horiek ere joan egin ziren, panorama ikustean. Ni etxean gelditu nintzen, ahizpa eta anaia gazteagoekin. Ahizpa ni baino lau urte gazteagoa zen eta anaia oraindik txikia, 11 urte inguru zituen. Amaren ahizpa bat asko egoten zen gure etxean, eta harekin gelditu ginen.
Gurasoek ihes egin eta gutxira buila entzun genuen kalean, eta zer ote zen ikustera irten nuen leihora. Sekulako kuadrila ikusi nuen, denak painuelo gorriarekin lepoan. Altsasutik etorritako «gorriak» omen ziren. «Pertsiana hori, hor dagoen hori!», oihukatu zidaten, eta segituan ezkutatu egin nintzen. Geroago ate joka azaldu ziren, afaria behar zutela esanez. Gu beldurrez airean eta, kasualitatea, gurera etorri behar! Afaria? Ezer ez geneukala esan nien, gurasoak joan egin zirela eta ez zela ezer gelditzen. Egia zen, gurasoek ahal izan zuten guztia eraman egin zutelako. Gure asmoa etxea itxi eta alde egitea zen. Anaia eta ahizpa, amaren lehengusu baten etxera, eta ni, gurekin gelditu zen amaren ahizpa horren etxera.
Baina alde egin aurretik azaldu zitzaigun «gorri» talde hori. Ez geneukala ezer esaten genien; haiek, ordea, afaldu egin behar omen zuten. «Zer eman behar diegu orain hauei?», pentsatzen nuen neure artean. Despentsara joan nintzen, baina ez zegoen ezer. Kontua da, lehen, izozkailurik ez egotean, arrautzak karetan gordetzen zirela, kontserbatzeko-edo, eta begiratu nuen karetan, eta arrautzak! Gero zer topatuko, eta patata batzuk ere bai. Haientzat denentzat patata tortilla egitera... Eman genien eta alde egin zuten, behintzat. Orduan bai, etxeko ateak itxi eta geuk ere alde egin genuen.
Zeu izebaren etxera, beraz.
Bai. Izebaren etxean hartu nuen logelak kalera eramaten zuen eta gau guztian sekulako pasea entzuten zen han: automobilak, kamioiak... Ihes egiten ari zen jendea zen. Ni, ohetik balkoira eta balkoitik ohera bueltaka. Horrela ibili nintzen gau guztian. Orduantxe pentsatu nuen: «Ni hemen gelditu? Ezta pentsatu ere!».
Hurrengo eguna igandea zen, 1936ko irailaren 20a. Goizeko seietako mezetara joateko jaiki nintzen: lorik ezin eginda nengoenez... Irten nuen eta han ikusi nuen nire anaia Joseba, metraileta batekin eskuan. Loiolan elkartzen ziren nazionalista boluntario horietako bat zen anaia. Loiolan elkartu eta handik ateraldiak egiten zituzten, erreketeen tropei aurre egiteko.
—Nora zoaz! —galdetu zidan, ikusi ninduenean.
—Mezetara —erantzun nion.
—Mezetara? Ez okurritu plaza zeharkatzea! Han daude oraindik atzo etorritako gorriak.
—Hara —esan nion—, ni hemen ez naiz geldituko; gu hemen ez gara geldituko. Eta topa ezazu automobil bat edo zerbait nonbaiten!.
Handik pixka batera etorri zitzaidan: «Topatu dut zuentzako automobila». Gure senide batzuek —Kattue-nekoek—, etxean Igeldoko bi mutil zeuzkaten hartuta, Loiolan boluntario zeuden horietako bi. Kotxe txiki bat zeukaten horiek. Nik ez dakit zer modelo izango zen, baina orduan Ahí te pudras-a esaten zitzaion. Auto luze samarra zen: aurrean birentzako lekua zeukan eta atzean beste bi eserleku, orain maletategia egoten den lekuan. Han sartu ginen hamabi lagun-edo! Tartean ginen gu, gure etxeko hiru anai-arreba gazteenak.
Nora egin zenuten ihes?
