eu | es
Hasiera » I. liburukia » 4. Errepresioa Azpeitian eta azpeitiarren aurka lehen frankismoan » 4.3. Emakumeen aurkako errepresioa. Erbesteratzea eta beste tratu txar batzuk

 

4.3. Emakumeen aurkako errepresioa. Erbesteratzea eta beste tratu txar batzuk

 

      Emakumeak izan ziren errepresio frankistaren atzealdeko biktima nagusiak. Emakume azpeitiar askok Bizkai aldera egin zuten ihes familiarekin 1936ko irailaren 20an altxatutakoen tropak Azpeitian sartu baino lehentxeago. Askoz gehiago izan ziren, ordea, senarrak, semea edo anaiak kolpisten aurkako batailoietara ihes egitea erabaki arren, herrian gelditu ziren emakumeak. Gertukoak agurtu behar izan zituzten unetik aurrera jakin zuten familia gerraren ondorioz hausteak zer sufrimendu zekarren. «Au da ba gerrie, au da ba gerrie», egiten zuten irailaren 19an adineko emakume batzuek oihu, etsita, familiakoak bazihoazkiela ikusita(*); «Besarkada luzeak, elkarri emandako aholkuak, senarrak emazte eta haurrei musuka, malkoak, larritasuna, mina». Horrela deskribatu zituen Iñaki Azpiazuk egun hartan gertatutakoak(*). Hala ere, seguru asko ez zuten jakingo «Zuzendariaren», alegia Emilio Mola militarraren mendekoek Azpeitia konkistatu ondoren, haien aurka zer nolako errepresaliak hartuko zituzten.

      Errepresalia formal ohikoena erbesteratzea izan zen. Errepresio-neurri hura jarrita, gerran altxatutakoen aurka aritu zirenen familiakoak edo, besterik gabe, kolpisten ideologiaren aurkakoak, herritik bota zituzten, 1939ko otsailaren 9ko Erantzukizun Politikoen Legearen hainbat xedapeni aurrea hartuta. Erbeste-zigorra ezartzen zien Lege hark jazarritakoen zuzeneko familiakoei, baldin eta jazarritako haiek desagertu edo hil egiten baziren.

      Beraz, lege hori onartu baino bi urte lehenago, Azpeitiko Komandantzia Militarrak etxetik bota eta erbestera bidali zituen hainbat emakume; haietako batzuk seme-alaba adingabe eta guzti:

JUANA AGUIRRE OYARZABAL
Juana Aguirre Oyarzabal.
(Begoña Errasti Agirrek utzitako argazkia).

     1937ko otsailaren 4an herritik bota zuten Juana, senarra, Fracisco Errasti «Trukuman» praktikantea, Eusko Gudarosteko Osasun-zerbitzuko kidea, non zen ez zekitelako. Hasieran Iruñara abiatu zen, baina azkenean Lazkaon lortu zuen bizitokia, ahizpa baten etxean. Haurdun zegoen(*).

CATALINA BERECIARTUA ALTUNA
Catalina Bereciartua Altuna.
(Inaxita Bereziartuak utzitako argazkia).

      Nazionalista zen Catalina eta sindikatuta egon zen errepublika-garaian. Altxatutako tropak Azpeitian sartu zirenean, Atxubiaga baserrian egon zen denboraldi batez, ezkutatuta. Azkenean, Nafarroara erbesteratu zuten eta han egon zen, hilabetez-edo(*).

MARIA ECEIZA

      Beizamarra zen eta Azpeitian bizi zen Maria. Juan, Alejandro eta gerrako frontean hildako Moises Campos Eceiza milizianoen ama zen. Horregatik erbesteratu zuten sorterritik(*).

CASIANA ECHANIZ ARRIZABALAGA eta LUIS, CARMELO, CARMEN eta IMANOL LOINAZ ECHANIZ seme-alabak

      Lau seme-alaba adingabeekin batera bota zuten Casiana Azpeititik 1937ko otsailean, Emilio Gomez del Villar komandante militarraren aginduz. Aurretik, 1936ko urrian, Azpeitiko Junta de Guerra Carlista delakoak 500 pezeta-ko isuna jarria zion. Nafarroako Ollakarizketa herrira joan ziren, familiako bat bizi zen herrira, hain zuzen ere. Astebetez egon zen Carmen herri hartan, eta Luis eta Carmelo, berriz, bi astez, eta Casiana eta seme gazteena, Imanol, hilabetez. Bitartean, Casianaren senarra, Carmelo, eta seme zaharrena, Jose, erbestera joan ziren. Filipinetan amaitu zuten azkenean. Antoniok (beste seme bat) langileen batailoi batean amaitu zuen gatibu, Loyola batailoiarekin borrokan ibili ondoren(*).

