1936ko irailaren 13an, Junta de Defensa Nacional delakoak 108/36 Dekretua egin zuen. Bertan, Frente Popularrari lagundu zioten edo bertako kide izan ziren alderdi eta talde politiko guztiak, eta kolpistei aurre egin zieten erakundeak legez kanpokotzat jo zituzten. Dekretu bereko hirugarren artikuluan, funtzionarioak, betetzen zituzten karguekin lotuta, zuzendu, baztertu eta karguetatik ken zitezkeela xedatzen zen «mugimendu nazionalaren edo aberriaren aurkako jarduerak eginez gero». Ondoren, 1936ko abenduaren 3an, Junta Técnica del Estado batzordeak beste dekretu bat egin zuen honako hau xedatuz: «Uztailaren 18tik aurrera askatutako eremuko egoitza ofizialetik kanpo eskuduntza duen agintaritzak emandako inolako baimenik edo eginkizunik gabe egon diren, edo baimen horiek amaitutakoan aurkeztu ez diren funtzionario guztiak kargutik kenduko dira espedientea osatu gabe»(*).
Araudi mailako xedapen horien eta Gipuzkoako gobernadore zibilaren ildoen arabera, enplegatu publikoak botatzea izan zen Azpeitiko lehen udal frankistak egin zuen lan errepresibo nagusietako bat 1936ko urriaren 14an izendatu zutenetik. Urte bereko azaroaren 2an aparteko bilkurarako deialdia egin zuten. Galo Barrena, Prudencio Olaizola eta Antonio Arangurenek osatzen zuten Gobernazio Batzordeak txostena ezagutarazi zuen. Bertan, udaleko langileak lau ataletan katalogatu zituzten: 1) Berriro onartutako udal-langileak; 2) Kargutik kendutako enplegatuak; 3) Batzordeak ikertu dituen enplegatuak; 4) Atxilotuta zeudelako Batzordeak txostenik egin ezin zezakeen enplegatuak(*).
Handik gutxira, Junta de Defensa Nacionalek azaroaren 8an emandako 66. Dekretuaren arabera, Gipuzkoako gobernadore zibilak lehen hezkuntzako irakasleak kargutik kendu zituen. Hori dela eta, azaroaren 2an kargutik kendutako hiru irakasleez gain, kolpistak sartu aurretik Azpeititik ihes egin zuten maisu guztiak ere kargutik kendu zituzten. 1939an, otsailaren 10ean hain zuzen ere, Langile Publikoen Garbiketarako Legea(*) argitaratu zuten, baina legearen eraginpean gelditu ziren azpeitiarrei, lehendik egin zizkieten kargugabetzeak berretsi besterik ez zizkien egin Lege hark.
GOBERNAZIO BATZORDEAK KARGUTIK KENDUTAKO ENPLEGATUAK (2. ATALA)
Arregui Ventura, Gaudencio —Udaleko albaitaria—
Bereciartua, Juan —Musikaria—
Campos Eceiza, Juan —1. kale-garbitzailea—
Epelde, Antonio —Musikaria—
Fernández, Desiderio —Musikaria—
Garmendia, Victoriano —Musikaria—
Gurruchaga, Alejandro —Musikaria—
BATZORDEAK HALA PROPOSATUTA ETA UDALBATZAREN
BOZKETA ONDOREN KARGUTIK KENDUTAKO ENPLEGATUAK (3. ATALA)
Aizpuru, Ignacio —Suhiltzaile-mekanikaria—
Aizpuru, Presentacion —Eskolaurreko maistraren laguntzailea—
Alberdi, Antonia —Odria auzoko eskolako maistra—