Elorriora, gurasoekin elkartzeko. Azkarate gainera iritsi ginenean komitekoekin egin genuen topo. Gure aldekoak agintean egon ziren bitartean, komiteak agintzen zuen herrian. Haiek guk baino lehenago irten zuten herritik, baina Azkarate gainean geldituta zeuden, gurpil batean zerbait zutelako. Guk aurrera jarraitu genuen. Ni, zeharo mareatuta, lorik egin gabe nengoen-eta. Akordatzen naiz Markinara iristean, herriko plazako iturri hura ikustea zein ederra izan zen.
Behintzat, iritsi ginen Elorriora, gurasoak zeuden herrira. A zer poza haiena gu han ikustean! Gu utzi izana damutu zitzaien. Eta arrazoiarekin. Eskerrak alde egin genuen! Izan ere, jendeak nolakoa irten zuen Azkoitian... A zer dezepzioa!
Elorrion gure osaba abadearen etxean egon ginen. Neskame bat ere bazegoen, osaba abadeari etxeko kontuekin laguntzeko. Etxe osoa osabarena zen: beheko solairuan pianoko klaseak ematen zituen eta horren goian bera bizi zen; hirugarren solairuan, berriz, ganbara zegoen. Denok ederki moldatu ginen han, ondo geunden. Hiru anaia zaharrenak, gure mutilak, gerran zebiltzan eta noizean behin bisitan etortzen zitzaizkigun...
[...]
MARIA DOLORES ODRIOZOLA
Margaritas emakume karlisten mugimenduko kidea
«Esaten ziguten gerra hura Jainkoaren eta aberriaren alde zela, eta guk oso kontuan hartzen genuen Jainkoaren alde izate hori»
Hainbat aurpegi ditu Espainiako Gerrak Maria Dolores Odriozolarentzat (1919). Oso desberdinak guztiak ere; akaso, antagonikoak. Batetik, sufrimendu gordinaren aurpegia du gerrak, 19 urteko anaia hil zitzaiolako horren ondorioz. Guztiz kontrako aurpegia ere badute, ordea, orduko egunek: irribarrez gogoratzen du soldadu erreketeek Azpeitia hartu zutenekoa: «Festak bezala gogoratzen ditut egun haiek. Izan ere, hainbeste gazte jende sartu zen herrian...». Karlisten emakume mugimenduan hartzen zuen parte Maria Doloresek —Margaritas taldean— eta oroitzapen «gozoak» ditu lagunekin batera soldadu gazteei janaria zerbitzatzera edo beraiekin egotera joaten zireneko haiek. Azkenik, gerra aipatzean erizain izan zen sasoia ere badatorkio gogora: Zumaiako eta Zestoako ospitaletara joaten zen, soldadu erreketeak nahiz preso hartutako gorriak zaintzera.
Lanean zebilen bitartean, Azpeitian pasatu zuen Maria Dolores Odriozolak gerrate osoa. Horregatik, 1936ko irailaren 20an erreketeek herria hartzean, Azpeitiak jasan zuen aldaketaren lekuko ere bada. Harentzat, gertaera «polita» izan zen arren, gogoan dauka erreketeen beldur zen jendetza Azpeititik ihes egiten ikusteak sortu zion «tristura». Ondorengo egunetan, Margariten edo karlisten emakume mugimenduko kide bezala, askotan ibili zen soldadu karlista gazteei janaria zerbitzatzen. «Dena gazte jendea zegoenez, giro ona egoten zen. Guretzat, garai polita izan zen».
Ondorengo hilabeteetan asko aldatu ziren, ordea, gauzak. Haurra zenetik umezurtza izanda, anaia Joxe Mari zen Maria Doloresen senide zuzen bakarra gerra hastean; guda bukatzerako bakarrik gelditu zen Maria Dolores. Lagun nazionalista batek hala gomendatuta, gerra hasi bezain pronto alde egitea erabaki zuen anaia Joxe Marik. Ordiziara egin zuen ihes, eta han tropa erreketeekin bat egin zuen. Hortik aurrera horiekin borrokatu zen gerran, denbora laburrez izan zen arren. Izan ere, ez zuen lortu Lemoako frontean egin zizkioten zaurietatik osatzerik, eta Durangoko ospitale batean hil zen, arreba ondoan zuela. «Hura da tristura! Hori pasatu egin behar da...». Akaso horregatik, «alferrikako sufrimendua» izan zela dio, 70 urte beranduago, gerrateaz.
