eu | es
Hasiera » I. liburukia » 2. Bigarren errepublika Azpeitian: garai berri baten hasiera » 2.1. Azpeitia, gatazka politikoaren paradigma gisa

 

2.1. Azpeitia, gatazka politikoaren paradigma gisa

 

      Batzuek balio kontserbadoreen gotorleku gisa erabiltzen zuten, eta euskal kulturaren paradigma gisa beste batzuek. Gainera, erregimen demokratiko berriak bizirik iraun zezan herriaren homogeneotasuna oztopo gisa ikusten zuten horien helburu bihurtu zen Azpeitia. Hala, 1931ko apiriletik aurrera, zeuden joera politiko desberdinen arreta-gune nagusietako bat izatera pasatu zen.

1932ko ekainaren 12an eginiko ekitaldi nazionalista.
(El Día, 1932ko ekainak 14).

      Urte hartako ekainean, Gorte konstituziogileetarako hauteskundeek Azpeitian emaitza oso argigarriak eman zituzten: EAJ eta tradizionalisten arteko koalizioak 1.744 boto lortu zituen, aldiz, ezkerreko indarrek 18 boto jaso zituzten. Hauteskunde-prozesu baten bidez azpeitiarren borondatea jakin ahal izan zen, oraingoan bai, eta agerikoa izan zen apirilaren 17an eratutako Udalbatzak ordezkagarritasun edo onarpen-kota altuak izan zitzakeela, nahiz eta 29. artikuluaren aplikazio bidez ezarritakoa izan.

      Edonola ere, Azpeitiko Udalaren osaketaren eta euskal estatutuaren alde egindako jardueraren eraginez, Gipuzkoako gobernadore zibilak (Felix Galarza Gago) tokiko erakundearen jarduerak nolabait kontrolatu nahi zituen. Zehazki, 1931ko abenduan hainbat telegrama bidali zituen, zinegotzien «filiazio politikoa»ren inguruko informazioa eskatuz, eta La Nación egunkari monarkikoaren sozietate editorearen akzioak «tokiko erakunde ofizialen batek» erostearen aukera ere aipatuz(*). Handik hilabetera, 1932ko urtarrilaren 25ean, Udalbatzak Jesusen Lagundia desagertzeko dekretuaren aurkako protesta indartsuena agertu zuen, eta «bizilagun guztien aho bateko eskaera aintzat hartuz», erabaki hark sortu zuen «min eta sentimendu sakona» aktan jasotzea adostu zuen. Era berean, udal-ordezkariek «konpromisoa hartzen zuten tinko eta gizontasunez izpiritu ignaziotarra mantentzeko, indarkeriazko neurri eta jazarpen guztien gainetik, Azpeitiko herria ohoratzen eta goresten baitu»(*).

      Zegoen tentsio politikoa ez zen erakundeen artean soilik nabarmentzen, Azpeitiko kaleetan ere nabari zen. 1932an herriko langileen mugimenduak gora egin zuen, eta une gorena 1932ko irailaren 4an izan zuen, Azpeitian martxa errepublikanoa egin zenean. Martxa horren aurretik apirilaren 11n karlistek eta ekainaren 12an nazionalistek egindakoak izan ziren. Martxa errepublikanoak sona handia izan zuen, eta hainbat gorabehera izan ziren herrian. Itxuraz, Elizaren aurkako oihuak egin zituzten eta Jesusen Bihotzaren plaka bat kentzen saiatu ziren. Era berean, Casto Orbegozo alkatearen etxetik itxuraz martxa sozialistan parte hartu zutenen aurka ura bota zuten(*). Ekintza errepublikanoa egin eta hurrengo egunean Heraldo de Madrid egunkariak honela zioen:

    «Errepublikak, herri borondateak definitiboki kontsolidatua, bere ekintza eremu onuragarria proportzio handian zabaltzen du (...) Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako erakunde errepublikarretako hiru koloreko bandera Azpeitian sartu da, ordu onean desterratutako obskurantismo jesuitiarraren aliatuen azken gotorlekuan».(*)

1932ko apirilaren 11n eginiko ekitaldi karlista.
(La Constancia, 1932ko apirilak 12).

1932ko irailaren 4an eginiko ekitaldi errepublikanoa.
(Heraldo de Madrid, 1932ko irailak 5).

