Joxean Agirre
nobela
Elkar, 2008
1
Bere azken agurrean egon zirenek, afarira gonbidatu zituenek alegia, ez zegoela abaildua diote. Ez zuen, noski, garai bateko grinarik, irmotasunik eta federik. Ez zuen nonbait, gaztetan bezala, ingurukoak egitasmo handi edo ekintza burugabeetan endredatzeko gogorik, baina horrek xaloagoa, hurbilagoa egiten omen zuen. Beti bezain erne, zorrotz eta adar-jotzaile ikusi zuten. Mahaian eseri zirelarik, jorratu bana eman omen zien etorri zirenei. Bi eskuak bakoitzaren sorbalda gainean ezarri eta gogoaren erradiografia moduko bana egin omen zien, holakorik egin badaiteke, minik eman gabe betiere edo adarra jotze aldera, ez dago esan beharrik. Hain zuzen ere horretantxe zuen adurra, gogoaren erradiografiak egiten, gaitasunei antzeman, aldarteak interpretatu eta aurrean zuenaren etorkizuna iragartzen. Bildutakoek txaloka hartu omen zituzten bere jardun inprobisatu horietako batzuk, garai batean bezala, bestalde, elkarrekin sortu zuten alderdi marxistak iraun zuen bitartean txaloka bukatzen baitzituzten egoerari buruzko azterketa amaiezinak edo estrategia eta taktikari buruzko liderraren jardunak, ariketa distiratsuak izan zirelako batzuetan edo, hain luzeak izanik, bukatu zirelako ere bai beste askotan.
Guztiak gizonezkoak ziren, bat izan ezik. Emakumearen parera iritsi zelarik, ondoan leku pixka bat egin, aulkian eseri eta bakarkako hizketaldi labur bat izan omen zuen berarekin, eta hizketaldiak iraun zuen bitartean halako isiltasun gogaikarri bat egin omen zen afaltiarren artean. Diotenez, alderdian ibili ziren bitartean harreman berezia izan zuten elkarrekin, eta gaitzespenik ere jaso omen zuten batzordeko kide batzuen aldetik, barne-arauak eta segurtasun neurriak hausten zituztelakoan. Gehienek maitaleak izan zirela uste dute eta batzuei emakumeak maitemindurik jarraitzen zuela iruditzen zaie. Edozein modutara ere, gutxi iraun zuen isiltasunak. Mahaiari itzulia eman eta bere aulkian esertzera zihoanean, bere buruaz mintza zedila eskatu omen zioten. Ez orduan ez gero, postreen buruan hitza hartu eta hogeita hamar urte lehenago bezain ondo menderatzen zuen erretorikarekin diskurtso bat apailatu zuenean ere antzeman zioten burutazio txarrik. «Gaztetan utopiaren distirak eta kaosaren ederrak itsutzen gintuzten. Gutako askok edertasun gehiago ikusten genuen lehergailu baten eztanda ondoko hondamendian, munduko zazpi miresgarrietan baino. Adinarekin, ordea, ohartu gara gizakiaren epika nagusia kaosa gainditzea izan dela eta zerbait handia gertatzen dela etxean argi bat piztu, kalean auto bat martxan jarri edo telefonoaren bestaldean adiskide baten ahotsa entzuten dugun bakoitzean. Adinarekin zibilizazioa, legea eta ordena maitatzen ikasi dugu, eta poesia gehiago atzematen dugu askotan makina xumeenaren erabilera-orrian gizakiaren porrota kantatzen duten Byronen liburu guztietan baino», esan omen zuen, esate baterako, eta arrazoiaren, legearen eta ordenaren gorazarreak egin omen zituen luzaz, garai bateko esapideak eta tonua baliatuz, adiskideen artean benetan edo bromatan ari ote zen zalantza handiak sortuz. Norbaitek aipu horiek Chestertonenak ote ziren esan omen zuen ahopeka. Beste batek azken orduko filosofo neokontserbadoreren bat aipatu omen zuen. «Goiburu batek bideratzen du gure gaurko burubidea: zaharra berritzeak, lehenari eusteak. Ez dago denboraren kontrako azken gatazka hori baino egiteko premiazkoagorik eta duinagorik. Arerioa begiz jota dugu, badakigu zein den, ez amore ematea, menik ez egitea da bidea. Eutsi goiari!», esan omen zuen geroago ukabila altxatuz eta «Eutsi» egin omen zuten deiadar guztiek. Gehienei gaztetako diskurtsoen parodia distiratsu bat iruditu zitzaien, eta txaloek eten omen zuten behin eta berriz haren jarduna. Guztiak 68ko maiatzean Parisen ibiliak ziren, eta Internazionala frantsesez abesten zuten beti. Mahaitik altxatu eta alde egin aurretik norbaitek ukabila jaso eta lehen konpasak kantatu omen zituen, baina egun horretan ez zioten jarraitu. Jatetxea izen handikoa zen nonbait, jendea zegoen eta ez zitzaien guztiz egokia iruditu.
