Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Joxe Agirre, mozketaren maisua

Joxean Agirre

bertsolaritza

Bertsolari, 1999

 

BIZITZA

 

        Bertsolaritzak duen ariketarik bat-batekoena puntukakoa da, oholtzak markatzen duen sokarik gabeko ringean bi bertsolarik egiten duten borroka alegiazkoa edo, nahiago bada, elkarrizketa tarteka samurra eta tarteka beroa.

        Oso bertsolari gutxi dira bat-batekotasunaren gailur horietan laprast egin gabe ibiltzen direnak. Joxe Agirre da horietako bat.

        Imanol Lazkano bidelagun duela bereziki egin izan dituen puntukako saio asko eta asko gaur ikus daitekeen ikuskizunik ederrenetakoa da bere xumean, eta aldi berean antzinako bertsolaritzari ate edo leiho bat zabaltzeko balio du, haize berrien adina premia baitu zaharrena gaurko bertsolaritzak. Baina, beste modu batera begiratzen badugu, zer da berriagorik eta modernoagorik, zer legoke inprobisaketa edo performance batetik hurbilago etenik ez duen ariketa erdi automatiko, ez-reflexibo eta libre hori baino?

        Joxe Agirre, bestalde, euskararik baizik ez zekien belaunaldiko azken ordezkarietako bat da. Garbizalekeria eta kortse akademikoek kutsatu gabeko bere euskarak distira bereziak ditu eta bere bertsokerak liluratu egiten ditu gaurko gazteak.

        Zaila da, hala ere, horren argibideak aurkitzen. Bere memoria belarrikoa da. Apenas gauza den irakurritakoa buruan gordetzeko, baina entzundakoak aise grabatzen ditu, merezi dutenean.

        Jenioz bizia da. Izarraitz mendiaren haitzak belarrez estaltzen hasten diren mugan jaio zen orain dela hirurogeita hamaika, urte eta harri horien kontra borrokan eman du bere bizialdia, nekazaritzan, idiekin karretoan edo harrobian lanean.Lan horietan zaildu zuen gorputza gaztaroan eta korrika eta aizkoran ere probatua da, bertsolari bezala gutxiago ezagutzen zen garaietan.

        Gizon gogorra da, baina gogor itxura horien azpian lur samarrak suma daitezke. Pozak ateratzen dizkit niri malkoak, esan ohi du edo Txarrean zail da niri malkoak ateratzen, baina bigunean oso ustela naiz.

        Eta pozik handienak bertsozaleek eman dizkiote. Joxe Agirrek beti gogoan izango du berrogeita bederatzi urterekin Bertsolari Egunean Donostian eskaini zioten omenaldia. Inoiz ez da seguru asko halako jendetzarik hurbildu bertsolari baten ingurura. Baina Joxe ez da oroitzapenetatik bakarrik bizi. Harrobitik erretiroa hartu zuen, baina baserriko gobernua berak darama etxekoen laguntzarekin, eta bertsotan ere oraindik gogor segitzen du.

        Bertsolaritza tradizionalaren ezaugarri guztiak ditu berekin: bertsokera bizia, sake azkarra eta erantzun azkarragoa, mozketan da maisu, beraz, handi samarrak entzun eta handiagoak erantzuten alegia. Azkarra da baina aldi berean txukundadean, gauzak egoki esaten eta arauak zaintzen gutxik onduko dute. Sentibera, zorrotza eta osasun izugarrikoa, industriak behin betiko galdu zuen gizarte baten oinordeko da. Berari kantuan entzutea, Uztapideren garaietan hanka bat jartzea bezala da. Bera da Amurizaren aurreko bertsokeratik aktiboan geratzen den bertsolaririk onenetakoa.

        Xabier Euzkitzek behinola zera esan omen zion: Zure bertsokerak gaur baino bihar edo hemendik bost urtera gehiago balioko du. Joxek loxintzatzat hartu zuen hori, lagun on baten laudoriotzat, biak adiskide baitira. Askok eta askok esan diote punta-puntako bertsolaria dela. Berak ez omen du horrelakorik inoiz sinetsi. Guri ere ez digu honezkero sinetsiko, baina berdin-berdin dio herriz herri gure begiak emozioaren zirrararekin malkoz betetzen segitzen duen bitartean.

