Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Editorea

Aitor Arana

antzerkia

Kutxa, 2006

 

        Ekitaldi bakarreko antzezlana da hau eta, ekitaldi osoa, eszenatoki erdibitu batean gertatuko da. Oihalezko edo kartoizko pareta moduko xume bat nahikoa da eszenatokia bi zati egiteko. Pareta bereizgarri hau ez da aurre-aurreraino iritsiko, pertsonaiak zenbaitetan batetik bestera mugituko baitira hala behar denean.

        Ezkerreko aldean mahai luzexka bat egongo da, sei lagun esertzeko modukoa, boina lau aulki bakarrik izango dituena, ikusleek bertako pertsonaia guztiak aurrez aurre ondo ikusteko moduan. Mahaia eta aulkiak modernoak izatea komeni da, dotore samarrak ahal boda. Bulego nahiz bilera-gela izateko moduko itxura eman behar zaio.

        Eskuineko aldean, berriz, bi mahai txiki egongo dira —edo gehiago, sartzen badira—, eta tabernakoak direla antzeman behar zaie, bina jarriko zaizkien aulkiei bezala. Taberna itxura areagotzeko, barreneko paretan taberna-sarrera bat marraz daiteke, dauzkagun baliabideen arabera. Erabiliko ez den mahairen batean maniki bikote bat jar liteke, tabernari itxura jendetsuagoa emateko.

        Eszenatokiaren bi aldeetan gertatuko dira ikuskizunak txandaka eta, beraz, alde bateko zein besteko argiak pizteko eta itzaltzeko modua izan behar dugu: aktoreek alde batean antzezten ari direnean, bestea itzalita edukiko dugu. Ilun geratutako aldean dauden aktoreek zain egon behar dute geldi eta isilik, beren aldeko argia berriz pizten den arte.

        Oihala altxatzen denean, taberna irudikatzen duen aldea egongo da argiztaturik. Bertan, ikusleengandik hurbilen dagoen mahaitxoan, idazlea eserita ikusiko dugu, norbaiten zain balego bezala. Kaleko jantzi arruntez dago jantzita, eta kikara zuri bat dauka aurrean, mahai gainean.

        Segundo batzuk geroago, kazetaria azalduko da barrengo ate aldetik —atea bera irekiz edo haren ondotik sartuz, baliabideen arabera—, eta idazlearengana zuzenduko da irribarretsu, eskua luzatuta. Beste eskuan karpeta bat eta grabagailu txiki bat dakartza. Idazlea zutitu egingo da, eta pozik agurtuko du, eskua tinko estutuz.

 

KAZETARIA

        Arratsalde on! Eneko zara, ezta? Eskerrik asko etortzeagatik.

 

IDAZLEA

        Eskerrik asko zuri, deitzeagatik. (Lehenengo kazetaria eta gero idazlea eseriko dira mahaian). Pozik etorri naiz hitzordu honetara, Barria egunkariko kazetaria zarela jakin eta gero. Juan Jose deitzen zarela esan didazu, ezta?

 

KAZETARIA

        Jota jota, bai, zeharo jota nago-ta. (Esku bat altxatuko du, barkamena eskatzen duenaren moduan). Ez duzu barrerik egin behar, txikitako txiste zaharra da-eta.

 

IDAZLEA

        Ongi, ongi... Zer hartu nahi duzu?

 

KAZETARIA

        Garagardoa, baina... lasai. Neronek ekarriko dut. (Altxatu, eszenatokiaren eskuin aldetik desagertu eta pixka bat geroago agertuko da, garagardoa dakarrela. Berriro eseriko da).

 

KAZETARIA: Zorionak, Eneko, bene-benetan! Espainia mailako haur eta gazte literaturako Txalupa sari garrantzitsua irabazi duen lehenengo euskal idazlea zara. Hori ez da, gero, ahuntzaren gauerdiko eztula, e?

 

IDAZLEA

        Eskerrik asko, neuk ere ez nuen asko espero...

 

KAZETARIA

        Horixe esaten duzue beti idazleok, baina idazlana bidali bazenuen, seinale itxaropena zeneukana.

 

IDAZLEA

        Egia da hori. Hala ere, badakizu zer esan didaten epaimahikoek? Seiehun eta berrogeita hamar idazlan aurkeztu direla lehiaketan.