Casiana Echaniz Arrizabalagaren aurkako erbesteratze-agindua.
(Hemendik ateratako irudia: LOINAZ, A.: Nire Oroitzapenak).

JOXEPA ECHEVERRIA AIZPURU eta MARIA, ANGELES, MERCEDES eta FELIPE OTAEGUI ECHEVERRIA seme-alabak
Otaegi-Etxeberria familia (ezkerretik eskubira): Joxe Otaegi Etxeberria, Maria Otaegi Etxeberria, Felipe Otaegi Etxeberria, Joxepa Etxeberria Aizpuru, Mercedes Otaegi Etxeberria, Juan Mari Otaegi Loinaz, Angeles Otaegi Etxeberria, Julian Otaegi Etxeberria.
(Mertxe Urtuzaga Otaegik utzitako argazkia).

      Urrestildarra jaiotzez eta Nuarbeko (Beizama) bizilaguna, Joxepa, bere lau seme alabekin batera etxea uztera behartu zuten, bere senarra gerrako frentean aurkitzen zelako. Hilabetez Nafarroako Betelu herrian babes hartu eta gero, indultua komunikatu ondoren Beizamara itzuli ziren.

MARIA ECHEVERRIA LARRAÑAGA eta FRANCISCO eta MARIA EGUIBAR ECHEVERRIA seme-alabak
Maria Echeverria Larrañaga seme-alabekin.
(Kontxi Egibar Etxeberriak utzitako argazkia).

      Maria, 3 eta 4 urteko seme-alabekin batera, Odriozolaundi baserrian egon zen bi urtez ezkutatuta, Azpeititik bidaltzeko agindua etorri ondoren. Egozten zieten delitua honakoa zen: Maximiano Eguibar Arregui milizianoaren emaztea eta seme-alabak izatea(*).

ISABEL GOMEZ AZCUNE eta CARMEN AZPIAZU GOMEZ eta KONTXI AZPIAZU GOMEZ alabak
Isabel Gómez.
(Kontxi Azpiazu Gomezek utzitako argazkia).

      Matxinatutako tropak Azpeitian sartu aurretik, Isabelek, bere bi alaba txikiekin batera, Azpeititik alde egin zuen, Aizarnazabalen babestu zelarik 15 egunez. Azpeitira itzuli zenean desterru agindua jaso zuen, bere gizona eta gainerako semeak herritik kanpo aurkitzen zirelako. Dena dela, familiar bati esker, Azpeitian geratu ahal izan ziren. Ondoren, matxinatutako soldaduen uniformeak jostera izan zen behartua(*).

MARIA ORBEGOZO ARZUAGA eta JONE LARRAÑAGA ORBEGOZO alaba
Maria Orbegozo Arzuaga.
(Inixio Larrañaga Orbegozok utzitako argazkia).

     Herria utzi eta Etxalarrera joateko agindua jaso zuen Mariak, senarra (Rufino Larrañaga Iriarte «Kinttela») gerrako frontean altxatutako tropen aurka borrokan zebilela-eta, zigor gisa. Etxalarrera joan beharrean, Orion ezkutatu zen Maria, Jone alaba txikiarekin batera, Rufinoren anaia baten etxean. Bitartean, beste hiru seme-alabak, beste familiako batek hartu behar izan zituen etxean, Azpeitian(*).

 


      Baina errepresaliak ez ziren formalak bakarrik izan; hau da, ez ziren tokiko agintariek legeri orokorrik ez zegoelako izapidetutako zigorrak bakarrik izan. Gisa guztietako bidegabekeriak egin zituzten «gorri separatista»tzat zituztenen emazteen aurka. Maria Orbegozok, adibidez, galtzaileen aurka egiten zuten estigmatizazioa jasan zuen. Iraindu egiten zuten eta noiznahi egiten zizkioten erregistroak etxean. Garaileen arropa jostera ere behartu zuten(*). Antzeko egoera jasan behar izan zuen Ignacia Macazaga Beristainek ere. Azpeititik ihes egin zuen erreketeek herria hartu aurretik. Ihes egin eta handik gutxira, herrira itzultzea eta Plaza Nagusian zuten dendan lanean jarraitzea erabaki zuen ordea. Kolpistek behin eta berriro bahitzen zizkioten dendako salgaiak eta, beraz, zulo bat egin behar izan zuen gauzak gordetzeko. Militarrentzako arropa jostera ere behartu zuten. Emakume asko behartu zituzten hartara, baina salbuetsi egiten zituzten adingabeak haien kargu zituzten alargunak; egoera hartan zegoen Ignacia(*).

Margarita Arocena Izeta.
(Mirari Bereziartua Arozenak utzitako argazkia).

