Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Osaba Txirrita

Joxean Agirre

biografia nobelatua

Bertsolari, 1998

 

BION ARTEKO SEKRETUA

 

        Osabak berrogeita hamarren bat urte izango zituen bion arteko sekretua kontatu zidanean. Altzako festetara bezperatik etorri zen bertsotara eta biharamunean bazkalaurretik lastategian itxaroteko agindu zidan, sekretua kontatu behar zidala eta. Buruari bueltak ematen pasatu nuen gaua, zer sekretu izan zitekeen pentsatuz, baina ez nuen asmatu, ez.

        Lastategira etorri zitzaidan eta idazten ikasi nahi zuela esan zidan eta horretarako ni aukeratu ninduela maisu bezala, baina baldintza bakar batekin, ezingo niola inoiz inori ezer esan.

        —Horretarako hik heuk joan beharko huke Txirritara denboraldi baterako. Ahotsean tristura nabari zitzaion. Goibel zegoela ematen zuen, gaitzen bat edo ezbeharren bat gaineratu balitzaio bezala. Oso gutxitan ikusi nuen nik osaba horren goibel.

        —Zertarako nahi duzu idazten ikastea, pertsona larri gehienek ez badakite? —galdetu nion.

        —Izan naizenaren arrasto bat uzteko —esan zidan.

        —Zure bertsoak jendeak kantatzen ditu eta zure ateraldiak ahoz aho dabiltza —gogoratu nion eta irribarre maltzur bat ezpaineratu zitzaiola ohartu nintzen, deszifratzen oso zail egin zitzaidana.

        —Ateraldiak, ateraldiak... Bertsolariok pailazo bihurtu gaituztek, jendearen dibertsiorako txorimalo. Mende berrian bertsolariak liburuei esker biziko dituk —kexatu zen.

        Mendeen arteko mugan geunden. Jaio berria zen XX. mendeaz ari zen, beraz.

        —Bertsolariok herriaren bihotzean biziko dira edo ez dira biziko. Liburuan sartzen den guztia hil egiten da —atera zitzaidan. Neroni ere harriturik geratu nintzen esandakoaz, beste norbaitek hitz egin zuela nire ahotik iruditu zitzaidan. Orduan ez nintzen ohartu neu nintzela aldatzen ari nintzena. Geroztik, gizondu ahala ahots serio hori nagusitu da nigan eta orain, alderantziz, tarteka umetako ahotsa entzuteak ematen dit poz. Osaba bera ere hunkiturik zegoen. Bere esku handia bizkarrean jarri zidan.

        —Aurki ez nauk herriz herri kantuan ibiltzeko gauza izango eta nire betebeharrak idatziz bete beharko ditiat. Mutikoa nintzela ez nian sekula ere pentsatu inoiz idazteko premian aurkituko nintzenik —esan zuen eta berriro lehengo irribarre maltzurra ezpaineratu zitzaion.

        —Konta iezadazu, osaba, —esan nion— zergatik ez zenuen txikitan idazten ikasi.

        —Maistraren kulpa izan zuan, maistraren kulpa. Dena den, hark hiru urtean lortu ez zuena hik astebetean lortuko duk, baina hau gu bion arteko sekretua izango duk —esan zuen eta bostekoa luzatu zidan.

        Bere atzapar lodi eta beroan estutu zidan eskua eta esku handi haiekin luma hartzeko ere komeriak izango zituela pentsatu nuen, baina ez nuen osaba desanimatu nahi izan. Beharbada Altzako inprentan nik erabiltzen nuen luma baino askoz handiagoak aurkituko nituen. Lasto fardo baten gainean eserita zegoen eta altxatzeko ahalegin handia egin behar izan zuen. Altxatu, bizkarretik heldu eta etxerantz abiatu ginen. Bidean hasi ginen Txirrita baserrira hilabete batez joateko planak egiten.

 

 

ALTZAKO FESTETAN

 

        Lastategian lagun egin ginenetik osaba Txirritarekin joaten nintzen etxean gonbidatuen banketea bukatu eta gero Altzako festetara, gure herriko festetara alegia. Bidean bi edo hiru geraldi egiten zituen eserita, orduko loditzen hasia baitzegoen, eta geraldi bakoitzean beste baserrietatik herrira zihoazen nire adineko neska-mutikoak hurbiltzen zitzaizkion. Horrela, herrira iristerako haur talde handi bat izaten zuen inguruan.

