Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Txankarta, itzalean geratu zen maisua

Joxean Agirre

biografia

Andutz Kultur Taldea, 2011

 

        Antonio Buenetxea, Txankarta soinu-jotzailea, Itziarko Taberna Zahar esaten zioten kale-baserrian jaio zen 1922an, bi belaunaldi aurretik bertan taberna bat egona omen zelako. «Txankarta» deitzen bazioten, bere aita Endoiako Txankarta baserritik etorria zelako zen. Baina izena aitaren aldetik iritsi bazitzaion ere, musika zaletasuna amaren aldetik zetorkion, bere amaren aita, Jose Mari Egaņa, erromerietako flauta-jotzailea baitzen. Itziarko erromerian jotzen omen zuen zeharkako flauta, emazteak panderoarekin lagunduta.

        Flauta-jotzaile bat erromerian?, galdetu dezake norbaitek. Kontuan izan behar da soinu txikia mendearekin batera iritsiko tela eskualdera (Euskal Herriko lehen erreferentzia idatzia 1889koa da eta lehen argazkia 1890koa).

 

        «Jose Mari Egaņa flauta-jotzaile hori gu jaio ginen etxe berean jaioa zen, Taberna Zaharren, eta emaztea, Pantxika Idiakez, Itsaspe auzoko Txerturi Behekoa baserrian. Herriko plazan jotzen omen zuten negu partean. Herriko plazatik gertu zegoen Taberna Zahar eta igande arratsaldeko ganadu pasadak egiten laguntzera erromeriaren zain zeuden neska gazteak etortzen omen zitzaizkion, plazara azkarrago joan zedin. Pentsa zer grina zuten dantzarako», hasi zitzaigun Inazio Buenetxea, Txankartaren seme zaharrena.

 

        Amak kontatzen zizkien kontu horiek. «Lanak egiten lagundu, erromerian jo eta jaiko pezeta bat kontatzen omen zuten. Aspaldiko kontuak izango dira», erantsi zuen.

 

        Pantxika izeneko amona hori izan zen Antoniori, Txankartari alegia, mutikoa zela zigarroa erretzen ikasi behar zuela esaten ziona. «Gure aita mutil gaztea zela, ezkontzetan-eta jotzen hasita egongo zen; ez zuen zigarrorik erreko eta amonak esaten omen zion erretzen ikasi egin behar zuela, zigarroak ondo ematen zuelako. Aitak kontatzen zuen hori. Elgeta ere erretzaile amorratua zen eta beharbada hari imitatzea nahiko zuen, Elgeta 1906an jaioa baitzen, gure aita baino hamasei urte zaharragoa beraz. Elgeta Lasturko Larraskandan egona omen zen soinua erakusten, Aittola Zaharretik gertu dagoen baserri batean alegia. Larraskandan erromeria egiten zen urtero Pazko Egunean eta aita joaten zen urte askoan jotzera», gogoratu zuen.

 

KORPIŅOAREKIN SOINUA JOTZEN

 

        Antonio Buenetxea Txankartak ezkontza batean egin zuen debuta hamalau urterekin. Badirudi egun horretan soinu handiarekin jo zuela. Dena den, sasoi horretan zalantzak izan omen zituen.

 

        «Ez dakit egun horretan edo erromeriaren batera joan aurreko egunean bi soinuekin frogak egiten aritu omen zen, soinu txikiarekin eta handiarekin, eta handiarekin joko zuela erabaki omen zuen. Goizeko ordu batak arte jardun omen zuen frogak egiten handia aukeratu zuen arte. Geroztik handiarekin jarraitu zuen. Soinu handi hori Bilbon izeba batek erositakoa zen eta oraindik hemen dugu», esan zuen eta anaia gazteagoak, Jose Antoniok, aitaren soinua ekarri zuen.

