Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Independentziaren paperak

Pako Aristi

saiakera

Erein, 2012

 

PAIS VASCO eta PAYS BASQUEren ARTEAN

 

        Jesus Aizpunek garbi esan zuen trantsizio garaian: Nafarroak Frantziarekin 163 km. muga dauzka. Berau gabe Euskadi ez da deus: Pais Vascoren eta Pays Basqueren arteko korridore mehar bat baizik ez. Eta horrela, zisma baten faltan, bi dauzkagu: Mendebalde-Ekialdeko bereizketa, eta Hegoalde-Iparralde zatiketa. A zer panorama herri batentzat!

 

                Mendebaldea eta Ekialdea aparte.

                Hegoaldea eta Iparraldea urrun.

        Arazo latza daukagu bereizketa bikoitz horrekin. Iparraldeaz maiz entzun dut, distantzia fisikoa baino muga handiagoek bereizten gaituztela, eta Nafarroaz berdin, zenbat jende dagoen hiru probintzietan inoiz Nafarroaren lurraldea zapaldu ez duena, ez bada San Ferminetan edo beste antzekoren batean parte hartzeko!

        Kilometro gutxiren babesean dauden lurralde batzuen arteko halako distantzia mentalik, politikorik, ez da asko egongo munduan! Kurduen batasun itxurazkoa datorkit gogora, 50 milioi pertsona bost naziotan sakabanaturik!

        Guregan eragindako zatiketa ixtea guri dagokigu. Lehenengo hitzak bere lekuan jarriz, gero zauriak itxiz, hurrena neurri legalak hartuz eta azkenik independentzia ezarriz. Edo alderantziz. Berdin zait faktoreen ordena.

        Gure zauriak ixtea ez da, soilik, azken 50 urteotako ETAren jardunak eta Espainiako Estatuaren errepresioak eragindako mina sendatzea eta elkarbizitza sendotzea, baizik eta zauri zaharragoak, gure lurrari eta gure egitura politikoari dagozkionak ere agertzea, eta gureganako haien eragina agortzea.

 

        Zerk batzen gaitu honezkero? Subjektu politikoa den euskal populuaren askatasun egarriak.

        Denok gara euskaldunak, lurralde guztietakoak, baina Nafar Estatukoak gara, Nafar Estatu bahitutakoak, eta bahiketa horretatik jaio diren azpisistema politikoetan banatuak gaude, eta hor garatzen da gure ekintza politikoa gaur egun.

 

        Historia zertarako? Gure gaurko egoera esplikatuko duen marko bat edukitzeko. Arrazoi historizistak independentziarako? Ezagutza ez diezazutela bahitu, behinik behin; jakin etsaiak estrategia bat eduki duela, eta mendez mende betetzen joan dela, eta guk, geure utzikerian, edo ezintasunean, estrategia hori gure artean finkatzen lagundu diogula. Hori gertatzen baita beti, historian zehar eta lurralde guztietan: estrategia propiorik ez badaukazu etsaiarena betetzen duzu.

        Eneko Aritzak Iruņeko Erresuma fundatu zuen. Gero Nafarroako Erresuma bilakatu zen. Hor bildu ginen baskoiak. Eta populu hori subjektu politikoa izan zen zortzi mendez. Subjektu politikoa populua da, ez egitura politiko bat, Euskal populua zen subjektu politikoa; haren tresna Erreinua.

        Erresuma da baskoiak, denok osatzen genuen subjektu politikoaren askatasun egarriaren emaitza.

        Gaur ez dugu Erresumarik behar: gure askatasun egarriaren emaitza gaurkoagoa den beste egitura bat izanen da. Historia zertarako? Ildefonso Gurruchagak Agirre lehendakariaz:

 

        Bazekien historia propioaren ezagutzak herrien kontzientzia nazionala bultzatzen duela, eta, baita ere, buruzagi politikoari gaur egunean gertatzen denaren perspektiba bat ematen diola, eta nolabaiteko aurreikuspena etorkizunaz.

 

        Niretzat aurkikuntza bat izan da Jose Antonio Agirreren 1937ko Euskal Gobernu hura. Batzuek diote Agirrek estatu-gizonaren ikuspegia zuela; besteek ez zela estadista ona, baina sen politikoa bazeukala.

 

Kepa Anabitarte:

        Agirrek, garai hartan, estadista bat bezala jokatu zuen benetan. Defendatu zuen politikan funtsezkoa den zerbait, Euskal Gobernuak lortu zuena, zeinak, lehen unetik, benetako gobernu bat bezala jokatu zuen, eman zitzaizkion ahalmenak gaindituz: moneta sortu zuen, Ogasuna, nazioarteko harremanak, armada... Estatu baten osagarri guztiak zeuzkan. Eta bukaera arte sutsuki defendatu zuen hori.