        Gogoratzen naiz behin pixalarria etorri zitzaiola eta bidetik nola apartatu zen zuhaitz baten kontra pixa egiteko. Orduko osabak ehun eta hogeiren bat kilo pisatuko zituen, eta gerri buelta bederen handitua zuen.

        Guztiok bidean geratu ginen haren pixa-errekari begira, baina mutiko bat aurreratu zitzaion bertatik bertara horren luze eta oparo pixa egiten zuen iturburua ikusi nahian.

        —Ezer ikusi al duk, mutiko? —galdetu zion bukatu zuenean.

        —Bai, jauna —esan zion mutikoak, pixka bat lotsaturik.

        —Eskumuinak emaizkiok orduan, nik azken hamar urteotan ez diat ikusi eta —erantzun zion osabak, eta bidetik begira geunden neska-mutikoak barre egin genuen.

        Ume horietako askok etxetik ekartzen zituzten nire osaba tentatzeko enkarguak. «Galde iezaiok honelako edo halako lekuetan zer bertso bota zion Udarregiri edo

        Saibururi» esaten baitzien aitak. Batzuetan enkargu horiek bere aurrean ematen zizkioten gurasoek, zuzenean tentatzen ausartzen ez zirelako. Orduko jendeak haren bertso asko zekien buruz eta haren ateraldiak ahoz aho zebiltzan. Eta osaba Txirritak baietz, gogoratzen zituela, eta bat-batean pare bat bertso asmatzen zituen. Ni pixka bat barro sentitzen nintzen engainatzen zituela banekielako, baina harritu egiten ninduen jendea inguruan edukitzeko zuen behar horrek.

        Behin galdetzera ausartu nintzaion.

        —Hiri hainbat gustatzen zaidak niri bakardadea eta lasaitasuna, baina horixe duk bertsolariaren lana, jendeari etengabe barre egiteko motiboak ematea —esan zidan.

        Geroztik are miresgarriagoa iruditzen zitzaidan osaba, jendez inguratuta, batari diosala, besteari erantzuna, eta hirugarren bati ziria sartzen ikusten nuenean. Bertsolari baten lana ez dela taula gainean bukatzen, pentsatzen nuen nirekiko, gogorrena, handik jaistean hasten dela.

        Altzako plazara iritsi orduko hurbiltzen zitzaion jende heldua ere. Han izaten zituen inguruan berarekin geroxeago kantatuko zuten bertsolariak, Saiburu bere lehengusua, Olegario hernaniarra edo Zubeltzu itziartarra, Pello Errota ezaguna edo Gaztelu. Baina han izaten ziren inguruetako arlote, parrandero, txoropito eta babalasto guztiak ere, bertsolariak zer esango, zer erantzungo arrimatzen zirenak.

        —Euliak eztira bezala etortzen dituk horrelakoak. Famak erakartzen dik arlotea —entzun zion behin batean.

        Orduko herren pixka bat ere egiten hasia zegoen eta bidean bastoiarekin etorria bazen ere, plazan niri sorbaldatik helduta egotea gustatzen zitzaion, tarteka bere adiskide eta bertso-lagunei, «hau duk nire iloba» esanez, beste ilobarik ez balu bezala.

        Niretzat egoera nekagarria izaten zen hori, baina pozik egoten nintzen. Behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen, osaba Txirritak beharbada ez zuela sekulan idazten ikasiko, eta bidelagun bezala erabiltzen baninduen, horrexegatik zela, egunen batean bere berri munduari emateko.

        Horrexegatik, bertso-lagunen batekin taula gainera igo eta bertsotan hasten zenean, adi-adi geratzen nintzaion entzuten, nire lagunek frontoira pilotara edo uztaiarekin jolas egitera alde egiten zuten arren. Hamabi urte izango nituen artean, baina banekien dagoeneko bertsolari handi baten berri etorkizunari emateko patua tokatu zitzaidala.