 

        Joxe Agirreren txikitako oroitzapenekin marrazten den familiako argazkian aitonaren figura nabarmentzen da. Joxek bi edo hiru urte zituela, artean sehaskan lo egiten zuela, aitona etortzen zitzaion, eguraldi txarra egiten zuenean-eta, sehaska handiari eraginez bertsoak kantatzera. Bi edo hiru urteko mutiko hura izan zen bertsotan poliki egiten zuen Orandako Antonio Agirre haren entzule bakar eta aitona segail baina sentibera hura izan zen aldi berean Joxe Agirre bertsolari handi izango zenaren maisu. Aitonaren oroitzapen hori da bertsolariak gordetzen duen lehendabizikoetakoa.

        Garaiko bertsolarien kanta-paperak izango ziren kantatzen zizkidanak, Txirrita edo Udarregirenak, bereak ez behinik behin, ze gerora ere bere bertsoak kantatzeko eskatzen genionean, ez baitzuen kantatzerik nahi izaten, kontatzen du Joxek.

 

        Gizon handia omen zen aitona hori.

 

        Keixeta aizkolariaren tankerakoa zen, gerriz goitik zabal eta behetik mehe. Sekulako sorbaldak zituen. Gorpuzkeran nik ez dut bat ere haren antzik, baina hai izaeran, ni bezalaxe lotsatia baitzen eta jendaurrean kobardea, dio Joxek.

 

        Gerra etorri zenean zazpi urte zituen Joxek, 1929ko apirilaren 13an jaioa delako, eta aitonarekin behin baino gehiagotan Izarraitz gainera igo omen zen kanoien danbatekoak entzutera. Aitonak bi seme zituen Bizkaiko frontean eta Hor ibiliko dituk gure mutilak ere bada, esaten omen zuen, tristuraz Bizkaia aldeko mendiei begiratuz. Jose eta Luis ziren gerran zituen bi semeak.

        Etxean zegoenak, berriz, Joxeren aitak, Juan zuen izena. Denborarekin bi osaba horiek ere Orandara erretiratu ziren eta sukaldeko mahaiaren bueltan hamahiru lagun biltzera iritsi ziren luzaroan: aiton-amonak, aita-amak, sei senide, bi osaba horiek eta izeba.

 

        Oroitzapenekin osatutako argazki horretan,esan bezala, aitona nabarmentzen da. Bere ondoan amona Paulina ageri da, baina Paulina Odriozola amonaren irudia pitin bat lausoagoa da, aitona baino askoz geroago hil bazen ere. Joxek makulu batekin gogoratzen du, herrenka.

 

        Bere herrena gorabehera haurrak magalean edukitzea gustatzen zitzaion, oso umezalea baitzen, eta beheko suaren epelean egon ohi zen orduak, umez inguratuta, kontu zaharrak kontatzen. Azken urteak Azpeitira bat ere joan gabe egin zituen, mezatara eta gainerantzeko egitekoetara batere jaitsi gabe; hala ere, Garatxabalera, bere jaiotetxera, jaisten zen. Gurdian edo oinez nola joaten zen? Ez naiz ondo gogoratzen, baina oinez joaten zen errezeloak ditut, dio Joxek.

 

        Antoniok eta Paulinak, Joxeren aiton-amonak, hiru seme eta alaba izan zituzten. Juan geratu zen etxean maiorazgo, zaharrena.

        Juan Agirre Odrizola, Joxeren aita, gizon sendoa zen, baina ez osasun fuertekoa.

 

        Gizon bitarte bat zen. Ehun kilo inguru pisatzen zituen. Ni baino zerbait zabalagoa izango zen baina ez zen inoiz osasun onekoa izan. Ondoezik ezagutu genuen guk, baina ez zioten asmatzen zer zuen. Nerbioek kastigatzen zuten eta petxuko minekin ibili ohi zen. Berrogeita hamasei urte zituela, hil baino lau bat urte lehenago esan zioten «angina de pecho» izango zuela. Hirurogeita bat urterekin hil zen, gu ezkondu eta Maria Luisa lehen haurraren esperoan zegoela, gogoratzen du Joxek.