1936ko uztailaren 18an Espainiako Gerra hasi zen eta zuk orduan 17 urte zenituen. Zer eragin izan zuen zuengan?
Orduan nire anaia Joxe Marik 18-19 urte zituen eta medikuntza ikasten ari zen. Sasoi hartan esaten zuten ikasle guztiak falangistak zirela, eta gerra hasi zenean anaiak Azpeititik alde egitea erabaki zuen. Izan ere, nazionalisten buruzagietakoa zenak, Joxe Nazabalek, udaletxean ardura hartu zuen garai haietan, asko ezagutzen zuen gure anaia eta berak esan zion alde egiteko, hobe izango zutela. Oso pertsona ona zen Nazabal. Nazionalista izan arren, asko lagundu zigun guri, eta hala esan zion gure anaiari: «Hemen esaten ditek ikasleok falangistak zaretela. Joan egin behar hukek. Laster pasatuko duk zoramen hau. Etorriko haiz berriz ere bueltan baina, oraingoz, joan hadi. Edo nahi baduk ez joan, baina ezkutatu nonbait, behinik behin». Hortik, Nazabalek on beharrez esandakotik, gaizki atera zitzaizkion gauzak gure anaiari. Nik uste anaiak ez zuela joera politiko nabarmenik, baina izango zuen bere ideala. Hura ez zen izango ez gorria eta ezta nazionalista ere, ez zen politika kontuetan nabarmentzen zen horietakoa.
Baina gazteak ziren eta laineza galanta. Laineza, hori izaten da dena, laineza! Horregatik ematen dizu pena handiagoa. Politika ederra izango da, baina hortik bizi denarentzat. Bestela, inongo kargurik ez duten zorigaiztokoak dira azkenean besteen erabakiak larrutik ordaintzen dituztenak. Hori toki guztietan ikusten da, baita orain ere.
Hala, behintzat, anaiak etxean esan zigun alde egitekotan zela. Guk ezetz esan genion, ez zeukala inolako zerikusirik politika kontuetan eta ez zeukala zertan alde egin. Baina iluntzean joan egin zen, guk ezer jakin gabe. A zer disgustoa! Denekin ondo konpontzen zen mutila zen gurea. Guk esaten genuen: «Baina zer egin du ba honek?».
Zu zeu sentitzen al zinen alde batekoekin edo bestekoekin identifikatuta?
Ni neu, ez. Familian denetatik zegoen: alde bateko familia karlista zen eta beste aldekoa nazionalista. Lehengusu batek alde egin behar izan zuen Frantzia aldera, nazionalista izateagatik, baina hura ere berehala itzuli zen eta ez zitzaion ezer gertatu. Ez ginen bereziki politika kontuetan ibiltzen zen familia.
Dena den, gure anaiak alde egitea erabaki zuen. Oņaztik, mendiz, Ordiziara pasatu zen, lehengusu batekin. Esaten zutenez, Oņatzen bazegoen bi bizitzako baserri bat: bizitza batekoak gorriak omen ziren eta bestekoak karlistak. Gure anaia, itxura denez, bizitza egokira joan zen; alegia, karlistak zeudenera. Han baten bat zuten zain, eta hark gidatu zituen Ordiziaraino. Hurrengo egunean, non edo nondik, abisua jaso genuen Ordiziara iritsi zirela eta ondo zeudela. Ordizian, erreketeekin egin zuten bat. Hori guztia abuztua inguruan izan zen; San Agustin eguna abuztuaren 28an izaten da eta egun batzuk lehenago egin zuten alde. Nire anaiarekin batera ihes egin zuenetako baten emazteak San Agustin egunean haurra eduki zuen, eta senarra ordurako joanda zegoela badakit; horregatik gogoratzen dut data.
Handik gutxira sartu ziren erreketeak Azpeitira...
Irailaren 20an, 1936an. Nafarroatik zetozen tropak ziren. Garmendi gainetik etorri ziren, eta gu balkoian zain, haiek ikusteko! Ez genekien gure anaia ere han tartean egongo zen, baina ez zen azaldu.
