Aitor Arana
nobela
Hiria, 2005
JON (1980)
Kale hartan prostitutuen etxea omen zegoen: mutilgalduen bordela. Oso estua zen kalea, meharra eta ilun samarra. Perretxikoak neguan bezain ugariak ziren bertan zuhaitzak, zakarrontziren bat bazegoen eta, bere estuan, auto gaizki aparkaturen bat ere bai. Oso luzca ere ez zen, baina hiru kaleargi horiska zaharkituek ezer gutxi argiztatzeko indarra zuten. Hobe; ikustea merezi zuen ezer ez baitzegoen han. Izan ere, bertako etxeak berdintsuak ziren: denak hamar solairu ingurukoak, adreilu eta porlanezkoak, ez zaharrak eta ez berriak, balkoi beltz zatar eta teilatu gorrikoak. Kalea eta etxe haiek ez zeuden hiriko alde zaharrean, ezta auzo berrietan ere. Hiriaren nortasunik gabeko erdialdekoak ziren; alde zaharreko kutsu historikorik ez zeukaten eta auzo berrietako erosotasunen irrikitan zeuden.
Halaxe azaldu zen kale estu eta iluna, eta halaxe azaldu ziren etxe goibelak Jon gaztearen begien aurrean hamaikagarren aldiz, ia gauero bezala bertan agertu zenean. Kalean barneratu aurretik izkinan gelditu zen. Praketako poltsikotik pizkailua eta jakako sakelatik zigarroak atera zituen. Zigarro beltz bat ahoratu, piztu eta kea irentsi ondoren, bertako etxe zahar bakarrari begiratu zion, kalearen beste aldean zegoenari. Etxeak, inguruko besteek ez bezala, lau solairu besterik ez zeukan. Huraxe haren zaharraren adierazgarri bat zitekeen, baina ez zen bakarra: teilatuko habeak izkin-irudi dotorez landuak ziren garai bateko sortetxe ederretakoen antzera. Leihoak txiki samarrak ziren eta, garai batean zurezkoak eta kristalezkoak izango baziren ere, orain aluminiozko leiho bikoitz eta txukunak ikus zitezkeen. Balkoirik ez zegoen kalearen alde hartan, egileek han inoiz ikuskizunik ez zela izango asmatu balute bezala. Atariko atea, berriz, zeharo arrunta zen, zurezkoa eta leihoduna, burdinazko sare beltz batek apaindua.
Udazkena zen. Gaueko hamarrak. Jonek zigarroa lurrera bota eta zapaldu egin zuen erretzen bukatu gabe. Etxe zaharrerantz abiatu zen zeruari begiratu laburra eman ondoren. Agian euria egingo zuen, hego haizeak putz egiteari utzi baitzion zenbait ordu lehenago. Freskatu egin zuen, bai, eta Jonek jakaren idunea estutu zuen lepoaren inguruan. Etxe hartan sartu behar zuela zirudien. Ez zekien gau hartan zenbat lan izango ote zuen. Ez ahal zuen gehiegi izango! Egia esan, gauez lan egin beharrak dezente izorratzen zuen Jon, baina hala konformatu beharra zeukan, besterik lortzerik ez baitzuen izan.
Poltsikotik giltza sorta atera eta atea ireki zuen. Ohi bezala, atariko argia piztu zuen. Igogailuan sartu eta, inori harrigarria gerta balekioke ere, gorantz egin beharrean beherantz egin zuen, bi solairu beherago joateko botoia sakatu zuenez: minus bira. Igogailua beherantz zihoala, Jonek bere buruari begiratu zion bertako ispilu handian. Ile motza zeraman, beltza eta kizkurra, bizar ongi moztua oso ugaria somatzen zitzaion itzal grisez baraila sendo eta zorrotzaren bueltan. Hogei urte baino gehiago zeuzkala zirudien. Aukeran argal samarra zen, baina garaia izateak halako itxura lerdena ematen zion. Gainera, oso sorbalda zabalekoa ez bazen ere, ipurtestu samarra zen eta, horrela, edozein arropak oso ongi ematen zion. Orduko hartan jaka eta pintzadun praka grisak zeramatzan, alkandora laru batekin. Zapatak ere grisak zituen, distiratsuak oso. Nahi gabe, eskuei begiratu zien ispiluan. Oso gogoko zituen eskuak, bere esku zabal eta zaintsuak, hatz luzetakoak, ez ile gabeak eta ez oso iletsuak tximinoenen antzo. Neurrineurrikoak bere ustez. Igogailua gelditu baino lehen, gazteak azken aldiz begiratu zien arropei. Dotore zegoen, bai, baina ez zekien ongi zertarako, laster erantzi beharko baitzuen. Edo agian, zorte on apurtxo batez, gau hartan erantzi beharrak ez zuen izango. Hala espero zuen bene-benetan.
