Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Afrikako semea

Aitor Arana

haur eta gazte literatura

Elkarlanean, 1991

 

UXUTEN JAIOA

 

        Zeharo beltza zen gaua orduko hartan. Eta lur gorri ilunaz egina Uxute herrixkako etxola, izarrik eta ilargirik gabeko gauean iluntasuna hiru kriseilu txikiz desagerterazten saiatzen zen etxola bakarra. Sargoritsua benetan 1733ko udako gau hura, ia-ia arnasarik hartzen ere uzten ez zuena, eta erotzeko modukoa kilkirren etengabeko kantu sarkorra.

        Baina Umuro Karamo, hogeitasei urtetako gizon gaztea ez zegoen kilkirren kantuetarako. Argidun etxola bakarraren aurrekaldean zebilen hara eta hona lagun bat ondoan zeukalarik, zer egin asmatu ezinik, larri, etxola barrutik belarrietaraino zetozkion aieneak entzuten.

        Emaztea zeukan etxolan ahuntz-larruz berak egindako ohean etzanda, ama eta amaginarreba lagun zituela, erdiminetan. Denbit zuen izena Umuroren emazteak eta bera baino bi urte gazteagoa zen. Beren lehenengo haurra izango zen hura, ezkondu eta ondorengo gau atseginetako bien arteko maitasun-jolasen fruitua.

        Besteak baino mingarriagoa zirudien oihua egin zuen Denbitek eta bere ama zaharrak zapi hezea pasa zion kopeta gainetik.

        —Iritsi da unea —esan zuen amak eta eskutik heldu zion alabari.

        Honek beldurrez begiratu zion eta amak eskukadatxoak eman zizkion. Baina Denbitek ez zuen larri egoteko denbora luzerik izan, bultzada igerri baitzuen bere erraietan.

        —Badator, ama! —egin zuen oihu.

        —Egizu bultza gogotik —amaren erantzuna eta agindua. Etxolaren kanpokaldetik ongi entzun zuen hau guztiau Umurok eta oso urduri egin zion so —ia-ia ikusterik izan ez zuen arren— ondoan zeukan Kutume bere lagun minari. Kutumek ere Umuro ozta-ozta ikus bazezakeen ere, lagunaren begi marroietan irakur zitekeen galderari erantzuna eman zion:

        —Ez daukazu sartu beharrik. Zaude lasai, Umuro. Gauza hauek berez gertatzen dira ia-ia. Laster izango zara aita.

        —Bai, baina Denbiten oihuak?

        —Bah, hori normala da.

        —Bai zera, zuretzat izango da normala, dagoeneko bost seme-alaba dauzkazu-eta, baina ni larri nago benetan. Damu dut orain Denbit haurdun utzi izana.

        —Kaxkaldu egin zara, ala? Damu duzula! A ze tontakeria. Ez gero hori beste inori esan. —Bizilegea da hau; gizakia sortu, hazi, seme-alabak izan eta hil egiten da. Gainera, neure moduan, hamazazpi urte zeneuzkala ezkondu bazina, orain ez zinateke honela egongo; euria entzutea bezala litzateke hau zuretzat. Zaude lasai, gizona. Ikusiko duzu, ziur mutikoa izango dela. Herrixkako neskatila guztiak aidean erabiliko dituen mutiko lerdena gainera.

        Eta hau esatean, keinu eta irri egin zion Kutumek bere lagun lasaitezinari. Umurok ere irri egin zuen, txikitandiko bere laguna betikoa zela pentsatzeaz batera, baina berriro itzuli zuen burua etxola aldera, emaztearen arnasestua entzutean. Bultzaka ari zen, amak animatzen zuela eta bere ama —Umuroren ama esan nahi da— haurraren burua egoki agertu bezain azkar, hartzeko prest zeukala.

        Denbiten «Ezin dut, ezin dut!» eta bere amaren animo-hitzen artean, haurraren burua agertzen hasi zen, baina atzera barrura egin zuen ondoren.

        —Pixka bat gehiago, Denbit! —amaginarrebak.

        Beste bultzada handi batez, haurraren buru osoa azaldu zen azkenik eta orduan amaginarrebak egoki heldu eta tira egin zuen, poliki baina tinko.

        Haurra kanpora zetorren neurrian, emakume zaharrak kezka adierazi zuen aurpegiaz, umea batto ere ez mugitzeaz gainera, zilbor-hestea lepotxoaren inguruan estu bilduta zekarrelako. Denbiten ama berehala ohartu zen zeozer gaizki zegoela eta, zilbor-hestea hala ikusi bezain azkar, eskuak luzatu eta lepo ingurutik kendu zion.

        Amaginarrebak besoetan zeukan haur odolez zikindua.

        —Zer gertatzen da? —galdegin zuen Denbitek bi emakume zaharren isiltasunaz oharturik—. Mutikoa da, ala neskatxoa?

        Eta ukondoen gainean jarri zuen soinenborra, haurra ikusi ahal izateko.

        Mutikoa zen, baina gizarajoak zirkinik ere ez zuen egiten. Hila zirudien.

        —Zer gertatzen zaio? Zergatik ez du negarrik egiten? —galdegin zien bere amak zilbor-hestea eteten bukatu zuenean. Amak begietara egin zion so beste emakumeari eta berau urduri hasi zitzaion mutikotxoari ipurdikoak ematen.