Itxura denez, nazionalistek bezperatik zekiten erreketeak ailegatzen ari zirela, eta askok alde egin zuten. Etxeko balkoitik ikusten genituen, euren zakuak eta otarrak buru gainean hartu eta alde egiten. Nolako tristura ematen zuen horrek! Gu gazteak ginen eta harrituta ikusten genuen dena, ez genuen gertatzen ari zena ezagutzen eta ulertzen. «Zerk gertatu behar du hemen?!», genioen. Nik pentsatzen dut batzokietan eta halako lekuetan bezperatik pasatu zutela abisua erreketeen etorreraz eta horregatik erabaki zuela jendeak ihes egitea. Nolabait konprometituak zeudenak-edo izango ziren joan zirenak. Baina askotan ume eta guzti, batere konprometitu gabe zegoen jendea ere bai.
Zer harreman zenuten gudariekin, nazionalistekin?
Gudariei guk orduan «gorriak» esaten genien. Horiek Loiolan karlistak eduki zituzten, preso hartuta, gerra hasi eta beraiek agintean egon ziren bitartean. Gure osaba bat han eduki zuten: Juan Joxe Iriarte, Sarralle. Osabak esaten zuenez, euren presoak izan balira bezalaxe zaintzen zituzten eta Loiolan etxean bezala egon ziren; gudari gazte jator askoak omen ziren han zeudenak. Zioenez, oso ondo eduki zituzten han, oso ondo tratatzen zituzten. Gure osabak, behintzat, ez zuen kexarik ekarri. Kontatzen zuenez, eurei ere gudariek bezperan pasatu zieten abisua: «Alde egin ezazue hemendik, guk aske lagako zaituztegu». Herrian asko ezagutzen zen abade bat ere han zegoen preso, osaba Juan Joxerekin batera: Don Jose Maria Mendaro. Libre gelditu zirenean, etxera itzuli eta han egon ziren gordeta, erreketeak herrian sartu ziren arte. Haiek etorritakoan, ezkututik irten eta agintarien aurrean agertu ziren eta kito! Beste batzuek, ordea, ez zuten horrenbesteko zorterik izan: Azkoitian Juin Jauregian preso egondako zazpi errekete Iraetan hil egin zituzten; kamioietan eraman eta tiroa bota zieten CNTko miliziano batzuek.
Zer sentsazio sortu zizun erreketeen herriko sarrerak? Izan ere, anaiaren egoera tarteko, zuentzat albiste ona izango zen, ezta?
Azpeitian erreketeen sarrera oso polita izan zen. Jendeak balkoietatik ikusten zuen nola zetozen Garmendi gainetik erreketeen tropa. Eta bien bitartean, oraindik CNTkoak plazan zeuden, kamionetetan sartuta. Justu-justu lortu zuten alde egitea. Metro ezizeneko alguazila plaza erdi-erdian zen, Espainiako bandera txiki bat eskuetan zuela. Nonbait entregatzeko agindua izango zuen.
Militar bat iritsi zen plazara, Metrori bandera hori hartu eta ez zuen ez atxilotu eta ez ezer egin. Izan ere, Metro funtzionario bat bestenk ez zen, azken batean. Pentsatzen dut deklarazioa hartu edo zerbait egingo ziotela, baina segituan laga zuten libre.
Beraz, poztu egin zineten erreketeek Azpeitia hartzeaz.
Bai, guk ondo hartu genuen, dagoeneko etsita geundelako. Hala ere, nazionalistak triste egongo zirela pentsatzen dut, aurretik gu triste egon ginen bezala.
Ordurako, hortaz, zuek alde batekin bestearekin baino gehiago identifikatzen zineten.
Bai, jakina. Neu ez nengoen afiliatuta, baina nik uste gure familiak karlisten alde hartu zuela partidu ordurako. Gainera, anaia ere erreketeekin zebilen... «Anaiaren heriotza oso gogorra izan zen, ez bainuen beste seniderik» Erreketeak herrian sartu ondoren, asko aldatuko zen Azpeitiko panorama... Nik festak bezala gogoratzen ditut egun haiek. Izan ere, hainbeste gazte jende sartu zen herrian... Errekete gazte asko, baita soldadu nazional gazte ugari ere. Etxeetan hartuta eduki genituen. Guk ere eduki genuen bat, baina abadea zena. Bi emakume baino ez ginenez bizi, errespetuz ez zuten soldadu gazterik sartu gure etxean. Pater esaten zioten, eta konpainiako abadea zen. Geurekin egiten zituen jatorduak ere, baina beste etxeetan lotarako baino ez zituzten edukitzen soldaduak.