      Azpeitian 1932an deitutako ekintzetan komunikabide bakoitzak egindako irakurketa partikularrez gain, udalerriko giro politikoak ez zirudien lasaiena zenik. Adibide moduan, Pablo Barredo Fontal azpeitiarraren kasua aipa dezakegu: Azpeitian Unión Republicana alderdiaren eta gero Juventudes Socialistas alderdiaren kide-sortzaile izan arren, Pablok matxinatuen alboan egin zuen gerra, 1934tik Melillako 7. zulatzaileen erregimenduan erroldatuta baitzegoen. 1939an, gerra amaitutakoan, espioitzaren ustezko delitu bategatik epaitu zuten, eta Servicio de Inteligencia Especial Periférico (SIEP) izeneko zerbitzuko, Errepublikako Espioitza Zerbitzu gisa ezagutzen zeneko, kide izateaz salatu zuten. Horrekin lotuta, Pabloren aurrekari ezkertiarrei zegokionez, Informazio eta Polizia Militarraren Zerbitzu frankistak instrukzio-epaitegira eraman zuen espedientean honako hau zioen:

    «... ekintza hauek eta antzerako beste batzuengatik (irakurri 1934 arteko bere militantzia politikoa) herriaren izaera erreakzionarioarengandik oso jarraitua izan zen, etsaitasun giroan aurkituaz eta bere bizitza zibila oso mugatua izanaz, bizitza ezinezkoa bihurtu zitzaiolarik herrian egiten zioten boikotaren ondorioz». (*)

      Erakunde mailako girora itzulita, irailaren 4ko martxa errepublikanoa izan eta gutxira, Gipuzkoako gobernadore zibila (Pedro del Pozo Rodriguez) Azpeitian izan zen, eta hilaren 12an udalbatzari idatzi bat bidali zion, egonaldian izan zuen «irudipen desatsegina»ren zergatia azalduz. Idatzian kontatzen zuenez, udalak ez zuen behar bezalako laguntzarik eskaini «berreste errepublikanoa»ren ekitaldietan. Gainera, ikusitako irregulartasun batzuk azaltzen zituen eta tokiko ordezkariei neurri batzuk hartzeko eskatzen zien. Besteak beste, ekitaldi-aretoan zegoen Loiolako San Ignazioren argazkia kendu, eta Espainiako Errepublikaren enblema eta estatuburuaren argazkia jar zezatela eskatzen zuen. Gipuzkoako gobernadore zibilak esaten zuenez, «sentimendu bidezkoa eta duina izan zitekeen arren, Jesusen Lagundia desegitearekin lotutako legezko neurrien aurkako protesta ere izan zitekeen une haietan». Era berean, Gernikako arbolaren koadroa beste leku batean jartzeko eskatzen zuen, «gai horien inguruan udal horrek bere garaian esan zezakeenari kalterik egin gabe, hauteskunde-gorputzaren botoen bidez aukeratutako udalbatza batek jarduten duenean».(*)

      Udalbatzak, idatzia irakurri ondoren, alkatearen ekimenez aktan jasoarazi zuen ez zeudela ados gobernadore zibilak egindako baieztatze batzuekin. Hasteko, adierazi zuten mitin errepublikanoaren egunean Udalak izandako jokabidea zuzena izan zela, eta Azpeitiko Unión Republicana alderdiko Timoteo Gomez presidentearen idatzia aipatu zuten hori erakusteko; izan ere, idatzi horretan, «Udalari eskerrak eman zizkioten emandako laguntzarengatik». Gainera, Udalak ez zuen San Ignazioren erretratua kendu nahi. Alkatea eta hainbat zinegotzi Donostiara, gobernadore zibilarengana, joango zirela erabaki zuten, irudi hark zegoen tokian jarrai zezala eskatzeko. Handik bost egunera, alkatea gobernadore zibilarekin bildu zen, eta gobernadoreak San Ignazioren irudia jartzeko baimenik ez ziela emango esan ondoren, «herriko indar biziei, erakundeei eta partikularrei Udalak idatzi bat igortzeko eskatu zien, koadroa berriro jar zezatela esanez».

