Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Ipuin-entzulea

Aitor Arana

narrazioa

Euskaltzaindia-BBK, 2001

 

        Itziar Mantxola pozik zegoen. Bere jaioterriko Kultur Etxeko hitzaldi aretoan jendaurrean eseri zen. Mahai gaineko mikrofonoa piztu eta ongi zebilela baieztu zuen. Entzuleak adi-adi zegozkion. Gehienak nerabeak ziren, neska-mutil oso gazteak, baina gurasoak eta irakasleak ere bazeuden aretoan. Eta denen begiek Itziarren irudia berenganatzen zuten. Ile horixka zeukan emakumeak; zalantzarik gabe, txikitan oso neska horail polita izan zen. Urrezkoak ez baziren ere, urre koloreko betaurreko arinak zeramatzan; dezenteko miopia gainditzen laguntzen zioten betaurrekoak. Alkandora larua zeraman eta traje polita osatzen zuten jaka eta gona beixak. Galtzerdi marroi argiek eta kolore bereko zapatek egun hartako bere janzkera osatzen zuten. Ezpainak marroi argiz margotuta zeramatzan. Itziar Mantxola, hogeita hamabost urteko emakume idazlea, pozik zegoen, hortaz, hitzaldi aretoko jende mordoaren aurrean; gela leporaino beterik baitzegoen.

        Abentura eta maitasuna, ibilaldiak eta gorabehera handiko amodio sutsuak ziren Itziarren liburuen osagai erakargarrienak. Hori ongi zekien aretoan bildutako orok, denek irakurriak baitzituzten bere liburu guztiak edo ia guztiak. Kultur Etxeko arduraduna zen emakume heldu batek idazlearen aurkezpena egin ondoren, azken hau hizketan hasi zen:

        —Arratsalde on eta eskerrik asko etortzeagatik. Zuei hitzaldi luze edo labur bat eskaini, eta gero galderak egiteko aukera eman beharrean, oso gustura erantzungo nituzke zuen galderak lehenik. Ziur naiz horiek bestelako gaiak garatzeko bide izango direla. Beraz, anima zaitezte eta ea nork egiten duen lehena.

        Isilune aski labur baten ostean, atzeko eserlekuetako gizon batek eskua altxatu zuen. Ia burusoila bazen ere, luze samarra zeukan ilea, atzera orraztuta. Bibote fin tentea ere bazeukan eta traje urdin iluna zeraman gorbata eta guzti. Oso argala zen.

        —Zure eleberriak ipuin luzeak iruditzen zaizkit. Hala al dira? —izan zen bere galdera zuzena.

        —Tira —Itziarren erantzuna—, ez nuen horrelako galderarik espero... Ez nuke esango denak ipuin luzeak direnik, baina asko eta asko izan zitezkeen edo agian ipuinen bat dute oinarri. Dena den, nire eleberriak inori ipuin luzeak iruditzea lore gisa hartzen dut eta zinez gustatzen zait.

        Gizonak buruaz baiezko keinu antzeko bat egin zuen, idazlearen ihardespena eskertuz bezala. Irribarre egin zuten biek. Jarraian gazteak hasi ziren galdezka:

        —Ezkonduta al zaude?

        —Noiz hasi zinen idazten?

        —Zenbat kobratzen duzu?

        —Lesbiana al zara?

        —Jainkoarengan sinesten al duzu?

        —Asko irakurtzea ona al da?

        —Zenbat denbora behar izan zenuen Gazteluko giltzak idazteko?

        —Erderaz ere idazten al duzu?

        Itziarrek galdera gehienei luze eta zabal erantzun zien. Pertsonalegiak irizten zienak bakarrik uzten zituen ihardetsi gabe. Galdeketa-hitzaldi moduko hark bi ordu inguru iraun zuen eta, amaitzean, bertako ia guztiei sinatu behar izan zien libururen bat. Gehien sinatu zuena Gazteluko giltzak izan zen; berriena hain zuzen ere.

        Idazleak hitzaldi anitz egiten zituen Kultur Etxe eta ikastetxe askotan. Gogotsu, gainera, idaztea egiazko lanbide sentitzen baitzuen. Gogoko zuen idaztea eta ilusio handiz sortzen zituen bere liburuak. Hamabost urte zituela hasi zen idazten eta hogeita hamar zituenean etorri zitzaion arrakasta irabazitako sari handi eta ospetsu bati esker. Egun hartan jaioterrian zegoenez gero, lagun eta ezagun asko agurtu zituen liburuak sinatzean. Baita ondoren ere, noski, aretoko ate ondoan.

