Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Errege hilobia

Aitor Arana

nobela

Elea, 2006

 

Oņa. Burgos. 1490eko urria

 

        Euria ari zuen goian-behean gau ilunean, eta oinaztargiak ziren Oņako mendilerro luzea tarteka argiztatzen zuten bakarrak. Hotza ere bazen gaua, aurreraturik zetorren neguaren iragarle. Mendilerroaren goialdean, baso arteko Frias herrirako bidean esaterako, elurra ikusiko zukeen norbaitek, hara igotzeko lana hartu eta bizia arriskatzeko gogoa izan balu. Izan ere, haize bortitza herriko euriaren eta gailurretako elurraren lagun zebilen; euriaren lagun eta gizakiaren etsai. Hori guztia, gainera, basoan ager zitezkeen otso gosetiak kontuan izan gabe.

        Oņa herrian, otso begi-zorrotzengandik salbu, antza, euri biziak Done Salbatore monasterioko hormak zigortzen zituen. Bertako eraikinen artean santu beraren izena zuen eliza ere eguraldi txarraren erasopean zegoen, baina ez zirudien haizearen bultzaden eraginez dardaraka zegoenik, herriko etxe zaharrenak bezala. Eliza berritu berria zen; handiagotu egin zuten kapera nagusiaren aldetik, aldareari leku zabala eskainiz. Horrezaz gain, errege-hilobientzako lekua ere egin zen aldarearen eskuinaldean, eta kondeen hilobientzako lekua ezkerraldean. Errege eta konde hauek guztiek, laster hilobi berrietan sartuko zituztenak izaki, nolako edo halako erlazioren bat zuten Done Salbatore monasterioarekin.

        Monjeek ezkerraldeko hilobietan sartuko zituzten gorpuzkiak Antso kondearenak ziren, eta haren emazte Urraka anderearenak. Era berean, bien seme On Gartzia infantearenak eta On Felipe eta On Henrike infantearenak. Eta eskuinaldeko hilobietara aldatuko zituzten gorpuzkiak errege-erregina handienak ziren: Gaztelako Antso II.arenak —Oņara lurperatzera Cid Campeador-ek berak eramana—, Nafarroako Antso III.a Nagusiarenak eta haren emazte Munia anderearenak. Gisa berean, Gartzia errege infantearenak —Alfontso VII.aren eta Berengela anderearen semea bera—.

        Errege-erregina eta konde-kondesa hauek guztiak Done Salbatore elizaren sarreran ehortzita egon ziren azken mendeetan, eta ba omen zen garaia, monasterioko agintarien aburuz, haiek leku duinago batean hilobiratzeko. Zer leku hoberik aldare nagusiaren ezker-eskuinean baino?

        Gau hotz eta euritsuan, beraz, hilobi berriak garbi eta distiratsu zeuden, euren jabe berriak izango zirenen zain. Oinaztargiek hilobiok ere argiztatzen zituzten, elizako leiho estu eta ilunetako zirrikituetatik sartzean. Une hartan norbait egon balitz haiei begira, laster ohartuko zatekeen hilobi berriak ez zirela harriz edo marmolez eginak, errege-hilobi gehienak izan ohi diren bezala, baizik eta zurez, zur landu ederrez. Intxaur-egurrez eta ezpelez egindako artelan gotiko-mudejar bikainak ziren, Pedro de Valladolid fraideak eginak.

        —Jainko maitea! —emakumezko ahots bat entzun zen eliza barruan, trumoi ikaragarri batek jo eta paretak dardaraka jarri ondoren.

        —Ezin genuen gau okerragorik aukeratu gure lana egitera etortzeko— esan zuen orduan beste ahots batek, gizonezko batek.

        Ahotsak elizako sarrera aldetik zetozen, kandela pare baten argitasunari antzeman zekiokeen lekutik. Gaztelaniaz hitz egiten zuten. Emakumea heldua zen, berrogei bat urtekoa, eta arropa sendoz jantzita zegoen; artilez eta oihalez egindako negu-arropaz. Gona luzea zeraman eta oinetan larruzko zapatak. Txanodun kapa beltza ere bazeraman, euritan babesteko jantzia. Gizonezkoa, berriz, gaztea zen, hogeita bost bar urtekoa, eta blai eginda zegoen. Monjea izaki, monasterioan bertan bizi zen eta, gauez elizara joateko monjeen etxebizitzatik irten, eta monasterioko etxartea eta kalostra besterik zeharkatu behar ez zuenez, kaparik gabe atera zen etxebizitzatik. Etxartea igarotzean euri biziak mela-mela eginda utzi zuen.

