eu | es
Hasiera » I. liburukia » 1. Aurkezpena

 

1. Aurkezpena

 

      Liburu hau bezalakoak argitaratu, eta gure herriaren oroimena berreskuratzea, Azpeitiko Udalarentzat betebeharra dira; hain zuzen, herritarrek badutelako egia jakiteko eskubidea eta gure ardura da ezinbestean lan horri eustea.

      Aranzadik eta Udalak argitaratutako liburu honetan datuak baino gehiago herritarrak daude, izen abizena duten azpeitiarrak. Asko sufritu zutenak, eta, tamalez, ahaztuak egon direnak. Liburu hau bera eta lerro hauek aitortza izan nahi dute, baina onartuaz, horrelako lanak lehenago egin beharrekoak zirela. 78 urte igaro dira, baina inoiz ez da berandu.

      Liburu hau, neurri handi batean, galtzaileen liburua da eta galtzaileei omenaldia izatea nahi du. Gerra galdu zuten azpeitiarren liburua. Baina inoiz ezin dugu ahaztu galtzaile horiek izen abizenak zituztela, eta atxilotuak, kondenatuak, beldurtuak, enbargatuak, multatuak, zigortuak, torturatuak, minduak, zaurituak, elbarrituak, erbesteratuak, desplazatuak, seinalatueak, erailak, fusilatuak, jarraituak, isilduak, dena galdu zutenak, burua makurtarazi ziotenak... izanagatik gure herriaren onena zirela. Ezer gabe gure herriaren etsaien aurrean, faxismoaren aurrean, altxatu ziren. Boteretsuen aurka, militarren aurka, soilik gure herriarentzat justiziazko etorkizuna bilatzeko. Dena arriskatu zuten: beren etorkizun pertsonala, familia, dirua eta erosotasuna. Galtzaile horiek, Azpeitiak zuen hoberena ziren eta dira. Ez da polita eta erraza. Eta beldurrak hor dirau. Baina gure herriak izan duen onena izan dira. Eta inoiz ez zuten eta ez dute inoiz duintasunik galdu.

      Nabarmena da ia urte guzti hauetan isiltasunaren memoria indarrean izan dela. Azpeitian gehiengoa isilik geratu zen; isiltasuna inposatu zen eta herritarrak isilik geratu ziren. Galtzaileen isiltasun latza. Isiltasuna zabaldu zen orduan gertatutakoaz, denak isilik geratu ziren, inoiz ezer gertatu ez balitz bezala. Baina, 1936ko Gerrak sortutako isiltasuna ezin du ahanztura izan. Isiltzea ez da ahaztearen sinonimo. Isilik dagoenak ez du ahaztu, beretzat gordetzea erabaki du. Gerra hartan gertatukoa ez zioten transmititu inori, isiltasuna nagusitu zen. Isiltasuna eta sufrimendu sakona, inongo aitorpen, memoria, erreparazio eta justiziarik gabekoa.

      Itzul diezaiegun, beraz, jaso genuenaren zati txiki bat. Iraganeko okerrak ez errepikatzeko, historia ezagutzea beharrezkoa da. Gertatutakoaren ezagutzak pisu garrantzitsua izan behar du belaunaldi berrientzat. Gure gizarteak memoria guztia ezagutu behar du gerra, mendekua, krudelkeria eta mina ekarri zituen diktadura luze baten tragedia berriro ez errepikatzeko. Inondik inora, ordutik gaur arte izandako eskubide urraketak ahaztu gabe. Hor ere ezin dugu isiltasunik onartu. Tristea bada ere, gure historia da. Izan genuen isiltasunarekin puskatu behar dugu. Eta, Azpeitian, hemendik aurrera, ez dugu inor ahaztu behar.

      Gure gizarteak ezin du beste aldera begiratu. Etorkizuna oinarri sendoekin eraikitzeko gure aitona-amonen memoria historikoa berreskuratu eta ezagutarazi behar dugu. Ezin ditugu inola ere ahaztu garai hartan gertatutakoak, eta beren sufrimenduaren aitorpenaz gain, une zailetan gure herriaren alde hartutako konpromisoa aitortu behar diegu. Konpromiso horiek hartzeagatik, orain ere, gure herriaren alde lan egiteko herriarekin konpromisoak hartzen dituen herritarrak ditugu. Izan zirelako gara, garelako izango dira.

 

Eneko Etxeberria

Azpeitiko alkatea

 

Javier Buces Cabello

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria