Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Egin bedi zure nahia

Aitor Arana

antzerkia

Hiria, 2008

 

1. EKITALDIA

 

        Mari eta Anjeli izeba-ilobak ospitaleko itxarongelan ageri dira. Eserita daude «Ospitale psikiatrikoa» dioen kartela duen leihoaren azpiko lau-bost aulkietako bitan, ilaian. Biek beroki botoitu gabea dute jantzita, negua den erakusgarri.

        Mari oso urduri dagoela ikusten da ekitaldi osoan. Hasieran, aulkian geldi egon ezinik, hona eta hara begira ageri da.

        Eskupoltsa esku batean duela, Anjelik beso batean jarriko dio eskua iloba urduriari, hala pixka bat lasaitu nahian.

 

MARI

        Txos!! (Zakarra da esklamazioa, amorratua, eta Marik alde batera botako du, zakarrago, izebaren eskua. Kolpetik zutituko da jarraian, itxarongelan atzera eta aurrera arin ibiltzeari ekiteko) . Ez dut hemen egon nahi, izeba! Etxera joan nahi dut! (Ia oihuka eta haserre).

 

ANGELI

        Hara, Mari... (Sakon hartuko du arnasa, nekaturik). Badakizu zer esan duen herriko anbulatorioko Karmenek, osasun mentalekoak. Ospitale honetan ingresatu eta nola zauden ikusi behar dute...

 

        Mari bat-batean itzuliko da izebagana, amorratuta. Harengana joan, eta buruan jotzen saiatuko da. Izebak zutitzea eta bere burua defenditzea beste erremediorik ez du izango, ilobari besoetatik helduz. Mari oihuka ari da orain, ero moduan.

 

MARI

        Nola nagoen?! Nola nagoen?! (Amorru batean). Zuetaz zeharo nazkatuta! Horra, nola nagoen! Eraman nazazu etxera oraintxe bertan!

 

ANJELI (Gogor eginez)

        Jarri zaitez hor, Mari, eta zaude geldi! Zer pentsatu behar du jendeak?

 

MARI

        Bost axola niri jendea! Etxera joan nahi dudala, izeba! Zertarako ekarri nauzu bona? (Gero eta ozenago ari da, gero eta amorratuago).

 

        Anjelik Mari esertzea lortuko du, kostata bada ere. Orduan, Marik izebaren sorbaldara botako du bere burua, negarrez.

 

MARI

        Aaaaiii, izebaaa! (Eroek errukia sortu nahi dutenean bezala ari da, negar intzirika). Gaixo nago niii! Zaindu ondo niii! Eraman etxera, eta han txintxo-txintxo ibiliko naiz!

 

ANJELI

        Horixe da, oraingo txarraldi hau hasi zitzaizunetik, azken lau hilabeteotan egin duguna, zeure kasaka hobetuko zinelakoan, baina zer gertatu da?

 

MARI

        Zer gertatu da, ba? (Lelo aurpegiz, ageriko erantzuna eman beharrean, burutik gaizki dagoela antzematen zaionaren keinuaz).

 

ANJELI

        Bai ama, bai osaba Pello eta bai ni neu jotzera heldu zarela. Horixe!

 

MARI

        Gezurra!

 

ANJELI (Zutituz)

        Gezurra? Hara, hara... Gaixoa zarelako, bestela bi belarrondoko emango nizkizuke...!

 

        Tarteka lurrera, tarteka ilobari begiratuz, Anjeli atzera eta aurrera ibiltzen hasiko da eszenatokian.

 

ANJELI

        Hamabost arte daramatzazu gero, gaixorik, Mari! Hamabost arte! (Eskuak zabalduz). Hamabi arte zenituenean dialisian hasita, giltzurrina txertatu behar izan zizuten koitadu horri, horrek dakarren sufrimendu, ospitaleko egonaldi eta gorabehera guztiekin... Gero, hemeretzi bat urterekin, haizea buruan. Ahotsak aditzen zenituela, telebistan jende ezaguna agertzen zela zutaz hitz egiten... Hamabost urte eman ditugu borrokan ospitalean eta etxean, etxean eta ospitalean. Baina inoiz ez zara heldu, azkenaldi honetan bezala, etxekoak jotzera...!