      Ondoren, hilaren 12ko saioan, Udalbatzak adierazi zuen «zinegotziak 29. artikuluaren arabera aukeratu bazituzten ere, boto bidez aukeratutako zinegotziek adinako zilegitasunez ordezkatzen zutela herria». Azkenik, aktan jasoarazi zuten «Gernikako arbola ez dela euskal nazionalismoaren sinboloa, baizik euskaldun guztien ideologia ordezkatzen duela, ñabardura politikorik egin gabe».(*)

Azpeitiko Unión Republicana alderdiko presidenteak, Timoteo Gomez, 1932an idatzitako dokumentua.
(CDMH PS Madrid 721).

      Argi dago erakundeen arteko tentsioa handitu egin zela erregimen errepublikanoa sendotu ahala. Gipuzkoako gobernadore zibilek (denera bost izan ziren 1931ko apiriletik 1932ko abendura arte) egindako eskakizunen aurrean, azpeitiarren ordezkariak aurka zeudela adierazten edo beste proposamen bat egiten saiatzen ziren. Jokabide haren beste adibide bat zera izan zen, Udalbatzak, Madrazo zinegotziaren ekimenez, ikurrin bat eskuratu eta Udalaren balkoian jartzea onartu zuela, gobernadoreak bandera errepublikanoa jartzeko betebeharra ezarri ondoren. Baina harremana ez zen Gobernu Zibilarekin bakarrik tenkatu, Aldundiarekiko harremanetan ere tentsioa baitzegoen. Urriaren erdialdera, Aldundiak Madrilen bilera bat egiteko deialdia egin zuen irinaren gaineko zergari eta beste gai batzuei buruz hitz egiteko, eta Udalak foru erakundeari erantzun zion ezetz, ez zirela bilera horretara joango, «29. artikuluaren bidez aukeratutako zinegotziak kargutik bereizteko lege proiektua zela eta Udala egoera berezian zegoelako».

      Eta hala zen, 29. artikuluaren arabera eratutako Udalak desegiteko prozesua abian zen. 1933ko urtarrilaren 6an Gaceta de Madrid egunkariak aurreko urteko abenduaren 20an Espainiako Gorteek onartutako lege-dekretua argitaratu zuen, eta 20 egun ematen zituen aipatutako artikuluaren bidez aukeratutako zinegotziak kargutik kentzeko. Horren ordez, boto bidez aukeratutako zinegotzirik ez zegoen udalerrietan, adibidez Azpeitian, hiru pertsonak osatutako batzorde kudeatzaileak izendatu zituzten: Funtzionario bat, zergadun bat eta langile bat. 30 urtetik beherakoak eta Primo de Riveraren diktaduran kargurik izan gabekoak izan behar zuten. Batzordea osatuko zuten langilea eta zergaduna aipatutako legea baino lehen eratutako sindikatuek eta taldeek aukeratu behar zituzten(*).

      Horrela, 1933ko urtarrilaren 25ean, Jesus Echavarri Castell-Ruiz (lehendakaria) funtzionarioa, Azpeitiko Altzari Industriaren «Agrupación de Obreros Vascos»-en zegoen langile Nicolas Elorza Aizpitarte, eta bizikletak alkilatzeko negozio baten jabe zen Eusebio Aguirrezabal Ibarzabalek osaturiko Batzorde Kudeatzailea sortu zen. Udala Batzorde Kudeatzaile honen agindupean egon zen hiru hilabeteetan sindikatu eta erakundeen eskaerak biderkatu egin ziren. Adibide gisa, azpeitiar errepublikarrek, «Unión Republicana» ko lehendakaria zen Jose Valverderen eskutik, Azpeitiak erregimen errepublikarrari zion leialtasuna adierazteko neurri batzuk hartzeko presioa egin zuen, politikoak baino sinbolikoak izan zirenak. Zentzu honetan, plazari «errepublika plaza» izena jartzeko eskaera egin zen. Bestalde, «Sindicato de Obreros Vascos» (SOV) sindikatuak, gerora ELA-STV izena hartuko zuenak, batzordeari iada proiektatuta zeuden obrak martxan jartzeko eskaera egin zion, horrela herriko langile asko aurkitzen ziren langabezia egoera suabizatzeko asmoz(*).

Jesus Echavarri Castell-Ruiz.
(Uztarria aldizkaria).

