eu | es
Hasiera » I. liburukia » 3. Gerra zibila hasi zenetik Azpeitia erori zen arte

 

3. Gerra zibila hasi zenetik Azpeitia erori zen arte

 

      1936ko uztailaren 17tik 18ra bitartean abiarazi zuen Espainiako armadak Errepublikaren aurkako altxamendu militarra. Ofizial monarkiko eta erreakzionarioek gidatutako estatu-kolpea izan zen, eta huts egin zuen. Ondorioz, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) esaten zaion gatazka armatua lehertu zen. Egun berean, hilaren 17an alegia, Gipuzkoako kolpisten(*) transmisio-katea izan zen Diario Vasco, «Bihar eguraldi ona izango da» izenburupean. Hala ere, Estatuko toki gehienetan bezala, konspirazioak porrot egin zuen. Euskal gizarteari eta, jakina, azpeitiarrei, ondorio lazgarriak ekarri zizkien gerra-garaia hasi zen.

Ciriaco Aguirre, Jose Antonio Aguirrerekin batera Gerra Zibila hasi aurretik.
(Familiak utzitako argazkia).

      1936ko uztailaren 20an, egoera larri hura ikusita, Azpeitiko Udalak ezohiko osoko bilkura deitu zuen gai-zerrendan gai bakarra jarrita: Estatu-kolpea. Honako hau erabaki zuten osoko bilkura hartan:

    «Espainian hasitako borrokak ikusita, Udal honek leialtasuna adierazi nahi dio legez gobernatzen aritu den eta ari den Gobernuari, eta egoera honek eskatzen dituen laguntza materiala eta morala eskaintzen dizkio».(*)

Azpeitiko Fronte Popularraren Defentsa Batzordeak igorritako igarobaimena. (AUA Sig. 1286-04: Kod. 111)

      Ondoren, hilaren 23an, ostegunean, beste ezohiko osoko bilkura bat egin zuten, eta Antonio Olaizola zinegotziak jakinarazi zuen telegrama bat bidalia ziola gobernadore zibilari udalbatzaren izenean, gobernu errepublikanoari atxikimendua adierazteko eta «sediziozko mugimendua kondenatzeko». Hilaren 20ko eta 23ko adierazpen instituzional haiek gerra-kontseiluan epaitu zituzten aipatutako zinegotzi azpeitiarren aurka erabili zituzten 1937tik aurrera. Hala ere, hilaren 23ko deialdiaren gai nagusia Jose Antonio Oyarzabal alkate jeltzaleak osasunari lotutako arrazoiak emanda aurkeztutako dimisioa izan zen. Beraz, lehen alkateordea, Ciriaco Aguirre, jarri zuten alkate. Ordutik aurrera Ciriaco izan zen Udalaren ordezkari gorena eta, hura arduratu zen, beraz, erresistentzia antifaxistaren funtsezko guneetako bat izan zen udalerria kudeatzeaz. Hala ere, ikus zitekeen herritar dezente zela kolpisten aldekoa, karlisten ideologia sakon baitzegoen errotuta herrian.

      Udalak eta Udaleko ordezkari gorenak gutxienez 1936ko irailaren 7ra arte jarraitu zuten gobernu-lanak egiten, baina gerra hasi ondoren, berehala sortu zen Fronte Popularraren Defentsa Batzordea, eta batzordeak erabakitzeko ahalmena kentzen zien udal-ordezkariei herriarentzat gerra-garaian funtsezkoak ziren gaietan. Erakunde haren funtsezko ezaugarrietako bat udalerriko ezkertiarrak ere, Udalean ordezkaritzarik ez izan arren, Batzordean sartuta zeudela zen. Batzorde haiek eratu zituzten udalerri gehienetan bezala, Azpeitiko batzordeak ere eskuindarrak atxilotu eta zigortzen zituen, eta hura arduratu zen miliziano boluntarioak errekrutatzeaz eta baita gerrako materialaren hornikuntzaz ere. Batzordeak eginiko lehen ekintzetako bat Guardia Zibilaren kuartelean eginiko konfiskatzea, eta Eibartik zetozen armak eskuratzea izan zen. Uztailaren 19an izan zen hori, Udalbatzak kolpisten aurrean erreakzionatu baino lehen(*). Batzordeak eginiko beste lan garrantzitsu bat armak hartuta zaintzaldiak egitea izan zen. Batzordeko boluntarioek egin zituzten zaintzaldiak, bai enpresetan, bai herrira sartzeko errepideetan.

→ I. zerrenda: Fronte Popularreko Defentsa Batzordeko kideak, Azpeitian(*)

Ildefonso Gurruchaga Ansola.
(Euskal Estudioen Ameriketako Institutuaren buletina, 1975).

