Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gizajoen katalogoa

Joxean Agirre

nobela

Elkar, 2016

2

 

        Literatura tailerrekoen afariaren ondoren, bi garagardo edan eta, ohitura dudan bezala, taldetik itzalgaizka desagertzeko asmoa nuen, eta hala egin izan banu, etxera garaiz itzuli izan banintz, ez nintzen orain eleberriarekin tematuta ibiliko, basamortuan euriaren zain bezala egiten baititut orduak pantailari begira; denbora galtzeko beste moduren bat aurkituko nuen, seguru nago, osasungarriagoa zalantzarik gabe, mahastia zaintzen denbora gehiago eman nezakeen, esate baterako, edo, aspaldidanik pentsatuta nuen bezala, arrantzarako batel txiki bat erosiko nuen (belaontziak garesti ateratzen dira), itsaso barearekin kanabera eta liburu bat lagun ditudala irteteko, edo orain hain modan dauden arrisku handiko kirolen bat praktikatzen hasi nintekeen, zer arraio!, edo, horrek ikaratzen baninduen, tximeletak ehizatzen, edozer gauza hobea baitzatekeen obsesio bihurtu zaidan eginbehar hau baino.

        Azken tragoa hartzera dagoeneko hutsik zegoen pub batera sartu ginen eta, elkarri bromak egiten ari ginen bitartean, irakasleak nire beroki tolestatua buruaren azpian jarri, zangoak jesarleku tapizatuaren gainean bildu eta begiak itxi zituen. Besteok berriketan jarraitu genuen, beste afari baterako eguna erabaki ezinik ari ziren, baina niri galdetu ere egin gabe, taldeko jubilatua nintzelako, hori behin eta berriz aurpegiratzen zidaten, ia-ia neu errudun sentitzeraino. Horrela ari ginela, norbaitek iragarri zuen irakasleak lo hartu zuela. Afalondoan aldarte oneko ikusi nuen, kopa bat eskuetan zuela ere bai behin, nahiz eta ez zuen edateko ohiturarik, hori antzeman egiten da.

        Zangoak zituen deigarriak, bakero estuetan bilduak beti, baina aski agerian hala ere niretzat behintzat, begia nuen horretarako. Bere zangoei erreparatu ohi nien, baita bere adatsari ere, urre gorriaren kolorekoa zuelako, mataza lodi harroa lepoan behera solte gehienetan. Niri Rossetiren margolanetako emakumeak ekartzen zizkidan gogora. Egun horretan, dena den, ilea korapilo batean bilduta eta soinean gona labur bat zuela agertu zen eta emakumeek lausenguka hartu zuten. Taldeko bi gizonezkook bakarrik geratu ginen han isilik. Niri irribarre sotil bat atera zitzaidan, zangoak irudikatzen nituen bezalakoxeak zituelako, apur bat meharragoak beharbada. Elastiko arin bat zekarren egun horretan ere eta gainetik jertse doiegi bat. Beti bezala hotzak zegoela zirudien eta estutu bat emateko gogoa ematen zuen. Bere itxurak bazuen, dena den, dotoretasun halako bat, urrutiko egiten zuena. Uzkurra zen, pixka bat izua, apala eta, ez dago esan beharrik, lotsatia, baina eraldatu egiten zen bere idazle kutunei buruz hitz egiten hasten zenean, irlandarrak edo txekiarrak zirenean are gehiago. Nik askotan galdu egiten nuen esaten zuenaren haria, eta tarte luzeak ematen nituen bere keinuei edo ileari begira, eta galdegiten nion neure buruari, ile-gorrien aurrean gizonezko gehienek egiten duten moduan, gorputzeko beste ataletan ere urre gorriaren kolorea izango ote zuen. Gau horretan minigona, belarritakoak eta bere adatsa korapiloan lotuta agertu zenean pixka bat arrotza iruditu zitzaidan, hasieran batez ere, eta behartuegiak taldeko emakumeen laudorioak.

        Bere ondora gerturatu eta lo seko zegoela ikusi zutenean hasi ziren zer egin erabakitzen. Esan bezala, taldean bi gizonezko bakarrik ginen, eta besoetan hartu eta kontu handiz etxera eramatea guri zegokigula komentatzen hasi ziren, eta hori esatean niri begiratzen zidaten bereziki, bere ikasle kutuna omen nintzelako. Beharbada neskari begira zirkinik egin gabe tarte luzeak ematen nituelako jarri zidaten fama hori, edo irakasleak berak ere behin eta berriz nire lanen bikaintasuna aipatzen zuelako, ez dakit. Edonola ere, ni lotsarazten saiatu ziren. Ez zuela buruko gisa nire berokia halabeharrez aukeratu esan zuen norbaitek. Baina irribarrez hartu nituen zirto horiek guztiak, alkoholak eta nekeak egonarria ematen baitidate. Gainera, neskak eta biok genuen adin tarteak ere eramangarriago bihurtzen zituen taldekideen esamesak.

        Irakaslearen loa zaintzen geratuko nintzela iragarri nienean txaloak jo zituzten. Goizaldea zen, nekaturik zeuden, baina oraindik lainezarekin jarraitzen zuten. Banan-banan etorri zitzaizkidan besarkada bat ematera, eta belarrira iradokizun gaiztoak xuxurlatu zizkidaten, musikak goititurik jarraitzen zuelako erdizka baizik entzun ez banituen ere. Guztiek lurrin hondarrak zituzten lepoan.

        Alde egin zutelarik, beste garagardo bat eskatu eta neskaren oinetan eseri nintzen. Zerbitzaria eta hirurok bakarrik geratu ginen. Nik tarteka neskari erreparatzeko baliatu nuen itxaronaldia. Adierazpide bareak edertzen zion begitartea, eta hasperen txikiak egiten zituen eta irribarreak ondoren. Zerbitzaria begira izan ez banu, bere zangoak ere ederretsiko nituen, baina ez nuen zeharka baizik begiratzeko abagunerik izan. Galtzerdi beltzen akaberan mami zurbil eta epelak suma zekizkiokeen eta ilunpea jarraian. Gerora ohartu nintzen zerbitzariak ere neskari begiratzen ziola, barraren atzean azken edalontziak garbitu, xukatu eta jasotzen zituen bitartean. Ordu erdi bat eman genuen horrela, neskaren suspirioak kontatzen ni eta zangoei begira hura, disimulurik gabe, halako batean aspertu eta ixteko ordua zela esatera gerturatu zen arte.

        Berak ireki zidan autoa eta prestatu zuen gidariaren ondoko eserlekua, ohituta zegoen nonbait garraio lan horietan, eta hartu zuen azkenik nire berokia. Neska besoetan nuela atera nintzen kalera, eta autora bidean lepotik heldu zidan eta kosta egin zitzaidan autoaren eserlekuan pausatu nuenean ere libratzea. Ezinbesteko erreflexua izango zela pentsatu nuen. Beharbada etxean ere norbaiti helduta egingo zuen lo. Neuk ere ohitura horixe nuen, orain urte batzuk bakarrik lo egiten hasi nintzen arte.