        —Lehenbailehen bukatu behar dugu, gainera Jarraitu zuen monjeak-: orain hamaikak dira, hor nonbait, eta hamabietan gauerdiko otoitzaldia izango dugu. Han egon behar dut, derrigor.

        —Lasai, Migel, lasai. Han izango zara. Behar dugun guztia ekarri dut, baina nahiago nuke denbora pixka bat gehiago izan bagenu. Oraindik hiru gau falta dira ilbeterako...

        Emakumea eta monjea, elizako ate nagusiaren ondoan, sarrerako hilobiei begira zeuden. Hilobi jakin baten ondoan zutik geratu ziren, hala ere: Nafarroako Antso III.aren hilobiaren ondoan.

        —Egia —monjeak, errege nafarraren harrizko hilobiari begira—. Ilargi betea arteko denbora izan bagenu, edaria emango geniokeen erregeari, eta lasai-lasai eramango genukeen Orreagara. Orain, aldiz, dena korrika eta presaka egin beharko dugu.

        —Eskerrak, gutxienez, eguraldi negargarri honek sudurluzeak urrun mantenduko dituen.

        Bi kandelen argitan, bi lagunek Antso Nagusiaren hilobia ireki zuten. Harlauza liburu etzan baten azala bezala ireki, eta paretaren kontra jarrita utzi zuten. Harrizko hilobiaren barruan zurezko hilkutxa bat azaldu zen. Beste trumoi bat entzun zen. Monjeak, zurezko hilkutxaren estalkia altxatu zuen bi eskuez. Bazekien aski arina zela, eta horregatik kendu zuen berak bakarrik.

        Antso III.a errege hilaren gorpua oso-osorik bistaratu zitzaienean ez ziren harritu. Harridurarik ez, baina miresmena bai; biek sentitu zuten miresmen handia. XI. mendearen hasieran Iruņeko erresumaren edo geroagoko Nafarroako erresumaren errege izandakoaren gorpua zurbil eta hotz zegoen. Bizarduna zen, ile luze samarrekoa, eta lihozko oinetarainoko alkandora antzeko jantzi zuri bat besterik ez zeukan soinean. Oinutsik zegoen.

        —Sinesten duzu Gure Errege berpiztu egingo dela, Berta? —galdetu zion monjeak emakumeari, errege etzanari begiratzen zion bitartean.

        Emakumeak gazteari begiratu zion; zergatik jakin gabe, haren ile bustian erreparatu zuen.

        —Zalantzarik ez dut; ikusi besterik ez dago nola bereganatzen duen edaria. Mingarria zait, ordea, neure begiez ikusterik ez izatea. Denbora luzeegia falta da Antsoren esna aldi berrirako.

        Monje gazteak emakumeari begiratu zion beste galdera bat egin aurretik:

        —Oraindik ez du loaldiaren erdia ere bete, ezta?

        —Ez... —hasperen sakona egin zuen Berta izenekoak—; oraindik erdia ere ez. 1504an osatuko du erdia, hamalau urte barru.

        —Eta gero, beste bostehun urte beharko dira, mila urteko loaldia osatzeko.

        —Hala da —esan zuen Bertak, ondorengoa modu erabakigarrian esateko—. Baina gu ez gaude hemen Errege bizirik ikusiko ez dugulako negarra jotzeko. Katearen kate-begi bat besterik ez gara gu, Migel. Egigun, beraz, ongi gure lana. Tira!

        Oņa osoan Bertak eta Migelek bakarrik zuten Antso Nagusiaren egoeraren berri. Emakumea petrikiloa zen, eta bera baino askoz zaharragoa zen beste emakume petrikilo batengandik izan zuen erregearen sekretuaren berri. Erregearentzako edaria prestatzeko errezeta ezkutua ere harengandik jaso zuen. Eta hark, aurreko petrikiloagandik, eta beste hark aurrekoagandik, eta horrela mendeetan zehar, Antso Nagusiaren heriotzaren urtera heldu arte, 1035era arte. Migelek ere, monje zahar batengandik jaso zuen sekretua monasterioan, eta erregearen zaintza bereganatu zuen, mendez mende Done Salbatore monasterioko elizan hainbat monjek bizitza osoan zehar egin zuten bezala: isilean eta gordean. Bertako erretoreak eta nagusiek ere ez zuten sekretu handiaren berri. Eta ez zuten izan behar, Antso Nagusiaren beraren segurtasunerako, gutxienez, haren berpiztea gertatu arte.

