Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Libreta horiko poemak

Pako Aristi

poesia

Susa, 2003

 

NI MUNDUAN NAGO, ETA PARTE HARTZEN DUT

 

Ni munduan nago, eta parte hartzen dut

bizitzaren erritu guztietan.

Lagun artera agertzen naiz bromatsu,

etxekoen kezkak jarraitzen ditut arretatsu,

maitasunaren enbatetan zutik egoten saiatzen naiz,

gorputza ere zaintzen dut eta lantzen,

lan merkatuan

ene balioaren plusbaliak babesten ditut...

baina munduan ez egotea ere

planteatu diot nire buruari.

Ez inor izan, gutxi jan, alkoholik ez hartu,

festei ihes egin, autoa itsasora bota,

oinez atera bide bazterretan barrena, idatzi gabe,

gutunik jaso gabe,

inor berririk ezagutzea desiratu gabe.

Gure nortasunaren eta ongizatearen

eraikuntza bezala planteatu diguten bizitzari

deseraikuntzaz erantzutea,

lortu dugun lekua hutsik uztea bat-batean,

gurekin harremana duen kate-sail osoan

ikara bat barreiatu arte, zalantza, ezinegona.

Desagertzeak eskatzen duen indarra pilatu arte

munduan nago, eta gogo handirik gabe

betetzen ditut bizitzaren erritu guztiak.