        Gaueko hamarretarako ezer gutxi falta zen bakarrik geratu zenean. Afaltzera gonbidatu zuten, jakina, baina ez zuen onartu, gizalege handiz, etxera joan beharra zeukalako. Ez zen jaioterrian bizi, handik kilometro askora baizik. Beraz, Kultur Etxetik irtenda bere autora abiatu zen zuzenean. Motorea piztu eta gaueko bakean barneratzen hasitako herria atzean utzi zuen. Zein hartzen zuen begiratu gabe, autoan zeramatzan kasetetako bat hartu eta irratikasetean sartu zuen. Olatz Zugaztiren Kantu baten bila nabil zen.

        Halako batean idazleak autoa gelditu behar izan zuen bere helmugara iritsi baino askozaz lehenago. Kamioitzar bat errepidean zeharka geldituta zegoen. Ez zirudien istripua izan zenik, baina Itziarrek une hartan ulertzen ez zuen arrazoiren bategatik, kamioia hantxe zegoen, ez atzera, ez aurrera. Motorea itzalita zuela iruditu zitzaion. Orduan kamioi gidaria izan zitekeena, ibilgailuaren kabinatik atera eta idazlearengana abiatu zen. Azken honek autoko musika isildu eta leihatila ireki zuen.

        —Gabon, andereņo —agurtu zuen gizonak.

        —Gabon, bai. Zer gertatu da? Laguntzarik behar duzu?

        —Kontuz, andereņo! Zure atzean!

        Itziarrek ozta-ozta izan zuen atzerako ispilutik begiratzeko astia. Auto bat atzetik abiadura handian hurbiltzen ari zitzaion eta ez zirudien gelditzeko asmorik zuenik. Balaztatu gabe, bete-betean jo zuen Itziarren autoaren atzealdea. Idazlearen buruak atzera egin zuen bortitz kolpe handiagatik eta eskerrak emateko moduan izan zen, lepoa ez baitzitzaion hautsi aulkiaren burukoari esker. Bizkar-lepoak minberaturik, emakumea autotik atera zen kamioi gidariaren laguntzaz. Beronek orduan zapi busti bat ipini zion ahoaren eta sudurraren gainean. Konortea galtzen hasi eta Itziarrek, burua zeharo nahasirik, bere pertsonaia batzuei hainbat eleberritan gertatutakoa jazotzen ari zitzaiola pentsatu zuen. Eta, begiak itxi eta lorik sakonenera jausi aurretik, autoa atzetik jo zuen gidaria beragana irribarrez hurbiltzen ikusi zuen. Ikusi soilik ez; ezagutu ere egin zuen. Kultur Etxeko hitzaldi aretoan bere eleberriak ipuin luzeak iruditzen zitzaizkiola esan zion gizona zen, bibote fina irribarre maltzurrean okertzen zitzaiola.

        Hurrengo egunean, eguerdi aldean, Itziar ohe erosoan eta logela handi batean esnatu zen. Begiak ireki eta gortina luzeek leiho handi bat estaltzen zutela ikusi zuen, betaurrekoak kendu gabe baitzegoen. Horrek une batez harritu zuen, berak —edonoren moduan— beti kentzen baitzituen betaurrekoak oheratu aurretik. Jarraian gortinek estaltzen zutena balkoia zela ohartu zen, ez leihoa; horregatik ziren hain luzeak gortinak. Garbi zegoen hura ez tela bere logela eta, beraz, non arraio ote zegoen itaundu zion bere buruari. Eta burua izan zen une hartan mugitu nahi izan zuena, baina min sentitu zuen hiru leku ezberdinetan aldi berean: buruan, lepoan eta bizkarrean. Geldi egon zen, hortaz. Begiak itxi eta gertatu zena gogoratzen saiatu zen.

        Inondik inora ezin zuen imajinatu une hartan bertan telebista katea gehienak bere desagertzeaz informatzen ari zirela. Autoa bide bazterrean atzea jota azaldu zela zioten eta Itziar Mantxolaren arrastorik ez zegoela. Inork haren senitartekoei telefonoz hots egin ez zuenez gero, ez zegoen ziur egoterik, baina poliziak bahiketa itxura hartzen zion gertatutakoari. Zena zela ere, itxaron baizik ezin zen egin.

