«Borreroen inguruko gaizki-ulertua dela eta, gizateriak gutxi egingo luke aurrera, eta moralak are gutxiago irabaziko luke biktimen bidezko deiadarra isilpean itotzen utziz gero».(*)
Altxatutako tropak 1936ko irailaren 20an Azpeitian sartu bezain pronto, tokiko Junta de Guerra Carlista delakoa eratu zuten Roque Astigarraga Echanizek eta Casto eta Julian Embil anaiek. Aldi berean, Azpeitiko Komandantzia Militarra antolatu zuten. 1937. urtearen hasierara arte, Emilio Gómez del Villar Lakarko tertzioko militarrak zuzendu zuen eta, ondoren, Jose Solchaga Zala(*) komandante nafarrak. Bi organo horiek izan ziren ustez kolpisten aurkakoak ziren (edo, besterik gabe, haien senideak) azpeitiar guztiak jazartzearen, espetxeratzearen eta zigortzearen arduradunak (kontuan izan behar da ehunka herritarrek egin zutela ihes udalerritik). Zehazki, Junta de Guerra izenekoak egiten zituen errepresaliatu beharreko pertsonen zerrendak. Ondoren, «el tío cojones» deitzen ziotenak (hala deitzen omen zioten Azpeitian komandante militarrari hitz hori askotan errepikatzen zuelako)(*) ezartzen zituen zigorrak, atxiloketak eta baita familien erbesteratzeak ere. Ondoren, neurri horiek guztiak Junta de Guerrak eta Guardia Zibilak(*) gauzatzen zituzten.
Irailaren 30ean formalizatu zuten behin-behineko udalbatza. Bertan, Cruz Maria Echeverria Taberna alkate izendatu zuten, eta Galo Barrena, Roque Astigarraga, Casto Orbegozo eta Toribio Azcue azpeitiarrak, berriz, zinegotzi. Irailaren 30ean egindako saio hartan hartu zuten lehen erabakia altxatutakoen organo gorenarekin eta Junta de Defensa Nacional delakoarekin bat egitea izan zen, eta «gobernuarekin eta Fronte Popularrarekin bat egiteko aurreko udalak hartutako akordioen aurka egitea». Ondoren, garrantzi gutxiagoko beste gai batzuen artean, aurrekoek langabeziari aurre egiteko eta Azpeitiko Fronte Popularraren Batzordeari laguntzen ziotenentzako jornalak aurreratzeko banku-erakunde batzuekin hitzartutako maileguak salatu zituzten. Era berean, Oinatz eta Elosiagako eskola berriak ixtea erabaki zuten (urriaren 26an, Odriakoa ere itxi zuten). Bien bitartean, paradoxa dirudien arren, Asociación de Padres de Familia elkartearen eskolako pixalekuak konpontzea erabaki zuten(*).
Urriaren 114an Gipuzkoako Junta de Guerra Carlistak eratu zuen aldi diktatorialeko lehen udal iraunkorra. Tradizionalismoari lotutako pertsonek osatzen zuten oso-osorik.
Alkatea: Roque Astigarraga Echaniz
Lehen alkateordea: Cruz Maria Echeverria Taberna
Bigarren alkateordea: Galo Barrena Larrar
Hirugarren alkateordea: Toribio Azcue Echezarreta
Sindikoa: Casto Orbegozo Embil
Zinegotziak: Prudencio Olaizola Aranguren
Antonio Aranguren Aranguren
Andrés Lasa Esnaola
Juan Jose Eguiguren Aranguren
Ignacio Orbegozo Juaristi
Jose Aizpuru Goenaga
Juan Azpeitia Zubimendi
Ignacio Egaña Otaegui
Cruz Maria Echeverriak hala eskatuta, udalbatza berriak hartutako lehen erabakietako bat Errepublikaren plaza nagusia izena kendu eta Nafarroako plaza nagusia izenarekin ordezkatzea izan zen. Ordutik aurrera etengabe izendatu zituzten berriro kaleak eta, batez ere, santu katolikoen edo jainkotasunaren aldekoak izan ziren (adibidez: Olazko Andre Maria plaza deitu zioten Bustinzuri plaza txikiari), nahiz eta altxatutakoei ekonomikoki lagundu zieten pertsonaien izenak ere jarri zituzten, Azpeitiko Felix Ortiz San Pelayo musikari eta idazlearena, esate baterako.