      Nolanahi ere, izan zuten nolabaiteko koordinazioa tokiko botere-eremuek elkarren artean, gutxienez abuztuaren hasierara arte. Uztailaren 25ean, Udalbatzak, Fronte Popularraren Batzordeak, ELAk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako idatzia irakurri ondoren, erabaki zuen «herriko ugazabei eskatzea eman ziezaietela langileei sei eguneko soldata». Erabaki hark arazoak sor zitzakeela ikusita, Udalak konpromisoa hartu zuen aurrez ordaindutako zenbatekoak, ondoren, ugazaben, langileen eta Udalaren artean adostutako modu onenean ordainduko zituztela eta, horrez gain, Udalak konpromisoa hartu zuen ugazabek egin ezin zituzten ordainketak egiteko ere. Tokiko erakundea enpresaburuen bermatzaile bihurtu zenez, beste erabaki bat ere hartu behar izan zuten. Hala, alkateari baimena eman zioten «herriko banku batean edo batzuetan 50.000 pezeta-ko kontu bat zabaltzeko», edo bestela esanda, gastuei aurre egiteko mailegu bat eskatzeko. Ondoren, abuztuaren 3an eta 7an, Udalak erabaki zuen berriro eskatuko ziela ugazabei soldata aurreratzea, bietan, bost laneguneko soldata, hain zuzen ere(*).

      Handik egun batzuetara, hilaren 29an, hilaren 25eko idatzia aurkeztu zuten erakundeek berriro jo zuten Udalera, eta eskatu zuten hiru erakundeetakoren batean lan egiten zuten langile langabeek laguntza ekonomikoren bat jaso behar zutela: «Bi pezeta langabe ezkongabeek eta hiru ezkonduek». Udalbatzak proposamena onartzea erabaki zuen, baina laguntza astebetera mugatu zuen(*).

      Ildo horretan, aipagarria da Batzordeko boluntario batzuek, gerora harrapatu eta epaimahai frankistek Fronte Popularrari haien borondatez laguntzeaz akusatuta epaitu zituztenean, haien burua defendatzeko esan zutela familia mantentzeko soldata behar zutelako egin zutela. Batez ere, armak hartuta zaintzaldiak besterik egin ez zituztenek esan zuten hori. Hala egin zuen, adibidez, Jose Maria Aguirre Arreguik(*).

      Baina zaintzaldi armatuetan ez ziren Batzordeko boluntarioak bakarrik aritu, horretan aritu ziren Udalbatzako kideak ere abuztuaren 3ko erabakiaren ondoren. Hain zuzen ere, abuztuaren 3an egindako osoko bilkuran aho batez erabaki zuten zinegotziek zaintzaldiak egingo zituztela Udalean, gaueko hamarretatik goizeko seiak arte; gau bakoitzean zinegotzi bat.

      Bizi zuten egoera zailari erantzuteko erabaki haiek guztiak hartu bazituzten ere, bai Udalbatzaren ekimenez, bai Batzordeko eta beste erakunde batzuetako ordezkariek eskatuta, egoera erabat aldatu zen abuztuaren 4tik aurrera. Euskal Miliziak eta Azpeitiko Komandantzia Militarra eratu zituztenean, Loiolako Kuartel Nagusia bihurtu zen erabakiak hartzeko gune, eta tokiko erakundeen eskumenak, pixkanaka, mugatu egin zituzten. Hala, abuztuaren 7tik irailaren 20ra, lau osoko bilkura bakarrik egin zituzten eta, batez ere, bi arazo nagusi konpontzen saiatu ziren: Behar-beharrezko produktuak hornitzeko arazoak, eta hainbat lurraldetatik etorritako milizianoak Azpeitian kontzentratuta egoteak sortzen zituen arazoak.

      Gai haiek jorratzeko, Urola eskualdeko udal-ordezkari guztiei deitu zien Ciriaco Aguirrek abuztuaren 12an bilera egiteko, eta laguntza eskatu zien. Azpeitiko alkateak azaldu zuen milizien mantentze-gastuak udalerri bakoitzeko populazioarekin proportzioan ordaintzea (aurretik ere erabakita zuten hori) baino beharrezkoagoa zela une hartan jenerotan laguntzea. Hargatik erabaki zuten laguntza hura «ahalik eta modu bidezkoenean banatu behar zuela, eta Udal bakoitzak txekor bat jarri behar zuela Horniduren Udal Batzordeak erabakitako moduan». Handik egun batzuetara, abuztuaren 19an, Azpeitiko Udalbatzak erabaki zuen zinegotziek eta auzoetako alkateek bando bat zabaldu behar zutela «irinaren ekoizpena eta kontsumoa arautzeko», eta bakoitzak bere auzoan baserritar guztiei jakinarazi behar zietela nahitaez joan behar zutela Udalera zenbat gari zuten eta hurrengo ereinaldirako zenbat beharko zuten adieraztera(*).