        Ohetik jaiki eta kamisoi hori eder bat jantzi ziotela ikusi zuen. Jantzi egingo zioten, bai, berak behintzat ez baitzuen gogoratzen jarri zuenik. Kamisoi horia oso gustuko zuela pentsatu zuen une batez eta pentsamendu huraxe bitxia iruditu zitzaion. Baina adimenak berehala alde egin zion kontu hartatik uso izutuen gisan, barrean irrika bizi bat zebilkion eta: non demontre ote zegoen jakin nahia. Ohe ondoko alfonbra zabal eta guriaren gainean zutik, behingoan ikusi zuen bila zebilena, aulki ile guriz azaleztatu batean: txabusina. Hura ere horia zen.

        Logelako atea ireki eta pasilu luze batean ikusi zuen bere burua. Zalantzarik ez zegoen, pasilu ongi apaindua ikusi ondoren, etxe osoa logela bezain aberatsa zela. Nonbaiteko erlojuak eguerdiko hamabiak jo zituen. Pasilua eskuinaldetik leiho batean amaitzen zela ikusi zuenez, Itziarrek ezkerrera egin zuen. Espero zitekeen bezala, beheko solairura zihoan eskailera topatu zuen. Zabala zen eskailera eta bertatik, aurrez aurre, kalekoa izango zen ate handia ikus zitekeen. Bai, kalekoa behar zuen, eguzki izpiak bere gaineko kristal irudidunetatik sartzen baitziren airea margotuz.

        Buruko, lepoko eta bizkarreko minak ahantzi ezinik, emakumea eskaileraren behealdean gelditu zen aiko-maikoetan.

        —Egun on, Mantxola andereņoa! Edo eguerdi on esan behar nuke agian.

        Gizonezko ahotsa ezkerraldetik etorri zela iruditu zitzaion Itziarri eta harantz biratu zuen burua. Esku bat ipini behar izan zuen lepoan ondorioz, zain tiratu moduko bat sentitu baitzuen. Ez zuen inor ikusi, baina hantxe zegoen egongela itxurako gela bere osoan ikusterik ez zuenez gero, hara abiatu zen. Bertan, leiho luze eta argitsuaren ondoko besaulki eroso batean eserita, aurreko egunean hitzaldi aretoan ikusitako gizon biboteduna zegoen. Orain ere atzera orraztuta zituen ile urriak, baina ez zeraman trajerik jantzita; praka urdinak eta jertse berdea zeramatzan. Oinetan, berriz, etxeko zapatila koadrodunak. Gizonak liburu bat zuen ezkerreko eskuan: Itziar Mantxolaren Gazteluko giltzak.

        —Zergatik nago hemen? Non dago nire autoa? O, hau buruko mina...! —esku bat jarri zuen garondoan—. Telefonoz deitu beharra daukat.

        —Ondo lo egin al duzu? —galdetu zion gizonak adeitsu eta axolagabe aldi berean. Ume batek ere antzemango ziokeen bere irribarre faltsuari.

        —Ez, oso gaizki! —Itziarren erantzun zakar eta haserrea—. Gorputz osoa minbera dut eta ez dakit non nagoen.

        —Eser zaitez nirekin, mesedez —gonbidatu zuen gizonak bere aurrealdeko besaulki guria esku zabalaz seinalatuz—. Ez zaitez kezka: nire sendagile pertsonalak ezer txarrik ez duzula esan du eta mina laster joango zaizula. Lasai eseri eta gosaldu egin behar zenuke. Nahi al duzu gosaria ekar diezazuten agin dezadan?

        —Ez, eskerrik asko! —Idazlearen haserrea gero eta handiagoa zen—. Gauza pare bat esango nizuke gustura.

        —Bai? —gizonak irribarrez.

        —Nire azken liburuaren ale bat zuk edukitzeak ez dit zure alde ezer esaten. Eta, tinkotasun osoz diotsut, nire arropak eta autoa itzultzeko eskatzen dizut. Joan egin nahi dut hemendik. Lehenbailehen!

