Espainian Bigarren errepublika hasi zen aldian etorri zen Estatu Batuetan sortutako mundu mailako krisi ekonomikoa. Depresio Handia deitu zioten krisialdi hari. Krisialdiak Espainiako Estatura ekarri zuen ondorio latzena langabeen kopuruaren igoera geldiezina izan zen. Europa suntsitzen ari zen atzeraldi ekonomikoaren ondorioa zen hura. Une historikoan izan zen hori gainera; izan ere, herritarrek itxaropen handia zuten sistema politiko errepublikano eta demokratiko berria aldarrikatu ondoren.
Azpeitian, XX. mendearen hasieratik aurrera, baina batez ere 20ko hamarkadan, egurraren sektorean espezializatutako industria-ehuna sendotuta zegoen. Industria-fabrikak asko ugaritu ziren urte haietan eta horrek langileen errolda handitzea ekarri zuen(*). Krisi ekonomikoa etortzean, kalte handia jasan zuten industria-sektore hartan, eta pisu gutxiagoko beste sektore batzuetan ere bai; hala eraikuntzan, nola sektore elektrikoan. Hala ere, lanik gabeko langileen indizeak 1933tik aurrera gora egin zuen arren eta fabrikak etengabe itxi zituzten arren, krisiak Azpeitian eta, oro har Gipuzkoan sortutako triskantza, beste leku batzuetan baino txikiagoa izan zen. Are gehiago, Gipuzkoan, ez zen Azpeitia izan okerren ibilitako herria, metalurgiak eta eraikuntzak jasan baitzuten kalterik handiena, eta sektore haiek ez zuten leku handirik Azpeitian.
Bigarren Errepublika hastean itxi zuten lehen fabrika Landa y Oyarzabalena izan zen, zabaldu eta urtebete eskasera. 1931n itxi zuten(*). 1932ko ekainean, Casto Orbegozo alkateak udalerrian zeuden 22 fabrikak aipatu zituen, baina kopurua askoz handiagoa zen Anuario General de España delakoan zerrendatutako lantegi txikiak ere aintzat hartuz gero(*).
1934an 20 industrialde zeuden Azpeitian, eta horietatik 9 altzarien sektorekoak ziren. 8 gelditu ziren sektore horretan maiatzaren 15ean enpresan sutea izan ondoren(*). Langileen erroldan 566 lagun zeuden, eta altzarien sektorekoak 380 langile ziren, fabrika haietarako etxetik lanean aritzen ziren pertsonak aintzat hartu gabe(*).
Olaiztegui y Cía.
Dionisio Echeverri
Gregorio Seguróla
Ángel Sarasua
Ramón Echeverria
Alejandro Echeverria
Jóse Mari Iturzaeta
Ignacio Aranguren
Gregorio Egibar
Bonifacio Aguirre
Ladislao Segurola
Astigarraga y Cía.
Jose Peña
Javier Lapeira
Aguirre y Cía.
Francisco Sarasua
Damaso Azcue
Urbano Larrañaga
Domingo Lizarralde
Marcial Ucin
Andrés Arruti
Rafael Nazabal
1 pattar-fabrika
1 gaseosa-fabrika
3 eltze-fabrika
5 perratoki-fabrika
5 abarka-fabrika
1 galdaketa-fabrika
4 zerrategi
2 lixiba-fabrika
2 besaulki-fabrika
5 zumezko altzarien fabrika
3 harrobi
11 altzari-fabrika
3 zalgurdi-fabrika
2 organo-fabrika
6 zentral elektriko
4 egur-fabrika
1 hauspo-fabrika
Azpeitiak bazuen beste bereizgarri bat, ez bakarra, lehen ere aipatu duguna, eta zera da, zinegotzi postuetan herriko ugazabak edo haien zuzeneko familiakoak zeudela, batez ere 1931ko apirilean, 1907ko Hauteskunde Legearen 29. artikuluaren bidez eratutako Udalbatzan. Lehen alkateordea, Toribio Azcue Echezarreta, adibidez, udalerriko enpresaburu garrantzitsuenaren semea zen, Damaso Azcuerena. Izen bereko altzari-fabrikaren jabea zen Damaso. Udalbatza hartako beste lau zinegotzi ere merkataritzari eta industriari lotutako pertsonak ziren: Silvestre Madrazo, Silvestre Otamendi, Andres Echaniz eta Roque Astigarraga. Anakronismo hura erabat aldatu zen 1933ko apirilaren 23ko hauteskundeen ondoren. Ondoren, frankismoak berreskuratuko duen praktika bat izango den arren.
