Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Ezhoiko ipuinak

Aitor Arana

narrazioa

Hiria, 2005

 

URTE ZAHAR GAUEAN

 

        Urte Zahar gauaz —eta orohar Gabonez— kokoteraino nengoen hogeita hiru urte nituenean. Erlijio aldetik ezer berezirik ez zidan urtaro horrek inoiz esan; erlijio zentzurik ez baitzren niretzat, egia esan, egundo izan. Zortzi senidetan azkena naiz, uzkerrumea, Maite txikia, eta txikitako Gabonez dudan oroitzapen polit bakarra aitonamonen etorrera da. Amaren gurasoak gurera etorri ohi ziren eta etxean hamar bat egun egiten zituzten. Baina hark, zoritxarrez, ez zuen luzaro iraun, etxeko txikiena izanik, koskortu nintzenerako aiton-amona errukiorrak zendu egin baitziren. Lehenik aitona eta handik urtebetera amona.

        Harrez gero Gabonak —eta bereziki Urte Zahar gaua— errotik aldatu ziren. Pixkanaka-pixkanaka aitonamonen lekua neba-ahizpa nagusi ezkonberrien senaremazteek bete zuten eta —ni nerabezaroan bete-betean sartua nintzela— ohitu ez, baina neure burua derrigortu egin behar izan nuen eta jaiegunetako bazkalorduetan koinatuen zain egoten ikasi nuen. Izan ere, etxera etorri aitzin txikiteoan ibili beharra zeukaten nahitaez. Etxean geundenak, berriz, beti haien zain. Aspertu eta gogaitu egiten gintuen kontu hark, baina hartantxe iraun zuen kexuak kexu. Txikiteroek beti zuten arrazoiren bat berandu heltzeko:

        —Bai, bada, badakizu: aspaldiko Urliarekin topo egin dugu. Eneee! Zenbat urte hura ikusi gabe! Soldadutza garaitik bai, gutxienez.

        Gainera ni etxezulo handia bihurtuta nengoen. Baziren urte batzuk hilabetean behin bakarrik ateratzen nintzela lagunekin eta horrek, jakina, hemeretzi urte bete nituenerako la lagunik gabe geratzera eraman ninduen.

        Eta Gabonetan, urtero-urtero, garai horrek berez zekarzkidan tristura eta malenkoniaz gain, ahizpa nagusi ezkonduen senarren zain eta zain egon behar. Askotan ixkimixki beroak nire begien aurrean hozten ziren itxaronaldi haietan: otarraintxo egosiak, kroketak, muskuilu beteak, txibierroak... Ai!

        Hogeita hiru urte bete berri nitueneko Urte Zahar gau hartan ere koinatuak berandu samar iritsi ziren afaltzera. Nik odola irakiten neukan arren, ez nuen deus esan ahizpak euren senarrekin nahikoa haserretu zirela konturatu bainintzen. Afariak, dena den, laster egin zuen onera eta poliki-poliki giroa goxatuz joan zen. Nik, ordea, ez nuen amore eman nahi izan eta nire aiherrak txingarrek baino goriago irauten zuen.

        Derrigorrezko turroia —gorringozkoa aukeran— jan bezain azkar, ez espainiarra delako, baina bai inozoa iruditzen zaidalako gorrotoa diodan gauerdian mahatsak jateko ohiturari muzin egin eta, neure bizitza osoan lehen aldiz, kalera atera nintzen halako gauaz.

        —Baina nora hoa, Maite? —galdegin zidan amak.

        —Lagun batzurekin geratu naiz. Gero neure etxera joango naiz, ama, eta ez egon zain. Bihar bazkaltzeko garaian azalduko naiz. Bihar arte denoi.

        Lagun batzuekin geratu nintzela. Bai zera! Nora joanik ez neukan, nor ikusirik ere ez. Baina oso garbi neukan ez nuela etxean geratu nahi koinatu baten taberna giroko ehiza-kontuak entzuten eta bestearen lantegiko ugazabaren alukeria egin berriak ezagutzen. Hor konpon! Beraiek, puruak erre eta erre jo ta ke hantxe gustura baldin bazeuden, egotea zeukaten. Baina nik ez neukan afaloste negargarri haietan berriro geratzeko batere asmorik.