        Kanpokaldean Umuro eta Kutume atearena egiten zuen oihalari begira zeuden tinko, ia-ia arnasarik hartu gabe. Kutumek ez zion lagunari ezer esan, baina pentsatu zuen, noski, ixiltasun hark ez zuela ezer onik esan nahi.

        —Ama, zer da?! —galdetu zuen Denbitek amari besotik tinko helduz, erotzeko moduan eta negar egiteko zorian. Bere amaginarrebak beste ipurdiko bat eman zion haurrari postura egokian eta ondoren gehiagorik ez. Haurra ez zen batere mugitu.

        Begirada jeitsi zuten andre zaharrek, ia-ia batera beren ezpain handiak mihiaz bustiz.

        Kanpoan Umurok sartzeko keinua egin zuen okerrena pentsaturik, baina Kutumek sorbaldetatik heldu zion. Denbitek koska egin zien hatz-koskoei eta oihu latz bat aterako zitzaiola nabaritu zuenean, oihua eztarrian gora zetorkion bezala, halaxe sortu zitzaion arnasa bapatean bere semetxoari eta besotxoak eta hankatxoak batera astinduz, negarrez hasi zen.

        Denen larridura poz bihurtu zen eta Denbitek, berriro etzan ondoren, besoak luzatu zituen haurra eman ziezaioten.

        —Itxaron pixka batean, garbitu egingo dut-eta.

        Eta amaginarrebak haurra garbitu bitartean, ama zutitu eta Umurorengana atera zen.

        —Zer da? —galdegin zion honek.

        Denbiten ama eta aldi berean bere amaginarreba zenak, irri eginez erantzun zion.

        —Nire alabak semea munduratu dizu, biharko egunean zu bezalako gizona izango dena.

        Pozaren pozez ia-ia jauzika hasi zen eta Kutumek bi eskuez garondotik heldu zion bere aurrean jarrita, zoriona opatuz.

        Bere amak etxola barrura deitu zien denei, ama berria eta haurra ikusteko moduan baitzeuden ordurako.

        Umuro Denbiten ondoan belaunikatu eta musu eman zion. Ondoren, bere semetxoa estaltzen zuen oihala zabaldu zuen, gorputz osoa ikusteko, batere akatsik ez zeukala baieztatu nahi baitzuen. Bera eta bere ama bezain beltza zen. Harro-harro estali zuen berriro haurra eta segituan esan:

        —Badakit ze izen jarriko diogun...

        —Zaude isilik, seme! —eten zuen berehala amak—. Badakizu ez dela ona ilargirik gabeko gauean haurrari izenik jartzea. Horrek adur txarra ekarriko lioke. Itxaron bihar gauera arte, bihar aterako da-eta ilargia. Bitartean ez gero inori esan pentsatutako izena, eta ahoskatu lehendabizikoz izen hori, ilargiari zure semetxoa aurkeztean.

        —Bai ama.

        Halaxe joan zen gau hura, kilkirrek kantutan jarraitu zutelarik.

        Biharamunean, Ganbiako kostaldeko Uxute herrixkan familia denek aurkitu zuten tartetxo bat Umuro eta Denbiten etxolara joan eta zorionak emateko bisita egiteko. Denek Braman zituen zeozer; haragia, edo esnea, edota larruren bat edo barazkiak eta fruituak bestela.

        Uxute herrixkan biztanle guztiak ziren antzekoak. Ez zegoen ez behartsurik eta ez aberatsik. Urtea, uzta eta ehiza onak zirenean, denak ziren aberatsak eta uzta galduz gero edota lehortea izanez gero, denek pasatzen zuten larrialdi galanta. Herrixkako kontu eta gorabeherei zegozkien arazoak Zaharren Bilkurak konpontzen zituen, herriaren aurreko bilerak eginez.

        Normalean kontu hauek ezkontza berriak eta bikote berri hauentzako terreno banaketak izan ohi ziren: zenbateko baratza zegokien, zenbat ahuntz... Ez besteek baino gutxiago eta ez besteek baino gehiago. Izan ere, bi horiek ziren bereziki uxutetarren bizi-iturriak; laborantza eta artzaintza edo, hobeto esanda, ahuntzaintza. Dena dela, ehiza eta oihaneko fruitu-bilketa garrantzizkoak ziren hein handi batean.

        Gaua iritsi zen azkenik eta ilargiak argitu egin zuen. Pozarren, Umurok semea sehaskatxotik atera eta, Denbit ohean geratu bitartean, kanpora atera zuen. Kanpoan, herrixkatik irten arte ibili zen, oihan aldera, baina soroetatik urrundu gabe. Gau hartan ere bero handia zegoen, baina Umurori ez zion pozak horretaz ohartzen uzten. Berak egokia eritzi zion lekuan, semetxoa biluztu eta esku batez garondotik eta besteaz ipurditxotik helduta, zerura altxatu eta ilargiari erakutsi zion eta, Ganbia aldeko ohitura guztiz zaharra betez, halakoetan aitek, izena jartzeaz gain, esaten zituzten hitzak esan zituen hunkiturik:

        —Osanbo Karamo, ikus ezazu zeure aurrean, zu baino handiagoa den gauza bakarra.

Osanbo Karamo mutikotxoak besoak astindu zituen tautik ere ulertu gabe eta bere aitak, besoak hunkipenaz dardarka, lurrera eraitsi eta atzera bildu zuen oihalean, etxolara eramateko. Poz-pozik eraman zuen ordurako zain zeukan amarengana.