Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Sexuketan

Aitor Arana

narrazioa

Hiria, 2002

 

KOMIKI SALTZAILEA

 

        Herria hiri bihurtu zen hogei urtetan. Denbora laburregia, aukeran, hura bezalako herri batentzat; zazpiehun urte inguruko herri batentzat, alegia. Nahitaez, hain denbora laburrean halako aldaketa handia gertatzeak, bere eragina izan zuen han eta hemen. Eta ez eraikinetan edo auzoetan soilik.

        Imanol hamabost urte zituela joan zen herritik hiriburura, han ikasteko aukera zabalagoa zegoela eta. Inoiz ez zion bere buruari galdetu ikasketak amaitu ostean herrira itzuliko ote zen ala hirian geratuko, izan ere, bost urte edo gehiago eman beharko zituen ikasten bukatu arte, eta bost urte ez al dira eternitatearen antzeko zerbait hamabost urtekoentzat?

        Imanolek Nekane ezagutu zuen ikastetxean, eta elkarrekin amaitu zituzten ikasketak: abokatu gazteak egin ziren horrela. Eta elkarrekin erosi zuten etxebizitza bizpahiru urte geroago. Elkarrekin bizi izan ziren hamar bat urtez eta ez zuten seme-alabarik izan. Eta, hogeita hamar urte inguru zituztela, elkarrengandik bereizi ziren, bien arteko maitasuna itzali zenean. Ez ziren ohartu noiz gertatu zen; ez zuten desamodioaren itzala beraiengana hurbiltzen ikusi: ez ziren hartaz jabetu ondo-ondoan izan zuten arte. Izan ere, ez al dute maitemindu guztiek beti pentsatzen eurena betirako maitasuna dela?

        Maitasuna sua bezalakoa omen da: hasieran bizi-bizi eta dirdirka zabaltzen omen da, ahaltsu, uda guztiz idorrean baso lehorrean sutea zabaltzen eta hedatzen den bezala. Baina indartsua bezain ahula da sua, eta sendoa bezain hauskorra maitasuna. Maitasunaren suari egurra bota behar zaio egunero-egunero, bortizkeriarik gabe, gau hotzean ez dadin itzal. Eta, sarri askotan, aterpea ipini behar zaio, eurite luzeetan euriak ez dezan itzal. Bai, maitasuna sua bezalakoa omen da: maiteari egunero —alaialdian, gaixoaldian eta makalaldian— «maite zaitut» esatea eta espero ez duenean musu goxoak ematea, suari egurra gozo-gozo ematea da; eta haserrealdietan edo entzuteko garaian maiteari arrazoia onartzea edo harengandik barkamena jasotzea eta hari barkatzea, su gainean euriteko aterpea jartzea da.

        Desamodioa belar txarra bezalakoa da: edonon errotzen da. Imanolen eta Nekaneren artean, huntza horma zaharrean bezala errotu zen: poliki, baina tinko. Eta Imanolek bakarrik aurkitu zuen bere burua hogeita hamahiru urte zituenean. Nekaneren lagun gehienak Nekanerekin joan ziren. Biek batera ezagutu zituztenak ez ziren gehiago azaldu, behin bikotea bereiziz gero, eta Imanolen beraren garai bateko lagunak... izan al zuen lagunik, bada, Nekane ezagutu aurretik? Bat bakarra: Gorka. Ezkongabea. Deitu egin zion. Kafea hartu zuten batera; kafesnea Imanolek, betiko moduan. Garai zaharrak gogoratu zituzten eta kontutxoren bat argitu. Asteburu batzuetan zinera joan ziren elkarrekin, hor nonbait afaldu eta elkarrizketa luzeak izateko. Biak zeuden desamodioak jota eta biek desio zuten maitasunak berriro jo zitzan.

        Bi urte joan ziren horrela eta, hiri ezagunegiaz gogaituta, Imanolek ordurako guztiz ezezaguna zitzaion jaioterrira itzultzea erabaki zuen. Hogeita hamabost urte zeuzkan eta hogei igaro ziren, hain zuzen ere, herritik hiriburura joan zenetik. Azken hogei urteetan ez zuen herria hogei aldiz baino gehiagotan ikusiko, eta beti leku beretsuetan gainera. Harrigarria izan zitzaion, hortaz, herrian hiri berria aurkitzea, denboraz eta patxadaz hona eta hara ibiltzeko moduan izan zenean.

        Auzo berri handiak zeuden, kale zabaletakoak, berak herria utzi zuenean soroak eta zelaiak zeuden lekuan. Etxebizitza-eraikinak eta parkeak ikusi zituen, baratzeak gogoratzen zituen lekuetan. Alde zaharreko etxe asko berrituta zeuden, eta beste asko desagertuta, ordezkatuta. Postetxea beti egondako lekutik kanpoaldera aldatu zuten, eta eliza nagusia eta udaletxea —herri gehienetan elkarren ondoan daudenak— zaharberriturik ageri ziren.

