Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Urari ostutako poemak

Pako Aristi

poesia

Susa, 2014

ERREBELDE ZAHARRAREN BALADA

 

Ni indartsua naiz

ahuldadea agertzeko arazorik ere

ez daukadalako.

 

Ni ausarta naiz

koldarkeria erakusteko beldurrik

ez dudalako izan.

 

Zoriona zer den badakit

zoritxarra onartzeko oztoporik

ez dudalako jarri inoiz.

 

Ez ditut nire ideiak babestu

aurkakoak ezagutzea ere

haien osagarri zelako.

 

Ez dut ospe sozialik defendatu

ez dudalako argitasuna ilunduko

zidan mozorrorik onartu.

 

Justizia defendatu dut

boteretsuaren aurka indarra erabiliz

ahularentzat gozotasuna opari.

 

Ameslaria izan naiz

errealista izateko

zaharregia jaio nintzelako.

 

Munduaren funtsa ezagutzera

iritsi nintzen neure egoa

ahazten jakin nuenean.

 

Neure burua aurkitu dut

betetasunaren printzak zetozenean

han nengoelako.

 

Biluzik agertu izan naiz

ez nintzelako nire sentimenduak

estaltzen ibili.

 

Neure buruarekin

kontent egon naiz,

inor garaitu beharrik ez neukalako.

 

Ez nau inork suntsitu

ezta azken orduaren ikarak ere,

beti egon naizelako hiltzeko prest.

 

Egina neukan testamentua:

ezer gabe jaio zena

ezer gabe joango den promesa.