eu | es
Hasiera » I. liburukia » 2. Bigarren errepublika Azpeitian: garai berri baten hasiera » 2.3. Autogobernuaren defentsa

 

2.3. Autogobernuaren defentsa

 

      Nolabaiteko burujabetza berreskuratzea ahalbidetuko zuen estatutua lortu, eta euskal herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzeari lotuta egon zen euskal udalen udal-politika neurri handi batean. 1931n, Bigarren Errepublikaren aldarrikapenak itxaropen handiak sortu zituen euskal gizartearen zati handi batean, Foruak indargabetu eta Hego Euskal Herrian legedi juridiko eta instituzional espainiarra ezarri eta handik mende batera.

      Ikusi dugu lehenago, nola errepublika-garaiko lehen Udala eratu baino egun bat lehenago, kargua uztera zihoan Udalbatzak autodeterminazioaren eta Euskal Errepublika eratzearen aldeko adierazpen bat onartu zuen. Adierazpen horrekin bat egitea izan zen 1931ko apirilaren 17an 29. artikuluaren bidez eratutako Udalbatzak hartutako lehen erabakia, eta tokiko hamasei ordezkariek aho batez babestu zuten berrespen hura. Maiatzaren 12an Azpeitiko Udalak bat egin zuen autonomia-estatutua lortzearen aldeko mugimendu asanbleario eta munizipalistarekin, eta Casto Orbegozo alkatea izendatu zuten «Udalen Batzar Orokorren» ordezkari eta alkateen batzorde iraunkorreko kide, Getxoko, Laudioko eta Zangotzako alkateekin batera(*).

Lizarrako estatutuari buruzko prentsako berriak.
(Koldo Mitxelena / Hemeroteka digitala).

      Ekainaren 11n Gipuzkoako udalerrien batzarra egin zuten Azpeitian, eta Eusko Ikaskuntzak idatzitako «Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra» izeneko proiektuaren zirriborroa eztabaidatu zuten. Testuak esklusibotasuna ematen zion gobernu zentralari zenbait gaitan; adibidez, elizaren eta estatuaren arteko harremanetan. Casto Orbegozok puntu hori aldatzea proposatu zuen, uste baitzuen euskal estatuak erabateko autonomia izan behar zuela elizarekiko harremanetan. Hala onartu zuen gero Lizarrako batzarrak ere. Hego Euskal Herriko 520 udalerrietatik 480k onartu zuten, eta lau euskal hiriburuetako alkateak Madrilera joan ziren irailaren 22an proiektua aurkeztera. Bada, hain zuzen ere, elizaren eta estatuaren arteko harremanei buruzko puntuagatik errefusatu zuten Espainiako Gorteek proiektua.

      Lizarrako Estatutua izenez ezagutzen zen estatutu hari ezezkoa eman zioten arren, euskal probintzietako eta udalerrietako erakundeek ez zieten zeuzkaten helburuei uko egin. Hala ere, autonomia-estatutua lortzeko prozesua hutsetik abiarazi behar izan zuten, aurreko proiektua bateraezina baitzen 1931ko abenduaren 9an onartutako Espainiako Konstituzio berriak ezarritako lege-esparruarekin. 1932ko urtarrilaren 25ean, Azpeitiko Udalak, estatutu berria idazteko ardura zuen batzorde kudeatzaileak hala eskatuta, Casto Orbegozo alkatea izendatu zuten Donostian hilaren 31n egitekoa ziren batzarrean Azpeitiaren ordezkari izateko. Bilera hartan konpondu beharreko auzi nagusia zera zen, ea lau probintzietarako estatutu bakarra proposatu behar ote zen edo ea probintzia bakoitzak berea izan behar zuen. Ildo horretan, Azpeitiko Udalbatzak aho batez erabaki zuen «lau probintzietarako Estatutu bakarra»(*) babestea, eta jarrera hura hartu zuten euskal udalerri gehienek ere hilaren 31n Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituzten batzarretan.

