Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Josu Dukatiren proposamena

Pako Aristi

antzerkia

Euskaltzaindia-BBK, 2009

 

LEHEN ATALA

 

Lehen eszena

 

        Musika leun bat entzuten dugu, feng shui estilokoa, erlaxantea. Josu Dukati dakar gelara ertzain batek, Ikernek. Eskuburdinak kentzen dizkio. Josu harriduraz dena begiratzen. Eseritzen da.

        Ertzaina badoa baina berehala dator erretilu batekin; bertan kafe kikara, kafe ontzia, pastatxoak. Badoa. Josu mesfidati hasieran. Gero kafea aterako du, azukrea bota. Antton sartzen da beste puntatik. Mahaia dute erdian. Elkarri begiratzen diote, aztertuz. Hogeita bost urte elkar ikusi gabe, 18 urte zeuzkatenetik. Antton hurbilduz doa hitz egin ahala.

 

JOSU

        Horrela tratatzen al dituzue atxilotuak, arratsaldeko... (erlojua begiratzen du baina kendu diote) edozein ordutan kafea eta pastatxoak eskainiz?

 

ANTTON

        Ikusten dudanez ez duk umorerik galdu...

 

JOSU

        Harrituta utzi nauk... torturatxo batzuk espero nizkian, elektrodoak, poltsa zikin bat burutik behera, listinaren zartako ospetsu horiek...

 

ANTTON

        Baina denborak belztu egin dik umore hori... Nahiago nian lehengoa!

 

JOSU

        Hik berriz inoiz ez duk eduki, eta igual jarraitzen duk!

 

ANTTON

        Hemen ez diagu inor torturatzen. Ba al dakik zer kontrol jartzen dizkiguten?

 

JOSU

        Gure mutilek beste zerbait ziotek ba!

 

ANTTON

        Zuen mutilak gero eta flojoagoak zetozek, motel, eztitan hezitakoak. Zer ematen diezue jaten, bollikaoak edo?

 

JOSU

        Guk baino meritu gehiago zeukatek, dena eskura zitean eta dena utzi ditek aberriagatik.

 

ANTTON (ber-bertan, zorrotz begira)

        Aberriagatik? Hogei urteotan hire atzetik zakur ehiztari bat bezala ibili ez banintz, hiri buruzko informazioa bildu ez banu milaka foliotan, hire bizitza goitik behera ezagutuko ez banu, eta hire erabaki militarrak sufritu ez bagenitu, agian sinestu egingo nikek... Jesus Mari Orbegozo Murgiondo, alias Josu Dukati.

 

JOSU (zutitu egiten da)

        Jose Antonio Kaperotxipi Ostolaza, Antton Txapero-txiki ezizenez.

 

        Antton tentso jartzen da, haserretzeko bidean, baina ez du kontrola galtzen.

 

ANTTON

        Jakingo bahu zenbat sufritzen nuen nik horrekin!

 

JOSU

        Ikusten dudanez oraindik ez duk trauma gainditu!

 

ANTTON

        Tira, utzi oroimen mingotsak! Begira noraino iritsi diren institutuko mukitsu haiek! Ni Ertzaintzako superintendentea nauk, kargurik altuena, hi ETAko buruzagia, ez duk gauza bera, baina biok gaituk nagusi, agurtu dezagun elkar nagusien moduan! (Besoak zabaltzen ditu besarkatzeko)

 

JOSU (bostekoa eskaintzen dio)

        Pelikula gehiegi ikusi duk. Bostekoarekin aski diagu, Antton.

 

        Bostekoa ematen diote elkarri, gogoz eta luzez.

 

ANTTON

        Oraintxe hogeita bost urte azkenekoz bostekoa eman geniola elkarri, Amezketako festetan. Hamazortzina urte genizkian, COU amaituberriak. Mozkor-mozkor eginda hengoen.

 

JOSU

        Hala ere gogoan zeukat. Urde horrek Ertzantzan sartu behar huela esan hidan.

 

ANTTON

        Listua bota hidan aurpegira, honaxe (masaila seinalatuz).

 

JOSU

        Denok espero genian hik halako zerbait egitea.

 

        Eseri egiten dira, mahaiaren alde banatan.

 

ANTTON

        A bai? Nik ez nian espero hirea. Bi urtera, Arkauten jakin nian Tolosako sarekada hasi baino lehenxeago ihes egin huela herritik. Abentura labur bat izango zuala pentsatu nian.

 

JOSU

        Nik ere bai, borroka militar gogorra izango zela uste nian, krudela, baina urte gutxi barru itzuliko ginela Euskal Herri independente batera, aske eta garaile, bakean bizitzera.

 

ANTTON (Ironikoki)

        Bakean bizitzera? Aske eta garaile? Begira nola itzuli haizen, eskuak lotuta, zakur bat bezala, eta terrorista bihurtuta. Perspektiba ederra daukak aurrean, Josu. Hogei urte pasa beharko dituk itzalean, gutxienez.