     Bidegabekeria haiez gain, indarkeriazko ekintzak, bat-batekoak, ere egin zituzten emakumeen aurka. Azpeitian erreketeak sartu eta hurrengo asteetan egin zituztenak izan ziren, agian, gordinenak. Jose Miguel Barandiaranek Baionan, 1937ko abuztuan, jasotako lekukotza batek honela dio:

    «Inmoralitateak hartu zuen herria militarrekin eta miliziekin, eta ohiko bihurtu ziren kasu eskandalagarriak. Hala, Azpeitiko parrokoa etxez-etxe ibili zen, eliztarrena joan eta gurasoei esanez ez uzteko alabei militarrekin eta miliziekin ibiltzen. Izan ere, inor ez zen ausartzen horrelako gauzak pulpitutik saiatzen».

      Ildo horretan, emakumeak umiliarazteko gehien erabilitako modua ilea larru-arras moztu eta errizino-olio ugari edanaraztea zen, jendaurrean iseka egiteko. Azpeitian, Margarita Arocenaren eta Dolores Balmasedaren kasuak ezagutzen ditugu. Biei moztu zieten ilea larru-arras, Loiolako gudarien kuartelean sukaldean lanean aritzeagatik salatu ondoren. Gerora arazo psikologikoak eduki zituen Margaritak, baina ezin da ziur jakin gertaera honen ondorio izan ziren edo ez(*).

 

 

4.3.1. Azpeitiko lazaretoa: emakumeen espetxea

Azpeitiko lazaretoa, airetik ikusita, 1954.
(Gipuzkoako Foru Aldundia; ortofotoa 1:5000).

      Azpeitian gizonentzako espetxe bat izan zuten, barruti judizialeko espetxea, baina jarri zuten emakume presoak edukitzeko toki bat ere, lazaretoa. 20. hamarkadan eraikia zen eta Izarraitz auzoan zegoen. Eraikin hura emakumeentzako kartzela bihurtzeko egokitze-lanak 1938an egin zituztela pentsa daiteke; izan ere, badirudi, ordura arte, Loiolan sartzen zituztela preso. Gai horren inguruan, urte hartako urtarrilaren 12ko udal aktetan jasota dago Lucio Alberdi delako bati egindako ordainketa, «hamabi trapu Loiolako emakume presoei», eta urte hartako martxoan bertan, «egurrezko itxiturak garbitu eta kendu zituzten Loiolan, emakume presoak handik atereak zirelako»(*).

Francisca Galvez Vazquezi buruzko dokumentua.
(Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintziala 2837/055/07).

      Lazaretoan preso zeuzkaten emakumeak, Azpeitiko kartzelan zeuzkaten gizonak bezalaxe, Estatuko beste toki batzuetatik ekarritako errepublikanoak ziren gehienak. «Matxinadari laguntzea», edota «matxinada militarra» delituak egin zituztelakoan kondenatutako emakumeak ziren, eta zigorraz gain, etxetik ehunka kilometrotara preso egotea ere sufritu behar izan zuten. Francisca Gálvez Vázquez izan zen haietako bat, Torrijos (Toledo) herrikoa. «Matxinada gorriaren garaian aurrekari ezkertiarrak izandakoa zela, eta horrez gain, milizianoak gehiegikeriak egitera bultzatu zituela, eta semeak indarkeriazko ekintzak eta hilketak egitera bultzatu zituela», horixe leporatu zioten. 1940ko maiatzaren 6an Azpeitiko espetxean (seguru asko lazaretoan) hil zen, endokarditisak jota, eta bertako hilerrian lurperatu zuten(*).

Azpeitiko emakumeentzako espetxeko dokumentua, berrerabilia.
(Artxibo Historiko Probintziala 3579/099).

      Baina Azpeitian preso egondako emakumeen artean izan ziren Azpeitiko eta Euskal Herriko beste lekuren bateko emakumeak ere. Bertako emakume gehienei eginiko akusazioa «lapurreta» izan zen. Gerra ondorena zen, eta altxatutakoen aurka borrokan ibilitakoen familiakoak miseriarik gorrienean gelditu ziren. Aipagarria da Catalina Michelena Aramendiren kasua; izan ere, Antonio Eguiguren medikuaren arabera, jasotzen zuen elikagai-anoa (razioa) ez zen behar adinakoa, zuen gaixotasunagatik(*). Eta badirudi hainbat izan zirela preso zeudela gaixotu ziren emakumeak. Hala, 1941eko urtarrilaren 28an, Udalak 55,50 pezeta ordaindu zizkion Lucio Alberdiri, «Lazaretoan gaixo zeuden emakume presoei emandako arrainagatik»(*).

Catalina Michelena Aramendiri buruzko dokumentua.
(Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintziala 2784/081).