        Imanol deskubrimenduz deskubrimendu zebilen, ustekabez ustekabe, eta ama zaharrak honen eta haren berri ematen zion arren, beti topatzen zuen zerbait harrigarria. Herri handi edo hiri txiki berriko gauzarik nabarmenena Imanolen begietarako, auzoko denda txikien falta zen: bakar batzuk geratzen ziren arren, agerikoa zen jendeak nahiago zituela kanpoaldeko saltoki handiak; autoz joan, autoa bete eta aste osorako erosketak egiteko saltokiak.

        Auzoko denden egoera berriaz jabetzean, Imanol txikitako denda batez oroitu zen bat-batean: Martxeliren komiki dendaz. Laubide auzoan egon zen beti, hiru eraikinen arteko etxarte ilunean eta, igande goiz guztietan, hamar eta hamabost urte bitarteko neskamutiko gehienak joaten ziren bertara asteko saria komikitan gastatzera.

        Martxeli emakume zaharra zen, aste osoan —larunbat eta igande arratsaldeak salbu— denda zabalik edukitzen zuena, munduan beste zereginik ez baleuka bezala. Imanoli beti iruditu zitzaion emakume heldua, ia zaharra, berak 12, 13, 14 eta 15 urte zituenean. Bibotea zuen Martxelik, nabarmena gainera, eta aski zaharra zen. Gizen samarra ere bazen, eta mozkotea aukeran. Ile beltz gristen hasia zuen, atzera orraztua eta ez oso luzea; leporainokoa-edo, ez luzeagoa. Bere bibotea zela-eta, Imanolen adineko mutikoek gizona zela esaten zuten, edo —gutxienez— erdi gizonezkoa eta erdi emakumezkoa. Zenbaitek ezkongabea zela esaten zuen, baina mutikoen ustez (hala kontatzen zioten elkarri, bederen) bere senarrak utzi egin zuen ezkondu ziren egun berean edo, zehatzago esatearren, ezkongauean bertan. Emakume batekin ezkondu zelakoan, gerritik beherako gizonezkoa aurkitu omen zuen senarrak eta bertan behera utzi zuen ezkontza, gizakien eta jainkoaren aurrean.

        Harrezkero Martxeli beti bakarrik bizi izan omen zen. Eta bizitzeko, bere komiki denda zabaldu zuen herriko etxarte hartan. Imanolen adineko mutikoekin ez zen oso ongi portatzen, ez zituen oso gogoko eta arrazoia sinplea zen: komikiak lapurtzen zizkioten oharkabetzen zen bakoitzean. jakinekoa da Martxelik ez zituela komikiak bakarrik saltzen bere dendan: liburuak ere saltzen zituen, heldu, gazte eta umeentzako eleberriak eta ipuinak, eta paperdenda ere bazen bere denda hura, txoko batean koadernoak eta antzerako idazgaiak zeuzkalako.

        Imanolek, Martxeliren denda buruan zuela, Laubide auzoko etxarte zaharrera bideratu zituen urratsak. Hogei urte igaro baziren ere, bazitekeen Martxelik bere dendan jarraitzea, ordurako hirurogeita hamar bat urtekoa izan arren. Hori zen behintzat Imanolek nahi zuena, Laubide auzora iristen zen bitartean.

        Etxarte iluna osatzen zuten etxe zaharrak hantxe zeuden, zutik. Baina margotuta zeuden orain, hori argiz margotuta, eta horrek biziki argitzen zuen etxartea. Inguruko etxe gehienak berriak ziren, baina Martxeliren dendaren gainekoek beren hartan jarraitzen zuten Imanolen pozerako. Beronek, denda ikusi aurretik ere, Martxeli ikusten zuen, oso zaharturik baina alai, liburuz eta komikiz betetako apalen arteko bere mahai zaharrean. Une batez bihotza uzkurtu zitzaion Imanoli, komikiak lapurtzen zituzten mutikoetako bat izan zelako. Baina —pentsatu zuen laster— ezinezkoa zen Martxelik bera ezagutzea, horrenbeste urte igaro ostean.

        Oroiminak eraman zuen Imanol arratsalde hartan Martxeliren dendaraino, eta oroimina min bihurtu zitzaion denda zaharraren parera iritsi eta, haren ordez, arropa denda moderno eta argitsua ikusi zuenean. Aho zabalik geratu zen, arnasestuka gelditu denda aurrean, hara bizkor iritsi nahian urratsak arindu izanagatik. Arropa denda argitsua ikusten zuen, kolore anitzeko arropaduna, jende gaztearentzat diseinatutako arropaz betea. Hogei urte ez dira urte asko herri batentzat, baina denbora luzeegia da hazten ari den hiri batentzat.

        Zer egin ez zekiela geratu zen Imanol, begiak erakusleihoan iltzaturik. Dendara iristeko bide laburrean, behin baino gehiagotan pentsatu zuen oso zitekeena zela Martxeli hilik egotea eta denda itxita aurkitzea. Baina pentsamendua, sortu bezain azkar baztertu zuen. Eta orain, komiki dendarik ez zegoen; ezta Martxeliren arrastorik txikiena ere. Dendan sartu zen, hala ere, toki berriak lehengo zaharraren egitura mantentzen ote zuen ikusteko-edo. Emakume gazte bat irribarretsu hurbildu zitzaion. Dendako jantzien estiloan jantzita zegoen.