Igogailua gelditu eta atea zabaldu egin zen. Pasilu motz bat azaldu zen Jonen begien aurrean, beti bezala, argi zuriz argiztatua. Beronen beste muturrean, zurezko ate gorri sendoa. Haren ondoan atezain indartsua. Atezaina agurtu eta, atea irekitzeko Jonek ez zuen giltzarik erabili, bai ordea plastikozko txartela.
Ateaz bestalde etxe dotore eta aberatsa izan zitekena zegoen. Zorua erabat estaltzen zuen tapiz guri eta irudi korapilatsu ederrekoak. Oinutsik, zapatak jantzita baino hobeto ibil zitekeen han, ezbairik gabe. Hormak izokin koloreko paper lodiz papereztaturik zeuden eta nonahi gizaseme gazte eta ederrak erakusgai zeuzkaten koadroak ikus zitezkeen zintzilik. Argi la ukigarria egiten zuten lanparak ere bazeuden, baina bakar bat ere ez sabaitik zintzilik, denak hormetan oso bista onez jarrita baitzeuden. Ezkaratze moduko haren barrengo ezker eta eskuin aldeetan bi korridore hasten ziren eta, berauen luze-zabalean, logelak zeuden zirudienez. Sarrerako ate ondoan, berriz, une hartan Jonen ezker aldean, goiko pisurako zurezko eskailera dotoreak zeuden.
Jonek hain zuzen ere eskailera haietara begiratzeko jaso zuen burua, norbait behera zetorrela iruditu zitzaiolako. Hala zen. Traje urdinez jantzitako gizon txinatar bat irribarretsu agertu zen eskailera mailak banan-banan poliki jaitsiz. Gizonak eta Jonek elkar agertu zuten burua pixka bat makurtuz. Txinatarra ate nagusitik joan zen. Minutu erdi eskas geroago, Jon eskuineko korridoreko ateetako batera pixka batean pentsakor egon eta gero abiatu ondoren, beste norbait agertu zen eskaileran behera. Jonen adin inguruko beste mutil sasoiko bat zen, gimnasia sarri asko egiten zuela agerian zuena. Soinean galtzontzilo zuria eta txabusina goxoa zabalik besterik ez zeraman. Oinutsik zihoan, ongi baitzekien han oinetakoen behar handirik ez zegoela.
—Iņaki! —esan zuen Jonek burua gazte harengana biratu ondoren-. Txinatar hori tokatu zaik?
—Bai, motel.
—Eta? —begi-keinua egin zion Jonek lankideari hatz batez bularrean ozta-ozta ukitu eta irri eginez, biak eskaileraren behealdean elkartzeaz batera.
—Eta ...? Zer...? —Iņakik, ulertuko ez balu legez.
—Ea egia den, gizona!
—Egia, zer...?
Jonek sabaira begiratu zuen une labur batez, pazientzia galdu duenarena eginez.
—Denek ziotek txinatarrek munduko txilibiturik txikienak dituztela, beltzek handienak omen dituzten bezala.
—Utzi bakean, Jon! Ez niri adarrik jo —erantzun zion Iņakik gogaituta.
Barre txikia egin zuen Jonek, eta Iņakik aharrausi.
—Hi, Iņaki... lan handirik bazagok gaur?
—Ez diat uste. Txinatarra oso goiz etorri duk. Baina badakik: jendea hamabiak aldean etortzen hasiko duk. Zer ba?
—Ez, ezergatik ez. Gaur ez diat lanerako gogo handirik.