 

KAZETARIA

        Ez dira gutxi! Hemengo idazleentzako aukera txikia izango zen, Espainiako eta gaztelaniaz hitz egiten den atzerrietako lan asko eta asko egongo ziren-eta.

 

IDAZLEA

        Mordoka, ziur. Ez dut uste idazlan galegoak, euskaldunak eta katalanak hogei baino gehiago izango zirenik.

 

KAZETARIA

        Eta, hala ere, saria etxera ekarri duzu. Zorionak, berriro.

        (Isilaldi txiki bat sortuko da kazetariak grabagailua mahaiaren erdian jartzen duen bitartean).

 

KAZETARIA: Grabagailua piztu aurretik gauza bat esan nahi nizuke, Eneko. Edo, hobeto esanda, mesede bat eskatuko nizuke.

 

IDAZLEA

        Nik egin dezakedan zerbait baldin bada... (Interesa piztuko zaio. Aulkian erosoago eta tenteago jarriko da). Esan, esan lasai...

 

KAZETARIA

        Hara... Ez nuke nahi elkarrizketa hau betiko horietako bat izaterik. Egia esan, ez da nire asmoa Madrilen saritu dizuten liburuaz gaur zuri galderak egitea.

 

IDAZLEA

        A, bada, horixe egingo zenuela uste nuen nik. Zein da zure asmoa, orduan?

        (Kazetariak garagardo pixka bat edango du azkar, horrek ekarriko duen isilaldi laburra pentsamendua ordenatzeko aprobetxatu nahi balu bezala).

 

KAZETARIA

        Nola esango nizuke? Badakit hau eskatzeko eskubiderik ez daukadala, berez, baina... nik... elkarrizketa konprometitu bat egin nahi dizut, zuk onartzen badidazu, behintzat...

 

IDAZLEA

        Konprometitua? (Aurpegian nabari zaio ez duela ongi ulertzen). Ez dakit zer esan nahi duzun...

 

KAZETARIA

        Bada... Azken aldian hainbat aldiz irakurri dugu han eta hemen, idazle batzuen lumek idatzita, frustrazio moduko bat dagoela euskal idazleen sektore batean... Badakizu zer idatzi zuen Mendebaldeko idazle batek...

 

IDAZLEA

        Pelotoiaren kontuaz ari bazara...

 

KAZETARIA

        Bai, hori da. Kontua laburtuz esan genezake zuen artean hiru talde nagusi daudela edo egin daitezkeela, adinaren arabera-edo. Lehenengo, «behi sakratuak» esaten zaienak omen daude, jadanik gazteak ez direnak. Talde honetako gehienak Erdialdeko idazleak dira. Bigarren, «pelotoia» omen dago, gutxi gora-behera, hogeita hamar eta berrogeita hamar urte arteko idazleak hartzen dituena. Hauen artean zu zeu zaitugu. Eta, azkenik, «gazteak» deitzen dietenak daude, hau da, hogeita hamar urtetik beherakoak.

 

IDAZLEA

        Bai, hiru talde edo multzo horien sailkapena egin zuen Mendebaldeko idazle hark.

 

KAZETARIA

        Eta gehiago ere esan zuen, Mendebaldeko beste idazle batek Espainiako helduen sari nazionala irabazi zuenean duela urte gutxi.

 

IDAZLEA

        Bai, gogoan dut: «behi sakratuek» sari hori lehendik bazutela esan zuen eta, orain, «gazteek» ere lortu zutela. Bien artan, «pelotoia» ezer eskuratu gabe dagoela adierazi zuen.

 

KAZETARIA

        Eta zer irizten diozu zuk horri?

 

IDAZLEA

        Hortik bideratu nahi duzu elkarrizketa hau? (Hatz batez grabagailua seinalatuko du). Oraindik ez duzu piztu grabagailua.

 

KAZETARIA: Ez, ez... Ez dut oraindik piztu nahi.

