Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Adiskide bat nuen

Joxean Agirre

nobela

Elkar, 2013

 

12

 

        Behin edo behin etxera iritsi eta emazteak biluzik egin ohi dit harrera. Takoidun zapata esajeratuen gainean eroriko ez eroriko inguratu ohi zait korrika besarkatzera, eta, lepotik zintzilik jarrita, belarrondoa musukatzen hasten zait. Etxean egoteko ea zergatik ez dituen oinetako arruntagoak janzten galdetzen badiot, gorrotoz begiratzen dit, eta isilik geratu ohi naiz zutik, bi eskuak okupaturik ditudala, batean laneko kartera eta bestean afaritarako erosketak. Gehienez ere bizkarra pausatuko dut atearen kontra. Ez dakit seguru, baina pelikularen bateko eszenaren barruan nagoela iruditu ohi zait, bai baitakit ikastaroan zinemaren historiari ere tarte bat egiten diotela.

        Eraman handiz jasaten dut emaztearen antzezpena eta deskuiduan zintzilikarioa kirtentzen hasi dela ohartzen bada, mirari baten aurrean bezala erortzen da belauniko lurrera eta, itotzeko zorian dagoenak bezala heldulekuari eusten diolarik, hasi ohi da bere mingain egarberarekin nire haragia lirdingatzen. Bere fedeak hunkitzen nau beste behin, bere sinesmenak harritzen nau, eta beste norbait ordezkatzen ari naizen sentipenarekin jarraitzen dut zutik. Izatekotan ere, eskuak libre uzte aldera, makurtu eta eskuetan ditudanak utziko ditut lurrean. Sagar pare bat ikus dezaket orduan pasilloan barrena itzulika nola doan.

        — Sagar batzuk ekarri ditut ahate konfitarekin jartzeko —esan diezaioket, baina bera beste mundu batean dago, beste jaki batzuk ditu gogoan. Noizean behin, nire haragi zatia ahotik atera eta eskuen artean marruskatzen du (opilak egiten ari den okinak bezalatsu, esango nuke), begirada galduarekin begiratzen dit, eta badakit orduan gizonago ikusten nauela edo ikusten gaituela, orokorrean hitz egiten baitu gehienetan, gizonok masta zutunik dugula ederragoak garela eta gisakoak esaten baititu, eztarriraino sartzen du ondoren eta otoitzean bezala jarraitzen du esaldiak esaten, zer esaten duen ulertzen ez badiot ere. Ikastaroan ikasitako ikasgairen bat ote den nago errepikatzen duen otoitz moduko hori. Posible da antzezten ari garen eszena film pornoren batekoa izatea ere, sexua arte domestikoa bilakatu baita azken aldi honetan, lorezaintza eta brikolajea bezala.

        — Sagarrak egosten ipini eta jarraituko dugu —atera zait nahi gabe, eta geldirik geratu da. Bere begien distira samurtasunetik gorrotora igaro da oso denbora gutxian, eta beldurtu naiz ez ote didan ez egitekoren bat egingo. Iraingarria iruditzen zaio bera bezalako emakume bat biluzik aurrean eduki eta ni ahate errearekin kezkatzen hastea. Ikastaroan erakutsi diote sexuaren dardara agonikoetan azaleratzen dela bere edertasunean bizitza, sinetsarazi diote besarkada bakoitzeko izarren bat jaiotzen dela zeruan, esan diote gure sabel barrenean ezkutaturik daramagula infernuaren ala paradisuaren giltza, eta ni ahatekiarekin pentsatzen.

        Etsiturik, nire heldulekua bertan behera utzi eta pasilloan barrena doa sagar erorien bila. Eva berri baten antzera ikus dezaket nola datorren, esku banatan sagarrak eta bi bularrak dantzan dituela. Edozein gizonezkok nire lekuan begiekin jango zukeen emakume hau, zabalduko zituen besoak eta eme mami mardul horien magalean ezkutatuko zuen burua. Ni uzkur eta motz geratu naiz, eta pitin bat ikaraturik ere bai, zergatik ukatu, haserre erakustaldi haren aurrean. Takoiekin alfonbra zulatuz itzuli da, eta bi sagarrak aurpegira botatzeko keinua egin dit.

        — Banoa, ea norbait aurkitzen dudan. Kalean gutxienez begiratu egiten didate —esan dezake orduan, eta bere gelara doa janzteko asmoarekin. Atzetik joan eta dagoeneko eskuetan kiribildurik duen bularretakoa eta luma bat adina pisatzen duen braga kendu diezazkioket eta ez dakidala zer gertatzen zaidan esan, oheko erakustaldiekin pitin bat nekaturik nabilela aitortu edo gertutasunak hiltzen duela pasioa, apaltzen duela desioa, dakartzala entropia eta desenkantua.

        — Arrainak ere multzoan dabiltzanean ugaltzen dira gutxienik —esan diezaioket, nonbait irakurri nuen esaldia etorri zaidalako burura, baina kontu hori noizbait esana dudala ohartzen naiz. Guk ere noizbehinka arnasa hartzeko adina tarte behar dugula esan nahi nioke horrekin, baina aldi berean beldur naiz ez ote duen arnasa gehiegi hartuko eta niregandik aldenduko, berak baduelako nora joanik, seguru nago horretaz, eta nik ez. Sagueseko pasealekuan batera eta bestera ibilian irudikatzen dut neure burua, neskaren leihoko argia noiz piztuko zain edo etxeko bakardadean telebistaren aurrean jaki izoztuak jaten, munduan egunero errepikatzen diren ezbeharrei arreta azalekoa eskainiz.

