eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Maria Olazabal Bereziartua

Maria Olazabal Bereziartua 1926. urtean jaio zen «Potzueta» baserrian. 26 urte zituela Azpeitira ezkondu zen, nahiz eta gero Errezilen ere bizi izan.

Hilak udaletxera ekarri eta egun batez edukitzen zituzten, ondoren lurperatzeko.

Etxeko familiako batek alde egin beharra zuela eta gure etxetik ama eraman zuten.

 

Nolakoa zen bizitza errepublika garaian Maria?

Nik hamar urte nituela hasi zen gerra, eta aurretiko bizitza normala zen. Baserriko lanak egiten genituen eta baserri batetara joaten ginen eskolako klase batzuk hartzera. Nere aita kontzejala zen. Bi alderdietakoak, karlistak eta nazionalistak, joan ziren beregana beren alderdikide izateko eskatuaz, eta bat erabaki behar zuen eta nazionalisten alderdian sartu zen kontzejal. Esaten zutenez, ikasketarik ez eduki arren, balio zuen lan horretarako, asko inplikatzen zelako.

Baina 1936. urtean gerra iritsi zen. Nolakoa zen bizitza herrian?

Elkarren arteko borrokak izugarriak izan ziren.

Bonbardaketak ere izan ziren ezta?

Bai. Bonbardaketetan hil zirenez ez naiz oroitzen, baina frontean bai. Frontea Eibarren zegoenean.

Inguruko baserriko bat hila suertatu zen gerran, oroitzen al zara nola jakin zenuen horren berri?

Hila, bai. Garai hartan ohitura zen baserriz baserri santu bat pasatzen joatea, baserri bakoitzean egun batzuk egoten zelarik. Goiz batean santu bat hartuta nindoan ni baserri batetara, eta batek esan zidan: «Ausartzen al zara baserri horretara joaten?» «Zergatik?» esan nion eta «Ez, ezer ere ez, joan, joan!». Atea jo nuen eta emakume bat negarrez irten zitzaidan. «Maria» esan zidan «Amari esan gaur zazpietan dela nire semearen hileta. Semea hil da, Joxe». Jose Olaizola zen, nire auzokoa, Lepasoro baserrikoa. Horrela zen, hilak udaletxera ekarri eta egun batez edukitzen zituzten, ondoren lurperatzeko. Horrela Azpeitiar asko hil ziren.

Tropa frankistak iritsi zirenean zure aitak, Manuel Olazabal Gurruchagak, alde egin zuen

Iritsi zirenerako joana zen. Izan ere Beasaindik iritsi zitzaigun gure aita hilko zutenaren berria. Frankoren tropak handik Azpeitirantz zetozela eta azkar Bilbora alde egiteko esan zioten. Hiru urte pasa ziren berriro etxera itzuli zen arte. Dena den hiru urte horien amaiera aldean, ama, familiako beste batzuen laguntzaz, aita bisitatzera joaten zen Bilbora, kartzelara.

Aitak alde egin beharra izan zuen. Zuek etxean geratu zineten, baina ez zintuzteten bakean utzi

Etxean geratu ginen bai, amonarekin. Hamabi urte zituen zaharrenak eta sei txikienak. Ezkutatuta ez, baina beti beldurrez bizi ginen. Eta gero ama kendu ziguten. Etxeko familiako batek alde egin behar zuela eta gure etxetik ama eraman zuten. Nire amona lau ume txikirekin geratu zen. Baina nire ama, berez Bilbora joateko agindua zeukan arren, ganbaran ezkutatu zen bere ahizparekin, eta han egon ziren ezkutatuta denboraldi batez.

Aitak hiru urte pasa zituen kanpoan. Nolakoa izan zen itzulera?

Beti beldurrez egoten ginen baten bat etorriko ote zen bere bila, baina ez zen hala izan, bizitza normala egin zuen.

Nola aldatu zen bizitza errepublika garaitik gerra ondorengo lehenengo frankismora?

Guretzat ez zen aldaketa handirik egon. Hasieran herrian elkarrekiko ezinikusia zegoen, baina gerra amaitu zenean normaltzen joan zen.

Zuretzat garrantzitsua al da jendeak zer gertatu zen jakitea?

Bai, nik uste dut baietz.