 

JOSU

        Nik ez diat hilabeterik ere galduko itzalean. Badakik zergatik? Ni ez naizelako terrorista bat... gu ez garelako terroristak. Ez zuek baino gutxiago, behintzat.

 

ANTTON

        Zer diok? Gu gaituk legea, zuek legez kanpo zaudete. Guk betearazten dizuegu zuei legea. Gure armak bedeinkatuak zaudek. Zuek bandidoak baino ez zarete, hiltzaileak.

 

JOSU

        Heuk esan duk, legea baino ez daukazue zuen alde. Legea gure aldera jarriko balitz, gu izango gintuzkek legalak.

 

ANTTON

        Atera duk instituto garaiko utopiko barregarria. Pentsatzen nian klandestinitateak espabilatuko hintuela.

 

JOSU

        1946an petardo bat jarri zitean Jerusalemen, King David hotelean. 92 lagun hil zitean. Badakik nor zen komando-burua? Menahem Begin, gero Israelgo lehen ministroa izan zena. Eta are gehiago, Bakearen Nobel saria ere eman ziotean. Uste duk terrorista hitza agertzen dela entziklopedian Menahem Beginen orrian?

 

ANTTON

        Nazio bakoitzak bere erara idazten dik historia. Botereak ematen dik legitimitatea horretarako. Baina zuek galdu egin duzue gerra, munduaren aurrean ez ezik baita zeuon jarraitzaileen aurrean ere.

 

JOSU

        Nelson Mandela bera terrorista izan zuan 27 urtetan, eta kartzeleroei beren familiaz galdetzen zien bitartean burkideei bonbak jartzeko agintzen ziean. Zer uste duk zirela Txe Gebara eta Fidel Castro, Batista diktadorearentzat? Boterea lortzen duen edo ez; horixe duk detaile bakarra. Boterea lortzen badu terrorista betirako desagertu egingo duk. Haren ordez presidentea sortuko duk, herri baten askatzailea.

 

ANTTON (Amargatuta)

        Horretarako hasi zenuten zuen borroka ankerra? Historiak salbatuko zaituztela pentsatuta? Eta hil dituzuen haurrek zein leku izango dute historian? Eta tripak lehertuta utzi dituzuen goardia zibilek? Eta buruan bala batekin seko utzi zenituzten zinegotzi gaixoek?

 

JOSU

        Etikako klaseak emateko ekarri al nauzue? Zer zarete, konferentzia episkopalaren sukurtsala?

 

        Biak lasaituz.

 

ANTTON

        Hire sarkasmo hori! Hitzak disparatzen ona hintzen. Zergatik pasa hintzen armak disparatzera?

 

        Josuk ez dio erantzuten. Jaiki egiten da, publikoari begira, kristala balego bezala.

 

JOSU (Anttoni begira)

        Galdeketa profesionalagoa izango zela uste nian. Ez nian hain galdeketa sentimentala espero... hiregandik.

 

ANTTON

        Gauza asko ez dakizkik, Josu. Eseri hadi.

 

JOSU (kristal imajinarioa seinalatuz)

        Hor al daude hire jefeak? Buruarekin bere onespena egiten ariko dituk!

 

ANTTON

        Hor ez zagok inor. Bakarrik gaudek, hi eta ni. Askatasun osoa eman zidatek bihar arte, neuk hala eskatuta.

 

JOSU

        Hire esku nagok, beraz...

 

ANTTON

        Hemen ez diagu buruzagirik torturatzen, morroiak bakarrik, zuek kamelatu dituzuen soldadu trakets horiek. (Isilune luzea bien artean). Argazki batzuk ikustea nahi diat, Josu. Eta horietan zer agertzen den esplikatuko didak.

 

        Josu eseri egiten da jakin minez horman dagoen pantailara begira. Lehen argazkia14 edo 15 urte inguruko gazte koadrila. Tartean daude bi protagonistak. Elkarri bromatan ari dira, lutxa libreko borrokan bezala. Besteak formalago daude. Institutuko zelaian. Denak mutilak dira. Josu harrituta geratzen da, ez zuen espero. Konplizitatez begiratzen dio Anttoni. Giroa samurtu egiten da.

 

JOSU

        Institutura hasi ginen urtean atera genian argazki hori. Eguna eta ordua ere esango nikek.

 

ANTTON

        A bai?

 

JOSU

        Bai, eta ondotxo dakik zergatik. Maiatzaren 20ko greba orokorrarekin elkartasuna adierazteko egin genuen asanblea ondorengoa delako.

 

ANTTON (buruarekin baiezkoa eginez)

        Hor eztabaidatu genian lehen aldiz hik eta nik. Akordatzen nauk hire argumentu peregrinoekin (burloso) ikasleok langileekin bat egin behar dugu estatua blokeatu arte, eta feministekin...

 

JOSU

        Hire jarraipenarekin ere gogoratzen nauk (burloso) monjak eta fraileak ere elkartu behar ditugu? Gure lana ikastea da, gero aldatuko dugu mundua. Jendeak barre egin zian behintzat.

 

ANTTON

        Patetikoak izango ginela pentsatzen diat.