 

        Taberna Zahar etxea bota eta etxe berriak egin zituztenean, familia osoa biltzeko soziedade bat egin zuten azpian. Beheko sua piztuta ari gara hizketan. Gurasoen argazkiak ikus daitezke txokoetan eta senideenak ere bai. Inazio eta Mari Tere Zarautzen bizi dira, Jose Antonio Ondarroan eta Soraia Itziarren. Bosgarrena, Maria Belen, auto istripuan hil zen aita artean bizi zela. Hiru alaba horien argazkiak ere ikus daitezke han-hemenka. Tarteka soziedade honetan biltzen dira guztiak. Hor gordetzen dituzte aitaren bi soinuak ere.

Noiz hasi zen, zenbat urterekin, soinua jotzen ikasten? Inaziok pasadizo bitxi bat kontatu zigun.

 

        «Bi anai-arreba ziren, arreba bera baino hiru bat urte gazteagoa. Neskak orduan korpiņoa janzten zuten eta nik ez dakit zenbat urte izango zituen aitak, baina umetan arrebaren korpiņoa eskuetan hartu eta soinua balitz bezala jotzen jarduten omen zuen. Gure aitonak kontatzen zigun hori. Soinuaren hauspoa imitatzen zuen korpiņoa mugituz».

 

        Soinu txikiarekin hasi zen bere gisara ikasten, baina Bilboko izebak ekarri zion soinu handiarekin egin zuen bere ibilbidea.

 

        «Itziarren ezkondu eta orain Mexikon bizi diren batzuek gutuna bidali ziguten herrian Txankartari omenaldia prestatzen ari gintzaiola jakin zutenean. Gutun horretan esaten dutenez, 14 urte zituen haien ezkontzan jo zuenean», esan zigun Jon Ostolaza trikitilariak.

 

        Umetan arrebaren korpiņoarekin soinua imitatzen bazuen, garbi dago inguruan soinu-jotzaileak ikusten zituela. Zein izan zitezkeen bere aurrekariak Itziar inguruan?

 

        «Soarte harri-jasotzailea gure aitaren lehengusua zen eta horren aitak ere, Migel Albisuk, soinua jotzen zuen. Migel hori gure aitaren osaba zen eta zaharragoa, noski, dezentez zaharragoa, hogei urte bai behintzat, gure aitonarekin batean ibiltzen baitzen. Hemen inguruan erromeriak leku askotan egiten ziren eta horietan jotzen zuen, Ziolarren, Ziantzarren, Lasturren... Beharbada osaba horrek ere izan zezakeen eraginik gure aitaren zaletasunean», jarraitu zuen Inaziok.

 

        Soarteko Migel horren pasadizo bat ere gogoan du Inaziok.

 

        «Txankartan jaiotako gure aitonak kontatzen zuen igande arratsalde batean Ziolarren erromerian jo eta etxera zetozela Migelekin koadrilan eta bidekoak jotzen. Ilunduta zegoen nonbait ordurako, pendizik ikusi ez eta txilipurdika erori omen zen bere soinu eta guzti. Zelaian behera bueltaka joan ondoren jaiki eta berriro jotzen jarraitu omen zuen».

 

        Bazen garai horretan Zestoako Arbe baserrian ere soinujotzaile bat. Aitonari entzuna dio Inaziok Arbek erromeria batzuetan jotzen zuela.

Hogeita bat urterekin egin zuen Antonio Buenetxea Txankartak soldaduska Donostiako Loiolan. Soinuarekin joan zen soldaduskara. Komandante batek bere asistente gisa hartu zuen. Goizean enkarguak egin eta soinu jotzeko nahikoa astia izaten zuela kontatzen omen zuen. Jose Antonio semeak badu susmo bat gai honen inguruan:

 

        «Soinua jotzen zuelako uste dut hartu zuela komandanteak asistente bezala eta etxean egiten ziren festetan soinu-jotzaile gisa erabiltzen zuela. Ofizialen festak antolatzen omen zituzten eta gure aitak soinua jotzen zuen».

 

        Inazioren ustetan, soldaduskan egin zituen lagunak izan ziren ondoren bakoitza bere herrian erromeriak antolatzen hasi zirenak eta horregatik ibili zen afta hainbeste batera eta bestera. «Hori da nire irudipena, Igeldokoak, Alkizakoak, Asteasukoak, Aiakoak.. soldaduskan ezagutu zituela».