Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Etruskoak: ziurtasunaren eta zalantzaren artean

Aitor Arana

saiakera

Hiria, 2004

 

ETRURIERAREN ETA EUSKARAREN AHAIDETASUNA FROGATU NAHIAN

 

        Ez dago asko pentsatu beharrik ondoko galderak berez sor daitezen: etruriera euskararen bidez uler badaiteke, biak ahaideak direlako izango da, ezta? Eta nola froga daiteke? Nahikoa da itzulpenak egin izana? Esandiren eta Alonsoren liburuak irakurrita, agerikoa da biek izan zituztela galdera hauek —funtsean galdera bakarra direnak— buruan. Kontu hau Esandik oso azaletik erantzun zuela ikusiko dugu, eta Alonsok egiazko hipotesia aurkeztu duela gaiaren inguruan. Alonsoren hipotesiaren ondoan Esandiren baieztapen ahulak kaskarrak irudituko zaizkio irakurleari, ziurrenik.

        Esandik euskararen antzinatasunean oinarritzen du hizkuntza honen eta etrurieraren arteko lotura, senidetasuna. Ez dio berariaz inongo atalik eskaintzen ikuspegi honi bere liburuan, baina han-hemenka egiten dituen aipamenak nahikoa dira horretaz ohartzeko. Esandik ez ditu bere ideiak eta usteak teoria moduan botatzen; bihozkadek eraginda hitz egiten du eta, halakoetan espero izatekoa denez, baieztapen okerrak idazten ditu. Okerrena, ordea, zera da: eskuetan dituenak egia borobilak direlakoan dagoela, eta Fernandoren egiak balira bezala aurkezten dituela. «Hala dela uste dut» behin edo bitan baizik ez du esaten, feniziarren euskal jatorriaz duen iritzia adierazten digunean. Esan bezala, euskararen antzinatasuna eta honen etrurierarekiko balizko senidetasuna du dioen guztiaren arrazoibide bakar eta, egiten dituen baieztapenak garrantzizkoak izanik ere, berauen frogarik ez dugu ikusten, berak —berriro diogu— guztiaren froga gisa etruriera euskararen bidez itzultzea ikusten duen arren. Etruriera euskara dela esateaz gain, latina bera ere euskal jatorrikoa dela baieztatuko digu berau etrurieraren ondorengoa omen delako, jarraian ikusiko dugunez.

 

        «Ez Herodotok, ez Estrabonek, ezta antzinako gainerako jakitunek ere, ez zuten paleografia etruskoa ezagutzerik izan, eta ondorioz ezin izan zituzten susmatu bere zahartasuna eta garrantzia. Zeren eta etruriera, edo hobeto esanda, euskara, denboraldi luzeak bizi izan ondoren, bere erregetzaz nekaturik, betirako ahanzturan ehortzirik baitzetzan.» (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 155. or.)

 

        «Lehenbiziko hizkuntza beste bat balitz, ez litzateke euskararen oso ezberdina izango eta ibilbide luzea genuke eginda, milaka urte dituen hizkuntza honi [euskarari] geure arreta eskainiz; gure garaikidea baita eta etrurieraren aurrekoa, azken hau denek latinaren amatzat dutela.» (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 160. or.)

 

        «Latindarrek, leizezuloetatik irtenda, euskaraz hitz egiten zuten zibilizazio aurreratu batean, epigrafiak berez frogatzen duenez; alfabetoa baitzeukaten, eta beren pentsamendua grabatzeko modua. (...) Gauza multzo handi eta eder batek ziurtatzen digu euskara latindarren artean bizi zela, eta antzinako gizon haiek aurrerapen maila altua lortu zutela, beti Aitorren hizkuntza paregabea hitz eginez. Euskaraz dakitenek euskal hitzak aurkitzen dituzte idatzi hauetan; gizakiaren lehen garaiko ideien eta objektuen adierazpideak. Eta nik neuk hizkuntza latindarrean —eta, beraz, forma latindarretan— latindarren leizezuloen garaiko hitz asko aurkitzen ditut.» (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 129. or.)

 

        «Denek ematen dute betirako galdutzat Erromako antzinako hizkuntza. Konpondu ezinezko kaltea! Eta Italiako monumentu hiztun horiek guztiak etruskoak direla esaten jarrai dezakegula pentsatzen dute, Italiako gainerako hizkuntzak, latina bera ere bai, etrurieraren dialektoak baitziren, eta etruriera eta Italiako beste hizkuntzak zabaldu zirenerako antzinako hizkuntzak galdua baitzuen indar eta eragin oro». (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 10-11. or.).

