Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Romain zen bere izena

Joxean Agirre

nobela

Elkar, 2003

 

1

 

        Lekukoek diotenez, parkean egin zuten topo eta emazteak senarrari tiro egin aurretik hitz egiten jardun omen zuten, hitz egiten baino gehiago errietan edo elkarri egundokoak esaten, baina eskandalurik sortu gabe nolanahi ere, jendearen arreta gehiegi erakarri gabe behintzat, ingurutik pasatzen zirenek irribarreren bat egiten baitzuten gehienez, bikote ezezagunen krisialdiek eragiten diguten auzo-lotsa puntuarekin, eta gero, emazteak bere poltsatik pistola atera eta senarrari apuntatu zionean ere, ez omen zen jendea asaldatu, pistola beltza gizasemearen eskuetan heriotzaren aldarrikapen bihurtzen den bezala, emakumearen eskuetan zerbait oso bestelakoa iruditzen baitzaigu, antzezpen sotil edo gezurrezko zerbait, jostailu bat, azken finean, are gehiago emakumea liraina edo ederra denean.

        Tiroa hartu eta gero ere hitz egiten segitu omen zuen gizonak une batzuez, bere bi eskuekin bularretik zerion odolari eutsiz. Lurrera abaildu zelarik ere, inor ez omen zen lehen momentuan laguntzera lerratu, eta tiro hotsarekin izuturik hegaldatu ten uso taldea, elizako kanpandorrea inguratu eta parkera itzuli zenean, gizona ahuspez zegoen lekuan pausatu omen zen, beren mokoekin hartxintxarren artean aztarrika eginez eta beren begirada ergelarekin dagoeneko bidea egiten ari zen odol errekastoari arreta laburrez begiratuz, ezbehar baten lekuko zirenik ohartu ere egin gabe.

        Ohartu zirenak, pasadizoan aplikatu ziren lekukoak, korroa osatuz joan omen ziren banaka-banaka hilaren eta hiltzailearen bueltan, bietako inork ihes egin ez zezan-edo, inolako zalapartarik gabe hala ere, bat-bateko heriotzak hirietan izan ohi duen erantzun geldoarekin eta, norbaitek abisu emanik, ertzainak iritsi zirenean ere begira geratu omen ziren, hilzorian zegoenak ala hiltzaileak, premia larriena zeinek ote zuen pentsatuz.

        Lurrean ahuspez zetzan gizonak oraindik ezpainak mugitzen omen zituen, emazteari egundokoak esaten ari ten nonbait artean, ertzain batek bere odoletan ito ez zedin burua altxatu zion arte. Emaztea ondoko aulkian eserita omen zegoen, magalean gezurrezkoa zirudien pistola beltza zuela, negarrez.

        Buruko zapi batean amultsuki bildu eta magalean kulunkatzen zuela dio norbaitek, edo jaio orduko hil den haurraren hilotza bezala laztantzen zuela arma itzali berria, dohakabeki negar eginez.

        Horretan bederen bat datoz lekukoak, gupidarik gabe baina isilka egiten omen zuen negar, ezbeharraren errudun bakarra bere burua ez baizik magalean zuen pistola beltza izan balitz bezala. Bere bi eskuak esposaturik sentitu zituenean bakarrik itzuli omen zen bere tentura edo adimenera eta, adierazpenak egin aurretik abokaturen bati dei egitea nahi al zuen galdegitean, nire izena eta telefonoa eman omen zituen, mekanikoki, une horretan buruan beste izenik eta telefonorik izan ez balu bezala, nahiz eta bazekien, jakin behar zuen, ni ez naizela abokatua.

        Ordurako Gurutze Gorrikoak iritsiak ziren ezbeharraren lekura. Ohexkan etzateko gizona lurretik altxatu zutenean ikusi omen zioten zauria alkandora urratuaren azpian, zauri bakarra, bihotzaren pare-pare. Gisako atestatuetan gertatu ohi denez, ņabardura morbidoak erantsi dituzte lekukoek. Batek, bihotzondoko zauri txiki horretatik, odolarekin tartekatuz, arnas kolpeak botatzen zituela esaten du, lurrun lainoxkak airean utziz, bihotzak, guztiz hondaturik ere, eragiten segitu izan balio bezala, eta etengabe ezpainak mugitzen zituela, betikotasun osoan bere emaztearekin errietan, egundokoak esaten, segitzeko intentzioa duenaren gisan.