        Gauzak, ordea, okertu egin ziren 1479an, Done Salbatore elizaren jabeek bertako hilobiak lekuz aldatzea erabaki zutenean. Hilobi berriak Pedro de Valladolid fraideak egin behar izan zituen, eta hamaika urteren buruan amaitu zituen: 1490ean. Ondorioz, Antso Nagusia lekuz aldatu beharra zegoen, nahitaez, bi arrazoirengatik: inork ez zuelako haren egoeraren berri izan behar (eta hilobi berrira aldatzean usteldu gabe zegoela ikusiko zuketen), eta funtsezkoa zelako erregea beti jatorrizko bere hilkutxan mantentzea, usteldu gabe kontserbatzeko ematen zitzaion edariak bere eragin bizigarria izango bazuen.

        Aldaketa gehiago eragingo ez zituen eta, aldi berean, inguruan beti petrikiloak eta erlijio gizonak izango zituen leku bat aurkitu behar izan zuten Bertak eta Migelek. Oso garrantzitsua zen, gainera, leku berrian erregeren baten hilobia egotea lehendik, Antso Nagusia haren barruan babestu ahal izateko hilkutxa eta guzti, inoren susmoak sorrarazi gabe. Orreagan Antso VII.a Azkarra zegoen, elizan hobiraturik.

        Berta petrikiloa Orreaga herri nafar txikiaz oroitu zen. Erregea hara eramanez gero, Berta bera inguruko basoetan bizi ahal izango zen, landareak beti eskura, eta Migel erraz sartuko zen Orreagako kolegiatan, han beti behar baitziren erlijiosoak eta sendagileak erromesen zerbitzurako. Monjea izateaz gain, apaiza ere bazen Migel, eta asko zekien medikuntzaz, zaletasun handia zuelako gai hartan.

        —Kontuz! Kontuz! —agindu zuen Bertak, berak hanketatik eta Migelek besapeetatik heldu ziotenean erregeari.

        Zurezko hilkutxatik atera, eta lurrean hartarakoxe zeuzkaten zaku huts batzuen gainean jarri zuten gorpua.

        —Azkar, azkar! —Bertak berriro—. Minutu bat ere ez du egin behar hilkutxatik kanpo!

        Hilkutxa harrizko hilobitik atera zuten ziztu bizian, eta tximistak airean sartu zuten berriro erregea hartan. Oinaztargiek tarteka argi egiten jarraitzen zuten eta, halakoetan, haien argi zuriak kandelen argi horia gainditzen zuen.

        —Hemen dauzkat hezurrak! —ia oihu egin zuen Migelek hura adierazteko, hain indartsu zebilen haizea txistuka.

        Elizaren sarrerako txoko batetik, zaku beltz bat hurbildu zuen kandeletara, eta haren edukia erakutsi zion Bertari.

        —Norenak dira? —galdetu zuen Bertak.

        —Buru-hezurra bakarrik da gizaki batena, eta ez dakit norena den. Hilerritik hartu nuen atzo; zaharra dirudi eta garbia daga. Gainerakoak ardi-hezurrak dira.

        —Ongi. Inor ez da inoiz konturatuko.

        Hezurrak zakutik atera eta Antso Nagusiaren hilobi barruan utzi zituzten.

        —Eta orain zer? —begietara begiratu zion monjeak Bertari, galdera hura egitean.

        —Ez dut Erregek bidaiarik egiterik nahi, edaria hartu berria izan arte. Ilbeterako hiru egun falta direnez, etxean edukiko dut nirekin. Hiru egun horiek pasata, Orreagara eramango dugu.

        Migelek baiezko keinua egin zuen buruaz, adostasuna azalduz.

        —Orain zaude hemen pixka batean —jarraitu zuen Bertak hizketan-. Kalean konfiantzazko gizon bat daukat gure zain gurdi batekin. Hilkutxa ongi estaliko dugu larruz busti ez dadin, eta gizonak hemendik eramaten lagunduko digu berak ere ezer ikusi eta jakin gabe.

        Bertak eta Migelek txanponen txin-txin hotsa maite zuen gizon baten laguntza izan zuten gau hartan. Gero, Migel gauerdiko otoitzaldira ozta-ozta heldu zen garaiz arropa lehorrak jantzi ondoren. Egun batzuen buruan Orreagan bizi izaten jarriko zen eta, inoren susmorik piztu gabe, Antso III.a Nagusiari Bertak prestatutako edaria emango zion ilargi beteko gau guztietan, guztiz zaharturik hilko zen arte. Eta zahartzen zenerako, Orreagako kolegiatan biziko zen konfiantzazko apaiz gazteren baten isilpeko laguntza izango zuen.