 

        Azpeitian bizi den bere alaba baten etxera joateko ohitura omen zuen, Sabinaren etxera. Arrebak, Orandan bizi zen izeko zaharrak laguntzen zion astoaren gainean jarri eta kalera jaisten.

 

        Gaizkitzen zenean ni ondoan behar izaten ninduen, baina zoritxarrez hil zen egun horretan ez nintzen ondoan egokitu. Agerre kargajasotzailea, Luis, jaialdiak antolatzen ibili ohi zen eta bertsotara eraman ninduen bezperan, San Bartolometan, Elgoibarrera. Baina kontuak egin gabe partitu ginen eta egun horretan igandeko meza entzun ondoren geratu ginen elkar ikustekotan. Euzkitze tabernara gindoazela koinatuarekin egin genuen topo eta «Aitak buelta bat egiteko esan dik», esan zidan. Segituan joango nintzela agindu nion. Agerrerekin kontuak egin eta kalean behera nindoala ikusi nuen koinatu hori eta «Aita oso gaizki zagok», esan zidan eta orduan bertan jakin nuen hila zela. 1964ko abuztuaren 30a zen, dio Joxek.

 

        Juan Agirre hori bere denbora guztian artzain ibilia zen, udan goian, Izarraizko belardietan, eta neguan behean, Oranda inguruan, Leizean edo Garatxabalgo terrenoetan. Hain zuzen ere, berrogeita hamasei urterekin bihotzekoarekin erretiratu zenean erabaki zuten Orandan ardiak kentzea.

 

        Laurogei bat ardiko artaldea zen. Guk cita beti ardiekin ezagutu genuen. Izarraizko nebera inguruan dagoen txabola batean egon ohi zen. Guk kamaina deitzen genion eta umeak ginela han lo egitera eramaten gintuen tarteka, goizean ardiak jetzi eta berriro etxera itzultzeko, eguna zaindu beharrik gabe pasatzen baitzuten ardiak mendian. Goizean gaztak egin, bazkaldu eta siesta ondoren abiatzen zen berriro arditara. Bi artzain ibiltzen ziren elkarrekin Izarraitz gain horretan, gurea eta Oiulantzungo Nikolas, guk Txikito Rubio esaten geniona. Marmitak behor gainean zituztela etortzen ziren goizero biak eta gure etxean egiten zituen gaztak Nikolasek ere, askoz geroago goian, bere txabolan, egiten hasi bazen ere. Esan dudan bezala, tarteka aitarekin txabolara joan eta lo egiten genuen. Nobedade handia zen hori guretzat. Oholekin egindako ohe tankerako bat zuen txabola bazterrean eta mantaren batekin tapatuta hantxe egiten genuen lo ardi artean. Baina ni ez nintzen ardizalea eta batzuetan aita zenarekin bihurritzen nintzen kontu hori zela eta. Nik beste lan batzuk gogokoago bainituen eta karretoan hasi nintzen oso gazterik, dio.

 

        Izarraizko txabolaren ondoan dagoen nebera hori ez du Joxek martxan ezagutu, baina bere aita eta aitona ikusiak omen ziren nola neguan elurrez betetzen zuten, gero udaberrian eta udan eskailera batekin zulora jaitsi eta jela ateratzeko.

        Ama, Juana Esnal, Getariako Aldazabal baserrikoa zen. Ahizpa bat, Simona izenekoa, Orandatik gertura, Iztio baserrira ezkondua zuen eta hortik egingo zuten elkarren ezaupidea, Joxeren ustez.

        Emakume handia zen Juana, laurogeita sei bat kilo pisatzen zuen, baina gerraondoko eskasiak eta haurrak hazteak dakarren nekearekin berrogeita hamazazpi kilora jaitsita ibili omen zen. Hirurogeita hamabi urterekin hil zen, 1972an.