 

        Zoritxarrez ez dira hauek Esandik egiak balira bezala egiten dizkigun baieztapen bakarrak. Ezin ditugu denak hemen batera eman, baina interesgarria deritzogu alfabeto etruskoaz dioena aurkezteari, irakurleak dagoeneko ezagutzen duen gai honetaz gogoeta egin ahal izan dezan.

 

        «Zein idazketa erabiltzen zuten etruskoek? Leizezuloetako gizon haiek, hau ikusgarria da, giza hizkuntzaren soinu bakoitzari zeinu bat eman nahi izan zioten, eta alfabeto labur bat osatu zuten, denboraren poderioz alfabeto erromatarraren eta grekoaren oinarria izango zena.» (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 13-14. or.)

 

        «Paleografia greko-latindarraren antzekotasunik handiena letra larrietan dago, eta honek pentsarazten du bi herriok komunikazio hurbilagoa zutela garai batean. Idazketa trebatuz joan zenean, letra xeheak behar izan eta erabili zituen. Adierazgarri hauek pentsarazten didate alfabeto etruskoa edo, hobeto esanda, euskal alfabetoa, grekoa baino askoz lehenago izan zela, eta mendebaldeko alfabetoen sorlekua Etruria izan zela; baita grekoarena ere. Hori horrela dela pentsa dezaket antzinako grekoen monumetuak agertzen ez diren bitartean; monumentu greko hauek beren garaikide etruskoen anaiak baitziren arrazaz eta hizkuntzaz». (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 157. or.)

 

        Esandik, biziki indartsu sentitzen duen zirrarak bultzata, feniziarrak ere euskaldun susmatzen ditu, baina, arestian aurreratu dugun bezala, kasu honetan ez da baieztatzen ausartzen, eta ustea duela adierazten du.

 

        «Kritikarik zorrotzena ase dudan ziurtasunak bultzata, susmo bat aipatzen ausartuko naiz. Buruan dabilkit etruskoak kolonia feniziar bat izan zirela, eta feniziarrak euskaldunak izan zirela. Ez dakigu zein den feniziarren hizkuntza, baina badakigu Europako leku asko hartu zituztela. (...) Etruskoak feniziarrak baldin baziren eta euskaraz hitz egiten eta idazten bazuten, ez ote zait zilegi susmatzea feniziarrak euskaldunak izan zitezkeela? Gainera, inork ez dauka feniziarren hizkuntzaren eta euskaldunen jatorriaren berri. Ez ote dira herri bera? Hala dela esango nuke, etruriera deszifratu ondoren». (N. Esandi, Vascuence y etrusco, 159. or.)

 

        Esandiren azken hitz hauetxetan dago gakoa: bere ustez etruriera deszifratu izanak bultzatzen du gainerako baieztapen guztiak egitera. Horixe da, azken batean jadanik balore historikoa duen 1946ko bere liburuan ziurtatzen duen guztiaren oinarria.

        Etruriera eta euskara senideak direla frogatzeko —edo agian hizkuntza bera direla frogatzeko—, lehena bigarrenaren bidez ulertzea eta itzultzea nahikoa ez dela-edo iritzita, froga sendoagoen bila ibili dena Alonso jauna da, inondik ere. Etruskoei eta euskaldunoi jatorri komun bat bilatu digu, eta baita aurkitu ere: «Saharako emigrazioaren hipotesia.» Saharako hipotesi honen autore gisa azaltzen du Alonsok bere burua eta, bere liburuan hipotesi honetaz jabetzeko egiten duen azalpenaren pasarterik interesgarrienak eskainiko ditugun arren, interesa duen irakurleari Gaiak argitaletxearen Euskal zibilizazioa. Gure herriaren sustraien bila liburuaren 3. eta 4. kapituluak irakurtzeko gomendatzen diogu, beti ere ahaztu gabe hizkuntzalari garaikideek —Krutwig bizkaitarraren salbuespen ezagunarekin— ez dutela sinesten euskararen eta guantxera-berberearen senidetasun frogatu gabean. Bi hitzetan esateko, Saharako emigrazioaren hipotesia honetan datza: oso antzina, duela hamar bat mila urte, gaur egungo Sahara basamortua giro azpitropikaleko lurralde emankorra omen zen, baina lehortuz eta agortuz joan zen eta, baliabiderik gabe, bertako herriak emigratu egin behar izan zuen Afrika iparraldeko beste leku batzuetara eta Europa hegoaldeko askotara. Iberiar-tartesostarrak, berbereak, guantxeak, euskaldunak eta etruskoak, besteak beste, antzinako herri emigratzaile honen ondorengoak omen gara, eta horregatik omen dira gure hizkuntzak hain senide hurbilak.

        [...]