 

 

2.1.1. Euskal nazionalismoaren goraldia eta tradizionalistekiko haustura

 

      Bigarren Errepublika sendotu ahala eta erregimen demokratiko berriaren lege mugak ezarri ahala, nazionalisten eta tradizionalisten arteko bat etortzeetan arrakalak sortu ziren. Lizarrako Estatutuaren porrotak eragin handia izan zuen bi joera ideologikoen arteko harremanetan. Eliza katolikoari gailentasuna ematea zen tradizionalistek edozein akordio egiteko jartzen zuten ezinbesteko baldintza, eta hori ez zetorren bat euskal nazionalismoak legeria errepublikanoari egokitutako autonomia-estatutua lortzearen alde eginiko apustu irmoarekin.

      Azpeitian, bi ikuspegi ideologiko horiek lidergo politikoa lortzeko lehian ibili ziren errepublikaren garai osoan. 1931ko ekainean Gorte konstituziogileetarako eginiko hauteskundeetan eta urte hartako apirilean eratutako Udalean argi ikusi zen alde txikia zegoela bien artean hauteskunde-babesari dagokionez. Eta argi ikusi zen, baita ere, doktrina haiek ezkerreko alderdiei gailendu egiten zitzaizkiela. Hala ere, 1933ko apirilaren 23ko udal hauteskundeetan neurtu zituzten Azpeitian indarrak. Hautagai nazionalistek oso emaitza onak lortu zituzten, 16 zinegotzitatik 15 lortu baitzituzten. Beste zinegotzia azpeitiarrek aukeratutako ordezkari tradizionalista bakarra izan zen: Jose Alzuru Sampedro. Hala, eratutako hiru barrutietan, 6.481 boto lortu zituzten hautagaitza nazionalistek, 2.104 tradizionalistek eta 193 hautagaitza errepublikanoek. Azken horiek ez zuten ordezkaritzarik lortu udalean.

 

1933KO MAIATZAREN 10EAN ERATUTAKO UDALBATZA(*)

Alkatea: Jose Antonio Oyarzabal Oyarzabal (Nazionalista)

Lehen alkateordea: Ciriaco Aguirre Cincunegui (Nazionalista)

Bigarren alkateordea: Antonio Olaizola Echeverria (Baserritarra/EAJ)

Hirugarren alkateordea: Jose Maria Aramendi Estala «Pipas» (Baserritarra)

1. sindikoa: Jose Manuel Aguirre Echeverria (Nazionalista)

2. sindikoa: Jose Alzuru Sampedro (Tradizionalista)

Zinegotziak: Luis Goenaga Odriozola (Baserritarra)

                  Demetrio Eguiguren Barrutia (Nazionalista)

                  Francisco Arregui Echaniz (Baserritarra)

                  Miguel Irureta Peñagaricano (Nazionalista)

                  Jose Maria Sorozabal Zulaica (Nazionalista)

                  Manuel Olazabal Gurruchaga (Baserritarra)

                  Jose Antonio Altuna Garate (Baserritarra)

                  Marcos Urbistondo Cendoya (Baserritarra)

                  Jose Antonio Arruti Garagarza (Nazionalista)

                  Emeterio Alberdi Aguirre (Baserritarra)

Ezkerretik eskubira: Antonio Olaizola Echeverria «Konfites», Roque Astigarraga, Juan Jose Eceiza «Mardure», Marcial Aramburu «Keixeta» eta Antton Amube. Azpeitia 1933.
(Aranzadi Z.E. / Roque Astigarraga fondoa).

      Badirudi, beraz, iritzi politiko nazionalistak ondo hartu zituztela Azpeitiko herritarrek. Hala ere, mugimendu tradizionalistak gizarteko sektore ezberdinen babes zabala izaten jarraitzen zuen. Tradizionalisten babesle nagusiak euskal oligarkiari lotutako pertsona ospetsuak ziren, Azpeitian interesak zituztenak; adibidez, San Millan markesa, «Margariten ohorezko lehendakaria» eta Zuazola jaun-andreak. Erlijioaren inguruko mobilizazio eta aldarriek ez zuten etenik izan aldi horretan, bai baitzekiten erlijioaren gaia lehentasunezkoa zela mobilizatuen artean. 1933ko ekainaren 11n, herriko Zentro Tradizionalistak «Erreketearen bandera bedeinkatu zuen» eta ehunka lagun izan ziren ekitaldi hartan. Aldarri apokaliptikoak egin zituzten Espainia babesteari buruz eta Errepublikaren aurka(*).