 

        Oso gazterik ezkondu ziren, hogeita bat edo hogeita bi urterekin nire aita behintzat, bere anaia bat soldaduskatik libratzearren. Lau senide ziren etxean. Neska bat, Bonifazia, eta hiru anaia. Anaia gazteenak, Luis eta Joxe, gerran oso aurrean ibili eta Trabajadoretan zigortuta egonak, eta Juan, gure aita. Anaia horietakoren bat soldaduskatik libratzearren ezkondu zen nonbait aita hain gazterik, dio Joxek.

 

        Ezkontza horretatik sei seme-alaba jaio ziren: Nieves, Joxe Ramon (Joxeri Joxe Ramon jarri zioten, aitapontekoa, amaren anaia bat, Getariako Aldazabalgoa, Ramon zelako), Maria, Sabina, Itziar eta Manuel. Oraindik guztiak bizi dira, ezkondurik, noski, eta seme-alaba haziekin. Tarteka bildu ohi dira. Orain ere ez omen dote apetito txarra, baina apetitua ez ezik gosea ere ezagututakoak omen dira.

 

 

GOSE URTEAK

 

        Gose urteak izan ziren haiek, baina batez ere urte bat izan omen zen txarra aparta. Hala dio Joxek.

 

        Urte hartan galburuak ere alerik gabe etorri ziren. Aņua deitzen genion galburu klase horri, eta hamabi anega bakarrik izan omen genituen. Guk, ordea, hamalau anega eman behar razionamendukoei, eta garia kanpoan erosten ibili omen ginen. «Ez daukatenei ere kendu egiten zietek hauek», esan ohi zuen gure aita zenak, gogoratzen du Joxek.

 

        Baina Joxeren haurtzaroa baino lehenago ere izan ziren nonbait gose urteak.

 

        Gure aitona zenak ezagutu omen zuen negu bat hotz ikaragarriak egindakoa, aspaldiko kontuak izango dira baina, orain ehun urte igual. Negu horretan ardi mordoa akabatu omen zen gurean gosearekin. Aitona zenak bertsoak jarri zituen negu horren gainean. Bederatzi puntuko dozena bat bertso ziren eta aita zenak eta osabek esaten zutenez, izugarri bertso onak. Ni txikia nintzen artean bertso horiek buruz ikasteko, baina beste inork ere ez zituen, zoritxarrez, ikasi, dio Joxek.

 

        Aitona horrek izugarri estimatzen zuen bere iloba Joxe. Elkarrekin lo egiten zuten, gela berean, eta elkarrekin joaten ziren askotan mezatara Azpeitira igandeetan. Oso gizon sentibera izan behar zuen.

 

        Don Kasiano izeneko erretorea zegoen orduan Azpeitian, sermoia egiten hasi eta bazter guztietan pekatua baizik ikusten ez zuena. Pulpitora igo eta infernua gora eta infernua behera jarduten zuen, eta gure aitonari erasan egiten zioten jardun horiek. Oso estu hartzen zituen apaizen esanak, eta etxera etorri eta buruari buelta asko ematen zizkion. Horrelaxe nahastu zen eta bere azken urteak nahikoa endredatuta ibili zen gizagajoa. Esan dudan bezala, biok gela berean lo egiten genuen eta behin baino gehiagotan esnatu ohi ninduen gauean, erabat izututa, «Joxe! hor al zaude?» deiadarka, ez zuela salbaziorik esanez, negar batean. Ez dut uste bere bizian pekatu handirik egina izango zenik, baina buruan horixe sartu zioten nonbait, kondenatu egingo zela. Berez oso gizon sentibera zen errezeloak ditut. Bi seme gerran ikusteak ez zion batere mesederik egingo eta gerraondoko goseak errematatuko zuen. Nik bederatzi urte nituenean-edo hasi zen burua galtzen, eta erabat nahasturik egin zituen bere azken hiru urteak, kontatzen du ilobak.