 

IDAZLEA: Ondo, nahi duzun bezala. Tira, kontu hori nire belarrietara iritsi zenean, edo begietara esan behar genuke, berehala etorri zitzaidan galdera bat burura: Mendebaldeko idazleak zergatik jarri zuen xede desiragarri eta erreferentzia gisa Espainiako sari nazionala? Zergatik ez zuen erreferentzia gisa hartu, esaterako, idazle bakoitzak inguruko erdaretara itzultzea lortu duen liburu kopurua? Edo zergatik ez, bestela, idazle bakoitzak Euskal Herri mailan bideratzea lortu duen «best seller txiki» kopurua? Zergatik hartu kontsolagarri edo eredu moduan Espainiako sari bat, eta ez Euskal Herriko bat edo Europakoren bat?

 

KAZETARIA

        Galdera horren erantzuna denok asma dezakegulakoan nago ni.

 

IDAZLEA

        Ez da nik planteatutako kontua, dena den, hau guztiau.

 

KAZETARIA

        Ez, ez: neuk atera dut. Zuk orain, gainera, Espainiako sari bat eskuratu duzu eta, pelotoikoa zarenez, teoria hori pikutara joan da.

        (Idazleak kafe zurrutada bat hartuko du. Ondoren, grabagailuari begiratuko dio berriz)

 

IDAZLEA

        Baina ez dirudi zure elkarrizketa bideratzen dugunik. Lehen konpromisoa eskatu didazu...

 

KAZETARIA

        Hala da, bai... (Zutitu egiugo da eta, eskuak poltsikoetan sartuta, bi itzuli txiki egingo ditu eszenatokian, urduri. Gero berriro eseriko da). Ez dakit, ordea, egin nahi dizudan galdera egiten asmatuko ote dudan.

 

IDAZLEA

        Egiten baduzu, hitz ematen dizut zintzo erantzuten saiatuko naizela.

 

KAZETARIA

        Ondo... Benetan eskertzen dizut...

        (Kazetariak esku bat poliki luzatu eta grabagailua martxan jarriko du. Hitz egiten hasi aurretik, eztul txiki bat edo beste egingo du. Honelako ekintza xume batek normalean behar lukeena baino denbora gehiago eskainiko zaio, ikusleen jakin-mina piztu edo areagotu nahian).

 

KAZETARIA

        Badakizu Ekialdeko idazle batek Gure kontuak SA izeneko liburua kaleratu duela orain hilabete batzuk.

 

IDAZLEA

        Bai, ezagutzen dut idazle hori. Eta aipatu duzun liburua irakurria dut.

 

KAZETARIA

        Badakizu, hortaz, zein den haren gai nagusia, liburua irakurri duen edonork bezalaxe. Baina nik ez dizut gai nagusi horretaz galdetu nahi. Liburu horretan bigarren gaia edo esan geniezaiokeenaz galdetu nahi dizut.

        (Isilaldi labor bat sortuko da. Bi gizonak elkarri begira-begira egongo dira segundo batzuetan).

 

IDAZLEA

        Zein da, zure ustez, bigarren gai hori?

 

KAZETARIA: Editorea.

        (Idazlea isil-isilik zutituko da. Eskuak ipurgainean batuta, bizpahiru itzuli txiki egingo ditu eszenatokian. Gero, mahaira itzuli eta, eseri gabe hitz egingo du).

 

IDAZLEA

        Editoreez dakidana esatea nahi duzu, hortaz?

 

KAZETARIA

        Bai, elkarrizketa horren inguruan egitea onartzen badidazu, behintzat.

        (Isilune labor bat izango da)

 

IDAZLEA

        Nire erantzuna eman aurretik, egin diezazuket galdera bat?

 

KAZETARIA

        Bai, noski. Nahi dituzun guztiak.

 

IDAZLEA

        Zer da zehazki jakin nahi duzuna? Gu idazleon eta editoreen arteko harremana? Batzuekin ondo konpontzen gara, bistan da, eta beste batzuekin ez horren ondo...

 

KAZETARIA

        Nik sakonago joan nahi dut, Eneko, badudalako kezka bat. Editore batzuek ez ote dute botere handiegia gure herrian? Ez ote diote, beren lanaren bitartez, euskal literaturaren beraren osasunari eragiten?

 

IDAZLEA

        Hori beraiei galdetu behar zenieke... ezta?

 

KAZETARIA

        Mesedez, Eneko... Busti zaitez! Bustitzen ez bazara, elkarrizketa arrunt bat egin beharko dizut, ia ezer berririk galdetu gabe zure lan sarituaz, galde daitekeena dagoeneko galdetua dizutelako.