Nolanahi ere, Azpeitian, krisi ekonomikoak ekarritako langabeen ehunekoa ez zen eutsiezina izan, baina lanean zeudenen lan-baldintzak okertu egin ziren, lanaldiak murriztu baitzituzten eta soldatak jaitsi. Erregimen demokratiko berria langileen lan-baldintzak eta gizarteko berdintasun-falten arazo izugarria konpontzera zetorren. Hala ere, krisiak batetik, eta industrialari zein kapitalistek erreformak aplikatzeko erakutsitako erresistentziak bestetik, pixkanaka laneko gatazkak areagotzea ekarri zuten eta Azpeitian, gatazka horiek esponentzialki ugaritu ziren 1933tik aurrera eta, batez ere, 1934an. Probintziako gainerako lekuetan bezala, bi aro bereiz daitezke: Lehen fasea Errepublikaren hasieratik 1933ra artekoa izan zela esan daiteke eta, bigarrena, berriz, 1934tik 1936ko uztailera artekoa. Lehen fasean, laneko gatazkak eta haiek ekarritako grebak eta lanuzteak ez ziren asko izan, baina 1934tik aurrera, nabarmen areagotu ziren. Azpeitian, bilakaera harekin batera, aldi berean, lurraldeko bi zentral sindikal indartsuenak behin betiko finkatu ziren: ELA eta UGT(*)
Azpeitian langileen mugimenduak errepublika-garaian izandako ezaugarri nagusia klaseen sindikatuak, edo bestela esanda, mugimendu politikoei eta corpus ideologiko jakinei lotutako sindikatuak berandu eratu zirela da. 1933ko hasierara arte, egoitza soziala Azpeitian izan eta erregistratuta zeuden sindikatu bakarrak alorreko edo ofizioetako sindikatuak ziren; haietako bat «Eusko Langileen Alkartasuna», delakoari lotutakoa. Zaharrena Sindicato Católico de Oficios Varios de Azpeitia zen, 1924an sortua, egoitza parrokia-etxean zuen eta 1933ko urtarrilean 31 bazkide zituen. 1931ko urriaren 28an, Agrupación de Obreros Vascos de la Industria del Mueble de Azpeitia eratu zuten, SOVen mendeko tokiko erakundea, eta 1931n 136 afiliatu izatetik 1933ko hasieran 269 izatera iritsi zena. 1931n, Miguel Irureta Peñagaricano, ondoren zinegotzi izango zena, zen sindikatu nazionalista hartako arduradun nagusia. Azkenik, 1932ko uztailaren 4ean, Sindicato Provincial del Mueble de Guipúzcoa, finkatu zuten Azpeitian. Sindicato de Obreros en Madera de Guipúzcoa sindikatuaren mendekoa zen, eta 54 afiliatu zituen 1933an(*). Presidentea, Felix Berruezo Azagra, Azpeitiko UGTko presidentea izan zen gero; baita Azpeitiko Izquierda Republicana alderdiaren sortzaileetako bat ere.
Bereiz aipatzeko modukoa da UGT sindikatu sozialistari lotutako Sindicato Nacional Ferroviario delakoa. Urolako trena eraikitzen ari zirelako finkatu zen sindikatu hori Azpeitian. 1932ko azaroan Consejo Obrero del Urola delakoa eratu zuten Unión Republicana alderdiaren Azpeitiko egoitzan, eta Nicasio Olano Echeveguren zumaiarra zen idazkaria(*).
1933tik aurrera, Gipuzkoako joera orokorrari jarraituz, sindikatuen mugimendua kontzentratzen hasi zen Azpeitian, sindikatu «libreen» eta katolikoen kaltetan(*). Ordezkatzen zuen sindikalismo abertzalean eta UGTri zegokion sindikalismo sozialistan bildu zen Azpeitiko langile klasearen gehiena, Pedro Arratibel buru zuen Sindicato Profesional del Ramo de la Madera de Azpeitia izan ezik. ELA eta UGT izan ziren herriko fabrika garrantzitsuenetako langileen solaskide nagusiak tokiko enpresaburuekin eta erakundeekin harremanak izateko, baina ELA sendoago finkatu zen UGT baino, ideia nazionalistak babesten baitzituen.
