Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Haize gorria

Aitor Arana

haur eta gazte literatura

Urretxu-Zumarragako Ikastola, 1996

 

SARRERA

 

        Oso txikia nintzen arren —lau bat urte izango nituen— gogoan dut igandea zela eta gure etxeko sukalde txikian bazkaltzen ari ginela, aitak eta amak baserri bat erosi zutela esan zidatenean. Oilasko errea jaten genuen bitartean aitak hura esan bezain azkar, amari begiratu nion erabateko baieztapena bere begietan aurkitu nahian, baina ez nuen haren beharrik izan, hitzez adierazi baitzidan niri galdetzea burura zekidakeena baino gehiago:

        —Ez dinagu han bizi izateko erosi, jakina —esan zidan amak ilusioz beterik—, baina asteburu eta jaiegun askotan joango gaitun hara. Nafarroan zegon baserria, Berrota zeukan izena eta auzo zeharo urrun batean zegon... —pentsakor jarri zen izenen bat gogoratu nahian. Azkenik aitari galdetu zion—: Nola da herritxo horren izena, Mikel?

        Aitak ahoan zeukan oilasko zatia irentsi zuen erantzun baino lehen:

        —Erratzu. Mugatik hurbil dago eta oso paraje baketsua da, hau ez bezalakoa. Eta Berrota dagoen auzoa berriz, Gorrimineta da.

        Amak leku izen haiei buruzko zer edo zer esaten zuen bitartean, aitak oilaskoa bukatu eta ardo pixka bat edan zuen. Jarraian niri hasi zitzaidan Berrota baserri zaharrari buruz hitz egiten, bera kezkatzen zuten gauzak azalduz.

        —Mendiarte estu bat dun Gorrimineta delako hori, harantxo bat, baina hain txikia dun, ez zekinat harana esan diezaiokegun. Itxuraz katilu bat ematen din lekuak eta pagadiz jositako mendiz inguratuta zegon. Gure baserria, Berrota, mendi magal batean zegon eta Gorriminetako baserririk altuena dun; goien dagoena esan nahi dinat. Bertatik auzo osoa ikus daiteken, baina urrun samarretik, zeinen bakarrik dagoen erakutsiz. Konponketa handia egin behar izango zionagu eta garestia izango dun. Baina hire amak eta biok merezi duela pentsatu dinagu. Horrela lasaialdi politak izango dizkinagu hiriko zarata eta aire zikinetik kanpo.

        Baserri hat! Biziki gustatu zitzaidan ideia. Bost axola niri non egon zitekeen Erratzu. Nafarroa bera non zegoen ere ez nekien orduan. Beharrik ere ez! Berrota eta bere ingurua mundu berria izango zen niretzat eta han lagun berriak izango nituen. Edo beharbada ez, zeren eta amak esan baitzuen Nafarroako jende gehiena Iruņera zihoala bizi izatera eta herritxoak inor gabe garatzen ari zirela, hustuz zihoazela.

        Baina berdin zion, bai bainekien Edorta lehengusua gurekin etorriko zela ahal izango zuen guztietan, oso lagun onak baikinen lehengusua eta biok. Gu bion amak ahizpak dira. Eta buruan hauxe zebilkidala, ez zitzaidan bada zera galdetzea bururatu:

        —Han ikusten al da telebista, aitatxo?

        —Telebista? —aitak harrituarena eginez—. Eta zertarako nahi dun bada han telebistarik?

        Hango entretenimenduei buruzko zer edo zer esan zuen jarraian, baina ezin izan zuen luzaro hitz egin, noski.

        Gu Gasteizen bizi ginen orduan, gaur egungo etxe berean. Arestian esan bezala nik lau urte edo nituen, beraz 1974. urtean geunden, 70ean jaioa bainaiz. Jone Gauna dut izena eta hogeitabat urte ditut orain, 1991n gaude eta aurrera jarraitu baino lehen gauza bat edo beste esateko beharrean dakusat neure burua. Honako idatzi hau makinaz txukun idatzita edukitzea erabaki dut, lehen-lehenik —aurreraxeago ikusiko den bezala— batik bat kopiaketa lana delako. Ez zait niri idatziz sortzea gustatzen eta ez da hori egiteko asmoa dudana. Beti iruditu zait folio bat beste baten jarraian bete eta bete iharduteko zeresanen bat izan behar dela, adibidez, Mirenek zeukan bezala, begibistakoa baita emakume honi hitza idazlumatik koblakariari kantua ahotik baino errazago zeriola. Garrantzitsuena ordea, zera da: idatzi honen zati nagusia idatzi zuenak, bere-berea zuen bizitza idatzi zuela ia egunez egun eta, ondorioz, egia direla bertako gertakari eta sentipen guztiak, ia gertatu ahala kontatuak. Neuk, jakina, historiaren giltzarriak direnak edota gauzak ongi ulertzeko beharrezkoak direnak idatziko ditut.