Etxe aldera jo beharrean edaritegi batera joatea erabaki zuten azken tragoaren aitzakian. Han ezagun batzuk sartu omen ziren taldera, emakumeak gehienak, norbaiten emaztearen lagunak. Hauek lausengu eta balakuekin hartu zuten gizona. Batzuek ez zuten sinistu nahi izan 60 urte betetzen zituenik. Ilea urdindua, baina kalparrez betea zuen oraindik eta sendoa zegoen gorputzez. Bat edo batek proposamen gaiztoak egin omen zizkion eta berak jostalari erantzun, itxaropenari bide bat utziz, egin ohi den moduan. Ohitua zegoen gazteagoekin ere unibertsitatean txantxetan aritzen. Eta gaztetandik zuen adurra emakumeekin.
Biharamunean taldekoek berriro hitz egin omen zuten beren artean telefonoz, maiz egiten zuten moduan. Norbaitek aipatu zuen opor egun batzuk pasatzera Veneziara ote zihoan, baina ez zen horrekin inor harritu, gehiagotan ere egiten baitzituen egonaldiak hiri horretan, ondarearen zaharberritzeaz arduratzen hasi zenetik batik bat. Inork ez zion hartu, ordea, ez-egitekoren bat egiteko trazarik. Inork ez zuen egin errezelo txarrik.
Ordubete inguru itxaron omen zuen San Marcoko eliz dorreari bisita egiteko zeudenen ilaran. Laurogeita hemeretzi metro neurtzen ditu La Campanillek. Kiribilean egindako harmailetatik gora igoko zen eta hainbat maite zuen hiriaren bistak miretsiko zituen seguru asko, babeserako jarrita dauden burdin hesiak gainditu eta jauzia egin aurretik. Hiriko udaltzainek egindako atestatuak bildu ditu lekukotasunak. Horietako batek dioenez, une horretan kale ikuskizun bat ematen ari ziren kai aldean, plazaren beste izkinan, eta jende gutxi zegoen, beraz, erori zen lekuan. Bera Palazzo Ducale ikusgarriari begira geratu omen zen. Eraikuntza erraldoi horrek Istriako harri zuriarekin eta Veronako marmol arrosarekin egindako bi fatxada gotiko harrigarri ditu, eta kale ikuskizunik ederrena baino interesgarriagoa iruditu bide zitzaion. Gizona zerutik jausi eta lurraren kontra lehertu zenean, ez omen zuen, beraz, ikusmin handirik sortu. Gosari hondarrak erretiratu eta mahai-zapiak astintzen ari zen ondoko kafetegiko zerbitzaria izan omen zen lehenik ohartu zirenetako bat, eta hark estali omen zuen hilotza eskuetan zuen zapiarekin, inolako espanturik gabe gainera, goizero La Campanilletik norbait amildu eta lurraren kontra lehertuko balitz bezala. Gosaritako ogi apurrak lurretik jaten ari ziren uso saldoak hurbildu omen ziren hurrena eta dagoeneko ikuskizunarekin aspertzen hasita zeuden turista taldeak azkenik. Lekukoak dioenez, ez zuten ezer egiterik izan, mahai-zapiaren petik ateratzen zen odol jarioan mokoka egin nahi zuten usoak uxatzea besterik. Hiriko gidak eskuetan zituztela hilotzaren zapata beltzei begira egon omen ziren, harik eta udaltzainak etorri eta lekua hesitu zuten arte. Erori zen lekuan harlauza zenbait pitzaturik omen daude, gehiagok ere beren buruaz beste egiteko plaza bazter eder hori aukeratu izan duten seinale. Lekukoren batzuek diotenez, emakume gazte batek hautsi omen zuen begira zeudenen hesia, eta, hilotzaren ondoan belauniko jarririk, azken besarkada bat eman omen zion mahai-zapiaren gainetik. Gero, zutitu, bi eskuekin aurpegia ezkutatuz negar zotin batzuk egin eta alde egin omen zuen. Beltzez jantzia zihoala esan dute eta ile horia kokotean anabasan loturik zeramala. Besterik ez.
