eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Mirari Bereziartua Arocena

Mirari Bereziartua Arocena Azpeitian jaio zen 1949. urtean.

Garai hartan frankistek ilea moztu eta rezino olioa, purga fuertea, emateko ohitura hartu zuten, nahiz eta izebaren kasuan ez zen hala izan.

Beren aurka ez zuten inoiz ezer egin, baina ahaztu ere ez zuten egin.

 

Zure izeba Margarita Arocena Izeta-ri ilea moztu zioten, herritar batek gudariei laguntza emateagatik salatu ondoren. Zer dakizu gertaera honen inguruan Mirari?

Gerra denboran, tropa frankistak Donostiatik sartzen hasi zirenean, itxura denez bertako gudariak Loiolako santutegiaren inguruan zeuden gordeta. Izeba Margarita gudariei jaten ematera joaten zen, laguntzera. Eta hori dela eta salaketa bat jarri zioten. Salaketa horren ondorioz, bertako mutil batzuek ilea moztu zioten Margaritari. Garai hartan frankistek ilea moztu eta rezino olioa, purga fuertea, emateko ohitura hartu zuten, baina nik ez dut entzun gure izebari purga fuerterik eman ziotenik, baina bai ilea moztu. Kontatzen dutenez ilea moztuta ere oso ederra geratu omen zen, eta berarekin ondo geratu nahian, moztu zioten pertsona berdinek salaketa nork jarri zuen esan zioten. Beraz guk familian beti jakin izan dugu salaketa zein herritarrek ipini zion, eta noski baita ilea nork moztu zion ere. Gerora arazo psikologikoak eduki zituen Margaritak, baina ezin dugu jakin horren ondorio izan zen edo ez. Salaketa jarri ziotenak ondoren gure aitarengana joaten ziren harremana konpondu nahian afaltzeko gonbidapenak egiten, baina gure amak ez zuen nahi izaten. Beren aurka ez zuten inoiz ezer egin, baina ahaztu ere ez zuten egin.

      Bestalde, antza denez, ilea moztu zioten berdinak izan ziren Urrestillan Donostiako mediku gazte bat hil zutenak.