Aranguren Olazabal, Jesusa —Olatzeko eskolako maistra (eskola pribatua)—
Aranguren, Jose —2. kale-garbitzailea—
Beobide Iturralde, Jesus —Suhiltzailea—
Echeverria, Angel —Urrestillako kale-garbitzailea—
Eizmendi, Josefa Ignacia —Loiolako eskolako maistra—
Fernández Eleizgaray, Ignacio —Udal-diruzaina—
Gurruchaga, Jose —Musikaria (hilabetez enplegu eta soldatarik gabe utzita)—
Gorostegui, Ramon —Suhiltzailea—
Iriarte, Jose Luis —Gauzaina—
Iturralde, Zacarias —Suhiltzailea—
Lizaso, Basilio —Musikaria—
Lizaso, Juan Jose —Musikaria—
Sarasua Iturralde, Jose Maria —1. zaindaria—
Zubillaga, Felix —2. zaindaria—
1936KO AZAROAREN 8KO DEKRETUAREN HARIRA,
GIPUZKOAKO GOBERNADORE ZIBILAK HALA AGINDUTA,
ZEGOKIEN LANPOSTUTIK BOTA ZITUZTEN AZPEITIARREN ZERRENDA(*)
Amuchastegui Muguerza, Jose —Mikeletea—
Aramburuzabal Urrutia, Víctor —Mikeletea—
Aranguren Aguirre, Manuela —Telegrafoak (4 hilabete)—
Ayerbe Elorza, Maria Carmen —Irakaslea—
Baltasar Martiarena, Francisco —Nuarbeko ikastetxeko irakaslea—
Barber, Felisa —Olatz auzoko ikastetxeko irakaslea—
Esnoz Aguirrezabal, Lucia —Irakaslea—
Fernández Ascorza, Victoriano —Irakaslea—
Gómez, Timoteo —Mutilen eskola nazionaleko irakaslea—
Martín Arenas, Cipriano —Urrestillako ikastetxeko irakaslea—
Sobrino Doctor, Ramona —Nesken eskola nazionaleko irakaslea—
Urresiti Iriondo, Maria —Irakaslea—
Erabaki haien ondorioz kargugabetu zituzten Jose Maria Sarasua, Jose Aranguren, Felix Zubillaga eta Jose Luis Iriarte udal-langileek kargugabetzeak baliogabetzea eskatzeko eginiko idatzia irakurri zuen Udalbatzak azaroaren 25ean. Idatziari erantzunez, Udalbatzak atzera bota zuen eskaera, eta eskatzaileei gobernadore zibilarengana jo behar zutela adieraztea erabaki zuen, kargugabetzeak hark aginduta egin zirela argudiatuz. Ondoren, Cruz Maria Echeverria Taberna zinegotziak, kanporatze-espedienteak aztertu zituen hurrengo hilabeteetan. 1937ko martxoaren 29ko osoko bilkuran, azterketa haren ondorioak azaldu zizkien Echeverria Taberna zinegotziak gainerako kideei, eta proposatu zuen hainbat kargugabetze atzera bota behar zirela; Felix Zubillaga, Presentacion Aizpuru, eta Josefa Ignacia Eizmendi langileen kargugabetzeak hain zuzen ere, eta «soldata eten behar zitzaiela egoki iritzitako aldian». Cruz Mariak azaldu zuen, bere iritziz, ez zela kargutik kentzeko nahikoa arrazoi «botoa eskuindarren aurkako hautagaiari ematea, mugimenduaren aurretik eta ondoren, beste ezer ez zutela egin aintzat hartuta». Hala ere, Udalbatzako gainerako kideek Ignacio Orbegozok eginiko adierazpenak babestu zituzten. Orbegozoren esanetan, ez zen egokia aurreko urteko azaroaren 2ko akordioa atzera botatzea, eta kargugabetze haiek berretsi besterik ezin zitezkeen egin(*).