 

MARI

        Gezurra, izeba! (Zutitu egingo da, tente-tente bere txikian, barro eta erronkazale). Hori gezurra dela esan dizut! Eta kitto! (Hatz erakuslea altxatuz).

 

ANJELI

        Ospitalean esan beharko digute ba, berriz ere, zer den gezurra eta zer egia. Zure onbeharrez, eta etxeko alaba zarelako, ez zaitut azken lau hilabeteotan ekarri, hobera egingo zenuen esperantzan. Baina ikusten duzu nola gauden hemen: ubeldurez beteta. (Besoak luzatuko ditu, bertako ubeldurak sinbolikoki erakutsiz). Eta neka-neka eginda borrokan.

 

MARI (Apal-apal orain)

        Horrexegatik joan behar dugu etxera, izeba: lasai-lasai atseden hartzera. (Bat-batean, ordea, oihuka). Goazen behingoz etxera!

 

ANJELI (Kasurik egin gabe)

        Atzeratuentzako zentroko zure lantoki berezian ere ez zintuzten nahi, jadanik. (Eseri egingo da, atsekabetuta). Jendeari purrustadaka, gaizki erantzun eta jo, besterik ez duzu egin lantokian azken hilabeteetan.

 

MARI

        Nik ez dut hara joan nahi!

 

ANJELI

        Eta zer egin behar duzu, Mari, bizitza honetan?

 

MARI

        Gaixorik nago! Giltzurrin txertatua daukat! (Besoak altxatuz eta beheratuz, bere hitzei indarra emateko). Zaindu egin behar nauzue! Nik nahi dudana egin behar didazue!

 

ANJELI

        A, bai? Eta zer da zuk nahi duzuna? (Zutitu egingo da, iloba baino gorago jartzeko). Egunero ordu biak arte lo, gero bazkaldu, zigarroa erre, eta gauean, lokartu ezinik, musika jarri eta inori lorik egiten utzi ez? Hori nahi duzu? Hori besterik ez duzu egin azkenaldian.

 

        Geldialdia egingo du Anjelik, ilobari aurpegira haserre begiratuz. Honek serio baina sineskaitz begiratuko dio.

 

ANJELI

        Eta lantoki berezira joateko ere, zer? Nik izaretatik tira eginda ere, ez zenuen jaiki nahi eta, azkenean, gizarte laguntzaileei zure bila egunero etortzeko eskatu behar izan diegu, lantokira joango bazinen, eta zertarako?

 

MARI (Harro, baina erantzuna ez dakienaren moduan)

        Zertarako?

 

ANJELI

        Lantokian lo jarraitzeko! Jainkoarren!

 

MARI

        Gezurra! (Besoak luzatuko ditu, izebari lepotik heltzeko, baina Anjelik garaiz helduko dio besoetatik, eta eserarazi egingo du).

 

        Orduan eszenatokiz kanpoko ate bat irekitzen dela entzungo da. Anjelik eta Marik eszenatokiaren ezkerraldera begiratuko dute. Sorne psikiatra eta Manolo ospitaleko laguntzailea dira bertan azaldu berri direnak. Beso banatatik helduko dio bakoitzak Mariri.

 

SORNE

        Zatoz gurekin, Mari. Hemen ondo egongo zara.

 

MARI

        Izeba! (Medikuek poliki daramaten bitartean).

 

ANJELI

        Arropak eta behar dituzun guztiak ekarriko dizkizut!

 

MARI (Eszenatokiz kanpo dago jadanik)

        Izebaaa!

 

        Anjeli bakarrik geratuko da, aulkian burumakur eserita. Sorbaldak dardaraka negarraren eraginez, mukizapi zuri guztiz ongi lisatua aterako du poltsikotik begiak xukatzeko.*