Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Azken gurasoak

Aitor Arana

haur eta gazte literatura

SM, 2003

 

        Bi mila eta hogeitabostgarren urtean, mundu ia osoan, gizakiak norabiderik gabe bizi ziren. Gizon-emakume gogor eta indartsuenek baizik ez zuten lortu bizirik irautea, hogei urte lehenago hasitako hondamendiaren ondoren. «Izarretako hautsa» deitu zutena espazioan barrena etorri, eta eguzki sistema zeharkatzen hasi omen zen, bertako planetetako zeru guztiak nabarmen ilunduz; askotan, planeta berean, latitude batzuetan ilunago geratzen zen zerua, beste batzuetan baino.

        Lurrari zegokionez, ia planeta osoa ilundu zen eta, zientziagizon adituak fenomeno galgarriaren inguruko iraupen-kalkuluetan eta eztabaida latzetan zebiltzan bitartean, bertako izaki oro —landareak, abereak eta gizakiak— hiltzen hasi ziren hotzaren hotzez. Ez zuen gehiago euria egin, beti elurra egiten baitzuen eta, horrela, nahi baino azkarrago, elur eta izotzezko bola erraldoi bihurtu zen planeta. Aditu batzuek ziotenez, izarretako hautsa hodei moduko bat zen eta astetako kontua izango zen eguzki sistema zeharkatzea, ondoren berriz ere lehengo moduan garbi-garbi uzteko. Beste batzuk, berriz, ezkorragoak ziren eta Lurrak bere erakarpen indarraz hauts hartatik asko bereganatu zuela zioten eta oso nekeza izango zela hura kentzea.

        Nazio ahaltsuenek espaziontziak bidali zituzten Lurretik kanpoko egoera nolakoa zen ikusteko; zenbat eta urrutiagora iritsi, hobe, ikuspegi orokor bat izateko. Emaitza izarretako hautsa bera bezain iluna izan zen: etsipengarria. Hauts galgarria planeta artean hedatzen zen luze eta zabal, auskalo noraino, espazioan ibiltzea bera ere oso arriskutsu bihurtuz. Egun gutxiren buruan egoera larria kaos bihurtu zen: herriak eta hiriak izoztu egiten baitziren, jendeak sor zitekeena baino argindar gehiago behar zuen eta elektrizitate konpainiak ez ziren gauza izan inondik inora eskari erraldoiari erantzuteko. Basoak, aintzirak, basamortuak eta itsasoak izoztu egin ziren, eta izotzaren gainean elurra egiten zuen etengabe. Elurra egiteari ez zion utzi, beraz; pentsatzekoa zenez, dena izozturik baldin bazegoen, ura ezin zen lurrundu hodei berriak sortu eta, horrela, elur gehiago egin zezan. Horregatik, elurra egiteari ez ziolako uzten, dirua eta baliabideak zituen jendea, planetako balizko alderdi epelen bila hasi zen. Komunikabideak eten egin zirenez, ez zegoen jakiterik inork zorioneko alderdi epel haiek aurkitzen ote zituen. Hiriak argindarrik gabe geratu eta ilundu ahala, gizakiak pozoindurik bezala hiltzen hasi ziren bata bestearen ondoren; zaharrak eta gaixoak lehenik, sasoiko osasuntsuak ondoren. Gehien irauten zutenek, soroetako barazki eta laborerik gabe, edo haztegietako eta itsasoko abere eta arrainik gabe, hildakoak jateari ekin behar izan zioten zakurrak eta katuak amaitu zitzaizkienean. Bizimodu hari ez zegoen «bizitza» deitzerik; biziraupena zen, etengabeko borrokan: borroka hotzaren aurka eta borroka ondokoarekin, jango ez bazintuen. Suak ordezkatu zuen, noski, elektrizitatea. Eta egurra, ikatza edo plastikoa bezalako erregaiak luxu bihurtu ziren. Zertarako balio zuen urreak egoera hartan? Erretzeko edo jateko balio ez zuenez, hirietan irauten zutenek bitxidendak ukitu ere ez zituzten egiten.

        Gizakiak hain denbora laburrean beren zibilizazioa galdu eta otso amorratuen egoera basati hartara etortzea, ordea, ez zen gertaturiko gauzarik txarrena. Planeta izoztu aurretik bizitza normala zenean, gauza jakina zen iparraldeko eremu izoztuetan betidanik bizi ziren gizakien artean, inuiten artean alegia, urteko arorik hotzeneko hilabeteetan emakumeek ez zutela menstruaziorik izaten. Horixe gertatu zitzaien, bada, hiri ilunetan bizirik geratutako emakume gazteei, neska sasoiko eta osasuntsuei. Hotzaren ikaragarriak eraginda, hileroko odol jarioa galduz joan ziren; noizbehinka hasieran, hilabete batzuetan bai eta beste batzuetan ez izanez, azkenerako erabat desagertu arte.

        Gizon-emakumeek lehendik egoera etsipengarria jasaten bazuten lurpean bizi izanez, izotz eta elurretik ahalik eta urrunen, eratutako taldeak elkarren aurka etengabe borrokatuz eta beti kontserban gordeta zegoen janari erreserben eta gordelekuen bila; orain, gainera, seme-alabarik ez zutela izango ikusten zuten garbi.

        —Zertarako bizi? Hil dezagun denok geure burua! —oihu egiten zuen tarteka norbaitek, etsipenak jota.

        —Ez! Izarretako hautsa etorri zen bezala joango da eta laster itzuliko gara normaltasunera —itxaropentsuenen erantzuna.

        —Normaltasuna? Ha! Zer da hori? Gure ingurua ikusi besterik ez da egin behar, normaltasunera inoiz ez garela itzuliko ulertzeko.

        —Ni gauza batek kontsolatzen nau! —esango zien lurpeko ezkutalekuren batean, auskalo zein hiritan, mozkor batek inguruan zituenei—. Guk seme-alabarik izaterik ez badugu, geure etsaiek ere ez!

        «A ze kontsolamentua!» pentsatuko zuen mozkorraren hitzak entzun zituen batek baino gehiagok.

        Jendeak bizitzeari utzi zion horrela, biziraupena.ri heltzeko bete-batean. Ez zuten, hala ere, itxaropena erabat galtzen, ez bailirateke bestela gizaki izango. Agian egun batez eguzkia berriz ere indartsu agertuko zen zeruan jaun eta jabe. Urtebete joan zen horrela, izarretako hautsa eguzki sistemaz erabat jabeturik. Urte asko igarota jakingo zen izarretako hautsa eguzki sistema zeharkatzen ari zen hodei erraldoi bat zela zioten astronomoek eta zientzialariek zutela arrazoia. Zerua berriro garbitzen eta urdintzen bastean jabetuko zen gizakia hartaz. Baina, bitartean, berrogeita hamar urte baino gehiago joango ziren. Eta denbora tarte hartan elurrezko Lurrean bizi behar zuten pertsonak gizakien historiako garairik ilun eta latzenetan zeuden, ezbairik gabe.