      Espainiako gorteek 1933ko ekainaren 2an Konfesio eta Kongregazio Erlijiosoen Legea onartu zutenean gizarteko giroa are gehiago tenkatu zen. Lege hori udalerrietan aplikatzeak ikastetxe katolikoak ixtea eta ikastetxe horietako ikasleak sare publikoko zentroetan sartzea ekarri zuen. Udalbatzan gehiengoa zuten nazionalistek, eta legeria bete besterik ez zuten egin. Jose Antonio Oyarzabal alkatea eta Ciriaco Aguirre zinegotzia Instrukzio Publikoko Batzorde Mistoko ordezkariak izendatu zituzten lan horretarako(*).

      Horren ondorioz, nazionalisten eta tradizionalisten arteko tentsioa Azpeitiko Udalbatzaren eta agintari eklesiastikoen arteko gatazka bihurtu zen. Talka hura jendaurrean ikusi zen 1933ko abuztuaren 1ean eginiko San Ignazioren jaian. Ekitaldi erlijiosoen arduradun ziren apaizek debekatu egin zuten San Ignazioren himnoa euskaraz kantatzea (Iñaki Deuna, Sabino Aranaren letra zuena). Hura ikusita, Udalak bat egin zuen EAJren Udal Batzordeak idatzitako protestarekin. «Azpeitiko apaizen buruek euskalduntasunaren aurka zuten jarrera» eta «euskararen eta gure sentimendu nazionalisten aurka eginiko bidegabekeria» aipatu zituzten idatzi hartan. Horrez gain, alkatea aukeratu zuten protesta elizbarrutiko agintariari emango zion batzordeko kide(*).

      Ordutik aurrera eta errepublikanoen aroa amaitu arte, elizaren eta tokiko agintarien arteko tirabirak areagotu besterik ez ziren egin. Adibidez, gerra-garaian, Ciriaco Aguire alkatea eta emaztea egunero mezatara joaten ziren 08:30etan. Behin, abadeak Ciriacori ostia sagratua emateari uko egin zion, eta Ciriaco kontu eske joan zitzaion izan zuen jarreragatik. Apaizak, antza denez, erantzun zion ostia ematea ukatu ziola separatista eta gorria zelako(*). Hainbat herritarrek urteetan zehar eman dituzten lekukotzei erreparatuta, badirudi gertaera hark ondorioak ekarri zizkiola herriari.

Azpeitiko Círculo Tradicionalista.
(Aranzadi Z.E. / Imanol Elias funtsa).

      Nazionalisten eta tradizionalisten arteko urruntze ideologikoa erakusten duen beste adibide bat Alejandro Orbegozo Embilek 1938an Donostiako instrukzio militarreko epaitegian eginiko deklarazioa da. «Matxinadari laguntzea»z akusatuta deklaratu behar izan zuen. Alejandrok EAJn zergatik afiliatu zen eta, ondoren, alderdi hori uztea zergatik erabaki zuen azaldu zuen:

    «Hogeita hamaikagarren urtera arte kartista izan zela pentsamoldez eta urte hartan Eusko Alderdi Jeltzalean sartu zela Lizarrako Estatutuaren gaiagatik. Estatutu hura elkarrekin eskatu zuten karlistek eta nazionalistek, autonomia ekonomikoa eskatzeko bai, baina Espainiatik bereizteko ez, eta berak ideia karlistak izaten jarraitzen zuen. Deklaratzailea, beste batzuk bezala, Eusko Alderdi Jeltzalera eraman zuen estatutu hark (...) eta utzi egin zuen alderdi hori, EAJk Lizarrako Estatutua utzi zuelako eta Gasteizko estatutua esaten dioten hori, estatutu laikoa eta separatista, bere egin zutelako»(*).

      Azpeitiko gizartean eraginik handiena zuen erakundearekin liskarrak izan arren, eta tradizionalistek etengabe salaketak jarri bazituzten ere, «dantzaldietan gehiegikeriak eta zirkuetan eta barraketan moralgabekeriak egiteagatik», EAJko nazionalistek ez zuten indarrik galdu eta 1933ko azaroaren 19ko hauteskunde orokorretan haiek izan ziren berriro ere boto gehien eskuratu zituztenak, bai Azpeitian, bai Gipuzkoako gainerako tokietan. Renovación Española alderdian bat eginda zeuden Espainiako eskuindarren hautagaiek 3.000 bototik gora eskuratu zituzten, baina oso urruti gelditu ziren jeltzaleek lortutako 8.150 botoetatik. Errepublikarrak, aldiz, ez ziren ehun bototara ere iritsi(*). Espainiako Estatuko emaitzei esker, eskuineko alderdiek (koalizio erradikal-zedista) eskuratu zuten boterea ordea. Kolpe handia izan zen hura estatutua lortzeko nahiarentzat eta, oro har, Bigarren Errepublikak eskubide eta askatasun indibidual zein kolektiboetan aurrera egiteko.