 

        Joxeri bertsoaren harra barrenean sartu zion gizon hori ere Orandan jaioa zen, baita horren aita Migel ere, agirretarrak aspaldikoak baitira Izarraizpeko baserri horretan.

 

 

TALOAK BEHEKO SUAN

 

        Orandan ez zen garai hartan jantokirik. Beheko suaren inguruan, sukaldean, biltzen zen familia. Amak labesua egiten zuen astean behin eta ogi handiekin batean opilak ere egiten omen zituen haurren pozgarri. Azukre pixkaren bat izango zuten eta arrautza gorringoarekin kolorea ematen zien gainetik. Baina izan zituzten ogia ere urri ibilitako urteak.

 

        Beheko baserrietan, Landeta aldean eta, garia lehenago etortzen zen gurean baino, eta gu sarritan anega bat edo bi eskatzera joaten gintzaizkien eta gurean jotzen zenean itzultzen genizkien. Negurako jeneralean garia gastatu egiten zen eta artoarekin bizi behar izaten genuen. Afaltzeko eta gosaltzeko taloak erretzen ziren. Pentsa ezazue, mahaian dozena bat lagun eseritzen ginelarik, zenbat talo egin beharko zituen gure amak gure urdailak betetzeko, dio Joxek.

 

        Astean behin ama azokara joan ohi zen, Azpeitira, astoa aurrean hartuta. Orandatik Azpeitira ordubete inguruko bidea dago Bide Zaharretik joanda, Lasaoko errepidera jaitsi gabe alegia. Bide Zaharra Iztio eta Benta Berri azpitik Kanposantura doan bideari deitzen diote. Mendiko auto batekin erraz joateko moduko bidea dago orain.

 

        Baratzako jeneroa eramango zuen, oilaskoren batzuk eta esnea. Eta ekarri, sardinzarren batzuk ekarriko zituen, kontatzen du.

 

        Sagardo pixka bat egiten zuten etxean. Sagardoa edo patsardoa.

 

        Etxean ez genuen tolarerik eta Garatxabalera eramaten genuen sagarra. Bostehun bat litroko kupela bat genuen eta gero komeriak izaten genituen kupela hori gurdi gainean jarri eta bidean gora ekartzen. Batzuetan bi behi pare behar izaten ziren tiraka. Etxean patsardoa egiten zen. Ni ezagututa nago txarraska ondo-ondo garbitu, mazoarekin han sagarra jo, patsa kupelara bota, ondoren urarekin kupela hori bete eta irakin pasada egiten zuenean handik edaten. Sagardo gusto piska bat izaten zuen, baina askorik ez. Gure amak kontatu ohi zuen behin auzoko baserri batean ataritik gizon bat pasadizoan tokatu eta etxekoandreak patsardoa atera ziola. «Hemen hau dugun bitartean ez du inork urik edaten», esan zion etxekoandreak gizonari, eta honek «Lautik hiru bai», erantzun omen zion, lautik hiru ura izaten baitzen.

 

        Joxek hamaika lagun ezagutu ditu Orandako sukaldeko mahaiaren bueltan: sei senideak, aita-amak, amona, izeko Frantziska eta bi osabak.

        Igandetan seietan mezatara joaten ziren askotan bidean lastazuziak piztuta. Lastaua hartu eta bi edo hiru lekutan lotzen zuten mantsoago erre zedin. Bakarrarekin iristen omen ziren Azpeitiko Albergaraino eta han oinetakoak aldatu eta sartzen ziren elizara.

 

        Gehienetan oso garaiz iristen ginen eta berriketan egoten ginen kontu-kontari eliz atarian, gogoratzen du Joxek.

 

        Meza bukatzean, auzokoak elkarrekin itzuli ohi ziren etxera.

 

        Udazkenean batez ere lan asko izaten zen etxean, eta eguna, berriz, motza. Igande goizetan sarritan joan ohi ginen garotara, esate baterako, eta goizean garaiz mugitu behar izaten genuen, dio.

 

 

IDIEKIN KARRETOAN

 

        Aita gaixotu eta ardiak kendu zituztenerako Joxe idiekin karretoan hasia zegoen.