—Nolatan? —galdetu eta laster asko begi bat kliskatu zion Iņakik Joni—. Arratsaldea maitearekin eman duk, ala?
—Hoa pikutara! Jonek, eta oraingoan Iņaki izan zen barre txikia egin zuena.
Bi gazteak nor bere gelara abiatu ziren. Jonek argia piztu zuen ate mehea itxi ondoren. Berak aurreko egunean —gauean— utzi bezala zegoen dena, noski; logelako aulkiak, gau-mahaitxoa, mahaia... Bi ate zeuden bertan: bata komuna zen eta bestea Jonen beraren «bulegotxoa». Bertan sartu zen mutila. Egia esan, bulegoa ez, baina itxarongela zen gehiago: bezeroen zain lasai eta eroso egoteko lekua. Bertan lanerako mahaia eta entretenimendurako liburuak eta aldizkariak zeuzkan. Baita telebista ere. Jon apaletako liburuetara hurbildu eta haiei begira geratu zen. Ez zuen, baina, bat ere aukeratu. Nahasirik zeukan gogoa: alde batetik, gau hartan ez zuen beragana inor etortzerik nahi, eta bestetik, bere lan erosoaz kexatzerik ez zeukala zebilkion buruan. Izan ere, leku lasai eta garbian lan egiten zuen. Bezeroa etorri, hots egiten zion eta gelan elkartzen ziren. Etxe hartara zetozen bezeroak aberatsak ziren gehienbat: ferekak eta isiltasuna gogotik eta gogo onez ordaintzen zituztenak, ezkonduak eta ezkongabeak, helduak eta zaharrak, gazteren bat ere bai noiz edo noiz.
Ez, Jonek ez zeukan lanaz kexatzerik; diru mordoa irabazten zuen gainera. Bazeuzkan lagun batzuk tabernako lana egiten zutenak, alegia, «semetxoak» zirenak. Gay giroko tabernetara joan eta egon egiten ziren. Luzaro itxaroten zuten, harik eta gizon interesgarriren bat agertu arte. Gizon interesgarri haiei «aitatxo» esaten zieten beraiek. Aitatxo batek semetxoa aukeratzean, nahikoa normala zen gau baterako ezezik astebeterako ere hartzea, edo, zorte on pixka batez, hilabete edo bi hilabeterako. Bai, zalantzarik gabe, semetxoen lana tristea zen Jonenaren ondoan. Bazen kasurik semetxoren bat aitaxoen batez maitemindu zena elkarrekin denbora luzean ibili ondoren. Baina historia haiek gaizki amaitu ohi tiren aitatxoek ez zutelako semetxoez ohetik kanpo ezer jakin nahi izaten eta azken hauek, beti eta beti, negarrez geratzen ziren bazterrean, euren bihotz samurrak pixka bat gehiago gogortuko zituzten kolpe eta irain berriak jasota. Bai, Jonek ongi zekien hura dena, oraingo etxe erosora lanera etorri aurretik, bera ere tabernako semetxoa izan zelako aldi labur batez. Baina gau hartan ez zuen ezer jakin nahi: lan-mundu hartan pentsatu gabe, gau osoan beretzako bezerorik ez agertzea zen bere nahia.
Eskua luzatu eta liburu bati heldu zion. Edozeini. Izenburua irakurri zuen: «Teleny», Oscar Wilde-rena. Kaka zaharra! Beste konturik ez al zegoen, bada, bere bizitzan? Liburua apalera gogo txarrez bota, mahai aurreko aulkian eseri eta, eskuko kontrolaz, telebista piztu zuen. Azpidatziz itzulitako filme errusiar bat ematen ari tiren. Hura utzi eta begira jarri zitzaion. Baina, ez irakurtzen zituen hitzek ez ikusten zituen irudiek, ez zioten deus esaten. Bere burua une hartan hitzen mezua eta irudien forma bereganatzeko gauza ez tela zirudien. Nahi gabe ere, irakurtzen ari zen testu zatikatuarekin eta ikusten zituen irudiekin zerikusirik ez zeukaten beste irudi batzuk zetozkion gogora, lerro idatzien anean beste zer edo zer irakurriko balu bezala.