 

 

2.1.2. «Biurteko beltza» Azpeitian. Udalbatzaren dimisioa eta batzorde kudeatzailearen izendatzea

 

Jose Alzuru Sanpedro.
(Uztarria aldizkaria).

      Nolanahi ere, argi dago Azpeitian 1933an izandako hauteskunde hitzorduetan EAJren nazionalismoak eskuratu zuela nagusitasun politikoa, eta hitzordu horiei estatu-proiektu berriari erreferendum bidez emandako babes zabala gehitu behar zaio. Ezusteko erabaki batek eman zien Udaleko boterea Azpeitiko tradizionalistei: «Ardoaren Estatutua» delakoaren inguruan sortutako gatazkak, eta alkoholdun edari horren zergak arintzeak Kontzertu Ekonomikoa ez betetzea zekarrela.

      Euskal udalerriek 1934ko uztailaren 29an euskal Kontzertu Ekonomikoa babesteko Batzorde Iraunkorra sortzea erabaki zuten hauteskunde prozesu baten bidez. Udal bakoitzeko zinegotziek lau ordezkari aukeratu zituzten hauteskunde-barruti bakoitzean, eta erabaki horren ondoren itzuli zuten herritarren borondatea. Gobernadore zibilek hasieratik ohartarazi zuten abuztuaren 12rako deituta zeuden hauteskundeak legez kanpokoak zirela eta ondorio penalak ekarriko zituela(*). Euskal Udalek aurrera egin zuten ordea, eta Azpeitian, «Arzubia auzoko 4. eta 5. etxean» egin zuten bozketa eta ez udaletxean, udaletxea Guardia Zibilak hartu baitzuen(*).

Roque Astigarraga, Telesforo Monzon eta Ramiro Maezturekin 1934.
(Gipuzkoako Artxibo Orokorra, GFA / Indalecio Ojanguren).

      Azpeitiko epaitegiak hilaren 13an Gipuzkoako gobernadore zibilari (Emeterio Muga Díez) jakinarazi zion kargutik kendu zituztela hainbat alkate, tartean Jose Antonio Oyarzabal, eta Ciriaco Aguirrek hartu zuen kargua behin-behinean. Handik hamar egunera, abuztuaren 23an, ezohiko bilerarako deialdia egin zuten Azpeitiko Udalean, eta alkatea auzipetu eta kargutik kentzearen berri eman zuten. Horren ondorioz, Ciriacok behin-behineko alkate kargutik dimisioa eman zuen, eta gainerako zinegotziek uko egin zioten kargua hartzeari. Gertaera haren ondoren, herriko zinegotzi tradizionalista bakarra, Jose Alzuru, udaleko buruzagi jartzea proposatu zuen gobernadore zibilak. Eraso bat jasoa zuen Alzuruk irailaren hasieran, bizi zen etxearen aurka «dinamitazko bi petardo» bota zizkiotenean. Bere alderdiak oniritzia eman ondoren, Jose Alzuruk kargua onartu eta irailaren 4an osoko bilkurara deitu zituen gainerako zinegotziak, baina bertan behera utzi zuten bilkura, ordezkariak falta zirelako(*). Egun hartan bertan, euskal udal guztietako zinegotzi guztiek dimititu zuten, dimisio kolektiboa izan zen.

      Horren ondorioz, 1934ko irailaren 28tik 1936ko otsailera arte, Azpeitiko udal ordezkaritza Gipuzkoako gobernadore zibilak izendatutako batzorde kudeatzaile batek hartu zuen hilaren 23an argitaratutako dekretu-legearen arabera. Hona hemen erabaki haren emaitzak:

      — Batzordeko hamahiru kideetatik gutxienez bederatzi tradizionalistak ziren, eta bat errepublikanoa.