Edonola ere, Azpeitiko udal-ordezkarien arazo handiena egoera ekonomiko larria izan zen. Aktetan irakur daitekeen moduan, Udalbatzak 1938ko maiatzean onartu zuen Gerra Zibila hasi aurretik udalak beti superabita izan zuela eta, 1937ko aurrekontuko gastuen eta diru-sarreren likidazioaren arabera, une hartan, defizita 49 mila pezeta baino gehiagokoa zen. Arazo hura zela eta, 1937ko uztailean, eta alkateak hala proposatuta, San Ignazio egunez ospatzen zituzten jai profano guztiak bertan behera utzi zituzten. Dena den, aldi berean, jesuiten itzulera zela eta antolatutako festa erlijiosoa «handitasunez ospatzea» adostu zuten. Izan ere, egoera larria izan arren, lehen udalbatza frankista eratu zutenetik etengabe finantzatu zituzten kolpistak beren «gurutzada» hartan. Besteak beste, Baleares itsasontziko 150 marinelen ekipamendua diruz lagundu zuten, edo 1000 pezeta eman zituzten España izeneko korazatu berrirako. Azken zenbateko hura, gainera, udalak 1937ko maiatzean postu publikoen lizentzia gisa izan zituen diru-sarrera guztien, edo hilabete hartan bertan udalerriko hilteqitik lortutako guztizko irabazien baliokidea zen(*).
1938. urtearen amaieran, dirudienez, koiuntura ekonomikoa ez zen hobetu; izan ere, abenduaren 28ko udalbatzan, udalak Correos-i 1939. urtetik aurrera kontu-sail horretan gastua bere gain ezingo zukeela hartu jakinaraztea adostu zuen. Dena den, handik hilabete batera, udal-funtzionarioen soldata igotzea onartu zuten (gauzainena izan ezik, «zerbitzua gutxitu egin zelako»). Gauzainen lan-karga gutxitu izana ez zen inola ere harrigarria erregimen diktatorial batean ohikoa den araudi murriztailearen aplikazioa ikusita, banakako askatasunei zein askatasun kolektiboei eta lan arlokoei dagokienez. Gainera, kontuan izan behar da Solchaga komandanteak zuzendutako Komandantzia Militarraren presentziak sortzen zuen hertsadura soziala eta, oro har, Azpeitiak batez ere 1937 osoan jasan zuen militarizazioa. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da udalerri horretan kokatu zela ehunka borrokalarik osatzen zuten armada altxatuaren erreserbako brigada(*).
Roque Astigarraga buru zuen lehen udalbatza haren beste gai esanguratsu bat euskarak jasan zuen jazarpena da, nahiz eta hura izan azpeitiar gehienen ama-hizkuntza edo hizkuntza bakarra. Itxuraz, mezak gaztelaniaz bakarrik egiten zituzten Loiolan egindakoak izan ezik. Han, «sermoia gaztelaniaz eman ostean, gurtzaren eta kleroaren diru-eskaera euskaraz egin zuen parrokoak»(*). Era berean, alkateak bere burua eskaini zion gobernadore zibilari (Jose Luis Arellano Igea) 1936ko abenduan Azpeitian erregistratutako haurren euskal izenak «hizkuntza nazionalaren» arabera aldatzeko. 1938ko abuztuan egindako ministerioaren agindua igorri baino askoz ere lehenago egin zion eskaintza eta honako hau aipatzen zuen agindu hark: «Gaztelania ez den hizkuntzan egindako izen-emateak baliogabetzat jotzen dira»(*). Alkateak eskaintza egin eta handik gutxira, 1937ko urtarrilaren 11 n, gobernadore zibilak udalarengana jo zuen gai horren inguruko araudi orokorra onartu aurretik horren inguruko edozein ekimen egiteari utzi beharko ziola adieraziz(*).