 

 

2

 

        Ertzantzatik deitu zutenerako emakumeak utzitako testuak irakurtzen ari nintzen, hain zinez non ez nion deiari jaramonik egin. Minutu batzuk lehenago eman zizkidan, ikastetxeko sarreran bertan, «zuek bila zabiltzaten idazlea nire senarra da» esanez. Betaurreko beltzekin ezkutatzen zuen begirada, buruzapiarekin ilea, eta hitz egiteko moduan, mugitzeko eran, zerbait ezkutua edo isilpekoa gordetzen zuela zirudien.

        Guztiz aztoraturik ikusi zuela aitortu zuen gero atezainak komisaldegian. Nik uzkur baina abegikor ikusi nuen, bere onean edo tentuan nolanahi ere, inondik ere ez behintzat ez-egitekoren bat egitera doanaren itxurarekin. Bere poltsa bularren kontra ireki, orrialde sorta atera eta «bila zabiltzaten idazlea nire senarra da. Hau da froga gisa ekarri ahal izan dudan guztia» esan zuen edo esan zezakeen, halaxe adierazi nion epaileari, ahots beheraz hitz egiten baitzuen, ahots leun edo hezeegiz, aurrean zuena laztanduz edo isiltasunezko estalki batean bilduz bezala. Ez nion konturik egin, beraz, esan zuenari, adiago bainengokien ahotsaren xehetasun horri edo bere aurpegiko adierei, emakume batzuekin maiz gertatzen zaidan eran, eta, egia esan behar badut, ez nion sinetsi ere egin; zergatik sinetsi behar nion? Bi urte luze generamatzan gure literatura inarrosi zuen idazle horren atzetik eta dagoeneko ondo ikasia nuen gisa horretako «salatzaileak» gainetik kentzeko zer egin behar nuen: errespetu osoz tratatu. Behin eta berriz eskertu nion, nik bakarrik ez, gure literaturaren historiak ere egunen batean eskertuko ziola esanez, eta, ni eskua bete orrirekin utziz, itzuli eta alde egin zuelarik ere, atzetik begira geratu nintzaion. Etorri bezala, iheskor, uzkur eta itzalgaizka ikusi nuen, bere poltsa beltz zimurra magalean estutuz, kalean barrena ezkutatzen, zorigaitzak emakume ederrenei ere eransten dien patetismo puntu horrekin. Buruko zapiarekin estaltzen zuen ilea eta betaurreko beltzekin begirada. Soineko arin bat zeraman eta ezer erakutsi gabe ere edertasuna agerian uzten duten emakume horietako bat zela deliberatu nuen. Nik zer pentsatu behar nuen orduan bere poltsa zimurrean pistola bat zeramanik eta are gutxiago minutu batzuk geroago idazlearen kontra tiro egingo zuenik?

        Igogailuan sartu eta bulegorantz abiatu nintzen. Bidean, eskuetan neraman orrialde sorta distraituki zabaldu eta irakurtzen hasi nintzelarik, bihotzak palasta egin zidan, lehen esalditik ohartu bainintzen zeinen ezagun egiten zitzaidan ahots hura. Lehen orrialdea bukatzerako konbentziturik nengoen urteetan irakurleei eta literatur irakasleoi iruzur eginez zebilen idazlea eskueran nuela.

        Gora iritsi bezain pronto sakatu nion berriro jaitsierako botoiari eta atariraino egin nuen korrika emakumearen aztarnarik aurki ote nezakeen, baina haren errainua ozta-ozta irudikatzea baizik ez nuen lortu une batzuk lehenago ezkutatu zen galtzada hutsari begira: gona arin bat zeraman emakume bat, ezer erakutsi gabe ere edertasuna agerian uzten zuena.