      — Hamahiru haietatik zazpi 1933ko apirileko hauteskundeetan hautagai izan ziren, eta ez zuten lortu zinegotzi izateko behar adinako babesik; beraz, batzorde kudeatzaile hartan egonda, hautestontzietan eskuratu ezin izan zuten tokiko ordezkaritzako kargua eskuratu zuten.

      — Haietako lau Azpeitiko zinegotzi izan ziren lehen frankismoan.

 

GOBERNADORE ZIBILAK 1934KO IRAILAREN 28AN IZENDATUTAKO BATZORDE KUDEATZAILEA.(*)

Alkatea: Roque Astigarraga Echaniz (Tradizionalista. Zinegotzia 1931ko apirilean eta alkate frankista)

Lehen alkateordea: Pedro Azpiroz Mendiola

Bigarren alkateordea: Lucas Aguirre Echeverria (Errepublikanoa)

Hirugarren alkateordea: Prudencio Olaizola Aranguren (Tradizionalista. Zinegotzi frankista)

1. sindikoa: Juan Jose Iriarte Odriozola «Saralle» (Tradizionalista. Zinegotzia 1931ko apirilean eta zinegotzi frankista)

2. sindikoa: Martin Bereciartua Arcelus (Tradizionalista)

Zinegotziak: Jose Alzuru Sanpedro (Tradizionalista)

                  Ignacio Orbegozo Juaristi (Tradizionalista. Zinegotzi frankista)

                  Pedro Arcelus Epelde (Tradizionalista)

                  Juan Jose Iturralde Querejeta (Tradizionalista)

                  Jose Maria Aizpuru Aramburu (Tradizionalista. Zinegotzi 1931ko apirilean)

                  Ignacio Bereciartua Cendoya

                  Jose Antonio Campos Zubillaga

 

      Hala, hurrengo 17 hilabeteetan, herritarrek aukeratu gabeko batzorde kudeatzaile baten esku egon zen Azpeitiko Udalaren kudeaketa. Batzorde hark hartutako erabaki polemikoenetako bat udal langile batzuk, nahierara, zegozkien lanpostuetatik kendu eta lanpostu haietan batzordekideen aldekoak jartzea izan zen. Hori egin zuten, besteak beste, lanpostu hauetan: Arielen zaintzailea, hiltegiko administratzailea, gauzaina, auzoetako ofizialak eta alkateak(*). Gainera, aurrekontuetatik kanpo utzi zuten Gaudencio Arregui albaitari titularraren soldata, eta hark kereila jarri zuen(*).

      Beste alor batzuei erreparatuta, nabarmena izan zen batzorde kudeatzaileak gobernadore zibilari eta Alejandro Lerroux buru zuen Errepublikako gobernuari 1934ko urriko gertaera iraultzaileen aurka egindako ekintzetan emandako baldintzarik gabeko babesa. 1934ko azaroaren 11n, Juan Jose Iriarte zinegotziak proposatuta, batzordeak dolumina adierazi zuen Marcelino Oreja eta Carlos Larrañaga «'jendaila iraultzaileek' hil zituztelako(*)».

      Alderdi sinbolikoagoei begiratuta, Udalbatzaren osoko bilkuretan eztabaidan aritu ziren hainbat hilabetez udal bandaren araudiaren inguruan. Azpeitiko «Elkarte Erlijioso eta Zibilek» eta erreketeen aldeko emakumeen Margariten taldeak araudia aldatzeko eskatu zuten toki ireki zein itxietan jendaurrean dantza egitea debeka zezaten, eta «kalejirak egiteko ohiturarik har ez zezaten». Eskaera haiek errepublika-garaiaren hasieratik Azpeitiko karlisten taldeak jaietan ikusitako «moralgabekerien» aurka jarritako kexa ugarien ildokoak ziren. Pedro Azpiroz, Jose Alzuru eta Pedro Arcelus zinegotziak aldaketaren erabat alde zeuden, baina Roque Astigarraga eta batzordeko beste kide batzuk aurka jarri ziren eta, hala, gaia ebatzi gabe gelditu zen 1936ko otsailean agintaldia amaitu zitzaienean(*).

Elizkizuna Loiolan. 1934.
(Gipuzkoako Artxibo Orokorra, GFA / Indalecio Ojanguren).