        Nik ezer erabakitzerako bera jantzi eta joan egin da. Daukan soinekorik estuena jantzi du eta ondoeza egiteko moduko eskotea erakusten du. Nerabe baten janzkera da, baina emakume heldu baten gorputza du. Eskarmentua eta berotasuna aldi berean emateko gai dela frogatu nahi du. Pasilloan barrena lurrin lorratza utziz igaro da.

        — Ikastaroan ikasi berri ditudan teknika batzuk erakutsi nahi nizkizun, baina zurekin alferrik da —esan du mespretxuz, ateari danbatekoa eman baino lehen.

        Bikote bizitza itogarria egiten zaigu askotan. Besarkatuta dauden bikoteak ikusi ohi ditut kalean edo parkean, bakoitza bere aldetik mugikorretik hizketan. Arnasbide baten bila ari dira, besterik ez. Emazteak baditu arnasbideak. Dagoeneko adiskideren baten etxean egongo da, zerbait jaten duten bitartean nire hoztasuna eta interes falta kritikatzen. Ondoren gautxoriak biltzen diren aretoren batera joango dira, eta nik pozik irudikatzen ditut, dantzan. Nartzisismoaren gorazarrea da, distiraren eta artifizioaren festa, erritmoaren eta mugimenduaren ikuskizuna. Harraparien objektu direla? Bai zera! Haragi sentitzen dira, hori bai, eta ikuskizun eta beste hainbat gauza, baina inolaz ere ez deseroso. Are gehiago esango nuke, pozik daude. Tarteka nirekin gogoratu eta barre egiten dute.

        — Dagoeneko ez da benetako gizonik geratzen! —esan dezake bietako batek, edalontzia eskuetan duela dantzan jarraitzen duen bitartean.

        Goizeko ordu biak aldera itzul daiteke, eta arropak eranzten dituen bitartean barre txikiak egiten ditu. Nik lo itxurak egiten ditut, baina erabat esna nago eta badakit pixka bat edana itzuli dela. Ohean sartu eta nire kontra estutzen da.

        — Ez pentsa adiskidetu naizenik. Oheak bueltak ematen dituelako heltzen dizut —esan dezake, eta zurrunga txikiak egiten hasiko da, hasi ohi da, berehala, nik sabaiko itzalei begira jarraitzen dudan bitartean.

 

 

13

 

        Ordu erdi eskas egin nuen Sagueseko neskarekin, baina dagoeneko iragan bat asmatu diot, laburra bada ere, izaera bat zirriborratu diot eta bere ilusioen berri ere badakidala sinetsarazi diot neure buruari. Gehien gustatzen zaidana haren umorea dela errepikatzen dut neure artean, nolako umorea duen arrastorik ez badut ere, eta eszena luzeak asmatzen ditut nik irudikatu bezalakoa dela frogatzeko. Gaur, esate baterako, Zurriolako terrazan nengoen adiskide baten zain, eta gero eta kaltegarriagoak iruditzen zaizkidan fantasia horiekin hasi naiz jolasean. Bera agertzen zela imajinatu dut. Cola-Cao eta sagar tarta bana eskatu ditugu, eta une bateko isilunea luzeegia iruditu zaiolako edo, zapata berriak erosi dituela esan dit.

        — Zapata berriak erosi ditut —esan du eta, nik eserlekua pitin bat atzeratu ondoren, mahaipetik erakusten zizkidan zapata parea ederretsi dut.

        Zapatei adina zangoei begiratzen niela ohartu da, eta bere gona laburra izterrondoetaraino igo du.

        — Kuleroak ere berriak dira —erantsi du segidan. Kuleroei begiratu ahal izateko burua mahaipean sartu beharko nukeen, eta gehiegitxo ote den iritzi diot. Bere umore xalo eta tolestura gabe hori gustatzen zait, neuk bihurriegia dudalako beharbada. Nire txiste ulertezin horietako bat kontatu diot. Barre eginarazi nahi nioke, baina ez dut lortu. Bere iraganaz dakidan gauza bakarra institutuan sortu zuten musika taldeari buruzko kontakizuna da. Hori pare bat aldiz kontatu didala erantzuten dit. Zurriolako terrazan ez didala inoiz ere kontatu esaten diot, eta gogoz kontra bezala hasten zait kontatzen. Ez zait axola zer esaten duen. Berari begira egotea da kontua. Belarrien atzean eta lepoan behera ia ikusezinak diren ile arrasto horixkak ditu. Bere ilea usainduz arnasa hartzen egotea gustatuko litzaidake. Txorakeriak esateari utzi eta begira geratzen natzaio oso serio, serioegi beharbada. Badakit une horretan bertan maitemintzen ari naizela eta, gertatzen zaidanaz oharturik bezala, nola dakidan maitemintzen ari naizela galdegin dit.

        — Ezagutu zaitudanetik beti goseak nagoelako —erantzun diot, ekarri berri duten sagar tartari hozka eginez. Baina berehala ohartu naiz zentzugabekeria bat dela eszenak horrela asmatzen jardutea. Begiak zabaldu ditut eta nire adiskidea ikusi dut niregana etortzen. Zer hartuko dudan galdetu dit. Nik Cola-Cao bat eskatuko dudala esan diot eta sagar tarta zati bat.