        —Joateko libre zara. Ez duzu zure arropen eta autoaren beharrik hemendik alde egiteko. Txabusina eta zapatila hori horiekin ederra baino ederrago zaude. Zoaz nahi duzunean.

        —Banoa, beraz! —Itziarrek, zut eta tente oinez aurrera eginez.

        —Ongi joan, Itziar andereņoa! —agurtu zuen gizon bibote zelebredunak.

        —Ongi izan... —une batez Itziarrek zalantza egin zuen perpausa bukatzeko behar zuen hitz egokiaren bila— ...txakila!

        Egongela aberatsetik irtetean gizonaren barre algara entzun zuen eta horrek haserrea areagotu zion. Erabakior abiatu zen irteerako atera. Atea zabaltzean eguzkiak bete-betean jo eta begiak pixka batean itxi behar izan zituen. Argitasun bizira ohitu zenean lorategi luze, zabal, handi eta ederra ikusi zuen, ongi zaindua eta soropila soldadu baten ilea bezain ongi moztua zuena. Nahiko urrun, lorategiaren muga erakusten zuen harresia ikusi zuen, luzea baina ez oso altua, ondoan landare berde mordoa zuena. Eta etxeko atariaren pare-parean edo, gauza bera esateko, Itziaren aurrean burdinazko ate zuria zegoen. Hura igaro eta idazlea kanpoan izango zen. Ez zuen inor ikusi eta erraza iritzi zion irteteari. Oinez hasi zen beraz, atariko eskailera zabalak jaitsi ondoren, zapatila goxoez soropil ongi zaindua zeharkatzen zuen harlauzazko bidea zapalduz.

        Aurrera zihoala, gero eta urduriago zegoen. Zerbaitek esaten zion gizon bibotedunak ez zuela bahitu gero hain erraz alde egiten uzteko, pentsatzekoa zenez. Burdinazko ate zuria gero eta hurbilago zeukan. Halako etxe aberatsetan beti egoten ziren zakur etxezainak, dobermanak edo... Ez ote zegoen halakorik han? Bai! Bat-batean, nondik irtenda ez zekiela, Itziarrek bi zakurtzar beltz ikusi zituen ezkerraldetik korrika beregana hurbiltzen. Eta beste bi eskuinetik. Denak zaunkaka zetozen, zein baino zein amorratuago. Emakumea gelditu egin zen. Ate zuritik bost bat metrora zegoela, sorbaldak altxatu eta eskuak bihotz gainean jarri baizik ezin izan zuen egin, zakurren horzkaden zain.

        Etxekojaunak —gizon bibotedunak, alegia— txistua jo zuen, ordea, ataritik. Txistu tinko eta irmoa entzun zen, agintzen ohituta dagoen pertsonarena. Zakurrak kolpean gelditu ziren, laurak batera, emakumeagandik metro erdi eskasera. Idazlearen bihotza bularretik atera beharrean zebilen taupada bortitzetan.

        —Mantxola andereņoa! Zatoz etxera, otoi! —oihu egin zion gizonak atzetik.

        Zer egin zezakeen? Sorbaldak beheratu eta eskuak bihotz gainetik kendu gabe, Itziarrek etxeko atarira egin zuen atzera. Zakurrak, isilik eta mihiak ahotik zintzilik, bere ondotik zihoazen deabru zaindarien gisan. Atariko eskaileren ondoan gelditu eta lurrean eseri ziren laurak bateratsu Itziar atarira, gizonarengana, igotzen zen bitartean.

        —Nire zakurrak esanekoak dira, ezta? —galdetu zion etxekojaunak irribarrez.

        Erantzun gabe, emakumeak txabusinako poltsikoetan sartu zituen eskuak. Ikaratuta jarraitzen zuen.

        —Nor zara? Eta zer nahi duzu? —galdetu zion gizonari begietara begiratu gabe, halaxe onartuz bere eskuetan zegoela.

        —Fermin dut izena. Fermin Lasa. Eta ipuinak oso gogoko ditut. Eleberriak baino askozaz gehiago gustatzen zaizkit. Milaka irakurri ditut nire bizitzan —esan zuen poz-pozik.

        —Eta?

        —Nola? Ez duzu oraindik asmatzen? Atzo esan nizun, hitzaldi aretoan.

        Emakumeak orain begietara begiratu zion, hantxe, atarian zutik, aurrez aurre zeukan gizon helduari. Etsai zuen.