 

 

2.1.3. Fronte Popularraren garaipena eta zinegotzi hautetsiak itzultzea

 

      1936ko otsailaren 16an eta 23an errepublika garaiko azken hauteskunde orokorrak izan ziren Espainiako Estatuan, hauteskundeetarako koalizioetan bildutako ezkerraren eta eskuinaren arteko tirabira ideologikoek markatutako kanpaina bizi baten ondorioz. Gipuzkoan, 4 eserleku lortu zituen EAJk eta 2 Fronte Popularrak. «coalición contrarrevolucionaria» koalizioak ez zuen ordezkaritzarik lortu. Koalizio horretan zeuden Comunión Tradicionalista, CEDAn sartutako Derecha Vasca eta Renovación Españolako monarkikoak.

      Azpeitian, EAJren eta eskuineko koalizioaren arteko aldea 300 boto eskasekoa izan zen (EAJk 1.763 boto eskuratu zituen eta eskuindarrek 1.478) eta Fronte Popularrak, berriz, 110 azpeitiarren botoa bakarrik eskuratu zuen. Seguru asko, iraultza-prozesu bat abian jartzeko aukerak sortu zuen beldurrak ekarri zizkien tradizionalistei botoak, EAJren kaltetan. Nolanahi ere, badirudi Azpeitian ezkerrak jasotako babes eskasak bere horretan jarraitzen zuela; horretan ez zen aldaketarik(*).

Jose Maria Gil Robles.
(Hemendik ateratako argazkia: EGAÑA, I.: 1936, Guerra Civil en Euskal Herria).

      Hauteskunde orokorren ondoren, «herritarrek aukeratu» eta 1934ko irailean gaitasunik gabe utzitako udalbatza Udalera itzuli zen. 1936ko otsailaren 22an, berriz Udalean sartzeko akta onartu ondoren, bandera errepublikanoa eta ikurrina jarri zituzten udaletxeko balkoian. Ondoren, martxoan eta apirilean egindako osoko bilkuretan batzorde kudeatzailearen administrazio-lana berrikustea izan zen Udalaren lan garrantzitsuena eta, batez ere, batzorde kudeatzailearen «apetetan eta faboritismoan, beste ezertan oinarritu gabe», izendatutako langile publikoak haien lanpostuetatik kentzea. Ildo horretan, Donostiako Udalak Estatuko «botere publikoa»ri igortzeko asmoa zuen eskaerarekin bat egitea erabaki zuen Azpeitiko Udalbatzak. Eskaera hartan, Estatuko botere publikoari eskatu zioten xedapen ofizial bat egin zezala, zeinak batzorde kudeatzaileek hartutako erabakiak bertan behera uztea legezko egingo zuen(*).

      Lehen aipatu dugun langile publikoak nahierara izendatze horretan, kasu batzuk nabarmenak izan ziren; esaterako, eskolako maisuaren lanpostua horretarako titulurik ere ez zuen pertsona bati eman zioten, eta pertsona hura 1935eko urriaren amaieran izendatu aurretik, ikaskuntzako ikuskatzaile batek atzera botea zuen izendapen hura. Era berean, Jose Maria Sorozabal zinegotziak salatu zuen «langile (publiko) batzuek kargu bat baino gehiago zituztela, lan horiek egiteko gaitasuna bai, baina lanik gabe zeudenen kaltetan». Hala ere, aurreko batzorde kudeatzaileak izendatutako langileek, apirilaren 2an, Udalari eskatu zioten utz zezala bertan behera haien lanpostuak baliogabetzeko akordioa, bestela auzitara joko zutenaren mehatxupean. Hala, Udalak eskaera hari ezetz erantzun ondoren, auzitara jo zuten langile haiek eta Udalbatzak maiatzaren 12an erabaki zuen demandaren harira alderdi gisa aurkeztea(*).

      Azken finean, 1936ko otsailean Udalbatza lehengoratu zenetik hasi eta uztailaren 17 eta 18ko porrot egindako estatu-kolpea —Gerra Zibila leherrarazi zuen estatu-kolpea— izan arte, aurreko batzorde kudeatzaileak eginiko politikak zuzentzen izan zuten lanik handiena. Baina horrez gain, izan ziren konpondu gabeko beste bi arlo ere Bigarren Errepublikaren hasieratik. Udal politikaren mugaz haragokoak ziren, baina baldintzatu egiten zuten Udal politikaren jarduera: Krisi ekonomikoa eta autonomia-estatutua lortzea.