      Martxoan amaitu zituen batzorde kudeatzaileak proiektua idazteko lanak, eta maiatzaren 22an Iruńean batzar orokorra egiteko deialdia egin zuten. Azkenean, ordea, ekainaren 19ra atzeratu zuten. 550 euskal udalerrietatik 354k proiektuaren aldeko botoa eman zuten, baina tradizionalistek testua «ateotzat» jo zuten, eta errefusatu egin zutenez, Nafarroako udalerri gehienek aurkako botoa eman zioten proposatutako estatutu-eredu berriari. Azpeitian, Udalbatzako kide gehienak, alkatea barne, karlismoari lotuta zeuden, baina aho batez egin zuten bat proiektuarekin(*).

1933ko aberri eguna zela eta Jose Antonio Aguirrek Atotxako frontoian emaniko mitina.
(Artxibo Orokorra, GFA / Martin funtsa).

      Ordutik, eta 1933ko udara arte, prozesua geldialdian egon zen «Nafarroako arazoa» zela-eta. Uztailaren amaieran, Nafarroa ere sartzea jada baztertuta zegoela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal udaletako ordezkariak batzar orokor batera deitu zituzten, «hiru probintzietarako Estatutu bakarra izateko proiektua lantzeko». Bilera hartan, udalerrietako ordezkari gehienek, tartean Azpeitiko alkate Jose Antonio Oyarzabalek, «Kudeatzaileen Estatutua» esaten ziotenaren aldeko botoa eman zuten, Foru Aldundietako Batzorde Kudeatzaileen ekimenez egina baitzen. Ondoren erreferenduma deitu zuten azaroaren 5erako aipatutako hiru probintzietan, Euskal Estatutua onartzeko asmoz. Egun hartan bertan Azpeitiko Udalak ezohiko osoko bilkura egin zuen, eta erreferendumaren emaitzen berri eman. Azpeitian boto-emaileen % 98k estatutuaren aldeko botoa eman zuen, eta erreferenduma egin zuten hiru euskal hauteskunde-barrutietan gehiago izan ziren aldeko botoak aurkakoak baino (botoa ematera joan ziren 426.309 pertsonetatik 411.756k aldeko botoa eman zuten). Horregatik, osoko bilkurak adierazi zuen «pozaren pozez zegoela garaipen handi harekin», eta erabaki zuen «udal musika-banda kalera atera zedila poz handi hura ospatzera, eta udaletxeko balkoian bandera nazionala eta Euskadikoa altxa zitzatela». Horrez gain, Estatuko hainbat erakunderi eta Kataluniako Generalitateari poza adierazteko telegramak bidaltzea ere erabaki zuten(*).

      Hala ere, 1933ko azaroan Espainiako eskuindarrak erradikalen eta zedisten artean koalizioa eginda boterera iritsi zirenez, eta Arabako tradizionalistak ere aurka jarri zirenez, estatutua izapidetzeko lanak etenda gelditu ziren. Gobernu zentral berriak, muturreko katolizismoaren eta muturreko nazionalismo espainiarraren ikuspegitik, «aberria desegiteko» arriskua ikusi zuten proiektu autonomista hartan(*). Garai berean izan zen «ardoaren estatutua»ren inguruko gatazka ere, euskal udalerriak desegitea eta 1934ko irailaren 28an udala kudeatzeko talde bat izendatzea ekarri zuena.

      Otsailaren 23an, Azpeitiko Udalbatza berriro Udalera itzuli eta biharamunean, Jose Antonio Oyarzabal alkateak, tokiko erakundeko ordezkari goren gisa, telegrama bat bidali zien ministroen kontseiluko presidenteari eta Gipuzkoako gobernadore zibilari, eta adierazi zien «Euskal Estatutua berehala onartu eta jarri behar zela indarrean»(*). Ahalegin haiek guztiak eginda ere, autonomia-estatutua ez zuten 1936ko urriaren 10era arte onartu. Gerra Zibila bete-betean zela onartu zuten. Azpeitia, ordurako, altxatutakoen mende zegoen.

Emakumeek beren boto eskubidea erabiltzen 1933. urteko euskal autonomia estatutuaren aldeko plebiszituetan.
(Gipuzkoako Artxibo Orokorra, GFA / Indalecio Ojanguren).