Lan-gatazkei dagokienez, ez zen ia horrelakorik izan Bigarren Errepublikaren lehen urteetan, klaseen sindikatuak berandu ezarri baitzituzten eta, ustez, ez baitzegoen langilerik lanik gabe. 1931ko irailaren hasieran, Landa y Oyarzabal fabrika itxi zutenean, esaterako, Casto Orbegozo alkateak adierazi zuen hilabete hartako 25ean, jada, ez zegoela Azpeitian lanik gabeko langilerik(*).
1933ko otsailean, aldiz, Azpeitiko Agrupación de Obreros Vascos taldeak (SOVen gertuko taldea, ez zen ELA gisa eratu apirilean egindako Gasteizko kongresura arte) Udaleko batzorde kudeatzaileari eskatu zion jar zitzala abian Udalak egiteko asmoa zituen obrak, «herrian langile asko» lanik gabe zeudela eta haiei lana emateko. Horri erantzunez, Jesus Echavarri Castell-Ruizek (batzordeko presidentea) adierazi zuen aztertu zutela zer aurrekontu zuten, eta «aurrekontuaren kapitulu batzuetatik hamabi mila pezeta bidera zitezkeela herriko obretara, hala, langabeei lana emateko». Ekainean, sindikatu nazionalistak eskaera berdina egin zion apirilaren 23ko hauteskundeen ondoren maiatzean eratutako Udalari. ELAko idazkaria zen Miguel Iruretak honako hau idatzi zuen: «Langile batzuk abuztutik (1932koa) lanik gabe daude, eta horietako askok seme-alabak dituzte». Eskaera haren harira, Sorozabal zinegotziak proposatu zuen «anoak (razioak) eman behar zitzaizkiela familia ugariko langileei». Zinegotzi batzuek aurka egin zioten, esanez, «hobe zela lana ematea janaria ematea baino»(*).
ELAren ildo berean, UGTk ere abuztuan egin zuen Azpeitiko langileentzako lan-eskaera. Udalak konpromisoa hartu zuen Aldundiari eskatuko ziola, Azpeitian egin beharreko lanetan, Azpeitiko langileei lana eman ziezaiela, gutxienez % 50ean. Horrez gain, lanik gabe zeuden langileen zerrenda egitea ere erabaki zuen, langabeziaren arazoa konpontzen saiatzeko(*). Egoera hura ikusita, 1933. urtea Damaso Azcue fabrikako langileen grebarekin amaitu zen. Ordaindutako oporren harira egin zuten greba.(*).
1934an Udalerriko arazorik handienetako bat bihurtu zen langabezia Azpeitian. Horregatik, lan-poltsa bat jarri zuten abian UGTren eta ELAren zentral sindikalekin koordinatuta. Garai hartan herriko langabe kopurua aldi baterako jaitsi zuen obra handienetako bat Aratz-Errekako errepidea izan zen. Langileen % 70 azpeitiarrak izateko konpromisoa hartu zuten. Lanik gabe zeuden 108 azpeitiarrek egin zuten obra hartan aritzeko eskaera(*). Hala ere, kontuan izan behar da sindikatuek zein tokiko agintariek bereizi egiten zituztela batere lanik gabekoak eta lanaldi partzialak zituztenak. Sindikatuek abuztuan Udalari igorritako txostenen harira, 1934ko uda hartan herrian zer lan-egoera zegoen jakin ahal izan zuen Azpeitiko Udalak(*).
