Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Arrotz eta eder

Pako Aristi

poesia

Susa, 2016

ARROTZ ETA EDER

 

Noiz izan gara ederrago

17 urte genituenean baino,

pentsatu izan dut

urteak betetzen nituenero.

 

Sexuak lore artean

eztanda egin zuen uda hartan

masusta eta marrubizko belazeetan.

 

Noiz izan gara ederrago

haurra jaio zenean baino,

dio amak, bizitzaren zainetan

odol berri izan zenak.

 

Noiz izan gara ederrago,

eta bakoitzak du bat

oroitzapenen artean:

baserria erosi nuen egunean,

Himalaiako eternitate zurian,

Hamlet egitera ausartu nintzenean...

 

Denok dugu mundua perfektua

izan zeneko ideia bat,

dena bere lekuan egon zena.

Ez luzaroan, baina.

 

Dena mugitu zen gero

gure begien aurrean,

eta maiz pentsatu izan dut:

Ez ote iragan ederretsia

orainaren ukazio, beldurraren amarru?

 

Urteetan lozorro, orain ziur nago:

Noiz izan gara ederrago

gaur garena baino?

Elurraren sein, taosaren haurride,

laket bizi nahiaren adiskide,

euriaren hitz guztien maitale,

naizena izatearen izua

gainditu ondoren.