        Gaua freskoa zen eta euria ari zuen.

        Gogoko nuen euria nire berokiaren txanoa buru gainean jotzen. Ez nuen hartu autoa. Gure herrian Gabon gauean la ez da jenderik izaten kalean, baina Urte Zaharretan dezente ibili ohi da. Oinez ordu laurden batedo egin ondoren, taberna berri eta niretzat ezezagun bat begiztatu nuen: «Taberna taberna» Alajaina! Nagusiek sinpletasunean originaltasun maila nabarmena lortu zutela aitortu nion neure buruari. Horrela, Taberna tabernara sartu nintzen kamamila-edo hartzeko asmoz, etxean nahikoa edari edanda bainengoen.

        Gertatu zena, egia esan, ez nuen inondik inora espero. Bakarrik zegoen mutil ezezagun bat suertatu zitzaidan ondoan eta tabernariari eskatu niona hartzera gonbidatuko ninduela esan zidan irribarrez. Haren begi marroiak eta bekain sarriak politak iruditu zitzaizkidan. Ikatza baino beltzagoa zeukan ilea, zapal-zapala. Izena Josu zuela adierazi zidan, eta laster hasi ginen kontu-kontari. Josuk ni gonbidatzeko ausardia eduki izanaz pozik nengoen; baitata neuk onartu izanaz ere. Denbora airean joan zitzaigun. Ez genuen urte berriaren etorrera ospatu, hain geunden geure elkarrizketan barneraturik, zorionez eta zoriontsu.

        Nire etxeko logelan, izara garbi artean hartu ninduenean, biok irrikitan geunden. Zertan uka? Maisuki eta bereziki goxo ematen zidan musu ezpainen barnealde hezeaz. Josuren ar izatea eta nire eme izatea izate bakar bihurtu ziren, zorionaren altzoan. Maitasunaren zorabiozko uhin goienetan, hasperen, arnasbehar eta usainketa goxoek lagunduta, batasunaren zuku urtsua eskaini genion elkarri eta, Josuk kondoia erantzi eta korapiloa egin ondoren, lo geratu ginen bata bestearen alboan.

        Biharamunean esnatzean berriro ekin genion eta, lagunak beste kondoi korapilatu bat ohe alboan utzi ondoren, dutxatu egin ginen eta elkar agurtzean honela galdetu nion:

        —Laster hots egingo al didazu?

        Ezetz, berak, ez zuela uste. Nola ezetz, ordea? Orduan telefono zenbakia eskatu nion eta berak ahazteko esan zidan, begietara begiratu gabe. Nola ahazteko? Ongi pasa genuela, baina horrek ez zuela besterik esan nahi. Ez beretzat, bederen.

        Joan egin zen eta etxean bakarrik geratu nintzen.

        Ez nekien zer egin, barre ala negar. A zer leloa, zorioneko Josu!

        Orduan erlojuari begiratu, eta gurasoenera bazkaltzera joateko berandu samar zela ohartu nintzen. Logela azkarazkar jaso eta... oi, ez! Ohe ondoan botatako kondoietako bat hutsik zegoen, biek ahoan korapiloa eginda bazeukaten ere. Eta zoruan hazi arrastorik ez zegoen. Kaka zaharra! Tira, berdin zion; ez zen ezer gertatuko. Gurasoenera berandu nindoan, baina autoa trebe erabiliz gero, garaiz iritsiko nintzen; koinatuak baino lehen bai, hori seguru. Oraingo Gabonak erabat ezberdinak dira.

        Orain Josune txikia beti daukat ondoan. Badauzka hiru urte eta Urte Zahar gau guztietan «Taberna taberna»ra eramaten dut pixka batez. Halako batean, agian, bere aita ezagutzeko aukera izango du, eta nik kondoi apurtezin kaxa bat oparituko diot.