        «Haize gorria» esatea ez da, lehenengotan entzutean eman dezakeen bezala, edozein burugabekeria edota olerkiren baten izenburua esatea, ez horixe. Haize Gorria Miren izeneko emakume baten bizitzako alaialdi eta tristuren lekukoa da, gaur egun, Miren bera hilda dagoela, oraindik Erratzuko mendi malkartsu eta harkaiztsu batetik arratsalde berezietan ikus daitekeena.

 

 

BAT

 

        Gurasoek esan bezala, astebururo Erratzura joaten hasi ginen, Berrotara. Behin hasierako konponketa-lanak bukatuz gero, gauzak atseginagoak izan ziren. Baina jakinekoa da beharrezkoak zirela. Laurehun urtetik gora dauzka Berrotak eta aitak eta osabak —Edorta lehengusuaren aita— igeltsari-lanak egin bitartean, amak eta izebak garbitu eta pintatu egin zuten beharrezko lekuetan ia etengabe asteburu askotan, Edortak eta biok jolas egiten genuen bitartean. Edorta ni baino urtebete zaharragoa zen eta berak sei eta nik bost geneuzkala, poliki-poliki Gorrimineta osoa ezagutu genuen, gure gurasoen haserrea tarteka-marteka sortaraziz Berrotara berandu itzultzeagatik edota urrunegi joateagatik.

        Egia esan, Edorta eta biok desiratzen egoten ginen asteburua noiz iritsiko Berrotara joateko. Eta amak oso gustukoa izan du beti.

        Baina urteak aurrera joan ziren eta neu hazi egin nintzen eta, konturatzerako, ez neukan jadanik Gorriminetan entretenigarri handirik. Bertako erreka eta leizezuloak, ordura arte misteriotsuak eta jolastoki bikainak, aspergarriak eta graziarik gabeak bihurtu ziren nik hamahiru urte betetzerako eta gainera, urte batean, udan, Edortak gehiago etortzeari utzi zion. Nahiago zuen Gasteizen lagunekin geratzea eta normala zen; nik ere nahiago nuen hura Berrotara joatea baino.

        Halaxe, urte hartako udan, abuztua baino lehentxeago istilua izan nuen gurasoekin, aitarekin batez ere. Ea zergatik ez nuen joan nahi galdetzen zidanean, aspertu egiten nintzela erantzuten nion behin eta berriro.

        —Aspertu, aspertu! —zioen desatseginez—. Gaur egungo gazte guztien gaitz kutsakorra zirudin horrek!

        Eta behin asko gustatu ez zitzaidana gaineratu zuen, ia marmarka:

        —Mutila bahintz pozik asko etorriko hintzateke, besterik ez bada ehizan egitera!

        —Edorta iaz ez zen joan ba eta aurten ere ez dauka joateko asmorik! Eta mutila da!

        Eta hura esanda haserre atera nintzen sukaldetik nire logelara amorruz joateko. Ohean eseri nintzen leihoari begira eta aldizkari bat esku artean, hura irakurtzeko asmorik gabe. Hatzez ari nintzen koloretako orriak eskukatzen, amak logelako atea jo eta poliki sartu zenean. Hurbildu egin zitzaidan eta nik bere amantaleko tximeleta brodatu handian —aldi beran poltsikoa zen hartan— erreparatu bitartean, ea zer moduz nengoen galdetu zidan. Ezkerreko sorbalda altxatuz eta burua hara okertuz erantzun nion.

        —Ulertu egin behar dun gauza bat, Jone —hasi zitzaidan nire ondoan eseri ostean—. Aitak oraindik ume bat bezala ikusten hau eta badakin nolakoa den bera: gauza bat buruan daukanean, kosta egiten zaion hura aldatzea eta aurten, urtero bezala, hi gurekin etorriko hintzela pentsatzen zinan.

        —Bai, eta niri ezer galdetu gabe, ezta? —kexatu nintzen, amari une batez begiratuz, gero esku artean neukan aldizkari itxiari begira jarraitzeko.

        —Arrazoia daukan, baina esan dinat; umetzat hauka oraindik. Egidan mesede bat, Jone: etor hadi aurtengoz eta zin egiten dinat azken urtea izango dela. Nik datorren urterako lortuko dinat aitak hi hemen geratzea onartzea. Konforme?

        —Baina ama, jope! Nire lagun denak, norabait joango ez direnak, hemen ibiliko dira taldean, igerilekura eta joanez. Eta ni, ale!, Erratzura! Ama, Gorriminetan ez dago baina gazterik!

        —Bazekinat kuttuna —beso batez inguratu ninduen bizkarretik eskua sorbaldan ipiniz—, oso ongi ulertzen dinat. Horregatik, datorren urtean ez haiz joango hik nahi ez badun.