 

JOSU

        Inor ez zuan hitz egiten ausartzen. Neu ere, aitortu egingo diat, oso urduri jartzen ninduan. Baina ezin nioan hiri kontra egiteko indarrari eutsi.

 

ANTTON

        Neu ere batzuetan hitz-totelka hasten ninduan. Baina botazio hura irabazi egin nian.

 

JOSU

        Botazioa bakarrik.

 

ANTTON (Zakartuz)

        Zer esan nahi duk?

 

JOSU

        Gogoan daukak nork zen argazkilaria goiz hartan?

 

ANTTON (Tentso)

        Nola ez ba. (Isilunea). Sara... Sara Zuazolagoitia, institutu hartara iritsi zen aingerurik politena.

 

JOSU

        Sara Z. deitzen genioan.

 

ANTTON (Imitatuz)

        «Arnasa ez zaidak iristen horren abizena esateko». Hire txistea zuan.

 

JOSU

        Eta ez hori bakarrik, dardara batean jartzen zidaan bihotza institutuan sartzen ikusi orduko.

 

ANTTON (Baretuta)

        Sara ez huen berehala irabazi. Ez urte hartan, behintzat.

 

JOSU

        Ai, Antton, Antton, oraindik jeloskor jarraitzen al duk? Batzuetan iruditzen zaidak amodio kontuetan ez dugula... inork ez duela eboluzionatzen... urteak pasa arren, harreman asko eduki arren, 14 edo 15 urterekin lehen aldiz maitemindu zen nerabe hark agintzen duela guregan beti.

 

ANTTON (Zuzen eta zorrotz begiratuz)

        Esaidak egia, Josu,zergatik sartu hintzen ETAn? Nolatan? Listoa hintzen, nahi huen guztia eskura eduki hezakeen, ez ziatean seniderik fusilatu gerran, ez huen mendeku beharrik. Zerk bultza hinduen hire bizitza horrela hondatzera?

 

JOSU (Aulkitik braust jaikiz)

        Sara zergatik etorri zen nirekin jakin nahi duk, ezta?

 

ANTTON

        Hori bazekiat. Galdetu diadana jakin nahi diat, besterik ez.

 

JOSU (Eseriz)

        Hamazortzi urterekin galdu genioan guk elkarri pista, ezta? Hi Arkautera joan hintzen, ni kazetaritzara... zerbait egitearren. Hemeretzirekin atxilotu egin ninditian.

 

ANTTON

        Baina denbora gutxi egin huen barruan.

 

JOSU

        Adin hartan niri asko iruditu zitzaidaan. Lagunak juergan, neskatan, eta ni bederatzi hilabete Soriako kartzela zikin hartan. Eskerrak burkide beteranoak zeuden han. Haiek erakutsi zidatean diziplinaren beharra, erotuko ez bagina. Ordutegi zorrotza ezarri nioan neure buruari, agendan idazten nian dena, gimnasia suekoa egiten nian, egunero ordubete oinez patio hotz hartan. Ariketak egiten nituen bitartean buruak hegan egiten zidaan. Badakik nora? Nire herrira, edo Baztaneko zelaietara, edo Zumaiako hondartzara... zoriontsu izan nintzen lekuetara.

 

ANTTON

        Horregatik, handik aterata logikoena bizitzaren aldeko apustua egitea zuan, ez sasira joatea berehala, heure burua bizirik lurperatzera.

 

JOSU

        Sorian gose greba bat egin nian, presoen kolektiboko beste laurogei lagunekin elkartasunean. Gogorra izan zuan, 36 egun iraun zian. Hamazazpi kilo galdu nituenean poliki-poliki hiltzen hasi nintzela sentitu nian. (Lurrean etzaten da, argiak iluntzen doaz).

        Lehen egunak benetan horrorosoak izan zituan. Zuku gastrikoak estomago hutsa erretzen ditek, lejia balitz bezala. Zorabioak nizkian, ezinegona. Mina ere zorrotza. Aldika-aldika ateratzen dik, atsedenik eman gabe. Mina baretu orduko hurrena berriro noiz joko hauen itxoiten jartzen haiz.

        Baina aldi hori ere igarotzen duk, eta patxada ikaragarri bat etortzen zaik barrura. Atseden totala. Lasaitasun sakon bat, aurretik inoiz ezagutu ez nuen bezalakoa. Mistikoek ere barauak goraipatzen ditiztek, kontzientzia egoera argiak eta paranormalak lortzeko baldintza gisan. Halako zerbait sentitu nian. Minaren ondorengo atsedena. Sufrimendu osteko gozamena. Zer gozamen? Mundua beste era batera ikustearena. Ezerk oztopatzen ez zuen argitasun bat ikustea. Egia neure baitan zegoela sentitzea. Une hartantxe erabaki nian espetxetik onik ateratzen banintz ETAn sartuko nintzela.

 

        Argia erabat ilundu da eta segundo batzuetako isilunea geratzen da (edo nahi baduzue musika hasten da, hori zuzendariari utziko nioke).