eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Inaxita Bereziartua Arregi

Inaxita Bereziartua Arregi Azpeitiko «Atxumiaga» baserrian jaio zen 1942ko martxoaren 17an. Bere aitak Pedro Bereziartua Altuna zuen izena. Gerra hasi zenean borrokatzera joan zen, eta ondoren Santoñan preso hartu zuten.

Ezin zuten sinetsi horrelako gizon katoliko bat gerrara joan izana.

Konturatzen naiz, garai hartan, ikaragarrizko beldurra ziotela gertatua kontatzeari.

Honakoa esaten zien auzokide batek gure ama eta izebari gerrara errepublikaren alde joandakoengatik: Horiek hil egingo dira, hil egingo dituzte, ez duzue gizonik gehiago ikusiko.

Diktadura frankista oso gogorra izan zen. Garai ilunak ziren, dena galarazita zegoen.

 

Nolakoa zen zure aita, Inaxita?

Bertsotarako eta hizketarako abilidadea zeukan nire aitak. Errezilen eta beste leku batzuetan ere aritzen zen bertsotan. Horrez gain, «Potzueta»ko osabarekin batera, «Baserritarren Elkartea» sindikatuko partaidea ere bazen.

Bertsolaria eta sindikalista. Baina gerra hasi zen, eta borrokara alde egin zuen

Bai. Izebak kontatzen zuen, jada gerrara joana zela, erreketeak Elosiaga aldetik sartu eta «Potzueta» baserrira etorri zirela beragatik galdezka. Etxeko gizona non zegoen galdetu omen zuten, eta laurogeitaka urteko amonak, zeina lau umeren ardurapean geratu zen, gerrara joan zela erantzun omen zien. Erreketeak ezin sinetsita geratu omen ziren. Izan ere nire familia oso katolikoa zen, eta tximini gainean errosarioa ikusi zuten nonbait erreketeek, eta ezin zuten sinetsi horrelako gizon katoliko bat gerrara joan izana.

Zer gertatu zen zure aitarekin?

Italiarrek harrapatu zuten Santoñan. Espetxeratu egin zuten, eta orduan ama eta izeba bisitan joan ahal izan zitzaizkion. Ondoren Langile Batailoian ibili zen.

Itzuli zen etxera, kondizio batzuekin baina. Kontaiguzu nola lortu zuen askatasuna

Azpeitiko familia karlista batek, zeinak oso ezagunak ziren, informe bat egin zuen bere alde, esanaz mutil baserritar katoliko bat zela, bere delitu bakarra baserritarren sindikatuko kide izatea zelarik. Horrela lortu zuen askatasuna, baina bi urtez etxetik irten gabe egotearen kondizioarekin.

Itzultzean gerran pasa zuenaz zerbait kontatu al zizueten?

Ez, oso isilik eduki zituen kontu horiek, zerbait iluna bezala gogoratzen baitzituen. Konturatzen naiz, garai hartan, ikaragarrizko beldurra zutela, eta horrelako gauzak ez zirela kontatzen umeen aurrean.

Dena dela ez zen aita izan errepresaliak jasan zituen familiar bakarra

Ez. Kontatzen zutenez izeba Katalin eta Mariari Nafarroara joateko agindua iritsi zitzaien. Beste irtenbiderik ezean ganbaran, belar artean, ezkutatu ziren. Gauez bakarrik irteten ziren, eta orduan ere beldurrez. Horrela bizi izan ziren denbora batez.

Nolakoa zen egoera herrian?

Auzokoen artean ezinikusi handia zegoen. Inguruko baserriko batek honakoa esaten omen zien nire ama eta izebei: «Ez pentsatu aurrera joandakoak berriro ikusiko dituzuenik. Horiek hil egingo dira, hil egingo dituzte, ez duzue gizonik gehiago ikusiko».

      Frentean erreketeren bat hiltzen zenean baserriko andre batzuk plazara jaisten omen ziren espainiar bandera hartuta. Gure inguruko baserri bateko andre bati «Mola» deitzen zioten.

      Bestalde gaur egun 'Hotel Loiola' dagoen lekuan garai hartan 'Hotel Izarra' zegoen. 'Hotel Izarra'-koak oso abertzaleak omen ziren, eta tropa nazionalistak sartu zirenean hotela goitik behera desmuntatu omen zuten. Hoteleko mantak, esaterako, gure etxe inguruko behiak estaltzeko erabili zituzten. Gerra ostean 'Hotel Izarra'n bertan urtero bazkari bat egiten zuten Loiola Batailoitik bizirik atera zirenek.

Jende askori kendu al zioten etxea edo negozioa?

Bai. Adibidetzat, Gaudencio izena zuen albaitari bati etxea kendu zioten.

Gerra amaitu eta gerraostea etorri zen, eta berarekin batera errazionamendua. Zer oroitzapen duzu, edo zer da garai hartaz kontatu zizutena?

Gerra ondorena denontzat izan zen gogorra. Errazionamenduari buruz hitz egiten zidaten bai. Bizirauteko elkarren arteko trukeak ere egiten omen zituztela. Esate baterako, herriko arotz batek, guk berari gabonetarako ogia egitearen truke, egurrezko leiho berria egin omen zigun. Ganadua ere etxean, ezkutuan hiltzen zuten, eta ez zen erraza, guardia zibila beti bueltaka baitzebilen. Gainera Azpeitian bazen guardia zibil bat oso ezaguna, Marcelino, etxe guztietara joaten zena eta denek ardoa ematen ziotena, berekin ondo eraman eta arazorik ez edukitzeko.

Azkenik diktadura frankista ezarri zen. Zer diozu frankismo garaiaz?

Oso gogorra izan zela. Garai ilunak ziren, dena galarazita zegoen.

      Eskolan monjetan ibiltzen nintzen ni eta klaseak gazteleraz jasotzen genituen. Nire anaia aldiz, Iñaki, maristetan ibili zen, eta hauek mojak baino okerragoak ziren, zeharo militarrak baitziren. Iñakik komunioa egiteko doktrina ikasi beharra zuen, eta ikasi nahi bazuen gazteleraz izan behar zela esan zioten. Gure aitak baina ez zuela gazteleraz ikasiko erantzun zien, eta Don Lorenzo apaiz euskaltzalearekin hitz egin ondoren, honek maristetan doktrina euskaraz emango zuenaren konpromisoa lortu zuen.

      Bestalde Carmen Polo urtero etortzen zen Damaso Azkue jabea zen fabrikara. Egundoko jendetzaz lagunduta etortzen zen, eta han egoten ziren denak zain berari opariak emateko. Ondoren fabrika bera erakutsi eta buelta bat ematen zuten Loiolatik.

Bazen Azpeitian oso ezaguna zen emakume errepublikar bat, Paulina. Zer kontatu diezagukezu berataz?

Azpeitian, batez ere parroki atze hori, inguru berezia zen, errepublika zale asko baitzeuden bertan, tartean Paulina. Azpeiti katoliko honetan oso arraroa zen hori. Horregatik egin zen famatu Paulina.