        —Arratsalde on. Zer nahi duzu, jauna?

        Jauna esan al zion? Ez zen, bada, saltzailea baino askoz zaharragoa izango. Gizalegez esango zion hura.

        —Komiki saltzailea —esan zuen abokatuak irribarrez—, Martxeli andrea... Bizi al da?

        —Bai, badakit nortaz ari zaren —ihardetsi zion saltzaileak irribarrea galdu gabe—. Bizirik dago, bai, eta betiko emakume ona da. Txikia nintzenean hementxe erosten nizkion komikiak lehenik, eta eleberriak gero. Oso prezio onean saldu zidan denda duela lau urte, txikitandik ezagutzen nauelako, esan zidanez. Oroitzapen onak ditut Martxeliz. Zuk ere bai? Bere bila zabiltza?

        —Komiki denda hemen aurkitzea espero nuen: kanpoan izan naiz azken hogei urteotan eta...

        —Hogei urte denbora luzea da. Denda zaharra ezingo duzu gehiago ikusi, baina Martxeli bera bai. Ordu honetan, eguzkia sartzear dagoela, afalaurreko itzulitxoa egin ohi du Bastarrika parkean. Hemendik hurbil dago; erakutsiko dizut non, hogei urtez kanpoan egon bazara, ez duzu-eta jakingo.

        Bastarrika parkea parke zabal, zuhaiztsu eta eguzkitsua zen, egutera ederrean kokatua. Nola aldatu zen herria! Kanpotar sentitzen zen gizon gaztea, pausoan-pausoan. Parkeko ibilbidean aurrera hasi zen oinez poliki, adineko jendeari arretaz begira. Gizon sabelandiak ikusi zituen eserlekuetan jarrita, umeak jolasean eta gurasoak paseoan eta... amona gizenkote eta mozkote bat, zurezko eserleku batean jezarrita eta ondoko urmaeleko ahateei ogi zatiak ematen, ilea atzera orraztua zuena. Ilea bezain zuria zuen bibote ugari samarra ezpain gainean.

        Gizona amonaren jarlekura hurbildu zen eta inguruko uso batzuek alde batera egin zuten hari lekua uzteko. Baina berehala gerturatu ziren berriz, Martxeliren ahateentzako ogiaren apur gozoak ahal zuten neurrian jaten jarraitzeko. Jarlekuaren ertzean jarri zen Imanol, Martxeligana gehiegi hurbiltzen ausartzeke. Hari zuzenean begiratzen ere ez zen ausartzen, eta ingurura begiratu zuen urduri.

        —Aspaldiko, Imanol. Bizi al haiz?

        Amonaren agurra entzunda, gizona zur eta lur geratu zen. Ez zuen halakorik inondik inora espero.

        —Ezagutzen nauzu? —galdetu zion, galdera irribarre batez apaindurik.

        —Askoren artean ezagutuko hinduket, halako mutiko zantzua gordetzen duk aurpegian.

        —Zu ez zara batere aldatu, Martxeli.

        —Ai ene! Ha, ha! Horrelako gezurrak entzutea, nire adinean ere eskertzen duk.

        Isilik egon ziren aldi batez biak ala biak. Umeen hotsen artean txorien lotarako txio-txioa entzun zitekeen. Airean lore usaina zegoen. Bakea sumatzen zen, jendea lasai zebilen. Hiriaren hazkundeak ez zituen, behingoz, berarekin presa, lehia eta eromena ekarri: ez Bastarrika parkera bederen. Martxelik ahateei jaten ematen amaitu zuen.

        —Komikiak lapurtu nizkizun urteetan, eta damu naiz.

        Hitz hauek aurrera begira esan zituen gizonak, andre zaharrari aitortzaren unean begietara begiratzeko kemenik gabe. Bukatu zituenean bai, orduan begiratu zion andreari.

        —Hire gurasoek atentzioa eman ziaten inoiz kontu hori zela eta? —galdetu zion Martxelik, begietara gizonari zuzen begiratuz.

        —Ez. Zer ba?

        —Ez niean inoiz hitaz ezer txarrik esan.

        —Beste mutiko lapurren gurasoei esaten zenien, ala?

        —Bai, esaten niean, bai horixe! Besterik ez zituen merezi. Gaizki zagok andre zahar bati ezer lapurtzea, baita mutikotan ere.

        —Eta zergatik ez nire gurasoei?

        —Hi nire gustukoa hintzen, Imanol. Zientzia fikziozko eta fantasiazko komikiak lapurtzen hizkidan, ondo gogoan diat. Nik ere oso gogoko diat fantasia.

        Imanolek esku bat jarri zuen Martxeliren beso gainean honako galdera egin aurretik:

        —Zerbait egin nezake zugatik?

        —Zorretan sentitzen haiz nirekin? —itaundu zion Martxelik txantxetan.

        —Orain inoiz baino gehiago.

        —Orduan... —hasi zen Martxeli, oraingoan ahateei begira.