Urria izan zen lan-gatazken inguruan asaldu handieneko hilabetea, Urriko Iraultza delakoaren ondorioz. Orduan, Espainiako Bigarren Errepublikako gobernua eskuineko erradikal-zedisten koalizioaren esku zegoen, eta 1933ko azaroan eratu zenetik 1934ko urrira arte erradikalizatu egin ziren langileen mugimenduak, batez ere sozialistenak, jarrera iraultzaileetaranzko joera hartu zutelarik. Garai hartan gizartean zer giro zegoen ulertzeko, aipatu behar da demokratikoki aukeratutako euskal udaletako Udalbatzak desegin egin zituztela, eta probintzia bakoitzeko gobernadore zibilek izendatutako batzorde kudeatzaileak ezarri zituztela haien ordez. Hala ere, Urriko Iraultzak Gipuzkoan izandako eragina beste lurralde batzuetakoa, adibidez Bizkaikoa, baino txikiagoa izan zen. Azpeitian, badirudi hilaren 4tik 11rako mobilizazioek ez zutela gogortasun handiko gertaerarik ekarri, agian, neurri batean, ELAk herriko sindikatu nagusi gisa hartu zuen jarrera neurritsuarengatik. Errepresaliei dagokienez, baliteke atxiloketak egin izana, baina ez dugu horren berririk. Horrez gain, sindikatu nazionalistaren tokiko taldearen amaiera eta Urolako Trenaren Administrazio Kontseiluak hainbat langileri ezarritako zigorrak nabarmendu ziren. 1934ko abenduaren 20ko saioan honako zigor hauek ezarri zituzten:
«Urriko greban zerbitzuan egindako hutsegiteak: Ohartarazpen idatzia eta lana zein soldata 3 egunez etetea honako hauei: Pablo Iraeta, Jose Urcola, Sebastian Larrea, Pablo Romatet, Antonio Gurruchaga, Santiago Chasco, Juan Gurruchaga eta Joaquín Garces. Ohartarazpen idatzia Francisco Olanori. Hitzezko agiraka Miguel Barrenecheari». Horrez gain, «erabaki zuten, hala zegokionean, berriro aztertuko zituztela Joaquín Garces langileak izan zitzakeen erantzukizunak, orduan, gobernuaren aginduz, greba haren beraren ondorioz, kartzelan baitzegoen».(*)
Nolanahi ere, 1934ko urriko gertaerek, haien porrotak, eta ondoren gobernuaren eskutik etorri zen errepresioak ez zuten Errepublikak, hasieratik, krisi ekonomikoaren ondorioz izan zuen arazo larria konpondu. Ez dirudi ezer konpondu zuenik 1935eko ekainaren 25ean Espainiako gobernuak onartutako «langabeziaren aurkako legeak» ere. Jurisdikzio bakoitzeko langabeziaren aurkako politika eraginkortasunez zuzentzen saiatu ziren lege haren bidez, langabeen kopuruak zehatz kontrolatuta. 1935eko amaieran eta 1936ko hasieran batere lanik gabe zeuden langileen kopurua 1934ko abuztukoa baino txikiagoa zen arren, lanaldi partzialeko langileen kopurua asko hazi zen(*).
Izan ere, lanaldia murriztea izan zen Azpeitian deitutako greba gehienen arrazoi nagusia. Horren adierazgarri dira botoi-fabrikako langileek 1934ko azaroan eginiko mobilizazioak eta altzarigintzako gremioak 1936ko uztailean deitutakoa. Honela kontatu zituen gertatutakoak Aguirre Hnos. fabrikako Antonio Loinaz langileak:
«1936ko uztailean greba egin genuen altzarigintzaren gremioko langileok, soldata igotzea eskatzeko. Lan gutxi zegoen (astean 3 egun besterik ez), baina greba irabazi eta soldata igo ziguten. Nik 4,5 pezeta irabazten nituen egunean, eta 7 pezeta-ra igo zidaten soldata, baina astean 3 lanegun bakarrik izaten jarraitu genuen. Hainbat egun egin genituen lanik egin gabe, eta kalean ibili ginen, akordeoiarekin lagunduta, kanta hau abestuz:
Besteren bidez jornalak jaso
Poztuten ditu diruak
Nagusiak baino kulpa gehiago
Langile enbusteroak».(*)
1921ean sortu zen Azpeitiko Nekazarien Bazkuna, eta hura izan zen Azpeitiko landa-inguruan 1920tik 1933ra garrantzi handiena izandako erakundea. Erakunde hartaz gain, izan zen Azpeitian beste erakunde bat ere, probintzia mailakoa, ofizialki 1931ko azaroan eratutakoa: Confederación Católica Agropecuaria de San Ignacio de Loyola. Nekazarien talde hark 4.000 bazkide inguru zituen probintzia osoan, baina badirudi Azpeitian oso indar gutxi izan zuela(*).
