Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gelatxo, soiniaren bidaia luzea

Pako Aristi

biografia

Trikitixa Elkartea, 2001

 

        Bizkaian eta Gipuzkoan ibili zen batez ere Manuel Sodupe, eta soinujole gehienek dozenatik gora pieza ez zekizkiten garaian, Gelatxo zaharrak aukerako errepertorioa zeukan, piezarik errepikatu gabe inor ez aspertzeko modukoa.

        Bere kasa ikasi izango zuen Gelatxo zaharrak soinua jotzen, ilara bateko soinu batekin. Gero ilara bikoa hartu zuen, baina batekoarekin ohituta, barruko ilara erabiltzen zuen gehienetan. Horrela, haren soinuan kanpoko teklak berri zeuden, eta barrukoak gastatuta. Ondoren Galdakaoko soinujoleren batekin ikasten ihardun zuen.

        Manuelen lana ezagutzea garrantzitsua da, funtsean gero bere semeak bide horixe hartu baitzuen. Batetik piezak konposatzen zituen, askotan oso-osorik, eta bestetan bizkaitarrei edota aragoitarrei entzundako piezen tartean zati berriak lotuz. Gaur entzuten diren porrusalda askoren copyrighta berea da. Bestetik, modan zeuden piezak moldatzen zituen, hala nola pasodobleak, tangoak, mazurkak, polkak, foxtrotak...

        Gelatxo zaharrak musika egin zuen, eta familia bat sortu zuen; biak oso garrantzitsuak haren lanaren iraupenerako. Bere familian musikarako zaletasuna zabaldu zuen, eta horri esker iritsi dira guregana bestela bidean galduko ziren haren pieza asko. Bidean galduko ziren, edo anonimatoan galdu, «herrikoia» bihurtu disko azaletan. Hori maite du musikoak, baina baita bere egiletza aitortzea ere. Gaur egun, Pedro Sodupe Gelatxo gaztearen pieza asko ere herrikoitzat hartuak dira. Aspaldi galdutako borroka du hori Gelatxok, eta hori aipatuta halako irribarre etsitu bat egiten du. Halere, badirudi aitaren errepertorioa berreskuratu eta gaur egungo euskal musikan sartu izanaren pozak estaltzen duela hainbat piezaren egiletza betirako galdu izanaren pena.

        Gelatxo zaharrak musikaz bete zuen bere etxea, eta handik musikoak sortu ziren. Kuban jaio izan balitz boleroa asmatuko zuen. Errumanian jaio bazen Bela Bartok jarriko zioten izena. Euskal Herrian jaio zen, eta gaur ezagutzen dugun euskal erromeriaren oinarriak berak jarri zituen, bai soinua jotzeko eran eta baita jotzen ziren piezei dagokionez ere.

        Begira zer familia osatzen zuten: Aita Manuel, soinujolea; Juliana emaztea dantzaria eta panderista; Lorentzo, Jose eta Pedro semeak, hirurak soinujoleak eta dantzariak, Josek lagunartean bakarrik jotzen bazuen ere; beste hiru alabak, Rosario, Maritxu eta Sebastiana, dantzari apartak omen ziren. Etxe horretan bizitzea ez litzateke oso aspergarria izango, arratsero errosarioa errezatu beharrik ez balego behintzat. Baserri hartako saguek, tropa hura ikusita, izango zuten norekin harritu eta zerekin txunditu; izango zuten soinu-kaxa epelik lokuluska bat egiteko.

        Garai hartan halako hirutasun bat zegoen soinujoleen artean, besteen gainetik ageri zen hirukote bat: Elgeta, Sakabi eta Gelatxo. Bakoitzak zeukan bere abilezia partikularra. Elgetarena, esate baterako, pasodobleak jotzea omen zen; horretantxe izan hura maisu berezia. Gelatxo, aldiz, trikitian nabarmentzen zen. Trikitia jotzen zuen asko, eta bizi-bizi, estilo berezi batekin, dantzarako erritmo sutsu, ero eta graziduna markatzen zuena. Ilara bakarreko teklak jotzearen teknika haren ondorioa izan omen liteke bere estilo hura, aditu batzuek diotenez: Botoiek baino gehiago, hauspoak markatzen baitzuen erritmoa.

        Hau jakitea funtsezkoa da, gero bere seme Pedrok edukiko zuen estiloa ulertzeko. Ikusi dugu zer musika giroa ezagutu zuen etxean: mozolo samarra edo oso petrala izan behar zen familia hartan musika ez ikasteko. Baina nola jotzen zuen Gelatxo gazteak?

        Gelatxo gazteak soinu handia hartu zuen, baina bere jotzeko era, haren piezek zeuzkaten melodia eta aldaketak, soinu txikirako egokiak ziren, eta soinu handiarekin jotako doinua bete-betean ezartzen zen soinu txikiaren aukeretara. Hau Martinek kontatu zidan, Ikaztegietan:

 

        Gelatxok pianozko soinua jotzen du, baina trikitirako moduko piezak egiten zituen. Akordeonista gehiago baziren, Pepito Yantzi, Enrike Zelaia, Isidro Larraņaga, baina haien piezek bariazio gehiago edukitzen zituzten, ez ziren trikitirako modukoak. Gelatxok jotzen zituenak zuzenean trikitiarekin ateratzeko modukoak ziren, izugarrizko airea zuten, eta klasea: klasea eduki izan du Gelatxok. Guk entzun eta segituan pasatzen genuen trikitixara, eta sonatzen zuen berdin-berdin. Horregatik, Gelatxok ez zuen guk haien piezarik grabatzerik nahi izaten, hartzen zuen amorru bat!

 

        Piezen espioitzari buruz aurrerago hitz egingo dugu. Esan liteke aitaren semea dela Pedro, gure Gelatxo. Musika harengandik jaso zuen, eta soinu mota aldatu egin bazuen ere, aitaren eraginagatik lortu zuen bere melodia eta konposizioak soinu txikirako modukoak izatea beti, edo beste era batera esanda: dantzarako modukoak, jotzen zituenak jotzen zituela. Sena batetik, eta ikuspegi merkantilista ere izan zuela bestetik esango nuke: erromeria zuen bere lantoki, han irabazi behar zuen hurrengo urterako deia, eta erromeria esatea, garai hartan, dantza esatea zen. Dantza egitea zen; dantza egitea, baina gaur egun, ezta ametsetan ere, inork imajinatu ezin duzuen bezala. Ezta nik ere. Gure amaren hitzak dira.

        1953an Manuel Sodupe argazki bat egitera atera zen baserriko atarira. Hor ageri da bi seme eta bi alabaren erdian, alkandora txuriko botoiak leporaino itxita. Hori da bere azken argazkia. Etxerakoan Manuel bidekoa edo kalejira joaz itzuli zen. Etxera sartuta ondoezak eman zion, eta oso gutxira hil zen.