 

        Azkue y Cia-ra edo Muebles Lasara egurra jaisten nuen, edo panaderietara labeko suegurra ere bai, pagoak inaustean botatzen diren adarrekin egiten den suegurra alegia. Panaderia Berria, Galtxanekoa, Karidadekoa, Saberrikoa... panaderia asko zen orduan Azpeitian. Ibilera xelebreak egiten genituen orduan idiekin. Leizeako Patxi koinatugaia eta biok ibiltzen ginen. Goizean eguna zabaltzerako ateratzen ginen Izarraitz aldera. Gurdian idientzako zakukada belarrondo eramaten genuen eta geuretzako mokaduren bat. Gurdikada kargatu eta Gallegira jaisten ginen, Lasaora, eta handik Azpeitirakoa karreteraz egiten genuen. Panaderiara iritsi, egurra barrura sartu, Ihateneko denda zaharrean zerbait jan eta itzultzen ginen etxera. Gurdikada bakoitzean 100 bat arroba eramaten genituen, tonelada pasa, 80 arrobak egiten baitute tonelada, esplikatzen du.

 

        Bere koinatugai hori Nieves arrebarekin ezkonduko zen gero. Orduko elkarrekin ibiltzen ziren. Gero Ezkuztako harrobian ere elkarrekin lan egin zuten urte askotan Joxek eta biak.

 

        Izarraitzen dagoen San Inazioren irudia egiteko ere laguntzen ibiliak gara idiekin. Nik harria jotzeko motorra eta Alabierko Jabierrek matxaka igo genituen idipare banarekin. 1956ko kontuak dira horiek. Lanak bukatu zirenean berriro motor eta matxaka horien bila igo ginenean, argazkiak atera zizkiguten, eta orandik gordeta daukat bat. Bai gorakoan eta bai beherakoan izugarri sufritu zuten idiek. Igotzerakoan, perrekin harrian txispak ateratzen zituzten laprast egiten zuten bakoitzean, eta jaitsiera ere ez zen askoz hobea izan, gurdiak dragarik ez eta ezin geratu eta atzetik arbak jartzen jardun behar izan baikenuen. Izugarri bide txarretan, bide kriminaletan ibili ginen, kontatzen du.

 

        Azpeitia aldetik igo zituzten Izarraitzera makina horiek. Goikosaletxe baserrira lehenbizi eta handik maldan gora gailurrera gero. Hogeita zazpi urte zituen orduan Joxek eta apusturen bat edo beste jokatua zegoen.

 

 

ESKOLARA GUTXI

 

        Bederatzi urtetik hamaikara bitartean, komunio handia egin bitartean ibili zen eskolan, eta urte horietan ere arratsaldez bakarrik.

 

        Maisua Don Justo genuen, Lasaoko apaiza, eta ondo-ondo dotrina eta «Cara al sol» bakarrik ikasi genituen. Besteak goiz eta arratsaldez ibiltzen ziren baina gu arratsaldez bakarrik joaten ginen eta erditan huts eginez gainera, etxean lana izaten baitzen, itulan edo ardiak zaintzen, kontatzen du.

 

        Egunero-egunero dotrinako lezioa markatuta bidaltzen omen zien Don Justo horrek etxera eta hala Joxek buruz ikasi zuen dotrina osoa. Atzekoz aurrera ere esaten nuen dotrina orduan nik, dio.

Geroztik leitzen oso ondo moldatzen da, baina idazten trakets. Irakurritakoa nekezago geratzen zaio buruan.

 

        Nik entzundakoa ia guztia gorde dezaket buruan, baina irakurritakoa kosta egiten zait gordetzea. Hori zergatik den ez dakit. Ohitura kontua ere izango dela pentsatzen dut. Bertso liburuak dira irakurri ditudanak. Uste dut horregatik eutsi diodala irakurtzeari, bestela igual ahaztuta edukiko nuen, baina hala ere entzundako bertsoak, onak badira, gogoan geratzen zaizkit, eta irakurritakoak nekezago, kontatzen du.