2
Kanal Handiaren alde banatara dauden jauregiak miresten dituen bisitariari desolazio puntu bat eragiten dio ikusmirak. 1900etik gaurdaino 23 zentimetro hondoratu da Venezia, itsasoko urak igotzen ari direlako batetik eta hiriak berak ere behera egin duelako bestetik. Bere edertasunak erakartzen dituen milaka turistek ere erasango diote zertxobait, zapalduaren zapalduz. Ezinbesteko hondoratze hori neguko marea bizietan nabarmentzen da, azaroan eta abenduan bereziki. Ordu batzuk lehenago 16 sirena joaz iragartzen dituzte aquae altae deituak, eta hiriaren zati batzuk, San Marco plaza esaterako, urpean geratzen dira. Ikusgarria da kanaletan urak nola gainez egiten duen ikustea baina, horren ikusgarria ez bada ere, estolderia da une batetik aurrera porrot egin eta ura borborka kanporatzen hasten dena. Ura, zabor eta hondakinak gainean dituela, arkupeetara iristen da eta lapur baten moduan sartzen da denda garesti eta kafetegi dotoreetan. Ordu batzuk bakarrik irauten du itsasoaren erasoak. Agintariek pasabide estu batzuk jartzen dituzte turistak batetik bestera mugi daitezen. Gero urak berriro bere onera itzultzen dira, jauregi atarietan hondamendiaren zantzuak eta bertakoen memorian iragarpenik beltzenak utzi ondoren.
Modu horretantxe setiatzen gaitu denborak ere berrogeita hamar urtetik aurrera. Hasierako erasoak ez dira iragarpenak baizik, haur jolasak dirudite. Ez gaituela inoiz garaituko pentsatzen dugu. Baina ez du tregoarik hartzen. Hor jarraitzen du zelatan, sator lanean isilka, ezarian jaten gaitu barrenetik, zedenak edo pipiak bezala, eta ohartzen garenerako ez dugu gotorlekurik, ez heldulekurik.
3
Adiskide baten zain nengoen aireportuko harrera-areto nagusian, hegazkinen ordutegiaren panelari begira, norbaitek atzetik eskuekin begiak estali zizkidanean. Emakume ezagunen bat izango zela pentsatu nuen. Batzuetan adeitsu eta maitekor jartzen dira beste norbaitekin maitemintzen direnean. Haren esku luzeak ukitzen ari nintzen, izenik eman gabe nolanahi ere, ez bainuen hankarik sartu nahi, belarrian zerbait beroa eta lirdinga sentitu nuenean: mingainarekin gingila miazkatzen zidan, nik ulertzen ez nuen hizkuntza batean lizunak ziruditen hitzak errepikatzen zizkidan bitartean. Haren eskuak askatu eta begiak irekitzea lortu nuenerako, ingurukoak begira nituen hunkiturik, hunkigarriak izaten baitira betiere geltoki eta aireportuetan ematen diren bikoteen arteko besarkada itogarri eta luze.horiek. Goitik behera beltzez jantzia zetorren, horrek pitin bat bere gaztetasuna itzaltzen zion, baina ile horia anabasa batean bildurik zeraman kokotean eta horrek, ilearen desgobernu horrek alegia, ez dakit zergatik, biluziago egiten zuela iruditu zitzaidan. Ni ez nintzela berak uste zuena adierazten saiatua nintzen, baina alfer samarrik, esaldi sakon eta katramilatsuak ateratzen baitzaizkit atzerriko hizkuntza batean hasten naizenean. Biolin baten estutxea zekarren esku batean eta tamaina bertsuko maleta bat zuen aldean. Bigarren hau lurretik hartu eta kanpora lagunduko niola egin nion keinu buruarekin. Atetik irten bezain pronto, egoera behingoz argitzeko asmoarekin, maleta lurrean utzi nuenean ere emakumeak niri besarkaturik jarraitzen zuen, hiruzpalau taxizale begira genituela, autoen ateak zabalik, begi-bistakoa baitzen bikote baten elkarretaratzea irudikatzen genuela, eta, ondorioz, presarren hotel bat edo gutxienez bakarrik egoteko lekuren bat beharko genuela. Ez zen, beraz, hura emakumeari argibideak eskatzen hasteko lekurik aproposena eta lehendabizi zegoenari eman nion, halabeharrez, norabait eramateko agindua. Autotik jaitsi ginenean bakarrik begiratu zidan luzaz, nigan beste norbait ikusiko balu bezala. Baina ez orduan ez gero, elkarrekin egin genituen hilabeteetan, argitu nahi izan zuen gaizkiulertua. Bukaeran bakarrik, beste orkestra batera joateko prestatzen hasia zelarik, aipatu ohi zuen egun hori, baina aldiko bertsio ezberdin bat emanez. Orkestrako lagunekin tarteka egiten genituen afalondo