        Amorrazio keinuren bat eginez itzuli bide nintzen. Atalburutik pasatzean atezaina sumatu nuen bere garitako leihatilatik zelatan, eta irribarre okertuan halako bozkario bat antzeman nion, barre-haize bat. Irakasleon kontaduria sentimentala eramaten zuen eta pozik zegoen nonbait aspaldiko partez zerbait ganorazkoa, zerbait berria, deskubritu uste zuelako. Epailearen aurrean egin dituen adierazpenetan irudimena behintzat baduela erakutsi du: desesperoak ematen duen deliberamenduarekin oldartu omen zitzaidan emakumea, eta lepotik zintzilik nuela ikusi omen ninduen luzaz, berak bere egitekoetan segitzen zuen bitartean. Nik eroapen handiz jasan omen nuen besarkada, gizasemeok emakumeen beroaldi edo flakezia horiek jasaten ditugun eran, konprentsioa erakutsiz edo, aski dela adierazteko bizkarrean edo sorbaldan kolpe laburrak joaz. Atezaina aditu bat da nonbait trantze hauetan eta, epaileari agertu dionez, besarkada labur bat kilikagarri gerta dakioke gizasemeari baina luzeegi bat nekoso. Edozein modutan ere, besarkatzeko erak maitaleen arteko konfiantza gradua erakusten omen du eta gureak, horretan erabat ziur egon ezin badaiteke ere, maitale zaharrak ginela erakusten omen zuen, bere idurirako, gorabehera handiak izan eta azken erabaki bat hartu behar duen bikotearen itxura omen genuen-eta, ez baitako isilpean luzaz bizi daitekeen maitasunik. Besarkadatik aske geratu zen emakumeak zerbait erregutuz bezala begiratu omen zidan, bi eskuak oraindik airean. Ez omen zuen, noski, bere garitatik ezer entzuten, baina bien arteko maitasuna eguzkitara, jendaurrera ateratzeko eskatzen zuela omen zirudien, zer besterik eska dezake bada urteak ni bezalako maitale zikoitz (sic) batekin egin dituen emakumeak? Eta nire azken urteotako frakaso sentimentalen zerrendatxoa aipatzen du, nik neuk ere ezagutzen ez nituen istorioak aurpegiratzen dizkidala.

        Besarkadatik aske geratu zelarik, errukarria iruditu omen zitzaion emakumea, hain otzan eta mirabe, nik beti bezain doilor segitzen nuen bitartean. Oinez jakin gabe lurrean zutik uzten dugun ume doi bat ekarri omen zion gogora, eroriko ez eroriko. Orduan atera omen zuen bere poltsatik gutuna eta burumakur eman omen zidan. Azken erregu baten agiria izan zitekeen, azken aukera baten eskaintza, azken agur bat besterik gabe edo hiru gauzak batean, maitasunezko azken agur guztietan uzten baitiogu itzulerari zirrizturen bat zabalik. Beharbada senarra jakitun zegoen ordurako edo amenazoka hasia zuen. Beharbada bila zetorkion atzetik, bidean birao isilak jaurti edo mendeku izugarriak aginduz. Baina nik ez omen nuen erruki zirkinik ere egin eta emakumeak, duintasun puntua berreskuratuz, niri bizkar emanik, alde egin omen zuen. Berandu, beranduegi, gutuna irakurri ondoren, ohartu omen nintzen gertatu behar zuenaz edo gertatuko zenaz eta alferrik egin omen nuen korrika emakumearen bila, nik neuk martxan jarria nuen heriotzaren gurpil eroa geratu nahirik.

        Hala adierazi zuen atezainak bere adierazpenetan. Eta hala pentsatzen hasia egongo zen orduan, nik irribarre okertuarekin ikusi nuenean. Ez nion kasurik egin. Erdeinuz begiratu nion pasaeran eta, nire bulegoko atea itxiz, idazlearen testura itzuli bezain pronto ahaztu nuen bere irribarrea eta hasiko zitzaidan beharbada nirea loratzen, irakurri ahala erabat konbentzitu bainintzen testuak idazlearenak zirela.