 

Aitzol Altuna:

        Agirre lehendakaria euskal Estatu txiki eta iraupen gutxiko baten presidentea izan zen, bederatzi hilabete iraun zituena Legutioko lurralde arabarrean eta Bizkaian.

 

        Telesforo Monzon Agirreren gaztetako laguna zen, honen aita bergararra izanik han igarotzen baitzuen uda lehendakari izango zenak. Urte berean jaioak, elkarrekin alde egin zuten Santanderretik Frantziara 1937an, eta Agirre hil zenean Monzonek Donibane Lohitzunen zeukan etxean ipini zuten hil-kapera.

        Bergarako alkate, GBBeko presidente, Ertzaintzaren sortzaile, gobernu hartan parte hartu zuen. Monzonek ere berehala ulertu zuen eskuartean zeukaten lantegiaren nondik norakoa, Estatutua paper-multzo alferra zela eta euskaldunek noizbait izan zuten estatuaren egitura berreskuratu beharra zegoela.

        Berak berreskuratu zuen arrano beltzaren sinboloa. Nafarroaren lehen bandera zela pentsatuz, Santxo VII.a Indartsuaren zigilu pertsonala zenean. Agirre hil ondoren, eta bere alderdiak, PNVk, euskal estatu propioaren aukerari uko egin ondoren, esan liteke Monzonen hitzaren bidez mantendu zela bizirik Agirreren kontzientzia, estatu propio laburraren oroitzapena, aspirazio handiagoen ametsa, estatu-gizonaren hatsa, berriz ere «botoetara» irabazi beharreko autonomismo idor eta kamustu batekiko protesta. Hona Monzonek Punto y Hora aldizkariari aitortu ziona 1979an:

 

        1936ko Estatutua... nik ez dut ezagutu inoiz. Euskal Gobernuko Gobernazio Ministroa izan naizela esan dezaket... Estatutua ez nuen ireki ere egin, begiraldi bat baino ez nion eman lehen eguneko goizean.

        Estatutu hori ez zen praktikan jarri inoiz. Estatutua mamu bat izan zen. Ez zen existitu izan. Egon dena Euskal Estatu Soberanoa izan da. Hori bai, hori ukitu egiten da. Haragia dauka, espiritua, arima, odola. Euskal Estatu bat. Bederatzi hilabete iraun zuen...

        Estatu independente bat izan zen, eta hori ez dut nik asmatu. Izan genuen armada bat edo ez? Nor zen armada horren buruzagia? Defentsa Ministroa zen Jose Antonio Agirre eta Euskal Gobernua, ala Madril? Zeinek osatu zuen? Zeinek egin zuen? Estatutuaren zein artikulutan daude eskuduntza horiek jasota?

        Geuk ekoiztu genituen txanpon propioak. Munduan zehar bidaiatzeko balio izan diguten geure pasaporteak. Estatutuaren zein artikulutan daude horiek jasota?

 

        Agirreren memorietan ageri denez, euskal armada hura 75.000-100.000 gudarik osatu zuten. Jose Ignacio Lizasok bere gutunean aipatzen duenez, 25.000 pasa hil ziren gerran, milaka izan ziren zaurituak, eta 30.000 pasa espetxeratuak, ziegetan edo kontzentrazio-esparruetan. Nafarroaren eta hiru probintzien arteko leizea zabaltzen ikusi zuenean ere, Monzonek antzinagotik zetorrela zirudien kontzientzia baten hitzez salatu zuen kontzientzia nazionalaren azken izpiari eutsi nahi balio bezala:

 

        Erridikuloa eta amorrugarria da Nafarroaz hitz egiten entzutea... etorriko da, barneratuko da, sartuko da Baskongadetako erakundeetan. Nafarroak ez dauka inora etorri beharrik, ez inon sartu edo kokatu. Nafarroazi dagokiona da egon eta izan. Nafarroa Nafarroa da. Nafarroa Kantabrikoko itsasertzean hasten da, hori da Nafarroaren itsasoa. Gure hizkuntza Lingua Navarrorum da. Arrano beltzak itzala ematen dio lur gaineko euskaldun guztiei. Iruņa da Euskal Herri osoaren hiriburua. Aldarri goren bakarra dugu, deiadar bat beste guztien gainetik: Gora Nafarroa Batua!

 

        Independentziaren haria, kontzientzia soberano baten oroitza, erabat menderatu bihurtzen uzten ez digun erresistentzia antzinako baten deia gureganaino iritsi da hainbeste mendetan zehar, eta erantzuna eman diogu garaian garaiko jakinduriarekin, unean uneko ahalmenekin. Halere, ez gara gauza izan mendeotan jaso dugun jakinduria politiko horrekin garaipenera eramango gintuen adimen estrategiko bat osatzeko.

        Hari bati eutsi, independenteak izateko grinarena, hari bat eteteko, dependentziaren infantilismo politikoan gauzkana.

        Hari bati eutsi diogu.

        Ez dugu lortu beste haria eteterik.