Azpeitiko Nekazarien Bazkuna erakundeak hamargarren urteurrena ospatu zuen 1931n, eta erakunde hark zer garrantzi izan zuen ulertzeko, aintzat hartu behar da azpeitiarren erdia baino gehiago nekazal eremuetan bizi zirela 30eko hasieran. Hala ere, Azpeitia pixkanaka industrializatu egin zenez, baserritarrek herrigunera jo zuten, etenik gabe. Hala, Azpeitian lan arloan izandako gatazken ezaugarrietako bat kaleko eta baserriko langileen arteko talka izan zen. Kontua da, baserritarrek, lurrak ematen zizkien «irabaziez» gain, fabrikatik ere jasotzen zutela soldata. Aparteko diru-sarrera hori zutenez, langile kaletarrek baino bizi maila hobea zuten baserritarrek eta, horregatik, langile kaletarrek protestak egiten zituzten eta lana lortzeko garaian lehentasuna izatea eskatzen zuten(*).
Hala eta guztiz ere, EAJri lotutako erakunde nazionalista hark lau ordezkari izan zituen 1931ko apirilean eratutako Udalbatzan, eta 1933ko Udal-hauteskundeetan, berriz, zortzi zinegotzi lortu zituzten. Beraz, hauteskundeetan arrakasta izan zutenez, jarduera-eremua ere zabaldu egin zuten. Maiatzean Gipuzkoako Nekazariak sortu zuten eta, ondoren, Euzko Nekazarien Bazkuna. Talde horretan sartu zen Azpeitiko Nekazarien Bazkuna ere. Era berean, Argia astekariak ezinbesteko lana egin zuen Bigarren Errepublikaren garaian euskal nekazaritzaren mugimendua hedatzeko. Helburuei dagokienez, oro har baserritarren interesak babesteaz gain, beste helburu batzuk ere izan zituzten errepublika-garaian; hala nola maizterrak ziren baserritarrei jabe bihurtzen laguntzea, landa-inguruetan eskolak sortzea, eta ekoizpen-baliabideetarako lankidetza-sistema bat ezartzea(*). Hala azaldu zuen Azpeitian zuten ordezkari gorenetako batek, 1931n, Euzkadi egunkarian:
«Baserritarrak entzun
Beste langile guziari bezela elkartzeko garaia iritxi zaiote, bakoitza bere bidetik dabilen bitartean ezer ez baitu. Baserri, etxelur, ondo gordetzeko, maizterrak zeratenok bizi zeraten basetxien jabe egiteko ikastetxeak bear diran tokietan jartzeko, gailuk merkeago edukitzeko, aldundian edo udalean arreta aundiagoa jartzeko. Alkartzean ez bazerate laister dituzue zuen basetxe jabe egin nairik muxumotz ta lustreatzalle, beran jatorria non dan Jaingoikuak bakarrik dakian demokrata ta berdintzale oyek» (Imanol Olaizola Kirol)(*).
Praktikan, eta tokiko taldea Euzko Nekazarien Bazkuna delakoan txertatu ondoren, nekazarien erakundeak behin baino gehiagotan jo zuen Udalera errepublika-garaian, hainbat zerga kentzeko eskatzera; adibidez, sagardoari eta zerriei jarritako zergak kentzeko eskatzera. Horrez gain, hainbat aldiz erregutu zuen erakundeak ehiztarien aurkako neurriak har zitzatela(*). Elkarteak izandako borrokarik handiena, ordea, maizterren defentsa izan zen. Hasieran, Errepublikaren gobernuak sustatutako nekazaritza-erreformaren onura jaso zuten maizterrek.
Maizterrei baserrien jabetza eskuratzeko aukera ematen zieten lege haren erabat aurka jarri ziren jabe handiak; hala nola San Millan markesa. Markesaren jabetzakoa zen, hain zuzen ere, Lasao auzoko Etxezuri baserria. 1936an bota zituzten maizterrak baserritik.
Azkenik, 1936ko ekainaren 14an, Nekazari Eguna ospatu zuen Euzko Nekazarien Bazkunak Azpeitian. Azpeitiko Udalak diruz lagundu zuen ekitaldi hura, eta doan jarri edo utzi zizkien musika-banda, zezen-plaza eta baita merkatu plaza ere(*).