1939ko irailean, Gipuzkoako gobernadore zibilak (Francisco Rivas) Udaleko batzorde kudeatzaile berria izendatu zuen. Ignacio Egaña Otegui zen haren presidentea, ordura arte zinegotzia izan zen tradizionalista. Kargua 1941eko irailera arte, gobernadoreak kargutik kendu arte, izan zuen (1945 eta 1952 artean berriro izendatu zuten alkate). 1939an eratutako udalbatza batez ere tradizionalistek eta garai bateko erreketeek osatzen zuten. Dena den, lehenengo aldiz, Falangeko kideak ere bazeuden: Jose Viquendi Zabaleta, Nicolás Ucin Seguróla eta Andrés Lapazaran Arguindegui adibidez. Batzorde kudeatzaile horren agintaldian gertatu zen Azpeitian kolpisten aurkako lehen ekintza subertsiboa edo erresistentziakoa izenda dezakeguna. Izan ere, Jose Aizpuru Goenaga zinegotziak eta auzoko alkateak erasoa jasan zuen(*). Iturrietan horren inguruko informaziorik ez dagoenez, gertakari hark garrantzi berezirik ez zuela izan esan dezakegu.
1941eko azaroaren 10ean, Gipuzkoako gobernadore zibilak (Fermín Sanz Orrio) berriro aldatu zuen udalbatzaren osaera. Orduan, udal politikan eskarmentu handia zuen gizona, Jose Alzuru Sampedro, izendatu zuten alkate, eta hirugarren alkateordearen kargua eta bi zinegotziren postua kendu zituzten; hori zela eta, udal-ordezkarien kopurua hamarrera gutxitu zen.
Alkatea: Ignacio Egaña Otegui
Lehen alkateordea: Urbano Azcue Echezarreta
Bigarren alkateordea: Manuel Mozo Juaristi
Hirugarren alkateordea: Juan Jose Iriarte Odriozola «Saralle»
Zinegotziak: Jose Viquendi Zabaleta
Nicolás Ucin Segurola
Jose Aizpuru Goenaga
Ignacio Martinez Olaechea
Bonifacio Azcune Aranguren
Ceferino Garmendia Lasa
Marcelino Aguirrezabalaga Amenabar
Valentín Larrañaga Arrizabalaga
Andrés Lapazaran Arguindegui
Alkatea: Jose Alzuru Sampedro
Lehen alkateordea: Toribio Azcue Echezarreta
Bigarren alkateordea: Manuel Mozo Juaristi
Zinegotziak: Nicolás Ucin Segurola
Miguel Arteche Unanue
Jose Azpiazu Zubizarreta
Dionisio Alcorta Echeverria
Nicolás Arzuaga Arzallus
Nicolás Zubeldia Larrañaga
Joaquín Altuna Larrañaga
Edonola ere, erregimen frankista legitimatzera bideratutako baliabide kopurua izan zen Azpeitia 1936ko irailetik 1945era arte gobernatu zuten udalbatza ugariak bereizi zituen datua. Horren inguruan hartutako lehen erabaki handia altxatutako tropak Azpeitian sartu zireneko lehen urteurrena handitasun osoz ospatzea izan zen. Ordutik, urtero ospatu zuten gertakaria. 1937. urtean egin zuten lehen ospakizun hartan, elizkizunez gain, erreketeen atal ugarien desfileak egin zituzten. Gainera, egun hartan Azpeitira joan ziren zuzenean gerrako frontetik iritsitako San Ignacio tertzioko erreketeak segizioan parte hartzeko. Ondoren, udalerriko plaza nagusiari Nafarroako plaza nagusia izena eman zion plaka aurkeztu, eta Roque Astigarraga alkateak honako diskurtsoa eman zuen:
«Gaur, Azpeitiko herria setio gorri-separatistatik askatu zeneko lehenengo urteurrena betetzean, eta bere ordezkaritza agertuaz, herri honek Armada Espainiarrari eta Milizia Bolondres heroikoei dien esker ona eta atxikimendua nabarmendu eta frogatu nahiko nuke atsegin handiz, Generalisimoaren zuzendaritza eta agindupean, eta disziplinaz, adore eta gogo inbidiagarriz, gorri-separatisten atzaparretatik atzeman zutena, harrapakin baliotsu bezala menderatuta zutena, eta iseka handiagorako beren kuartel nagusia jartzeko leku sakratu eta historikoena aukeratu zutena (...) Gertakari fausto hau gaur ospatuaz, merezitako omenaldi-atxikipen hau eskeini nahi diogu Armada Espainiar handiari, eta bere Buruzagi Generalísimo Francori, eta modu berezi batez Nafarroa leial, hilezkor eta espainolari (...) Hiribildu hau zapaltzen lehenak izan zineten Lacar Tertzioko errekete heroikoei! Zuentzako gure betiereko esker ona!» (*).
Horrez gain, 1937an eta hurrengo urteetan, Azpeitiko udalak Francisco Franco diktadoreari hainbat gonbidapen egin zizkion udalerria eta Loiolako santutegia bisita zitzan. 1939ko urriaren 14ra arte ez zen Franco Azpeitira joan, baina Ignacio Egaña buru zuen eta eratu berria zen udalbatza hark handitasunez ospatzeko baliatu zuen gertakizuna(*).
Baina, zalantzarik gabe, erregimenaren gorespenik handienak Perez Arregui plazan borrokan hildako Azpeitiko soldadu frankisten ohoretan monumentua, eta udalerriko hilerrian mausoleoa eraikitzeko abian jarritako proiektuak izan ziren. Horren inguruko lehen aipamena 1937ko apirilaren 5ekoa da. Egun horretan, Prudencio Olaizola zinegotziak familiako panteoiko lursaila utzi zuen aipatutako mausoleoa eraikitzeko. Ia urtebete geroago, 1938ko otsailaren 14an, udalak behin betikoz onartu zuen aho batez mausoleoa eta monumentua eraikitzea. Bi proiektu horiek egiteko ardura San Ignacio tertzioko borrokalari ohi eta arkitektoari, Juan Jose Olazabali, eman zioten, baina azkenean Marcelo Guibert izan zen lan haien arduraduna(*).
1939ko ekainaren 14an, proiektuak ordaintzeko «herri harpidetza» delakoa irekitzea, eta gaia kudeatzeko Batzordea eratzea adostu zuten. Batzorde hark hainbat aldaketa izan zituen geroago, baina lehen batzordea honako hauek osatu zuten: Udalbatzako kideek, Casiano Garayalde parrokoak, San Ignacio tertzioa ordezkatuz Manuel Mozok eta Justo Martínezek, soldaduen ordezkari gisa Jose Maria Garmendiak, industrialak ordezkatuz Damaso Azcuek eta Ladislao Segurolak, eta merkatarien ordezkari gisa Vicente Guibertek. Azkenik, 1941eko abuztuan inauguratu zuten monumentua. Mausoleoa, aldiz, 1946ko apirilean amaitu zuten, eta guztizko kostua 8.573,05 pezetakoa izan zen(*).
Beste era batera esanda, erakunde mailan altxatutako armada goresteko eta kutsu faxistako diktadura ezartzeko gertakari horiek jazotzen ziren bitartean; «Jainkoaren eta Espainiaren alde eroritakoak», sozialki eta ekonomikoki urtero aitortzen eta goratzen zituzten bitartean, ehunka azpeitiar errepresioaren eta ahanzturaren biktima bihurtu ziren.