Irailaren 20an sartu ziren erreketeak Azpeitian eta gure anaia bi edo hiru egun beranduago iritsi zen. Ordura arte Ordizian egon zen, gure senide batzuen etxean, oso ondo. Etorri zenean, guk uste genuen gelditzeko izango zela, baina bai zera! Ordizian egon ziren bitartean, izena eman zuten errekete bezala, eta hiru hilabetean etxean egon eta gero, deitu egin zituzten. Mutriku aldera bidali zituzten, errekete. Guk disgusto handia izan genuen, ordurako medikuntzako hirugarren maila ari zelako ikasten, 19 urte zituen...
Kontatzen zigunez, Mutrikun egon ziren bitartean parrandan ibili ziren, batik bat. Ez omen zuten borrokaldi zuzenik izan; ez zeuden ezertarako han, baina hantxe eduki zituzten denak batera. Gero, ordea, beste destinu batzuetara bidali zituzten, eta orduantxe egin zuen gure senideenak. Lehengusua Otxandion hil zen, lehenengo norgehiagokan, eta anaia, berriz, bigarrenean, Lemoakoan. Hor mendia txikia zen eta gazte asko hil ziren; bai alde batekoak, bai bestekoak. Gizajoak! Horrelakoak pasatu egin behar dira zer den jakiteko... Oso gogorra izan zen. Gainera, ez geneukan gurasorik, biak hilda zeuden, eta izeba ezkongabe batekin bizi ginen. Egia esan, guk ez dugu ezer falta izan eta ondo bizi izan gara, baina senide guztiak hiltzeak tristura handia sortzen du. Aita, hamar hilabete nituenean hil zitzaidan eta handik urtebetera, ama. Gurasoak ez nituen ezagutu, baina anaia galtzea... Oso gogorra izan zen. Ez nuen beste seniderik. Gainera, gure anaiak berak ere asko sufritu zuen, bazekielako bera hiltzen bazen bakarrik geldituko nintzela ni.
Baina fronte gogorra egokitu zitzaien eta halaxe izan zen. Gudariak ere asko hil ziren, baina erreketeak gehiago. Azpeitiarrak, uste dut, 70 erreketetik gora hil zirela. Asko da gero!
Nola izan zenuten anaiaren heriotzaren berri?
Ni Santutxon nengoen, hemen, Izarraitz bidean dagoen auzo horretan. Hango ermitara joaten nintzen egunero, errezatzera: «Ene, ez pasatzea nire anaiari ezer, behinik behin», hala eskatzen nuen errezuan. Hantxe errezatzen nengoela izan nuen abisua. Zirilo Orbegozo etorri zitzaidan abisatzera. Urrutitik neuk igarri, «Hori nigana zatorrek ba!». Nik neukan beldurrarekin... Eta halaxe izan zen. Esan zidan: «Joan zaitez segituan udaletxera. Alkateak esan dit zuri deitzeko».
Segituan udaletxera jaitsi nintzen. Joxe Alzuru sendagilea zegoen orduan alkate. Karlista zen. Kuaderno bat zeukan eskuetan eta gurutze batzuk azaltzen ziren bertan; batzuk beltzez eta besteak gorriz. Nik kuaderno hari begiratu nion eta «Hemen zerbait txarra bada!», pentsatu nuen. Ordurako erizain izateko ikasten hasita nengoen eta zerbait banekien. Horrela esan zidan sendagileak: «Aizu, joan zaitez Durangora, zure anaiari bala batek hanka zauritu omen dio eta ospitalean daukate. Joan zaitez». Joxe Mari Arrona taxilari bezala ibiltzen zen garai hartan eta berak eraman ninduen Durangora, anaia zaurituarengana. 17 urte nituen eta bakar-bakarrik joan nintzen. Hura zen tristura!