eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Rosario Olaizola Alegria

Rosario Olaizola Alegria 1921eko abuztuaren 11an jaio zen Azpeitian.

«Amatxok ohera joandakoan negar egiten du» esan zigun behin neba txikiak.

Egun batean aguazila etorri zitzaigun, esanaz Bilbon zeuden familiarrak itzultzen ez baziren gu Nafarroara joan beharko ginela.

Ezer gabe geratu ginen, dena kendu ziguten.

Puerto de Santa Mariako hezetasunak ondorioak utzi zizkion aitari, eta gazte hil zen, hirurogeita hiru urte zituela, pneumoniarekin.

 

Nolakoa zen bizimodua errepublika garaian Rosario?

1931. urtean errepublika aldarrikatu zen, eta eskolan bandera errepublikarra jarri zutenean mojak negarrez ikusi eta haiekin batera negar egin genuen. Baina errepublika garaian guk bizimodu normala egin genuen, ondo bizi izan ginen. Aitak zapatari bezala egiten zuen lan, zapatak neurrira egiten zituen. Batzokiko lehendakaria ere bazen garai hartan, eta «Euzkadi» eta «Argia»ko korrespontsala ere izan zen. Horrez gain alkateorde lanetan ere aritu zen. Izan ere, alkateak, Xiriako Agirrek, familia izan zuen, eta denbora horretan aita geratu zen alkate lanak egiten. Ondoren, gerra hasi zenean, aita Bilbora joan zen eta Xiriakok bete zuen berriz alkate postua.

Gerra hasi zenean hamabost urte zenituen. Irailaren 20a zen tropa frankistak Azpeitira sartu zirenean. Zer oroitzen duzu?

Irailaren 20an, eguerdiko hamaiketatik hamabietara bitartean sartu ziren erreketeak Azpeitian. Fusilak eskuan zituztela sartu ziren, kalean ez zebilen inortxo ere. Batzokia gure etxe aurrean zegoen, eta arratsalde partean zarata handi bat entzun genuen bertatik zetorrena, zerbait erori izan balitz bezala. Begiratzera joan ginenean Eusko Etxeko errotulua bota zutela ikusi genuen. Su eman zioten denari, ikurrinak tarteko. Komertzio batzuk ere sakeatu zituzten. Hurrengo egunean, goizeko zortzietan, gure etxera etorri ziren aldabatxoa joaz, bost errekete azpeitiar eta hiru kamiseta urdin, nafarrak. Etxea ikustera etorri ziren, errebisatzera. Gerora ere sarritan etortzen ziren, nahi zutenean. Behin Solchaga jeneralaren bi iloba etorri ziren etxea erregistratzera. Ama eta biok geunden etxean, eta egongelara sartu, butaka batean eskua sartu eta bi bala atera zituzten, aurretik han baleude bezala. Norenak ziren galdetu eta nire amak, serenidade guztiarekin, ez zekiela erantzun zuen, beraiek ekarriak izango zirela. Horrelakoengatik etxean gordetzea arriskutsua zen materiala, liburuak eta horrelakoak, izeba Lolaren etxean gordetzen genituen. Halere behin susto bat izan genuen, ia harrapatu baikintuzten, eta azkenean denak erre beharra izan genuen. Amak esaten zuen gauez bakarrik egoten zela lasai. Ez genuen ama inoiz negarrez ikusi, baina txikienak amarekin egiten zuen lo eta behin honakoa esan zigun: «Amatxok ohera joandakoan negar egiten du».

Amak asko sufritu zuen beraz. Eta bitartean aita, anaia eta ahizpa Bilbora ihesi joanak ziren

Aitak, Antonio Olaizola Echeverriak, irailaren 19an egin zuen alde Azpeititik, semea, Imanol Olaizola Alegria, eta alaba Mª Dolores Olaizola Alegriarekin. Mª Dolores gudarientzako alkandorak josten ibili izan zen, eta horren ondorioz errepresioren bat jasango zuen beldurrez egin zuen ihes. Etxetik atera zirenean amak esan zion aitari: «Zer egin behar dut nik bakarrik famili honekin, hauek denekin?». Eta aitak erantzun: «Ene! Zortzi egunetan hemen gaude». Bilbora egin zuten ihes, eta noizik behinean eskutitz bat iristen zitzaigun ondo zeudela esanaz. Egun batean aguazila etorri zitzaigun, esanaz Bilbon zeuden familiarrak itzultzen ez baziren gu Nafarroara joan beharko ginela. Honetaz konturatu eta beheko bizilagunak, gizona karlista baitzuen, abisatu zigun hurrengo egunean ez irteteko kalera, eta ez ginen atera, eta horrela salbatu ginen. Izan ere egun horretan ihes eginda zeudenen familiarrak plazatik eraman zituzten. Aita egin ziguten mehatxuaz enteratu omen zen Bilbon eta Eibarreraino inguratu omen zen. Gero jakin zuen salbatu ginela, nire anaiaren andregaiaren bitartez.