Hala ere, zegozkien karguetatik kendu zituzten udal-langileek lanpostuak berreskuratzeko egin zuten borroka ez zen 1937ko martxora arte amaitu. Ondorengo urteetan ere, lanpostuetan berriro onar zitzatela eskatzeko eskaera aurkezten jarraitu zuten. Jose Luis Iriarte izan zen borrokan gelditu gabe jarraitu zuenetako bat. 1939ko azaroan, Udalak beste eskaerari bati ezetz esan ondoren, idatzi bat igorri zion udalbatzari, Manuel Mozo zinegotziak eginiko baieztapenak ez zirela egiazkoak adierazteko. Iriarte UGTkoa izateaz akusatu zuen Mozok(*).
Salbuespena izan zen Ignacio Fernandez Eleizgaray. Altxatutakoak Azpeitian sartu zirenean, Falangean afiliatu zen berehala, eta tokiko buruzagi izendatu zuten (ondoren, Jose Viquendi Zabaletak hartu zuen haren lekua). Falangearen tokiko buruzagi izan arren, Udalak zegokion lanpostutik kendu zuen, eta behin baino gehiagotan esan zioten ezetz kargura itzultzeko eskaerari; baita kalte-ordaina ordaintzeari ere. Izan ere, kontua zen, 1931tik aurrera Azpeitian izandako udalbatza guztiek arazoak izan zituztela Ignaciok egindako diruzaintza-lanekin. 1939an, gainera, Azpeitiko espetxean sartu zuten «dokumentuen zaintzan desleial jokatzea eta iruzur egitea» leporatuta(*).
Kontuak kontu, aipagarria zera da, udal-langileak zegozkien lanpostuetatik kendu eta lanpostu haietan erregimen frankistaren aldekoak jarri zituztela. Zinegotziek «espainiar abertzale sutsuak» proposatzen zituzten kargugabetutakoen lanpostuetarako; esaterako, Eleuteria Arin, Ramona Sobrino ihes egindako irakaslearen ordez. Gainera, lanpostua hutsik zegoela jakitean, interesdunek lanpostua eskuratzeko eskaera aurkezten zuten. Hala, Jesus Alberdi jarri zen udal-albaitari postuan, Gaudencio Arreguiren ordez. Ondoren, hainbat araudi egin zituzten hutsik gelditutako lanpostuak nola bete arautzeko. Araudi haien onuradun nagusienak gerrako borrokalari ohi eta elbarri frankistak izan ziren, eta 1939tik 1940ra arteko tartean, hutsik zeuden lanpostu guztiak eskuratu zituzten. 1940ko urtarrilean Jose Maria Sarasuak berriro egin zuen udal-zaintzaile lanpostua berreskuratzeko eskaera eta Udalak, berriro, ezetz esan zion. Udal-zaintzaileen lanpostu guztiak borrokalari ohiek hartuak zituztela erantzun zion Udalbatzak, besteak beste(*).
Beraz, gerrako borrokalari ohi edo elbarri frankista izateak lehentasuna ematen zuen udal-lanpostuak lortzeko; lanpostuarekin lotura handiagoa izan zezaketen beste eskakizun batzuek baino lehentasun handiagoa, gainera. Horren adierazgarri da Azpeitiko albaitari titularraren lanpostuaren esleipenarekin 1941eko ekainean gertatutakoa. Udaleko akten arabera, Enrique Zurutuza delako batek eskuratu zuen puntuaziorik altuena, baina Manuel Fernandez Arin errezildarrak lortu zuen lanpostua, Manuel borrokalaria izan zela eta Azpeitiaren askapenean ere parte hartu zuela argudiatu baitzuten Manuel Mozo eta Jose Viquendi zinegotziek(*).
Azkenik, aipagarria da Urolako trenaren langileen plantillatik ere kendu zituztela langileak. Altxatutakoak Azpeitian sartu zirenean, konpainiako arduradunek 15 eguneko epea eman zieten langileei lanpostua berreskuratzeko eskaera egin zezaten. Hala, herritik ihes egindako guztiak kaleratu zituzten, eta beste asko Jefatura del Regimiento de Ferrocarriles delakoaren 5. unitateak kendu zituen lanpostuetatik(*).