        Aurpegi batekin edo ahotsarekin nahas zaitezke (aireportuan behinola emakume arrotz batek besarkatu ninduen, bere senarrarekin nahasten ninduela, eta ulertzen ez nion hitz bakar bat errepikatzen zidan belarrira, gingila musukatuz, barkazioa eskatuz edo), keinu batek edo begirada batek ere zalantzaz bete dezake zure barrena (badaude listua birritan irenstera behartzen gaituzten begiradak eta zerbait urruna gogoratzen digutelako asaldatzen gaituzten imintzioak), baina horiek baino sakonagoa, pertsonalagoa da idazle batek urteetan landu duen idazteko modua, idazkera hizkuntzaren iturburutik jaiotzen baita, sua txingarretik edo ura lurraren altzotik bezala, kontzientzia bera argitzen den gure baitako sortalde urrun eta ilun horretatik.

        Horrelakoa zen ni aspaldion obsesionaturik nindukan idazlearen idazteko modua. Gure literatura apalean leku bat eskuratzera ez ezik, beste guztiei itzal egitera iritsia zegoen, baina ez genuen haren aztarnarik inolaz ere atzematen. Azken bi urteetan inon diren sari eta aipamen guztiak irabazten zituen, baina inoiz jasotzera agertu gabe. Haren obra itzultzeko interesaturik zeuden atzerriko argitaletxeek ere atzera jo ohi zuten, lege arazoak etor zekizkiekeelako, eta Gobernuko kultura arduradunak urduri jartzen hasiak zeuden, hain urduri ezen batzorde bat lanean jarria baitzuten auzia lehenbailehen argitzeko. Argitu beharrean, ordea, gauzak nahasten ari ginen eta gure zenbait hanka-sartze ondo asko haizatu zituen prentsak, gu lotsagarri utziz, haizatzeko modukoak izan baitziren izan ere.

        Emakumeak une batzuk lehenago eman zizkidan zirriborroak izenik gabeko idazle horrenak izan zitezkeela pentsatze hutsak aztoratu egin ninduen eta bulegoan batetik bestera nenbilen, ibilian irakurriz, ez baitakit egonean pentsatzen, eta, telefonoak jo zuelarik, jaramonik ez egitea erabaki nuen.

        Lehen testua trama gisa idatzia zegoen eta nobela luzeago baten zirriborroa zirudien. Idazlearen egitekoaren ikuspegi guztiz intimista defendatzen zuen, esanez literatura, ezer izatekotan, nitasunaren laborategia dela, geure nortasun hondatua konpontzeko balio duen tailerra, non iraganeko hondakinekin, oroitzapen galduekin eta etorkizuneko ametsekin lan egiten dugun, geuri ere sinesgaitz egingo zaigun ipuin bat asmatuz, gure identitatea, azken finean, kontakizun bat delako, kontakizunik sinesgaitzena.

        Bigarren testua sinpleagoa zen eta literaturak memoriaren ordezko gisa betetzen duen zereginaz ari zen. Kontakizuneko protagonista, bi eguneko bizarra daraman gizasemea, ezagutzen ez duen hotel bateko gela batean esnatzen da, ezagutzen ez duen emakume baten ondoan, eta honen musuek, honen gorputzak eta maitasun hitzek, modu lanbrotsu batez, aurreko emakume batzuenak gogoratzen badizkiote ere, ez du inoren izenik, inoren aurpegirik finkatzerik lortzen. Ondoan duen emakumeak ez du argibide gehiagorik, bezperan bere begiz ikusitakoa baizik: traje dotorez jantzita baina pare bat eguneko bizarrarekin, eskuan maletatxo beltza zeramala agertu omen zen itxura horrekin inor gutxik zapaltzen zuen kalean barrena eta emakumeak agurtu zuen arren, ez omen zion erantzun. Gorputza estaltzen zion gabardina distiratsua ireki eta bere zangoak erakutsi zizkionean bakarrik geratu omen zen begira, aspaldian ikusi gabeko zerbaiti erreparatuko balio bezala. Emakumea izterrondoak doi-doi estaltzen zizkion minigona zimurtua lisatzen saiatu omen zen bi eskuekin, gizonaren begiradak, arreta gogaitu batez, zangoak neurtzen zizkion bitartean. Akitua edo gutxienez abaildua iruditu omen zitzaion, nahigaberen baten itzala zeraman nonbait arrastaka, edo porrot handiren baten zama.

        [...]