        Gogorik gabe, baina onartu egin nuen. Eta abuztuaren 1ean, ama, aita eta hirurok autoz abiatu ginen Gasteiztik goizeko hamarretan Erratzurantz. Aita pozik zihoan, irribarretsu. Orduan ez zen trafiko handiegirik egoten Gasteizen eta Nafarroako errepideetan ez zegoen handiagorik. Ama ere alai zihoan aitaren ondoko aulkian, niri tarteka begiratuz. Amak beti maite izan du Berrota eta, egia esan, han ez zuen aparteko ezer egiten: baserriko larrainean bazkalosteetan mahatsondoaren gerizpean josi, etxeko lanak egin eta gurekin paseatzea zen amak han egiten zuena. Baina beti dio pinurik gabeko hango basoek eta erreka bizien soinuak —nahiz eta udan hainbat erreka agortu— ongizatez eta lasaitasunez betetzen zutela.

        Ni berriz, atzealdeko aulkian serio nindoan, hitz egiteko gogorik gabe, atzeko leihotik begira. Baina gurasoen poza nitaz jabetu zen emeki-emeki. Eta Erratzura iritsi ginenerako animatuago nengoen. Tira, azken batean amaren ideia ez zen hain txarra: egun guzti haiek berarekin josten ikasteko aprobetxatuko nituen eta nire ingeles kaskarra hobetzeko ere bai. Aitak eta biok igeri egingo genuen Gorriminetako presatxo batean. Patxadaz hartuz gero, ez zen hain txarra izango.

        Aitortu beharrean nago Berrota baserri ederra dela benetan. Oporraldi hartan, bertaraino igotzeko porlanezko pistan sartzean, han goian ikusi nuen, zuritasun ederraz nabarmen bere inguruko zelai eta baratzen artean, basoa pixka bat haruntzago. Ez da handiegia Berrota, baina baserriko garai bateko lanak egiteko leku guztiak dauzka, nahiz eta gaur egun, ikuilua esate baterako, jangela eta egongela handi bihurtuta egon. Baina eduki, badauzka, logelak eta sukaldeaz gain, ikuilua, artegia, belarganbara, ganbara, gatzaska —jakiak gordetzeko primerakoa berau—, egurtegia eta larraina aurrean eta atzealdean. Gurasoek esanda dakit larrainean garijotzea eta horrelako lanak egiten zirela, baina gaur egun amak lorez beteta dauka dena. Bere hormak, gurasoek erosi eta berehala txuriztatuak, sendoak eta lodiak dira oso eta udan nahikoa fresko egoten da barruan. Baina horrek, jakina, etxea neguan zeinen hotza den erakusten du.

        Hantxe geunden, bada, berriro, eta ekarritako traste denak Berrotan sartu ondoren, paseotxo bat eginez irits zitekeen gertueneko baserrira joan ginen hirurok lasai-lasai. Baserri honek izen polita du: Anderearena. Eta gaur egun itxita baldin badago ere, ni neskatila nintzenean ama-semeak bizi ziren bertan; ama alarguna eta seme ezkongabea, hogeita hamarren bat urtekoa. Behiak zeuzkaten eta guk esnea erosten genien. Ximona zen etxekoandrea eta Xanti semea. Oso langilea zen Xanti eta behiak jezten irakatsi zidan, nola ez bada. Solasalditxoa egiten genuen hara joaten ginenean —ia egunero— eta Ximona andrearen pozgarri ginen. Ia itsua zen koitadua eta hil zenean, Xanti Iruņera joan zen bizitzera.

        Gogoan dut nola amak behin hizketaldi haietako batean Ximonari esan zion Anderearena baserriaren izena oso polita eta ulerterraza zela eta Ximonak erantzun zion Berrota ere ongi ulertzen zela. «Beheko errota» zela zioen, baina arraroa zela etxe hark izen hura izatea, ez zelako inoiz errota izan eta ez zegoelako errota izateko leku egokian.

        Egia esan, Berrotatik nahikoa hurbil erreka bat doa mendian behera, urte osoan agortzen ez dena.

        Guk bertatik hartzen dugu etxerako ura, baina han ez dago errotek eduki ohi duten bezalako ubiderik. Lehenengo egun hartan bazkaltzera gonbidatu gintuzten Ximonak eta Xantik eta bazkalosteko solasaren ondoren aita eta Xanti elkarrekin joan ziren Xantik ganaduarentzako egin beharreko itxituraren bat edo egitera. Ama eta biok Ximona jatorrarekin geratu ginen haren pozerako. Eta iluntzera arte egon ginen Anderearenean, «gizonak itzuli arte» amak irribarrez esan bezala.

        Neuk eraitsitako esnea marmitan hartuta itzuli ginen Berrotara ilunabarrean, eta harako bidean, gurasoen ondoan nindoala, kilkerren kantu etengabea entzuten zen, jarraikor gorabehera handiz. Ilgora mendiez bestalde agertzeko zorian zegoen eta nik sentimendu nahasia nabari nuen; ongi nengoen Gorriminetan, gustura, baina beste gauza batek ere ondo sentiarazten ninduen: hurrengo urtean ez nintzen hara itzuliko; lagunekin geratuko nintzen Gasteizen. Bi sentipen hauek gogoko nituen eta ederki sentitzen nintzen.