luzeetan gaia egokitu eta argibideak ematen hasten zelarik, gertatuarekin zerikusi gutxi zuten kontakizunak asmatu ohi zituen. Niri aldian aldiko bertsioa baieztatzea baizik ez zitzaidan geratzen. Gehienez ere xehetasunen bat erantsiko nion edo txikikeriaren bat zuzendu. Aireportuan, maletaren zain eman zuen ordu laurdenean, ez omen nion begirik gainetik kendu. Hala kontatu ohi zuen berak. Orkestrako norbait izango nintzela pentsatu omen zuen eta, galdetzeko asmotan hurbildu zitzaidanean, ez omen nintzen gai izan bere galderari taxuz erantzuteko, besotik amultsuki heldu eta taxi baten bila atera omen nuen. Inoiz inongo orkestratan ez omen zuten horren adeitsu eta abegikor tratatu. Hori pentsatu omen zuen. Geroago, hiria erakutsi, alde zaharreko terraza batean solasean jardun eta hotel bat bilatzeko asmotan altxatu ginenean, gerritik heldu omen nion, hain irmo eta aldi berean hain txeratsu, non biolin bat ere horrela sentituko zela pentsatu baitzuen, berak hainbeste miresten zituen jotzaileen eskuetan. Burutazio horrekin, jotzaile baten eskuetan biolina sentitzen zela pentsatuz alegia, egin omen zuen tarte bat, zeharkatu omen genuen kale bat, noiz askatuko nuen beldurrez, eta han bertan erabaki omen zuen nirekin geratuko zela. Elkarren ezaupideari buruzko bertsio bigun sainar horren aurrean, entzuten geunden gizonezkook deseroso sentitu ohi ginen, baina baziren begiak kizkurtu eta inbidiaz, amesti, begiratzen zioten emakumeak ere.
Egia da sentibera eta abegikorra naizela emakume ederrekin, eta egia da baita ere hiria erakustea erabaki nuela. Txikia eta bildua da, gainera, ordu gutxitan erakusteko modukoa, historia apala duena. Ez duzu han, beste hiriburu batzuetan bezala, monumentuak etengabe solasera ekarri beharrik, ez ez dituelako, baizik eta itsas bistak, hondartzek, uharteak eta bereziki badia harrigarriak bisitaria liluraturik uzten dutelako. Txillidaz mintzatu nintzaion, noski, eta Oteizaz ere bai, euskaldun izateko bi modu daudela adierazten saiatu nintzaion eta nik neuk ere ez nekiela bietatik zein gustatzen zitzaidan gehiago erantsi nuen, batzuetan bata eta besteetan bestea gustatzen baitzitzaizkidan. Berak biolinaren estutxea besarkartuz entzuten zidan, edo entzun itxurak egiten zituen, nire imintzioak eta hitz egiteko modua aztertuz bezala. Beharbada Venezian ezagutu zuen gizonarekin alderatzen ninduen. Nik dagoeneko beroki luzea eta besapean liburu bat zuela irudikatzen nuen. Han jarraituko zuen oraindik aireportuko harrera-aretoan luzetsita, batera eta bestera ibilian, artega. Gu, ordea, hiriko plaza zaharrean geunden, arkupeetan babesten diren taberna horietako baten atarian. Eguartea zen eta eguzkiak epeldu egiten zuen berotzera iritsi gabe. Uso saldo bat lurreratu zen gure ondoan, mokoka jardun zuten beren keinu mekaniko eta urduriekin, eta, taldeko buruak hala agindurik-edo, aireratu egin ziren denak batean, zeruan zilarrezko laino bat osatuz. Mirespenez begiratuko nion behin eta berriz, jostalari mintzatuko nintzaion tarteka, baina ez da egia inolako proposamenik egin nionik eta are gutxiago, berak kontatu ohi zuen bezala, bera ukitzeko abagunerik txikienak aprobetxatu nituenik.
Ardo bat eskatu zuen, nik ere hala eskatu nuelako. Ezpainak bustitzea baizik ez zuen egin. Baraurik egongo zen seguru asko, otorduetatik kanpo mokaduren bat eginez elikatzeko ohitura baitzuen. Tarte luze bat eman behar izan zuen eskuekin aurpegiari haize emanez eta altxatzeko beldurrez. Ostatu bat aurkitzeko asmotan bidean jarri ginelarik, pauso trauskil batzuk eman zituen takoidun zapaten gainean eta ondo beharrez heldu nion gerritik, aitakeriaz gehiago beste inolako asmorekin baino, eta aparkalekura iristean, autoan eseri orduko, musu itogarri bat eman zidan. Oraindik ardo zaporea zuen ahoan. Urteak pasatu diren arren, edaritegi batera sartu eta ardo bar eskatzen dudanean musu horrekin gogoratzen naiz askotan, eta ez dakit zerk berotzen didan barrena gehiago, ardoak ala neskaren oroitzapenak.