«Presoen begiek distira egiten dute, beldurra eta astinaldia adieraziz; aurpegi zurbilek, burezur soilek, erakusten dute denbora luzea daramatela giltzapean. Gaztela Zaharrekoak dira batzuk, Extremadurakoak ere badira, eta Gerra Zibila hasi zenetik, aspalditik, kartzelak preso horietaz gainezka daude».(*)
Gerra Zibila hasi eta Azpeitia altxatutako armadaren esku erori zen arte, herriko Fronte Popularraren Defentsa Batzordearen aginduz atxilotutako eskuindarrak egon ziren Azpeitiko kartzelan, Loiolako santutegiaren sotoen ondoan. 1936ko irailaren 20tik aurrera, ordea, kolpistei aurka egindako pertsonak sartu zituzten kartzela hartan.
Azpeitian Junta de Guerra Carlista eta Komandantzia Militara eratu eta hurrengo hilabeteetan, dozenaka izan ziren espetxe hartan sartu zituzten azpeitiarrak eta inguruko herrietako gipuzkoarrak; haien artean, hainbat apaiz ere bai; hala nola Iñaki Azpiazu eta Jose Antonio Lasquibar(*). Antza denez, Mikel Aizpuruk El otoño de 1936 en Guipúzcoa. Los fusilamientos de Hernani. obran jasotzen duenez, irailaren bukaeran Azpeitiko kartzelan 62 pertsona aurkitzen ziren espetxeraturik. Kasurik onenean, denbora gutxi egon ziren espetxean, Komandantzia Militarrak ezarritako isuna ordaindu ondoren askatu egiten baitzituzten. Kasurik okerrenean, berriz, fusilatzeko ateratzen zituzten ziegatik.
Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz atxilotu zituzten azpeitiarrentzat, berriz, aldi baterako espetxea zen Azpeitikoa; Donostiara, Ondarretako espetxera, gerra-kontseiluan epaitzera, eramaten zituzten arte edukitzen zituzten han. Dinamika hura areagotu egin zen, gerran gauza handirik egin gabe herritik ihes egin eta agintari berrien errepresaliarik jasango ez zutelakoan, ihes egindako haiek berriro herrira itzultzen hasi ahala. Askori gertatu zitzaien, ordea, herrira itzuli bezain laster, beste herritarren baten salaketa jasotzea. Hala gertatu zitzaien Maria eta Maximina Arrieta Zubimendi ahizpei. Margaritas emakumeen erakundeko Rosario Echeverria Altamira, Ignacia Bereciartua Azpiazu eta Pilar Aguirre Perezek salatu zituzten bi ahizpak.
1939an, gerra amaitu eta herrira itzultzean, iritsi bezain laster atxilotzen zituzten borrokalari ohiak eta «gorrien agintaldian» nabarmendu zirenak; armada frankistak harrapatu gabekoak edo aske gelditutakoak. Partikularrek eginiko salaketez gain, Falangeak eta tokiko beste agintari batzuek eginiko ikerketen harira abiarazten zituzten atxilotze-prozesuak, «glorioso movimiento nacional» esaten zioten haren inguruan zer jokabide izan ote zuten argitzeko(*). Horixe gertatu zitzaien, besteak beste, Esteban Barredo, Jose Campos, Antonio Juaristi eta Daniel Odriozolari. Ondarretako espetxera eraman zituzten ondoren denak, epaile militar baten jurisdikziopean gelditu baino lehen. Beste bost azpeitiarri, berriz, desertzio-delitua leporatu zieten eta, ondoren, absolbitu egin zituzten: Lucas Orbegozo Orbegozo, Ignacio Zubimendi Olaizola, Tomas Odriozola Echeverria, eta Ignacio eta Jose Ramon Odriozola Alberdi anaiak.
Nolanahi ere, aipagarria zera da, Azpeitiko espetxean zeuden azpeitiarrentzat eta euskal herritarrentzat ez zela espetxe hura kondenatu ondorengo espetxea izan, baizik auzitegi militar frankistek epaitu aurretik egondako behin-behineko espetxea. Dozenaka preso espainiar errepublikano, ordea, jatorriko probintzietan kondenatu ondoren ekarri zituzten Azpeitiko espetxera eta, modu berean, euskal preso asko Andaluziara edo Extremadurara eramaten zituzten kondenatu ondoren. Beraz, dispertsio-politika bat diseinatu zuen erregimen frankistak, eta helburua errepresaliatuen kondena gogortzea besterik ez zen.
Azpeitian espetxeratu zituzten preso errepublikano espainiar gehienak Jaengoak ziren (dokumentatutako 41 presoetatik 28) eta «matxinadari laguntzea» delituagatik gerra-kontseiluan kondena jasotakoak ziren(*). Jose de Artechek emandako lekukotzaren arabera, espetxetik atera eta herriko hainbat tokitan gatibu-lanak egitera behartzen zituzten preso haiek; kaletik elurra kentzen jartzen zituzten, adibidez.
«Herritarrek, txintik esan gabe, sagardoz, ardoz edo esnez betetako edalontziak jartzen zituzten ateetako orpoetan; bestela, diru-papera, bost pezetakoak, harriei lotuta. Presoek, isil-isilik, joan eta irrikaz hartzen zituzten edalontziak, dirua eta ogi-puskak».(*)
Hark guztiak izandako ondoriorik traumatikoena, emakumeen espetxean Francisca Galvez Vazquez hiltzeaz gain, zera da, Azpeitiko kartzelan, 1939tik 1941erako tartean, preso haietatik gutxienez lau hil egin zirela: Juan Morales Artilles, Juan Casado Lorite, Francisco Delfa Hernández eta Luis Palomino Gutiérrez. Azpeitiko hilerrian lurperatu zituzten denak.
Bestalde, Manuel Martín Martínez Azpeitiko espetxetik Donostiako San Antonio Abad Ospitale Zibilera (Manteoko ospitalea) lekualdatua izan zen 1941eko uztailean, non biriketako tuberkulosi baten ondorioz hilko zen 1942ko otsailaren 14ean(*).