Zer gertatu zitzaien zure ahizpa Mª Dolores eta anaia Imanoli?

Ahizpa etxera itzuli zen beste bi azpeitiarrekin batera, Arrieta ahizpak. Hurrengo egunean baina, etxepeko batek denuntzia sartu ziola eta aguazila beregatik galdezka etorri zen etxera, eta hiru neskak atxilotuta Donostiara eraman zituzten. Ahizpa hogeita bi hilabetez egon zen preso Ondarretako espetxean. Ama ostiralero joaten zitzaion bisitatzera. Hango funtzionario baten alabak ezagutu egin zuen eta bulegoa garbitzen, eskutitzak banatzen, eta antzerako zereginetan ipini zuten lanean. Ondoren epaiketa egin zioten, zortzi gizonen artean bera bakarrik zen emakumezkoa. Denuntziatu zutenen artetik ez zen inor ere aurkeztu epaiketara, eta hamabost egunen buruan etxera itzuli zen. Anaia Imanol aldiz, Kantabrian, Laredon edo harrapatu zuten, eta Iruñera eraman, Ezkabako presondegira, bertan hiru urte pasa zituelarik.

Aitak aldiz Puerto de Santa Mariako espetxean amaitu zuen.

Halaxe da. Bilbotik Balmasedaraino joan zen, ihesi. Ez dakit non harrapatu zuten, baina Logroñoko zezen plazan pasa zuen gau bat, eta handik Puerto de Santa Maria-ra eraman zuten. Lau-bost urtez espetxean egon zen, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Halere lortu zuen heriotza zigorretik libratzea, bere arreba moja batek errekurtsoa jarri izanaren ondorioz.

Jasan al zenuten errepresio ekonomikorik?

Jasan genuen, bai. Aitak zapata-denda errentan zeukan hartuta. Egun batean, Eugenio, aguazila, etorri zen dendako giltza eske, eta amak eman zidan agindua giltza nik eramateko eta bukatzen zutenean berriro etxera itzultzeko. Gure aita «Euzkadi» eta «Argia»ko korrespontsala ere bazen, eta dendan euskarazko liburu asko zeuzkan. Haiek denak usmatzen ibili ondoren aguazilak esan zidan etxera joateko, eta giltza berak hartuko zuela. Horrela soldaduak beren zapatak konpontzera sartu ziren, eta aitak zeukan material guztia erabili zuten. Ezer gabe geratu ginen, dena kendu ziguten.

Nolakoa izan zen gerra ondorena zuen etxean?

Puerto de Santa Mariako hezetasunak ondorioak utzi zizkion aitari, eta gazte hil zen, hirurogeita hiru urte zituela, pneumoniarekin.

      Itzuli zenean ez zuen deus ere kontatu nahi izan, baina guk ikusi genuen itzuleran batzuek ondo hartu zutela baina beste batzuek ez.

      Guk goserik ez genuen pasatu, baina inguruan gosete handia zegoen. Errazionamenduan ematen ziguten kafea arto irinagatik aldatzen genuen, errotakoa laguna baikenuen. Ondoren irin horrekin taloak egiten genituen, barruan txorizoa edo gazta jarrita. Horrela betetzen genuen tripa.

      Txotxoloren batek «rojo separatista» deitzen zigun arren kalean euskaraz hitz egiten genuen.

Garrantzitsua al da zuretzat memoria historikoa berreskuratzea helburu duen proiektu hau gauzatzea?

Garrantzitsua da bai, hau guztia bizi izan genuen pertsona gutxi geratzen garelako bizirik eta oraingo gazteek ez dakitelako zer pasatu zen.

      Ni bizi naizen artean ez dadila beste gerrarik egon, hura beldurgarria izan zen.